"Aurreko ikasturtean galdu zena galdu da, urteak beharko dira hutsune horri buelta emateko"

  • Ikasturte berezi hau nola aurreikusten zuten kontatu ziguten azaroan hiru ikastetxetako zuzendariek. Ikasturte amaieran berriz elkartu ditugu, protokoloen eraginkortasunaz eta neurri polemikoenez, hutsune eta soluzio pedagogikoez, baliabideez, aurtengo ebaluazio irizpideez eta ikasleen egoeraz hitz egiteko. Solaskideak, Gurutz Sanzberro Donostiako Lauaizeta ikastola publikoko zuzendaria, Mirentxu Ibargarai Seaskako Hezkuntza zuzendariordea eta Nekane Lasa Iruñeko Frantzisko Deuna eskola publikoko zuzendaria.

Gurutz Sanzberro, Nekane Lasa eta Mirentxu Ibargarai.

Ikasturte hasieran egin genuen mahai-inguruan hitz gakoetako bat izan zen: baliabideak. Iritsi al dira azkenean?
Nekane Lasa: Nafarroan Haur Hezkuntzan 20 ikasletik gorako taldeetan irakasle bat gehitu dute; Lehen Hezkuntzan irakasle herena [lanaldi heren bat] agindu zuten 20 ikasletik gorako taldeentzat, baina egin dutena izan da maila guztiarentzat herena. Alegia, 4. mailan adibidez 20 ikasletik gorako bi, hiru edo lau ikasgela egon berdin dio, 4. maila osoarentzat irakasle herena gehitu dute. Batez ere ikastetxe handiei eragin die okerren, eta baliabideak faltan bota ditugu.
Gurutz Sanzberro: Ikasle kopuru batetik aurrera irakasle bat (edo herena) erantsi dute EAEn ere, eta lagungarria izan da, bai, baina behin ikasturtea hasita iritsi dira (eta ikasturteko plangintza oso ezberdin egiten duzu baliabide batzuk ala besteak aurreikusten badituzu) eta gainera irizpide berak erabili dituzte ikastetxe guztientzat, ikastetxe batetik besterako egoera eta beharrak asko aldatzen direla kontuan hartu gabe (azpiegitura aldetik, egoera sozio-ekonomikoari begira...). Lekuan lekuko egoerari ez erreparatzea hutsunea izan da.
Mirentxu Ibargarai: Guk ez dugu baliabide berezirik ukan. Zailena izan da irakasle bat konfinatu dutelarik ezin zela ordezkatu zortzi egun baino gehiagoko bajarik gabe, eta gainerako lankideek bete behar izan dute hutsunea, zama handituz. Irakasle zaurgarrientzat ordezkoak proposatu zituzten, baina epe baterako baino ez, bi hilabetez, beraz irakasle zaurgarriek nahiago izan dute lanean segitu, eten batek ez zuelako zentzurik.

Aurreko ikasturte zoroaren ostean ikasturte honetan birkokatzeko, errefortzurako aukera izan al dute (behar izan duten) ikasleek?
Ibargarai: Lehenengo hiruhilekoa izan zen giltza, aurreko ikasturtearen diagnostikoa egin eta errefortzuak jartzeko.
Sanzberro: Babesgabeenak kolpatu ditu bereziki iazko egoerak, eta egia da horiei erantzuten saiatu garela errefortzuen bidez, baina gure mailan erantzun dezakegu, hutsune akademikoentzat eta hizkuntza hutsuneentzat laguntzak jarriz, curriculumak egokituz, familiekiko harremanak estutuz... eta ikusi dugu hutsunea ez dagoela bakarrik eskolan. Familia askoren egoera sozio-ekonomikoa (eta animikoa) nabarmen okertu da, eta konponbidea integrala ez bada, hankamotz geratuko da. Oro har, akademikoki kolpatuen izan direnak sozialki ere kolpatuenak izan dira.
Lasa: Guk oso errealitate ezberdinak ditugu gure ikastetxean. Gaztelaniazko lerroan absentismo handia izan dugu, pandemiak eragindako beldurra medio, eta horrek tsunami txiki bat eragin du. D ereduan, curriculuma eta maila dezente jaitsi da, eta programazioak berregin behar izan ditugu. Jarduerak moldatu dira errefortzua emateko eta eskolaz kanpo ere auzoetan ikasleei ematen zaien laguntza bideratu dugu. Baina Hezkuntza Departamentuak esaten ziguna, ikasturte honetan egin behar genuela aurrekoan egin gabe geratu zena gehi honi dagokiona, hori ezinezkoa izan da. Espazio-denbora horretan galdu zena galdu da eta urteak beharko dira hutsune horri buelta emateko.

Mirentxu Ibargarai: "Musukoa izan da eztabaidatuena. Nire ustez, epe luzean neurri horrek irauten badu ondorioak ekarriko ditu"

Nola moldatu zarete protokoloekin?
Lasa: Hasiera nahiko kaotikoa izan zen, hilabeteak pasa zirelako Hezkuntza eta Osasun departamentuek bat egin arte. Sail horiekin genuen komunikazioa ere hobetuz joan zen pixkanaka, baina halere oso nekagarria izan da, esaterako etxean egotea edo distantzia mantendu beharra (bai familientzat, bai ikasle eta irakasleontzat).   
Sanzberro: Gurean ere hastapenak zoramena izan ziren protokolo eta kontingentzia planekin, baina pixkanaka ohitzen joan gara eta uste baino hobeto joan da. Bigarren Hezkuntzako ikastetxea gara eta ikasleek oro har ohiturak barneratu eta errespetatu dituzte. Positibo asko ere ez ditugu izan eta horrek lagundu du, ez gara ikastetxe handia eta zortea izan dugu. Nekagarria izan da, dudarik gabe, baina ez dugu gela guztia konfinatu behar izan eta ez genuen inondik inora espero urte osoa aurrez aurre egingo genuenik, alde horretatik eramangarria izan da.
Ibargarai: Moldatu gara eta protokoloa bete dugu, nahiz eta hainbatetan zentzurik ez ikusi protokolo horri. Gainera aldatzen joan da eta adierazgarriena da, adibidez, lehen hiru ikasle positiborekin ixten zela gela eta orain ikasle bakarrarekin ixten dela gela guztia; ondorioa da egoera orokorrean hobetu egin den arren gela ixte gehiago ditugula.

Zein dira protokoloari lotuta eztabaida gehien piztu duten neurriak?
Lasa: Nafarroan, Haur Hezkuntzan ere musukoa erabili behar izan dute 3 urtetik gorako umeek: gela barruan ez, baina jolastokira irten eta orduan bai, jantzi behar, beste taldeekin elkartu ez arren. Gurasoek ez zuten ulertzen eta ikuskariek mezu kontraesankorrak ematen zituzten. Azkenean Hezkuntza Departamentuak erabaki zuen ez zegoela erabili beharrik. Lehen Hezkuntzan ere zeresana eman du musukoak, komunikazioa ez delako berdina eta aurpegia ez ikusteak asko eragiten dio haur ugariri.
  Hamaiketakoa ikasgelan hartu beharra ere ez dugu ulertu. Batetik, jarduera gehienak kalean egiteko gomendioa; bestetik, otordua ezin ikasgelatik kanpo egin. Eta garbiketari eta garbiketarako produktuei lotuta ere nahaste dezente izan da. Azkenean, ikastetxe bakoitzak egin du ahal izan duena, ahal duen ongien.
Sanzberro: Gurean ere, ikasleak nagusiagoak izan arren (12-16 urte), maskararen erabilera izan da kezka gehien sortu duena. Guraso asko kexu izan dira, hainbeste ordu maskara jantzita, batzuk gainera asmatikoak... Eta hori arintzeko saiatu gara jarduerak aire zabalean egiten, nahiz eta kanpora ateratzeko behar diren irakasle gehigarriak ez dizkigun eman administrazioak. Komunikazioa ere izan dugu kezka: positiboak eta konfinamenduak izan ahala, nola esan gurasoei modurik egokienean, babesa eta pazientzia transmitituz eta ez urduritasuna eta aztoramendua? Familien aldetik laguntza handia izan dugu, egia esan.
Ibargarai: Gurean ere musukoa izan da eztabaidatuena. Uste genuen bizpahiru hilabeteko kontua izango zela, baina azkenean ikasturte osoa eman dugu horrela, gela barruan nahiz kanpoan, hurrengo ikasturtean ere hala hasiko garela aurreikusten dugu, eta nire ustez epe luzean neurri horrek irauten badu ondorioak izango dira.

Gurutz Sanzberro: "Oro har, akademikoki kolpatuen izan direnak sozialki ere kolpatuenak izan dira. Konponbidea integrala ez bada, hankamotz geratuko da"

Aurreikusita zenutenarekiko, zer da okerren eta ongien joan dena?
Ibargarai: Ez genekien zer gertatuko zen, eta epe motzeko kudeaketa egiten joan gara, egunean egunekoa. Azkenean ikasturte osoa egin ahal izan dugu modu presentzialean, eta hori zen gure helburu nagusia.
Sanzberro: Langile bat baino gehiago konfinatuta izan dugularik, ordezkapenak kudeatzea konplikatua izan da eta egunak igaro ditugu ordezkorik gabe.
Lasa: Horri gehitzeko, klase guztiak gela bakarrean ematea ere negatiboa izan da (ez da egon Ingeles edo Musika gelarik, adibidez). Eta alde ona azpimarratzearren, burbuilak egin diren neurrian, talde-kohesioa asko landu da eta alde emozionalari asko heldu zaio. Inguruko parkeetara ateratzera bultzatu gaitu pandemiak eta hori ere esperientzia polita izan da.

Pedagogikoki nola eragin du eta zein soluzio joan zarete aurkitzen?
Ibargarai: Musukoa oztopo handia da interakziorako, batez ere hainbat gaitan, eta kanpora atera eta distantzia jarriz bilatu da soluzioa, adibidez. Bestalde, Seaskan, adin ezberdineko haurrak nahasten ditugu anitz jardueretan, baina aurten ezin izan dugu egin, burbuilak direla-eta. Hurrengo ikasturtean gelak nahasi ahal izatea espero dugu.
Sanzberro: Hiru bloke azpimarratuko nituzke: batetik, eduki, lan ohitura eta konpetentzietan izan duen eragina, bestetik euskararen erabileran (batzuek hilabetetan ez zuten harremanik izan euskararekin), eta azkenik emozional eta animikoki. Konplexua izan da horiek kudeatzea eta curriculumak eta programak egokitu behar izan ditugu, aurreko ikasturtean eskolan aurrez aurre ez egoteak hutsunea utzi duelako. Tutoretza lana handia izan da eta elkarlana eta elkarrekintza izan ditugu funtsezko gakoak.
Lasa: Bai, ezohiko urtea dela gogorarazi eta lasai hartzea izan da abiapuntua, nahiz eta azkenerako mila saltsa eta proiektutan sartu garen. Halere, mezua hori izan da: ikasleekin ahal dugunera arte iritsiko gara eta lasai egon behar dira. Erritmoa aldatu behar izan dugu.

Nekane Lasa: "Ikasleak nekatuta daude. ‘Pixka bat gehiago, pixka bat gehiago’ izan da agintariengandik jasotzen joan garen mezua, eta ‘pixka bat gehiago’ hori luze doa"

Curriculuma eta erritmoak egokitu dituzue. Ebaluatzerako orduan ere malguago jokatu ahal izan duzue aurten?
Sanzberro: Bai, ebaluazio irizpideak moldatu behar izan ditugu, curriculuma moldatu dugun heinean. Baina iaz administraziotik esan moduan zuzenean ikasturtea gainditu zuten ikasleek (salbuespenak salbuepen), eta orain Hezkuntza sailak malgu ez jokatzeak ez du zentzurik, adibidez beharra duen hainbati ukatu zaiolako Aniztasun Batzordeko taldeetan sartzea (zailtasuna duten ikasleek titulazioa eskuratzeko jarraitzen duten ibilbidea), horretarako ikasturteren bat errepikatua izan behar dutelako eta iaz ez zutelako errepikatu.
Lasa: Gure ikastetxean promozio zuzena izan zuten iaz ikasle guztiek, eta ikasturte honetan hainbatek zailtasunak ditu. Gainera, Hezkuntza Departamentuaren kanpo-probak beste urte batzuetako berdinak izan dira, eta halako azterketetarako mailarik ez da egon. Ezin da eskatu eman ezin dena. Ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako azken maila bukatuko duten ikasleak ez dira aurreko ikasturtekoekin konparagarriak, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek kontuan hartu beharko dute hori datorren ikasturtean. Bertikalki eragin du honek guztiak, baita hurrengo urteetarako ere. Ikastetxe eta irakasle taldearen esku utzi da ebaluazioa, eta gurean adosteko zailtasunak eragin ditu.
Ibargarai: Iaz ez ziren brebeta eta baxoa egin, eta ikasturte honetan brebeta egingo da eta baxoa modu berezian egingo da, arlo batzuk urtean zehar egindako lanaren kontrol jarraikiaren bidez, eta beste batzuk azterketa bidez. Irakasleak behar-beharrezkoak diren konpetentzietan zentratu direla pentsatzen dut, baina egia da oro har ez dela curriculumari dagokionean arintzerik izan Ipar Euskal Herrian.

Nola ikusten dituzue ikasleak ikasturte amaieran?
Lasa: Opor beharrarekin. Egokitzen jakin dute, baina jolasteko, atseden hartzeko eta normaltasunez aritzeko gogoz daude. Ongi daude, baina ikastetxean ospatu ohi ditugun jaiak-eta esaterako ez ditugu egin, eta hori sumatzen da. Nekatuta daude, “pixka bat gehiago, pixka bat gehiago...” izan delako agintariengandik jasotzen joan garen mezua, eta “pixka bat gehiago” hori luze doa...
Sanzberro: Egoerari oso ongi erantzun diote, baina nekatuta daude eta adin honetan espero zituzten gauza asko bertan behera geratu zaizkie, ikas-bidaia esaterako; ilusio asko zapuztu zaizkie.
Ibargarai: Bereziki nerabeak oso gaizki ikusi ditugu, eurek hala adierazi digutelako, izugarri sufritu dutela. Klaseetara joan dira, bai, baina hortik kanpo ez dute ezer partekatu beste jende batekin eta harreman berriak behar dituzte adin horretan, dena dute sortzeko. Nerabezaroan ezinbesteko duten harremana ukatu zaie, eta frustrazio handia ikusi dugu.

Familiek nola bizi izan dute ikasturtea?
Ibargarai: Zaila izan da ikaslea positibo zenean edo kontaktu zuzena zenean, isolatu behar zuenez familiak horri erantzutea, zaintzarako erraztasunak eman dituzten arren. Hilabete batean kontaktu zuzena izan eta hurrengo hilabetean beste ikasle baten kontaktu zuzena izatea egokitu zaie batzuei.
Lasa: Fisikoki ikastetxe barrura ahalik eta jende gutxienak gerturatu behar duela-eta, beti ez da erraza izan harremana, baina saiatu gara arreta indibiduala bermatzen, eta batzuekin telematikoki ezin da egin, bai ala bai haiekin elkartu behar duzu. Oro har, oso ongi erantzun dute eta frustratu direnean ere, ulertu dute ikastetxeek ahal duten guztia egin dutela, gauza asko ez dagoela gure esku.
Sanzberro: Hasieran familia batzuk beldur ziren (etxeko egoerak baldintzatuta, sarri), baina ikasturteak aurrera egin ahala tentsio maila jaisten joan da, bidea egiten gindoazela ikusita. Aurrez aurreko harremana lehenetsi dugu familiekin.

Eta zuek? Nola zaudete irakasleak ikasturte honen amaieran?
Sanzberro: Tentsio uneak izan dira, ziurgabetasun momentuak, ohi baino fronte gehiago izan ditugu irekita... eta nekea sumatzen da. Baina satisfazioa ere nabari da, lortu dugulako aurrez aurrekoari eustea.
Lasa: Irakasleak ez gara jada lehen bezala elkartzen, klaustroak ere distantzia mantenduz eta musukoa jantzita egiten dira, eta horrek guztiak arrastoa uzten du, nekatuta gaude.
Ibargarai: Gurean bilerak eta formazioak bideo-konferentziaz egin dira, eta horien muga argiki sentitu dugu, ikasturte osoan beti bideo-dei bidez aritzea nekagarria izan baita. Udaberrian aurrez aurreko bilkurak berreskuratu genituen, distantzia mantenduta, gogoetatzeko aurrez aurre aritzea beharrezkoa delako. Ikasturte bukaera honetan irakasleak pizten ari direla esango nuke, egoera hobetzen ari dela eta heldu den ikasturtea pixka bat “normalagoa” izango den esperantzan.

Ikasturte honetarako zenituzten helburuak bete dituzue?
Sanzberro: Hiru helburu nagusiri erantzuten jakin dugula esango nuke: denon osasun fisiko eta mentalaren zaintza bermatzea, egoera honek ikasleengan sortu dituen hutsuneei erantzutea, eta aurrez aurreko klaseei eustea.
Ibargarai: Oso gutxitan gertatu dira gela ixteak, xantza izan dugu, eta presentzialki aritu ahal izateko helburua bete dugu guk ere.
Lasa: Ongi egin izanaren edo gutxienez ahal izan dugun ongien egin izanaren sentsazioa dugu, hein batean hezkuntza-komunitate osoak bat egin dugulako norabide berean.

Ze aurreikuspen duzue hurrengo ikasturterako?
Sanzberro: Hasi gara dagoeneko hurrengo ikasturtea planifikatzen, badakigu gainera hainbat mailatan baldintzatuta hasiko garela, baina gustatuko litzaiguke jakitea zein baliabide izango ditugun horretarako, ez dadin gertatu ikasturte honetan gertatu dena. Nahi dugu administrazioak entzun gaitzala, baina Hezkuntza Sailak ez du ezer esan, eta arriskua ikusten dut oraindik berezia izango den egoerari erantzuteko nahikoa baliabiderik gabe has gaitezkeela irailean ere. Eta berriz esango dut, honetan guztian lekuan lekuko komunitatea, ezaugarriak eta nahiak aintzat hartzea ezinbestekoa iruditzen zait, eredu bera batzuentzat baliagarri izango delako eta beste batzuentzat ez.
Lasa: Nafarroan protokolo bat aurreratu digute hurrengo ikasturterako, baina zalantza pila bat eragin ditu, ordutegiari dagokionez, adibidez, protokoloak dioelako modu batean hasiko garela eta urrian agian aldatu beharko dela berriz, edo agian urtarrilean... eta erantzun diogu ezin dugula horrela aldatzen aritu. Guztiaren atzean ikastetxe kontzertatuen presio handia dagoela uste dugu, arratsaldeko ordutegia mantentzeko.
Ibargarai: Iaz abuztu bukaeran eman ziguten neurri sanitarioen berri, beraz badakigu ez duela balio gehiegi aurreratzeak, irakasleek asko eman dute eta atseden pixka bat merezi dute. Ikusiko dugu abuztuan zer gertatuko den. Maskararen erabilera malgutzea gustatuko litzaidake adibidez, gai sentsiblea da-eta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Azterketak euskaraz pasatzearen aldeko mobilizazio eguna antolatu dute Euskal Herri osorako

Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek mobilizaziorako deia luzatu dute maiatzaren 17rako. Guztien arteko sarea irudikatzeko asmoz, ekimenen aipamena Interneten #EuskarazIkasiMatxinada eta #EuskarazBiziMatxinada traolekin zabaltzeko eskaera egin diete.


Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira... [+]


2024-05-08 | Hik Hasi
Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpena

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2024ko Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpen prentsaurrekoa egin du astearte goizean. Bertan parte hartu dute EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel... [+]


Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan banatzeko aukera emango digun plana.


Eguneraketa berriak daude