Hormarik ez, faborez

Ebidentzia batzuk ez dira ikuserrazak. Egunkari nafar batek USE unibertsitatera sartzeko ebaluazioko probak argitaratu zituen ekainaren 2an, ikasleek egin zituzten egun berean. Titularrak erronka jotzen zien irakurleei: gaindituko zituzten batxilergoko ikasleek egindako azterketak? Espainiako Historiako estekan egin nuen klik. Gaztelaniazko azterketa besterik ez zegoen. Ikasle euskaldunek egindakotik,  arrastorik ez.

Hala ere, egunkariak berak zioenez, egun hartan Nafarroan azterketak egin zituzten 3.869 ikasleetan 1.068k euskaraz egin zituzten, % 27,6k.

Egunkariak (euskararen aldekoa) euskarazko probak ere argitaratu izan balitu –berria gaztelaniaz emateak ez zion hori galarazten–, irakurleek errazago irudikatuko zuten Nafarroako errealitate elebiduna, non ikasleetatik laurdena baino gehiago gauza baita USE euskaraz egin eta unibertsitatean euskaraz ikasteko.

"Euskararen 'maitaleek' ere, asmo txarrik gabe, zintzoki betetzen dute hizkuntza-bereizketaren arau 'naturala'"

Adibide hutsala dirudi, baina hizkuntzen arteko bereizketa etengabearen etsenplua da. Hedabideetan, batik bat, eta bestela ere.

Gertatzen den orotan –euskaraz idatzitako liburuez euskaraz bakarrik mintzatzen denean kasu–, hizkuntzak elkarrengandik bereizten eta urruntzen dituen beira lausotuzko horma moduko bat begitantzen zait, zurruna, deformatzailea, hizkuntzei eta hiztunei elkar ikustea oztopatzen diena. Hizkuntzen arteko komunikazioa galarazteaz gain, hormak euskararen errealitatea –USEko euskarazko probak edo euskal literatura– ezabatzen du erdaldun elebakarren begien bistatik, euskararen presentzia itxuragabetuz. Elebidunok arazorik gabe egin dezakegu barre Iker Laurobaren hitz-joko elebidunekin, baina erdaldun elebakarrek segitzen dute pentsatzen euskarak ezin diela eskaini interesgarritik ezer.

Hizkuntza-bereizketa zorrotz hori –euskarazko gauzak euskaraz, eta gainerakoak erdaraz– naturaltzat jotzen da: euskaldunok gutxiago gara eta toki txikiago bat behar dugu, esklusiboa guretzat. Bereizketa-egileak, gainera, ez dira, soilik, euskararen arerioak: euskararen “maitaleek” ere, asmo txarrik gabe, zintzoki betetzen dute hizkuntza-bereizketaren arau “naturala”. Ohartu gabe naturalak diruditen gauza asko eta asko ez direla hain natural.

Euskararen arerioak aldeko bihurtzen saiatu ordez, aldekoen joera bereizleak deseraiki behar dira –esaterako, hedabideetan–, begi-bistakoak ez diren gauzak ikusarazi eta zenbait jokamolderi naturaltasun-marka kendu. Beirazko hormak hautsi, Laurobaren txisteak lagun.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


Israel ahulduta eta Iran boterea hartuta

Azkeneko hamarkadan Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek Siria inbaditu zuten nazioarteko legedia hautsita. 2024an oraindik Washingtonek Siria okupatzeko dozena bat base militar inguru ditu eta herrialdearen petrolioaren zati handia lapurtzen du. Israelek Siriako eta Palestinako... [+]


Hamaika

Ez dakit zure herrira helduko den Hamaika diziplina anitzeko proiektu artistikoaren erakusketa.

Artelanekin batera, hamaika lekukotasun. Bertan denetarik dago: beldurra, mina, amorrua, esperantza, etsipena, indarra... Maitasunez idatzitako testigantzak. Garondoan mehatxuaren... [+]


Eguneraketa berriak daude