Ebidentzia batzuk ez dira ikuserrazak. Egunkari nafar batek USE unibertsitatera sartzeko ebaluazioko probak argitaratu zituen ekainaren 2an, ikasleek egin zituzten egun berean. Titularrak erronka jotzen zien irakurleei: gaindituko zituzten batxilergoko ikasleek egindako azterketak? Espainiako Historiako estekan egin nuen klik. Gaztelaniazko azterketa besterik ez zegoen. Ikasle euskaldunek egindakotik, arrastorik ez.
Hala ere, egunkariak berak zioenez, egun hartan Nafarroan azterketak egin zituzten 3.869 ikasleetan 1.068k euskaraz egin zituzten, % 27,6k.
Egunkariak (euskararen aldekoa) euskarazko probak ere argitaratu izan balitu –berria gaztelaniaz emateak ez zion hori galarazten–, irakurleek errazago irudikatuko zuten Nafarroako errealitate elebiduna, non ikasleetatik laurdena baino gehiago gauza baita USE euskaraz egin eta unibertsitatean euskaraz ikasteko.
"Euskararen 'maitaleek' ere, asmo txarrik gabe, zintzoki betetzen dute hizkuntza-bereizketaren arau 'naturala'"
Adibide hutsala dirudi, baina hizkuntzen arteko bereizketa etengabearen etsenplua da. Hedabideetan, batik bat, eta bestela ere.
Gertatzen den orotan –euskaraz idatzitako liburuez euskaraz bakarrik mintzatzen denean kasu–, hizkuntzak elkarrengandik bereizten eta urruntzen dituen beira lausotuzko horma moduko bat begitantzen zait, zurruna, deformatzailea, hizkuntzei eta hiztunei elkar ikustea oztopatzen diena. Hizkuntzen arteko komunikazioa galarazteaz gain, hormak euskararen errealitatea –USEko euskarazko probak edo euskal literatura– ezabatzen du erdaldun elebakarren begien bistatik, euskararen presentzia itxuragabetuz. Elebidunok arazorik gabe egin dezakegu barre Iker Laurobaren hitz-joko elebidunekin, baina erdaldun elebakarrek segitzen dute pentsatzen euskarak ezin diela eskaini interesgarritik ezer.
Hizkuntza-bereizketa zorrotz hori –euskarazko gauzak euskaraz, eta gainerakoak erdaraz– naturaltzat jotzen da: euskaldunok gutxiago gara eta toki txikiago bat behar dugu, esklusiboa guretzat. Bereizketa-egileak, gainera, ez dira, soilik, euskararen arerioak: euskararen “maitaleek” ere, asmo txarrik gabe, zintzoki betetzen dute hizkuntza-bereizketaren arau “naturala”. Ohartu gabe naturalak diruditen gauza asko eta asko ez direla hain natural.
Euskararen arerioak aldeko bihurtzen saiatu ordez, aldekoen joera bereizleak deseraiki behar dira –esaterako, hedabideetan–, begi-bistakoak ez diren gauzak ikusarazi eta zenbait jokamolderi naturaltasun-marka kendu. Beirazko hormak hautsi, Laurobaren txisteak lagun.