Irungo guraso elkarteek eskakizun bat luzatu diote herriko udalari, haur eta gazteen artean euskararen erabilera bermatzeko zailtasunak daudela ikusita. Pandemiak euskararen errealitate kaskarra are gehiago bistarazi duela diote. Zentzu horretan, udalerriko egoera soziolinguistikoaren analisia aurkeztu eta aisialdi esparruan esku hartzeko laguntza eskatu diote udal gobernuari.
Euskal Herriko joera orokorrari jarraiki, Irungo haurrek ere eskola dute euskara erabiltzeko esparru nagusi. Bertako guraso elkarteen esanetan, egoera horrek “zailtasun ugari” dakartza ikasleen jabekuntza linguistikoan. Izan ere, Irungo hezkuntza guneetan D eredua gailentzen den arren, kale zein etxeetako joerek oso bestelako errealitatea erakusten dute. “Argi dago eskolan egiten dena ez dela nahikoa”, ziurtatu dute euskararen kale erabileraz kezkatutako gurasoek. Elkarteon ustez, udalak gaur gaurkoz bultzatzen dituen ekimenak lagungarri bai, “baina ez dira gabezia betetzeko aski”. Haur, gazte eta gurasoek egiten duten esfortzuak eskolatik kanpo ere bere isla merezi duelakoan daude. Ondorioz, ahalegin handiagoa eskatu diote udalari.
Eneko Oiartzabal Gerriko (Lezo, 1982) Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteko kidea da. Kontatzen duenez, joan den ikasturtean kide berriak sartu ziren bertan, seme-alaben euskararen inguruko kezka azalduz. Urtean bi aldiz alkatearekin bilkurak egitea eta zenbait batzordetan parte hartzen hastea ebatzi zuten, bai eta aukera hori udalari ardurak eskatzeko baliatzea ere. Zehazki, aisialdi eta kirol jarduerei lotutako eskaera luzatu zuten, gainontzeko guraso elkarteak ere jakinaren gainean jarri ondoren. Ikastetxe publiko guztietako guraso elkarteen babesa jaso dute ordutik, eta gerora, udaleko Kultur, Kirol eta Gaztediaren Batzordera helarazi zuten eskaera; zinegotzi, kirol-elkarte eta gurasoen mahaira, hain zuzen ere.
Euskararen erabilera Irunen pozik egoteko modukoa ez bazen, COVID-19ak “lehendik zeuden zailtasunak areagotu” dituela ziurtatu dute gurasoek. Iazko udaberriko itxialdian jarri dute azpimarra, ikasleak ia sei hilabetez eskolarik gabe egon ziren sasoian. Horrek gazteenen euskara maila nabarmen okertu duelakoan daude; “Irungo gazte eta haur ugariren euskararako eremu bakarra eskola baita”, azaldu du Oiartzabalek. Halaber, hezkuntza komunitateak eta udalak orain arte egindakoa “motz geratzen dela” dio.
Gurasoek udalari aurkeztutako txostenak hainbat datu biltzen ditu, hala nola, Siadeco enpresak Irungo Udalarentzat 2018an egindako Euskara Sustatzeko Ekintza Planarenak nahiz Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzarentzat egindako Arrue proiektuaren ikerketarenak. Bertan ikusten denez, euskara kaskar samar dabil erpin guztietatik begiratuta: etxeko zein lehen hizkuntzan, bilakaeran, kale erabileran, ikastetxeetan, eta hizkuntza-konpetentzian. Lezoarraren hitzetan, “etxe euskaldunetako haurrek ere uste baino lehenago galtzen dute euskara”; fenomeno kezkagarria, inondik inora. Bigarren Hezkuntzara heldu aurretik “nahiko ukituta” ikusten du Oiartzabalek lehen hizkuntzaren erabilera: “Galera azkarra izan ohi da, eta berreskurapena, berriz, motela”. Egoerari buelta eman nahian, ikasleen euskara-erabileran eragin handiena duten esparruen zerrendari erreparatu diote guraso elkarteek, eta horrela jabetu dira eskolaz kanpoko jarduera antolatuek badutela eragina seme-alaben hizkuntza-ohituretan.
Oiartzabalen iritziz, aisialdiak gaztaroko laugarren zutabea osatzen du; familiaren, eskolaren eta lagunartearen ostean. Aisialdiak nerabeen bizitzan pisua irabazi ahala, eskolaren eta gurasoen eragina txikitu egiten da. Hori horrela, hizkuntza erabileraren eta aisialdiaren arteko korrelazioa adinaren poderioz indartzen denez, Irungo gurasoek berebiziko garrantzia esleitzen diote esparru horretan euskararen aldeko interbentzioa egiteari. Haurren kasuan, gainera, begiraleak erreferente garrantzisuak direla uste du Oiartzabalek, “gurasoek eta irakasleek baino rol miresgarriagoak” izan ohi dituztelako.
Udalak, orokorrean, “besteekiko parekotasunean” eskaintzen omen ditu euskarazko jarduera antolatuak. Asko jota, euskarari eta gaztelaniari pisu bera ematen zaielakoan dago Oiartzabal. Bere aburuz, ekitatearen printzipioari jarraiki, “egoera berean ez dauden biri gauza bera emateak desoreka betikotzen du”. Zentzu horretan, udalak euskararen alde antolatzen dituen jarduerak “euskara sustatzeko ekimen puntualak” eta “eskaintza orokorretik apartekoak” direla uste du. Zinezko aldaketa gauzatzeko, esku-hartze jarraitua eta orokortua galdegiten dute gurasoek.
Haur eta gazteen errealitate sozial osoan eragiteko beharrizana seinalatu dute gurasoek, eta horrekin batera, “eskolaz zein etxez gaindiko eremuetan euskararen sustapenerako plan baten ezinbestekotasuna” ekarri dute gogora. Esfortzu instituzionala indartzeko eskakizuna arrazoitzeko, Irungo guraso elkarteek aurrez aipatutako datuak zerrendatu dituzte, eta eskaera zehatzak jarri dituzte mahai gainean. Hala, haur, gazte zein familientzako kultur-programazioan –antzerkiak, kontzertuak eta ipuin kontaketak– eta aisialdiko jarduera antolatuetan –kirola, musika, dantza, kiroldegiko ikastaroak– euskararen aldeko apustua egitea eskatzen diote udalari. Zehatz-mehatz, ondokoak dira eskaerak:
Lehenik, 16 urtera arteko haur eta gazteentzako zein familientzako aisialdi eta kultur programazioa urte osoan zehar indartzea, euskarazko eskaintza osoarekin. Bigarrenik, 16 urtetik beherakoentzako kiroldegiko ikastaro guztiak euskaraz izatea. Hirugarrenik, enpresa, elkarte edota kolektiboek udalaren dirulaguntzak jasota eskaintzen dituzten 16 urte artekoentzako jarduera eta ikastaro antolatu guztiak euskaraz ematea. Hori berehalakoan betetzea ezinezkoa balitz, epe motzean lortu ahal izateko konpromisoa hartzea galdegiten dute, udalak sortutako programan elkarteen parte-hartzea sustatuta. Azken plan horren oinarriak honakoak izan beharko liratekeela uste dute guraso euskaltzaleek: alde batetik, udalak entitateei hainbat zerbitzu eskaini behar lizkiekeela diote, hala nola, karteldegia, inprimakiak eta bestelakoak euskaratzeko eta itzultzeko zerbitzua, euskara ikasteko edota hobetzeko doako ikastaroak zein hizkera teknikoan trebatzeko liburuxkak banatzea. Entitateei dagokienez, zentzuzko epeetan zehaztutako konpromisoak bete beharko lituzkete trukean.
Laugarrenik eta azkenik, Irungo eta auzoetako jaietako barraka eta puzgarrietan euskararen presentzia bermatzeari eman diote garrantzia; hizkuntza paisaian, jendaurreko langileetan, musikan eta abar. Horretarako, beharrezko laguntza eskatzen diete udal zerbitzuei. Paraleloki, puzgarrietan begirale aritzen diren gazteei haurrekin euskararen erabilera lehenesteko konpromisoa eskatzea ere gogoan izan dute.
Eskakizunok badute zentzurik Irungo Udalak 2018-2022 urteetarako egindako Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren baitan, eta hain zuzen ere, horren aipamena egin dute Irungo gurasoen elkarteek. Bertan azaltzen diren zenbait erronka estrategiko izan dituzte ahotan. Esate baterako, planeko hirugarren erronkak “Euskal hiztun berriak sortzea eta euskal hiztunen artean erabilera esparruak zabaldu eta indartzeari” egiten dio erreferentzia. Horren baitan, “euskara ikasteko erraztasunak eman, eta horretarako, egokiak diren baliabideak aurreikustea” legoke. Bosgarren erronkak erabiltzaileek euskaraz aritzeko duten eskubideari erantzuten dio: “Bezeroekin harremanetan euskara erabiltzeko aukerak sustatzea”, hain zuzen ere. Zazpigarren erronkak, berriz, eskolaz kanpoko jardueretan jartzen du arreta, haur zein gazteei zuzendutako horiei aipamen berezia eginez: “Eskolaz kanpoko jardueretan –eta bereziki haur eta gazteei zuzentzen zaizkienetan– euskara erabiltzeko aukera zabalak eskaintzea, euren jarduna hirian garatzen duten elkarte soziokultural eta aisialdikoekiko lankidetzaren bitartez”. Hari beretik tiraka, plana gauzatzeko beharrezkoak izango diren berme zein izapide guztiak zerrendatzen ditu Irungo Udalak eta gurasoek banan-banan gogorarazi dituzte. Azkenik, 9. erronkan, “Ekitaldi soziokultural guztietan euskararen erabilera sustatu, euskarazko eta kalitatezko kultura sustatu eta euskarazko kultur produktuak ezagutarazi eta horien kontsumoa sustatu” behar litzatekeela seinalatu dute gurasoek.
Irungo gurasoen elkartea erantzunaren zain egon da Gabonetatik eta erreportaje hau idatzi eta papereko bertsioa atera eta gero iritsi da erantzuna. Oiartzabali galdetu diogu ea erantzunaz zein balorazio egin duten: "Udalak emandako erantzunak ez gaitu inondik inora ere asebetetzen, ez duelako aisialdi antolatua euskalduntzeko aurrerapausorik proposatzen. Aitzitik, bere asmoa gauzak bere horretan uztea dela dirudi, eta gurasook ongi dakigu zer esan nahi duen horrek: herriko aisialdiko elkarte eta entitate gehienetan gure seme-alabek ezingo dute euskaraz aritu. Udalak auzi honetan dagokion ardura bere gain hartu beharko luke". Ikusteko dago zein pauso emango dituzten orain Irungo gurasoen elkarteek.
Mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren sententzia salatzeko, Egiako Justizia jauregiaren aurrean elkarretaratu dira Donostian.
Ttitto Betbeder Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari berriaren ustez kontzertazioa sustatu behar da euskalgintzarekin eta aholku batzordea biziarazi berriro.
Eztabaida gutirekin baina herriaren indarrarekin egin du bere administrazio kontseilua Euskal Kultur Erakundeak irailaren 13 honetan. 70 eta 80 elkarteen ordezkaritza hurbildu zen mobilizaziora, baina suprefeta eta DRACa gabe egin behar izan dute.
Euskal Kultur Erakundeak (EKE), Ipar Euskal Herriko euskarazko kulturaren eragile garrantzitsuenak, arriskuan dauka bere burua, eta elkarretaratze deitu du larunbaterako Uztaritzen. Frantziako Estatuaren laguntzetan 30.000 euroko murrizketa jasan dute 2025ean (udan jakinarazia),... [+]
Orain Baionako merkatuko saltzaileek afitxa bidez jakinarazten dute euskaraz eta gaskoiz aritzeko prest direla. Baionako Herriko Etxeak duela bi urte abiatutako euskara plangintzaren ildotik ekintza abiatu du.
2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]
Larunbat honetan Gasteiz Euskararen Hiria ekimenak hartuko du Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza. Goizean hasi eta gauera arte, “euskararen aldeko festa handia” izatea nahi dute euskalgintzako eragileek, kirol jarduerak, kultur emankizunak edo arratsaldeko... [+]
Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]
'Su eta Gar' musika talde baten izen bezala ezagutzen duzu? Orain, exoplaneta baten eta bere izarraren izena ere badela jakinen duzu. 'GJ 486' izarra, Virgo konstelazioan, eguzkitik 27 argi-urtera dagoen nano gorri bat da eta bere inguruan Lurra baino hiru aldiz... [+]
Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]
Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]
Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]