Urtebete pasa dagoeneko Rafael Berrio hil zela, eta haren omenez ekitaldi ugari antolatu dira Donostian udaberri honetan. Bi programaziotan banatu dira: alde batetik, hiriko hainbat taberna, jatetxe, arte-galeria eta liburu-denden (musikariaren berezko habitatak) artean antolaturiko El hijo ingobernable de la luz del sol (Eguzkiaren argiaren seme gobernaezina), kontzertu berezi, entzunaldi eta erakusketekin; eta bestetik, Donostia Kulturak Ernest Lluch kultur gunean eta Victoria Eugenian antolatutako erakusketa, mahai-inguru, kontzertu eta proiekzioak izan ditugu, Yo ya me entiendo (Nik ulertzen dut nire burua) izenburupean. Bi programen azken kontzertuetan egon ginen; biak aski ezberdinak, baina biak eder.
Maiatzaren 9an Deriva eta Niños Futuros igo ziren oholtzara tenpluan, LeBukowski tabernan (Iñaki Peman-en argazki ederrez inguraturik). 30 lagun eskasentzat lekua baino ez, eta, sarrerak airean saldu zirenez, bi txanda egin zituzten. Inondik ere, bakarlariaren musika ibilaldiaren zati handi batean hogeita hamar laguneko publikoa izatea arrakastatzat joko zen. Gogoan dut, tipuletaki, Complot tabernan jo zuen kontzertu bat; dozena bat izango ginen, eserita, eta haren arreba etorri zitzaigun, harriturik, zer egiten genuen han galdezka; gu, artean gazte eta areago berde, eta euskaraz mintzo. Baina, jakina denez, heriotzak bizitza edertzen du, eta omenaldi hauetan behin baino gehiagotan gertatu da kontzertuak bikoiztu beharra eta, halere, sarrerak agortzea. Bistan da, ez zion alferrik jarri bere disko bati Paradoja izenburua.
Zer ordutan eta 16:30etan joan ginen, bada, Berrio omentzen zuen kontzertu batera, eta ezin ekidin tipoa imajinatzea, dagoen lekuan dagoela, irribarre sardoniko bat ezpainetan. Derivaren Harresilanda diskoan hasi nintzen haren ibilbidea jarraitzen (Gaztelupeko Hotsak-ek banatu zuen) eta bereziki nahi nituen garai prerrafaelitako (Rafa Berrio zenekoa, alegia) abesti haiek eguneratuak entzun. Talde hartako kideak, Alberto Bosch, Borja Iglesias eta Jon Intxausti, izan ziren, Mariano Hurtado (teklatua) eta Usoa Uriberen (ahotsa) laguntzarekin, oholtzara igo ziren lehenengoak. Harresilanda abiatzen duen La piel a tiras (Azala tiratan) abestiarekin hasi eta disko horretako eta aurreko Planes de fuga (Ihesaldi planak) diskoko abestiak tartekatu zituzten. Elkarrekiko disko aski ezberdinak dira produkzio aldetik; lehenak gaizki samar zahartu den kutsu elektronikoa du, bigarrenak pop sotilagorantz jotzen du, eta kasu honetan taldeak abestiei kutsu loureedarra eman zieten (kantariaren erreferentzia nagusietarik zen Lou Reed, nagusiena ez bazen), nahiz eta Bronca (Liskarra) bezalako kantu pausatuagoetarako tarterik ere egon zen. Ez alferrik, Femme Fatale abestiaren bertsio batekin amaitu zuten beren boloa.
Niños Futuros izena hartu zuten okasiorako Los Bracco-ko Pablo Fernandezek (ahotsa) eta Toni Medinak (gitarra), Andoni Etxebestek (bateria), Ikerne Giménez-ek (baxua) eta Grande Days-ko Rumano Powerrek (teklatuak eta gitarra) osatutako taldeak. Berriok azken urteetan zuzenekoetan berreskuratu zituen Derivaren zenbait kantu jo ondoren –tartean Perfecto en soledad (Bakardadean bikain) abesti misantropo borobila–, batez ere Paradoja diskoan zentratu ziren, eta Los Braccok berezkoa duen rock & rollerantz eraman zituzten kantuak, Mis ayeres muertos (Nire atzo hilak) kantuarekin goia joz.
Beste paradoxa baterako tarterik ere egon zen, baina. Egokiera horretan zaila baitzen duela bost urteko apirilaren 23ko gau harekin ez akordatzea: Berriok Bukowskin jo zuen (frakik jantzi gabe, noski), eta kontzertu gogoangarri harengatik tabernak isuna jaso zuen,baimendutako edukiera baino jende gehiago omen ginelako barruan. 2016 kulturazko urte hura zen, eta hortik aurrera, aurreko urte jorietan ez bezala, tabernetan kontzertuak antolatzeko erraztasunak joanak ziren. Ez zegoen jada zer kapitalizatu.
Victoria Eugenian maiatzaren 19an (eta 20an) emandako kontzertua oso bestelakoa izan zen: profesionalagoa, bitarteko gehiagorekin, preziosoagoa. Paradoxek, ordea, hor jarraitzen zuten. Berriok ez zuen sekula bakarlari gisa Victoria Eugenian jotzerik izan. Amor a Traición taldearekin Principal aretoan jo zuen 80etan, eta bakarkako bere azkena ere han izan zen, 2019ko urrian. Victoria Eugenian estreinatu zuten Adios a la bohemia (Bohemiari agur), Berriok Joserra Senperenarekin moldatutako Pablo Sorozabal eta Pio Barojaren opera. Baina bizirik zela ez zuen heriotzak eman zion aukerarik izan.
Musikalki Senperenak gidatutako kontzertua izan zen omenaldikoa, eta oroz gain, haren lana da nabarmendu behar dena. Ez da lan batere erraza hainbeste musikarik (eta elkarrekiko hain ezberdinak) parte hartutako kontzertu bat nahas-mahasean ez erortzea, eta kartelari erreparatuta (Rafa Rueda, Charly & Pavlyuchenko, Amateur, Virginia Pina, La Oreja de Van Gogh, Petti, Paul San Martin, Sanchís y Jocano, Mursego (20an bakarrik), Abraham Boba, Julia Cristina, Txetxo Bengoetxea, Miren Iza, Mikel Erentxun eta Diego Vasallo), arrisku hori zen burura etortzen zitzaizun lehenengo gauza. Haatik, ez zen halakorik gertatu. Eta hori posible izan zen, funtsean, Senperenak (pianoa eta organoa), Joseba Irazokik (gitarra eta ahotsa), Karlos Aranzegik (bateria) eta Lutxo Neirak (baxua eta kontrabaxua) osatutako taldeak egindako lanagatik. Abesti gehienetan beraiek izan ziren banda, eta musikarien antzeak eta abestien moldaketa bikain eta koherenteak kalitatea omenaldiaren maila berean egotea eragin zuten. Hain justu, parada ezin hobea izan zen ikusteko mainstreamarekiko aldea ez dela ausazkoa, ez diskurtsiboa: La Oreja de Van Goghek Las tornas cambian (Egoera aldatzen da) bertsionatu zuten, eta beren erregistroan ondo aritu baziren ere, besteekiko aldea nabarmena suertatu zen, hala moldaketetan nola exekuzioan.
Gauza on asko egon ziren eta ezin denak nabarmendu, baina bereziki gustatu zitzaizkidan Amateur-ekin jotako El principio de una buena racha (Bolada onaren hasiera) dylandarraren eta Diego Vasallorekin egindako No pienso bajar más al centro (Ez naiz gehiago hirigunera jaitsiko) aski eraldatuaren moldaketak.
Hirigunerako azkeneko txangoa izan zen, bai, zer eta Victoria Eugeniara, gainera. Tira, orain badakizu, frakak ere ondo ematen dizu, amigo.
Beethovenen 'Missa Solemnis'
Norabide bakarrean
721-Gogor Gabiltza
Autoekoizpena, 2025
---------------------------------------------------------
Askotan, guraso garenon kezka bat da ea seme-alabek gure aholku edo "txapak" aintzat hartuko dituzten, jakitun izanda, era berean, guri kontra... [+]
Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell... [+]
HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3
Data: 2025eko ekainaren 14a.
--------------------------------------------------------
El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]
Miruenea
Mirua
Oso polita, 2025
--------------------------------------------------------------
Bi urtez egon dira lanean Miruakoak “inoiz egin duten proiektu garrantzitsuena” aurkezteko: Miruenea. Eta, egia da, gaur egun artista guztiek dioten arren... [+]
Ezta Ilen + High Vis
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
Noiz: ekainaren 7an.
---------------------------------------------------------------
"Etorkizunik Ez" (No Future) punk lelo klasikoak duen gaurkotasuna azpimarratu du Enrique Zamoranok Hijos del Brexit... [+]
Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika... [+]
VERDIREN OTELLO OPERA
Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]
IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.
Dirudienez
Karma
Autoekoizpena, 2025
--------------------------------------------------------
Mugatzat ez badugu ere, muga da askotan Bidasoa; kulturala, informazioarena… Eta beste aldekoa urrun gelditzen zaigu. Bada, gogoa eta laguntasuna dira muga apurtzaile... [+]