"Gure udaletan obra goseak ez du azkenik"

  • Neurrizko, zentzuzko, zuhur ageri da zaratotsa nagusi den mundu zementuz josian. Mendi eta basoak izan ditu lantegi, eta sen on handiz mintzo da hala naturaz, nola haren girbin hiriaz. Apal eta sotil ari da Arabaz, toponimiaz, euskaraz... Indarraren arrazoirik gabe, arrazoiaren indarra du Ruiz Urrestarazuk.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Manuel María Ruiz Urrestarazu, Donostia, 1941

Iruñean bizi ziren guraso donostiarrak, eta Donostiara egin zuten, berariaz, lau seme-alabak jaiotzeko garaian: Manuel María, Mari Paz, Pablo eta Eugenio. Gure solaskideak Iruñean, Zaragozan eta, azkenaz beste, Madrilen egin zituen ikasketak. Mendi Ingeniaritza burutu eta Durangoko Baso-zentralean eta Bilboko La Papelera Españolan lan egin zuen. 1972an ezkondu, eta, ondoko urtean, Arabako Diputazioaren Mendi zerbitzuan zen lanean. Bertan sartu zen erretretan, ordurako zuzendari zela. Euskaltzain urgazle hautatua 1969an, ohorezko kide izendatu zuten 2014an. Naturaren baretasuna transmititzen duen laguna Ruiz, porlandia zail zakar honetan.

Donostian jaioa zaitugu 1941ean, baina Iruñean zinen handik hilabetera.
Alderantziz da, nahi baduzu, gurasoak Iruñean bizi baitziren urte bat lehenago. Aitak enpresa kimiko batean egiten zuen lan, kudeaketan. Hala ere, aita zein ama, donostiarrak ziren biak, erlazio estuan ziren Donostiako jendearekin, eta nahiago izan zuten umeak izateko Donostiara joan, espreski. Horrelaxe jaio ginen lau senideok Donostian, nahiz Iruñean bizi ginen. Seme-alabetan neu izan nintzen etortzen lehena.

Euskaraz hazi zineten?
Ez. Garai hartan, Donostian, esparru pribatuari dagokionez, euskara ezagueraren arabera erabiltzen zela esango nuke eta, gurean ez zen erabiltzen, zenbait esaera izan ezik. Hala ere, gogoratzen naiz Donostiako kalean parra-parra egiten zela euskaraz, nahiz eta haren erabilera formala debekatuta egon. Gogoratzen naiz, Insalus ur mineralak, artean 1960ko hamarkadan, espainiar bandera zeramala botiletan. Eta Tolosako telefonika kabinetan gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez edo italieraz hitz egin zitekeela, baina ez euskaraz.

Ez euskaraz.
Euskarak eta politikak musika isila osatzen zuten aldi hartan. Herri giroa ere, nola-halakoa izango zen gerra zibila eta gerraondo gogorraren ondotik. Ni ez nintzen asko konturatzen gauza haietaz. Hala ere, bi gogorapen ditut bizi-bizirik. Bata, aitak kontatu zidan... Bigarren Mundu Gerra garaian, [Winston] Churchillek BBCko frantses emisioan esan zuen hura: “Il faut nous livrer de la pestilence nazie” (Nazien pestilentziatik libratu beharra dugu). Eta bestea, urte batzuk geroago, neronek entzun nuena… Ile apaindegian nengoen eta periodikoak Francori egindako elkarrizketa bat zekarren. Kazetariari erantzunez, Francok zioen Pierre Laval, Vichyko Gobernuko lehen ministroa izandakoa eta 1945ean babes bila Bartzelonara joan zena, bere borondatez itzuli zela berriro Frantziara. Hori irakurri, eta ilea mozten ari zitzaidan ile-moztailea sutan jarri zen, ozen esanez “¡Esto es el paroxismo de la desvergüenza!” (Hau lotsagabekeriaren paroxismoa da!). Harridura eragin zidaten haren kulturak eta, batez ere, haren ausardiak. Horrela zen giroa orduan, gazi-gezakoa.

Donostian jaioa, Iruñean hazia, Zaragozan eta Madrilen ikasketak egina…
Iruñea Zaragozaren unibertsitate barrutikoa zen, eta Zaragozara joan nintzen 1958an. Zientziak ikasten urtea egin eta, ondoren, unibertsitatera. Ingeniaritza programak aztertu nituen, eta zalantzan ibili nintzen, ea Ingeniaritza Agronomoa ikasi, edo Mendikoa.  Mendiak eta basoak maiteago nituen laborantza edo hazkuntza baino, eta Mendi Ingeniaritza egitea erabaki nuen. Orduan Madrilen besterik ez zegoen hura ikasteko aukera, eta haraxe joan nintzen. Euskal Herri hezeko paisaia zen nik umetatik maitatua nuena eta Zaragozakoa idorra gertatu zitzaidan. Madrilekoa, berriz, banekien askoz hobea ez zela baina saudade delako hori gainditu eta Madrilera!

Zein giro zegoen Zaragozako ikasleen artean? Euskaldunik franko izango zen han, ala?
Egia esan, denbora gutxi eman nuen inguruko giroa dastatzen. Buru-belarri sartu nintzen estudioan. Lehenbailehen bukatu nahi nuen kurtsoa. Baina bai, euskaldunak baziren Zaragozan. Haien artean, Xabier Arzalluz zena. Baita Alberto Sarazibar gasteiztarra ere, gero neure mediku izango nuena. Hala ere, Zaragozako gogorapen atseginen artean bat esango dizut: udaberrian gelako leihoa irekita Upupa epops hegaztiaren kantua entzutea, argi-oilarrarena.

Argazkia: Zaldi Ero
"Iruñea eta Gasteiz erkatzen baditugu, euskararen presentzia gaur handiagoa da Gasteizen Iruñean baino, eta orain dela berrogeita hamar urte alderantziz zen”

Madrilen egin zenituen Mendi Ingeniaritza ikasketak, eta euskaraz ere orduantxe ikasi omen zenuen, Andoni Urrestarazu Umandi-ren gramatikarekin…
Bai. Karreraren azken kurtsoetan lasaiago zaude eta denbora gehiago duzu gustatzen zaizkizun beste gai batzuk aurrera ateratzeko. Nire kasuan, euskara nuen zain. Euskara entzuna nuen, ume nintzenetik, eta oso hurbil gertatzen zitzaidan, baina ez neraman barruan, euskara ez nekien eta. Eta ez nuen gabezia horrekin bizi nahi. Horrela, behin, Madrileko Gran Via-n zegoen Espasa-Calpe liburu dendan Umandiren gramatika erosi eta orriz orri ikasten hasi nintzen. Bestalde, Madrilen bazen ikasle euskaltzalez osatutako talde bat, eta haiekin harremanetan jarri nintzen. Euskarazko mezak antolatzen hasi ginen Juan XXIII ikasle egoitzan, han bizi baitziren ikasle haietako asko. Hantxe izan genituen, adibidez, Manuel Odriozola Lesaka eta Jose Antonio Retolaza, Kili kili aldizkaria sortuko zuena. Manuel Odriozolak euskarazko eskolak ematen zituen, kantuak tartekatuz. Une atsegingarriak izan ziren, elkar ezagutzeko aukera eta solas egiteko parada izan genuen.

Hantxe doktoratu zinen: Especies forestales arbóreas en la toponimia vasca (Baso zuhaitz-erako espezieak euskal toponimian) izan zenuen tesia.
1965ean bukatu nituen ikasketak eta, doktoregoari dagokionez, Madrilen Edafologia irakasle izan nituen bik piztu zidaten asmoa, baina ez Madrilen, Arrasaten baizik: Antonio Nicolas Isasa eta Jose Manuel Gandullo ziren. Pinus radiata-ren eta lurraren arteko erlazioak aztertzera Euskal Herrira etorri ziren. Nik, berriz, aspaldiko lagunak nituen arbolak eta izenak, eta haiek toponimian aurkitzea aukera polita eta erakargarria zela pentsatu nuen. Horrela sortu zen tesia. Arbolen izenak zuzen ematea beti da egoki, eta izen ilun edo lausotuak argiago ikusarazten ahalegintzea beti da lan atsegina.

1965ean burutu zenituen ikasketak. 1968an Gasteizen zinen…
Bai, ikasketak burututa, lana eskaini zidaten Madrilen, baina nik hona nahi nuen. Laboral Kutxan [Caja Laboral Popular, garai hartan] lana aurkitu nuen, nekazaritza eta basogintza alorrean ziharduten kooperatiben aholkularitzan laguntzeko. 1960an, berriz, gurasoek El Portalon jatetxea hartu zuten errentan eta Gasteiza etorri zen familia osoa. Nik, Madrilekoak egin eta honaxe etorri nintzen, gurasoen etxera.

1963ko abendukoa da Gasteizko lehen ikastola gerra ondokoa. Su hartatik talde bat sortu zen, eta bilerak izan ziren 1968ko urtarrila-otsailetan Estibalizko monasterioan. Bilera haietako baten aktan ageri da zure izena.
Igandero biltzen ginen Aita Isidor Baztarrika Munduaterekin, priorearekin. Gizon eta monako abegikor eta erakargarria zen. Gure helburua zen Araban zehar euskarazko mezak eta klaseak antolatzea, eta asmo hori eratzeko toki egokiena Estibaliz iruditu zitzaigun. Poliziak susmo politikoa izan zuen bilera haietaz eta kazetetan informazio okerra eman zen, ozen eman ere, bilera lasai eta adiskidetsu haiei buruz, eta pikutara bilerak betiko. Nor bere aldetik ibiliko zen aurrerantzean.

Isidor, edo Isidro, Baztarrika. Goresmena besterik ez dut aditu hartaz...
Esango dizut. Urte hartan, udazkenean, Euskaltzaindiaren Biltzarra izan zen Arantzazun, euskararen batasunarena. Elkarrekin joan ginen Aita Baztarrika eta biok. Joan-etorria egin genuen egunero. Joaten nintzen Estibalizera, hartzen nuen Aita Isidor, eta Arantzazura. Iluntzean, etxera. Adiskide bihotzeko eta mina nuen, eta dut, nire barruan. Gure hiru alabak ere berak bataiatu zituen Estibalizen.

Euskara girorik batere bazen 60ko eta 70eko hamarkadetan Araban?
Aramaio, Legutio zati bat eta Gorbeia aldeko hiztun batzuk izan ezik, euskara ia galduta zegoen Araban. Gogoan dut nola Entzian, 1964an, txabola bati “la txabola del vasco” (euskaldunaren txabola) deitzen zioten, han artzain euskaldun bat egoten zelako. Gasteizen, berriz, euskara gutxi, asteburua ez bazen, behintzat. Astearen amaieran Aramaio, Legutio, Otxandio, Ubide eta, batez ere, Deba arrotik erosketak egitera Gasteizera etortzen zirenek giroa euskalduntzen zuten, ordu batzuetan bazen ere. Ez du oraingo antzik. Aldaketa oso nabaria izan da, bai Gasteizen, baita Araban ere. Adibidez, Iruñea eta Gasteiz erkatzen baditugu, euskararen presentzia gaur handiagoa da Gasteizen Iruñean baino, eta orain dela berrogeita hamar urte alderantziz zen.

1969an, euskaltzain urgazle izendatu zintuzten...
Arrasaten eta Durangon lanean ari nintzela, eta partez, Gasteizen, euskara munduan sakontzen joan nintzen eta, horrela, euskal kulturaren langile mordoarekin erlazioak ehundu nituen. Kontua da 1969 hartan, Euskaltzaindiak lurralde guztietara zabaldu nahi izan zuela bere ekimena eta, horretarako, hiriburu guztietan jarri zituen ordezkaritzak. Araban, Aita Baztarrika euskaltzain urgazlea zen eta urtea lehenago Estibalizko bilera haietara joandako bi pertsona proposatu omen zituen urgazle izendatu eta Arabako ordezkaritza sendotzeko. Nonbait, Peli Martin Latorreren eta bion izenak eman zituen Aita Baztarrikak. Eta horra hor nire burua Euskaltzaindian.

Euskaltzaintzak gorabehera, mendi ingeniari izan zaitugu beti. Baduzu lan bat aski berezia egina: 52 zuhaitz eta zuhamuxka espezie autoktono eta dozena bat landare exotiko, batzuk Himalaiakoak, katalogatu zenituen Arraia-Maeztuko Igoroin arroila ezinago ederrean.
Dakikezunez, garai bateko Igoroin herrixka arro baten barrenean zegoen. Arroko maldak, berriz, eguzki erripan haritz hosto-txiki iharrez hornituta zeuden: Quercus faginea eta Acer opalus-ez hain zuzen. Itzalpeko aldean, aldiz, pagoz estalita: Fagus sylvatica-z, alegia. Hosto iharrezko malda horiek arrosa kolore ederrez beztitzen dira udazkenean. Igoroin barreneko ibar meharra, lehengo etxosteko ortu zaharrez beteta zegoen. Eta ortu txiki horietan, espezie diferentez osatutako arboretum bat prestatu zen eta, han, besteak beste, Himalaiako izei eta zedroak landatu ziren. Horrela egin genuen katalogo hori. Dena dela, gero ere, Arabako beste hainbat sailetan, eta eskala handiagoan, espezie-saioak egin genituen, dela Armentian, Albinagoian, Herrera ondoko Arrategin, Montorian, Bastidan, Okendoko Basaurin, Amurrioko Artxandan, Ganboako Izuzkitzan… hainbat tokitan!

Armentia, Albingoia, Arrategi, Basauri, Artxanda... Arabako toponimia, euskararena.
Araba euskalduna zela erakusten digu toponimiak. Horra hor hiriburuaren bi izenak ere, biak euskaldunak: lehena, Gasteiz; bigarrena, Vitoria, XII. mendeko Victoria, euskaldunen ahoskeran hasiera-hasieratik Vitoria bihurtu zena... Toponimia txikiari begiratuz gero, hego-ekialdetik agerraldi xumea egin zuen nafar erromantzeak, eta hego-mendebaldetik, berriz, gaztelerak, baina Arabako lurralde gehiena euskal toponimiaz josita dago.

Argazkia: Zaldi Ero
"Paisaia eta gizakiak ezin dira banatu. Paisaia gure etxearen zati da. Gure etxe zabala. Paisaiarik gabeko ‘Metropolis’ film famatua itogarria gertatzen zaigu”

Non edo han irakurri dizut arabar toponimiak zenbait euskalki ere erakusten dizkigula...
Bai. Arabako euskalkiak, araberak, nafar-gipuzkeraren kutsua du ekialdean. Mendebalderantz, bizkaieraren antza, baina, beti, ñabardura edo aztarna zahar propio batzuekin. Jose Luis Lizundiak esana du euskal toponimoak meridianoka errepikatzen direla. Eta egia da, halaxe da, oro har, bederen. Horra Larrea, hala Barrundian nola Zornotzan; horra Hermua, bai Barrundian eta bai Bizkaiko Ermuan; horra Ibiña, dela Ganboan, Zigoitian eta Gasteizen, eta, are, Ibiñaga, Ibarrangelun; horra Markina, nahiz Zuian eta Mendialdean, nahiz Bizkaian... Ibiña hitzaren kasua kuriosoa da: Uribarri-Ganboan XVI. mendeko dokumentu batean Errekaibiña toponimoa agertzen da; badirudi ibiña hidronimo bat dugula eta behar bada ibin ibi-ren mendebaldeko aldaera da. Gero mendebalderago, Arraton, Ubiñarrate toponimoa dugu; hor ibina, ibiña eta ubiña egin da, Orozkon izena eta uzena binomian gertatzen den erara.

Zein harreman dute, oro har, baso-mendiek eta gizakiak?
Paisaia eta gizakiak ezin dira banatu. Paisaia gure etxearen zati da. Gure etxe zabala. Paisaiarik gabeko Metropolis film famatua itogarria gertatzen zaigu, adibidez. Gizakiaren ekilibriorako naturaren paisaiak behar beharrezkoak dira, gure etxe eta gure burua sano mantentzeko haiek zaindu eta ondo antolatu beste biderik ez dago. Gaur egun, nire ustez, problema nagusia hiri eta industria eremuen urbanismoa da. Urbanismotik kanpo dagoen naturak klimaren eta ustiapenen araberako bilakaera izango du baina, gaur egun, jasangarria da egoera. Besterik da hirietan gertatzen dena.

Zer dugu hirietan?
Udaletan egiten diren obra etengabeko horiek-eta! Gure udaletan obra goseak ez du azkenik. Apurtu eta ireki, jo eta ke, ase gabe. Hiri guztietan, eta hiri handietan, batez ere. Pertsonen lasaitasuna ez da errespetatzen. Hiriek obretarako dirudite eta ez obrek hirietarako, hau da, bizlanleentzako; gero eta deserosoagoak gertatzen ari dira hiriak. Hiria ez da niretzat, ez da bakoitzarentzat. Beste problema gogorra, gaur, zaratarena. Azken urteetan edonora zabaldu da zarata. Etxeetan, dendetan, hoteletan, ospitaleetan, edozein tokitan, zarata. Bar edo tabernetako “giroko musika” hori-eta! Horra hor antinomia: giroa eta musika. Are gehiago, kasu gehienetan delako musika horrek ez du izen hori merezi. Udalen lizentziak terrazak irekitzeko, inguruan bizi diren biztanleak kontuan izan gabe. Sakelakoen erabilera, garraio publikoan, batez ere, jasanezina da. Gero eta enpatia eskasagoa sumatzen dut gizartean.

Ekonomiak ekologiari gaina hartuta bizi gara aspaldi…
Baina nahitaezkoa dugu natura zaintzea, geure etxea dugu! Hala ekologia nola ekonomia, etxea zaintzeko baliabideak ditugu. Gero eta kontzientzia handiagoa dago natura zaindu behar horretan baina urbs edo hiri alorrean, besteari zor diogun enpatian, herren gabiltza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Araban
Eskolaz kanpoko aisialdi euskalduna bermatzeko eskatu diote gurasoek Gasteizko Udalari

Euskaraz izango direla iragarri baina gaztelaniaz izaten amaitzen duten ekintzak, teorian elebidunak diren eta praktikan gaztelania hutsean egiten diren saioak edota zuzenean euskaraz eskaintzen ez den aisialdia. Gasteizko gurasoen kexak ugariak dira eta mezu garbia dute:... [+]


Oihane Perea. Bertsolaria, irakaslea eta kultur eragilea
“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”

Euskararen erabilera galtzen ala berreskuratzen ari da? Non begia, han ahoa. Ahobizarrik gabe mintzo da Oihane Perea Perez de Mendiola (1977, Gasteiz) euskalgintzak zein bertsogintzak Arabari emandako bueltaz. 30 urteren ostean bertso txapelketen fokupetik atera berritan, plazen... [+]


2022-06-16 | ARGIA
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeari bukaera emanen diote ekainaren 30ean

Lazarraga Kultur Elkarteak 2014an sustatutako proiektuari bukaera eman, eta Gasteiz Antzokiaren proiektuan zentratuko da elkartea.


Alex Vadillo
"Gasteiz Belarriprest hiria bihurtu behar genuke"

Ikasle garaian bere ibilbide profesionala ingeniaritzara bideratzeko asmoa zuen arren, beste aukera batzuk bidean agertu, eta euskarari lotutako ibilbide esanguratsua egin du ordutik Alex Vadillok. AEKn 15 bat urtez, lehenik, eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuan beste 18... [+]


Eguneraketa berriak daude