Eskola eurozentriko eta zuria nola deseraiki

  • Mendebaldeak munduko ezagutzak kolonizatu eta ezabatu ditu, errelato mugatu eta desitxuratua nagusituz; herri askoren errepresentazio falta horrek, baita irakasleen espektatibek ere, kolektibo minorizatuetako ikasleen autoestimuan eta eskola-ibilbidean eragin nabaria du. Hezkuntza dekolonizatzeko gakoez, bizikidetzarako espazioez, arrazakeria eta ijitofobia gainditzeko estrategiez, protokolo eta plan espezifikoen premiaz, gure jarrerak aztertzeko beharraz, segregazio politikez eta familiek eskolan parte hartzeko bideez aritu dira erreportaje honetako lau aktibistak.

Irudia: Paula Estévez
Irudia: Paula Estévez

Integrazioaren paradigma batetik gatoz eta horrek eragin du gure ikasle asko ‘besteak’ gisa sailkatzea; gure kulturak partekatu beharrean, besteen kulturak desintegratu ditugu, nahi baino maizago”. Aurkezpen horrekin abiatu da STEILAS sindikatuaren idazkaritza feministak antolatutako saioa. Lau emakumek hartu dute parte solasaldian: Tamara Claveria Gimenez, AMUGE Euskadiko Emakume Ijitoen elkarteko lehendakariordea; Jeanne-Rolande Dacougna, Garaipen kolektibo feminista antiarrazistako eta Euskadiko Afrikar eta Afrikar ondorengoen elkarteko kidea; eta Irati Barriocanal Martinez eta Natasha Rueda Cardenas, Gasteizko alde zaharrean bizikidetza sustatzea helburu duen Goian aisialdi elkarteko partaideak.

Curriculum eta eskola-ibilbide baztertzailea
“Curriculumean txertatu behar dira pertsona ijitoak eta haien jakintza, gauza interesgarri asko ditugulako transmititzeko. Gure kulturari balorea eman behar diogu eta ijito herrian dauden erreferente positiboak lehen mailan jarri behar ditugu, ez dadin betikotu buruan dugun imajinarioa, hedabideek hainbeste sustatua”, dio Tamara Claveriak. Izan ere, curriculum baztertzaile baten ondorioa da ijito ikasleak autoestimu oso baxua duela eta uste duela ez dela gai izango eskola arrakastaz bukatzeko. “Beretzat, eskola graduatua da lor dezakeen helburu gorena, hori delako jaso ohi duen mezua. Nik neuk Batxilerra ikasi nahi nuen eta gradu ertaineko ikasketetara bideratu ninduten, badirudielako ijitook ez dugula gaitasunik curriculum normalizatu bati erantzuteko”.

Oro har ijitoek eskolarekiko duten harremana argigarria da: Claveriaren hitzetan, eskola derrigorrezkoa dela jakin arren, jakin badakite baita ere eskolak ez diela enplegurik ziurtatuko, “ijitoak ez garelako kontratatzeko modukoak gizarte honetan”, eta beraz marko horretan ikasle ijitoak ez du eskola bere sentitzen. “Zuentzat lana da inportanteena, horretarako formatzen zarete eta zuen estatus soziala da duzuen lanaren araberakoa, baina guretzat halakorik ez da existitzen, ez gaituztelako enplegatuko, eta gure balioa eta aitortza soziala gure komunitatearen parte izateak ematen digu”. Horregatik da hain inportantea bestelako curriculum bat: “Ikasketak duen gauzarik garrantzitsuenetakoa da amets egiten laguntzen dizula, zailtasunak bihurtzen dituela aukera, eta hori da curriculumarengandik behar duguna, diskurtsoa humanizatuko duen curriculuma, arrazakeriak deshumanizatu egin gaituelako. Txikitatik ezagutu dadila gure herriak jasan duen jazarpena, errepikatu ez dadin lehenengo kontatu egin behar delako: gure historiak curriculumaren parte izan behar du, gure herriarekiko dagoen zorra da. Eta gure historia kontatu dadila ikuspegi antiarrazista eta feminista batetik, ez dugu nahi berriro ere ikuspegi paternalista gailentzerik”.

Dacougna: "Ikasle hauen kulturaz hitz egiten denean guztia negatiboa bada, edo testu-liburuetan ez badira inoiz agertzen, nola eraikiko dute autopertzepzio positibo bat? Ispilu positiboak behar dituzte autoestimurako, gizarte honen parte sentitzeko"

Autopertzepzio negatiborako bazka
Kultura minorizatuak hezkuntza materialean ikusgarri egitearen garrantzia nabarmendu du baita ere Jeanne-Rolande Dacougnak, baina kontuan izanda ez agertzea bezain kaltegarria dela “gaizki” agertzea: “Ikasle hauei eta hauen kulturari buruz hitz egiten denean guztia negatiboa bada, edo testu-liburuetan ez badira inoiz agertzen, nola eraikiko dute autopertzepzio positibo bat? Ispilu eta erreferente positiboak behar dituzte, autoestimua bide horretan eraikitzeko eta gizarte honen parte sentitzeko. Sarri ikasle hauetaz dugun irudia da biktima direla, premiak dituztela edo mehatxu direla sistemarentzat, ez dakigulako oso ondo denontzako aukera berdintasuna nola materializatu, batzuetan ez dagoelako nahikoa baliabide, edo horretarako nahikoa gaitasun, nahikoa gogo…”.

Egungo jakintzaren hegemonia eurozentriko, arrazista eta matxista ulertzeko, prozesu historiko baten emaitza dela gogoratu du Dacougnak: munduko herri ugariren jakintzak ezabatu egin dira, Mendebaldea jartzeko jakintzaren erdigunean. “Europako sorginak ezabatu zituzten, emakumeen ezagutza ezabatzeko; Al Andalusen bizi ziren arabiarrekin eta judutarrekin berdin, haien liburutegiak erre eta Europatik bota zituzten, garbiketa etnikoa egin zuten. Europatik atera eta Afrikan, Amerikan eta Asian genozidioa eta epistemizidioa zabaldu zuten, inbaditutako herrietako ezagutza suntsituz. Horretarako, justifikazioa zen barbaroak zirela, atzeratuak, eta europarrek zibilizatzea behar zutela. Pentsa, testu-liburu batzuetan oraindik Amerikaren aurkikuntzaz hitz egiten da, nola izango da aurkikuntza bertan jada jendea bizi bazen? Beste adibide bat: Giza Eskubideen Gutunaz galdetzen baduzu, jendeak esango dizu europarrek asmatua dela, baina giza eskubideen lehen gutuna XIII. mendekoa da eta Maliko inperioak jaso zuen”. Gainerako herrien ezagutza ezabatzeaz gain, beste bi adar ditu jakintza kolonizatzeko prozesuak: ezagutza horiez jabetzea (hainbat herritako ezagutza medikoa hartu eta patentatu egin dute farmazeutikek, azaldu du Dacougnak) eta gainerako herrien ezagutza gutxiestea. “Horrela eraikitzen da hegemonia, eta hori hezkuntzan sustraituta dago, ez bakarrik Europan, Afrikako unibertsitateetan ere Mendebaldea nagusitzen da curriculumean, munduko eliteak jakintza eurozentriko horren arabera formatzen dira”.

Hegoaldean kontzientzia hartu eta pixkanaka paradigma aldatzeko lanean ari diren moduan, gurean ere munduko herrietako jakintzak ikusgarri egitea eta curriculumean barneratzea inportantea dela deritzo Dacougnak, beste historiei ateak irekitzea, ikasle guztiak aberastuko direlako, baita “bertako” deitzen ditugun ikasleak ere. Eskolak ateak ireki behar dizkie beste historiei, aktibismotik eta esku-hartze sozialetik eraikitzen diren jakintzei, emakumeen ezagutzari, “jakintza unibertsalaren ordez izan dadin jakintza pluribertsala”.

Claveria: "Ezin zaio ikasle ijitoari denbora guztian errudun sentiarazi eta arazoa bera dela sinetsarazi, egitura ez dagoenean prestatuta pertsona guztiak modu berean sentitu gaitezen amets honen parte"

Irakasleen jarrera eta espektatibak, funtsezkoak
“Bitxia da: inork ez du zalantzan jartzen sistema patriarkala dela gurea, eta ondorioz barneratuta ditugula hainbat jarrera matxista, baina sistema arrazista dela eta gizartean bezala ikasgelan arrazakeria presente dagoela diodanean, auzitan jartzen didate hori hezitzaileek: eurek ez dutela halakorik egiten, ikasle guztiak berdinak direla beraientzat…”, dio Tamara Claveriak. “Arrazakeria da pentsatzea ume ijito bat ikasgelan izatea gatazka-iturri izango dela; eta ikasle ijito baten familia eskolara deitzen denean, beldurra zaielako familiarekin ikastetxe erdia biltzea, hori ere arrazakeria da, baita haiekiko harremana hierarkikoa izatea ere, adibidez gurasoei adierazten zaienean ‘hau eta hau egin behar duzue, guk dakigulako zer den egin behar dena’”.

Gure aurreiritzi eta estereotipoen kontzientzia hartzea da lehenengo pausoa, guk egiten ez duguna ari garelako ikasleei eskatzen: “Nahi dugu ez dezatela jarrera arrazistarik izan, helduok etengabe ditugunean”, kritikatu du Claveriak. Are, kultur-aniztasunaren izenean diskriminatzen dituztela salatu du: “Lehen esaten ziguten ijito izateagatik gutxiago ginela, eta orain diskurtsoa da ijitoak beste kultura bat garela eta ezberdin tratatu behar zaigula; praktikan diskriminazio bera da. Ikusi jolasgaraia: ijito ikasleak alde batean, gero beste hainbat ikasle erdigunean jolasten, eta urrunago neskak taldetxoan. Apurtu dinamika horiek, egin jolas kooperatiboak, jolas hezitzaileak… eskola ezinbestekoa baita norberaren eraikuntzan. Ezin zaio ikasle ijitoari denbora guztian errudun sentiarazi eta arazoa bera dela sinetsarazi, egitura ez dagoenean prestatuta pertsona guztiak modu berean sentitu gaitezen amets honen parte”.

Pigmalion efektua mahaigaineratu du Jeanne-Rolande Dacougnak: laburrean, efektu honen arabera hezitzaileak ikasleengan itxaropen handiak dituenean ikasleek emaitza hobeak lortzen dituzte itxaropena txikia denean baino. Alegia, irakasleak ikaslearengan dituen espektatibek baldintzatuko dute ikaslearen arrakastarako aukera, “eta aurreiritziekin jokatzen badugu, migratzaile eta ijitoekiko espektatibak automatikoki baxuak badira, pentsatuz hezkuntza sistema tamalgarri batetik datozela edo maila nahikorik ez dutelako hemengo hezkuntzaren kalitatea okertuko dutela, arazo gisa ikusiko ditugu, kapaz ez diren pertsona gisa. Hori guztia barneratuta badugu, zaila da ikasle horiengan espektatiba altuagoak izatea, eta ondorioz, haienganako jarreran ere eragina izango du”.

Gako interesgarria gehitu du Dacougnak: “Umeetako batzuk, jatorri atzerritarra izan arren, hemen jaioak dira. Ezin dugu jarraitu euren atzerritartasuna azpimarratzen; inportantea da hemengo parte direla nabarmentzea eta hori indartzea”.

Dakiguna eta egiten duguna etengabe berritzen joan behar dugula dio Natasha Ruedak: ohiturak, erritmoak, dinamikak, kontzeptuak… ez baitira berdinak batzuentzat eta besteentzat. “Eskola ematen ari garenean, ongi ulertzen digute ikasle guztiek? Eta haien familiek?”. Aniztasuna gestionatzea “ez da festa kultur-anitzak egitea eta ikasle musulmanak ditugulako kus-kusa jatea”, dio Ruedak: “Ikasle bakoitzaren indibidualtasunari egin behar diogu kasu, ikasle bakoitzak bere familia, herri eta eskualdearen erreferentzia jakinak izango dituelako, eta agian gure ikasle marokoarrak ez du kus-kusa jaten. Ez du eskatzen sekulako ikerketa lana egitea, galdetzea baizik, entzuten jakitea”. Ruedak erdigunean jartzen du ikasleen benetako parte-hartzea eta dena hitz egitea; “gatazka ez da ezkutatu behar, alderantziz, aukera da gertatzen dena lantzeko”.

Begirada zabalagoa proposatu du Dacougnak: gizarte jakin baten barruan dago eskola, zein gizarte nahi dugu eraiki? Eragin dezagun gizarte justuagoa lortzeko. “Kontua ez da heroiko jartzea, baina egunerokoan zaindu dezakegu gure jarrera, egiten dugunak ez ditzan sostengatu hainbat kolektibok jasaten duten menpekotasuna, diskriminazioa eta deshumanizazioa. Indibidualki egin dezakegu, gure espazio txiki eta partekatuetan, baita kolektiboki ere, aintzat hartuta pertsonak ez garela identitate itxiak, faktore sozial ugarik gurutzatzen gaituztela eta borrokak intersekzionala izan behar duela, gizarte utopiko horren bidean”.

Claveria: "Inork ez du zalantzan jartzen sistema patriarkala dela gurea, barneratuta ditugula hainbat jarrera matxista, baina ikasgelan arrazakeria presente dagoela diodanean, auzitan jartzen dute hezitzaileek: eurek ez dutela halakorik egiten"

Baliabideak, formazioa, plan zehatzak
Aniztasuna lantzeko eta kudeatzeko, baliabideak behar direla aldarrikatu dute solaskideek, besteak beste behar handiagoa duten zentroetara baliabide gehiago bideratu daitezen eta aukera berdintasuna bermatzeko ikasle guztiek hezkuntza baliabideak izan ditzaten. Pandemia eta konfinamendu garaian desoreka argi ikusi dela adierazi du Tamara Claveriak, eta pobrezian bizi diren eta ikasteko espaziorik ere ez duten ikasle ugariri ez zaizkiela iritsi behar dituzten baliabideak. “Zentro batzuetan SIM txartel kopuru mugatu bat banatu dute, irakasleen ustez ongien aprobetxatuko zituzten ikasleen artean. Nola da hori posible? Ikasle jakinen eskubideak urratu dituzte berriz ere, aurreikusi dutelako ikasle horiek ez zutela baliabidea behar bezala aprobetxatuko; hori da ikasle ijitoez dagoen irudia”.

Gai honetan irakasleak formatzea inportante jotzen dute solaskideek, baita bizikidetza eta aniztasuna nola landu zehaztuko duten planak izatea ere, ikastetxearen borondatearen esku utzi ordez. “Irizpide konkretuak dituen gida hezitzailea ongi dator, tarteka birpasatzeko aukera izan dezagun –azaldu du Irati Barriocanalek–. Gatazkaren bat dagoenean, adibidez, begiratu gida eta ebaluatu, ea horko irizpideak jarraitzen ari garen, zerk egin digun ihesi… Ikastetxearen  organigraman lekua izan behar du gai honek, ez soilik diskurtsoan; batzorde bat, harrera protokolo bat, familiei zuzentzeko irizpide batzuk, ikasleen hizkuntza ezberdinak integratzeko neurriak… Horrek guztiak zehaztuta egon behar du”. Ildo horretan, ijito herriaren egoerari buruzko diagnostikoa egitea premiazkoa ikusten du Claveriak, ijito ikasleen eskola-ibilbideari buruzko datuekin, errealitate horretatik abiatuta hezkuntza plan zehatzak garatu ahal izateko.

Gaiari buruzko formakuntza espezifikoa irakasleentzat bakarrik ez, ikasleei txikitatik ematea aldarrikatu dute. “Txikitatik sortu behar da kontzientzia, lortzeko adibidez haur paio bat izatea beste haur paio bati arreta deitzen diona, portaera arrazista izan duelako”, dio Claveriak.

Barriocanal: "Eskola familiekin harremanetan jartzen denean zerbait txarto doalako izan ohi da. Gu familiekin gauza positiboak partekatzen saiatzen gara, eta halako saiakeren ostean, esperientziak dio baietz, gurasoek parte hartu nahi dutela"

Nola eraiki komunitatea, nola inplikatu familiak
Bat egin dute denek: komunitatea da oinarria, aniztasunean hezteko. “Nire familia hona iritsi zenean –azaldu du Claveriak–, paioek eta ijitoek elkarri laguntzen zioten, baina jada ez gaude elkarrekin auzoetan eta asko indibidualizatu dira borrokak: norberak berea borrokatzen du, eta hori ez da bidea”. Afrikan erabiltzen duten “ubuntu” hitza ekarri du gogora Dacougnak: “Ubuntuk esan nahi du ni naizela komunitate baten parte naizen heinean; ikuspegi komunitarioa erdigunean dago. Mendebaldean, ordea, oso indibidualista da ikuspegia, pertsonak txanpiñoiak bagina bezala, eta ez da erreala, bere baitan hartuko gaituen komunitatea behar dugulako hazteko”.

Bide horretan, Goian bezalako aisialdi elkarteak eskolaren osagarri direla sinetsita dago Irati Barriocanal: “Ariketa interesgarria da ikastetxeko ateak ireki eta inguruan konplize ditugunekin harremanak sustatzea: auzokideak, inguruko elkarteak… elkarrekin bidea egiteko. Banatuta bizi gara eta elkar topatzeko espazioak ezinbestekoak dira elkar-ezagutza bultzatu eta estereotipoak gainditzeko. Gainera, gure aisialdi elkarteak eta oro har hezkuntza ez formalak malgutasun handiagoa eskaintzen du, adibidez familiei harrera lasaiagoa eta informalagoa egiteko eta harreman horizontalagoak eraikitzeko. Sarri, eskola familiekin harremanetan jartzen denean zerbait txarto doalako izan ohi da eta presioa sor dezake hainbat gurasorengan, batez ere hizkuntza menperatzen ez badute edo funtzionamendua ongi ulertzen ez badute. Gu familiekin gauza positiboak partekatzen saiatzen gara, eta entzuten. Azken finean, guraso guztiek nahi dute onena seme-alabentzat, eta esperientziak esaten digu, halako saiakeren ostean, gurasoek baietz, parte hartu nahi dutela”.

Hezkuntzan, ordea, gainbeheran dago familiekiko harremana, Dacougnaren ustez: “Azken buruan, Eskola Kontseilua baino ez da geratzen familiek parte hartzeko”. Barriocanalek aipatu moduan, zailtasunak daudenean bakarrik ez, familiengana harrera egiteko, gauza onak partekatzeko, laguntzeko eta eskolan parte har dezaten sustatzeko ere gerturatzea komeni da. “Eta familiarekin gatazkaren bat badugu, inportantea da ezberdintzea zer den inportantea (non dagoen muga) eta zer ez den hain inportantea eta negoziatu dezakegun familiarekin”, gaineratu du Natasha Ruedak.

Guraso migratzaile askok dituzten bizi eta lan baldintza prekarioak nabarmendu ditu Dacougnak: “Etxe batean egun osoz lanean bazabiltza, ez duzu erraza eskolan parte hartzea, eta hala ere, gauza bat esango dut: ongi eta atsegin hartzen zaiola sentitzen duen gurasoak bai hartuko du parte. Eta hor denok aterako gara irabazten, hona iritsi garen gutako askok parte-hartzean esperientzia handia dugulako, gure jakintza dakargu eta ekarpena egin dezakegu, ez gara ikustera mugatzen diren pertsonak”.

Esperientzia interesgarria jarri du Ruedak mahai gainean: aniztasun handiko ikastetxe batean, guraso elkarteak berriki ikusi du kolektibo askoren errepresentazioa falta zela eta horri buelta emateko prozesua martxan dute. Gakoa izan da kolektibo bakoitzean erreferentziak lortzea, lotura lana egingo duten gurasoak, kolektibo ezberdinen parte-hartzea bultzatuz eta errepresentazio orekatuagoa lortuz. “Hitz egin, hitz egin eta hitz egin, elkarren berri izatea funtsezkoa da, jakiteko halako gurasori informazioa ez zaiola iritsi eta helarazi behar zaiola, beste hark ez duela ongi ulertu eta laguntza behar duela…”.

Goian elkarteko Natasha Ruedak erdigunean jarri du ikasleen benetako parte-hartzea eta dena hitz egitea; “gatazka ez da ezkutatu behar, alderantziz, aukera da gertatzen dena lantzeko”.

Segregaziora kondenatuta?
Aurretik aipaturiko guztiak ez du askorako balio, ikasleak burbuilatan hezitzen baditugu, jatorriaren eta faktore sozioekonomikoen arabera segregatuta; horrela ezinezkoa da komunitate anitzak loratzea. Tamara Claveriak dio garai batean soilik ijitoentzako eskolak sortzen zituztela, eta gaur egun errealitate hori mantentzen dela, “ez egituraz, baina bai praktikan”. Hizkuntza ereduak eurak segregatzaileak direla adierazi du. “A eredua segregatzailea da”, eta Bilboko Otxarkoaga auzoan lortu berri duten eskaera historikoa pozik jakinarazi du: “Azkenik ere D ereduko ikastetxea izango dugu auzoan, baina aldarrikapenak oihartzuna izan zezan honetan ere paioekin bat egin behar izan dugu”.

Baliabide ekonomiko gutxiko ikasleak baino ez dituzten ghetto-ikastetxeetara irakasleak sarri desmotibatuta doazela gaineratu du Dacougnak, “marroia tokatu zait” pentsatuz. “Horrela bizi duen irakaslea saiatuko da lehenbailehen zentro horretatik alde egiten eta irakasle bat bestearen atzetik izango dute ikastetxean, horrek eskola proiektuari eta ikasleei eurei egiten dien kaltearekin. Azkenean, zailtasunak pilatuz doaz eta gazte hauek ez dituzte ikasketak amaituko, aurretik ondorioztatua genuena errealitate bihurtuko da”.

Claveriak garbi du: bizi garen auzoko eskola da gure seme-alaben eskola, eta berau eskolarik onena izan dadin egin behar dugu borroka. Dena den, ezin dugu ahaztu etxebizitza politikak ere segregatzaileak direla, dio Dacougnak: “Esaten badugu auzoan integratuta dagoen eskola nahi dugula, baina auzoen araberako segregazioa ematen bada, abiapuntuan dago arazoa. Non bizi da baliabide gutxien duen jendea? Non bizi dira ijitoak, non arrazializatuak eta migratzaileak? Eta auzoren batean kultur-aniztasun handiagoa dagoenean, ikusten dugu aipaturiko kolektiboetako ikasleak iritsi ahala besteak ikastetxetik ateratzen dituztela beste norabait eramateko. Minoria etnikoen ghetto-eskolak ditugu batetik, eta zortzi euskal abizen dituzten haurren ghettoak bestetik. Hori hezkuntza politiken ardura ere bada: bideratu ikasleak ikastetxeetara oreka aintzat hartuz, aukera berdintasuna bermatzeko eta frogatzeko benetan gizarte inklusiboa nahi dugula”.

Online izan da saioa. Goian, ezker-eskuin: Tamara Claverie eta Bea Umbon aurkezlea (Steilas). Behean, Jeanne-Rolande Dacougna, Irati Barriocanal eta Natasha Rueda.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude