Inurriak… zer nazka” dio liburu honetako neska protagonistak hasieran. Paisaia nahiko bukolikoan katiuskak eta txamarra horia dituen neska ikusten dugu, paseoan, eta bere inguruan hainbat animalia daude: katagorri bat eta xoxoa zuhaitzean, erbia erdi ezkutuan… eta lurrean meriendako hondarrak hartzen ari diren inurriak.
Inurri hauek ematen dioten nazka neskari, denak beltzak eta berdinak omen dira. Eta zer egiten du neskak inurri horien kontra? Zanpa-zanpa zapaltzen ditu batzuk. Horrek, jakina, inurrien haserrea sorrarazten du eta beltz diren inurriak aurpegi gorriz agertzen hasiko zaizkigu, hasieran bat bakarrik, gero batzuk eta amaieran denak. Inurriek, orduan, neskari eraso egin eta oinetatik aurpegiraino egingo diote kosk.
Haserre dauden inurriek beren ohiko kolorea eskuratuko dute eta beren lanetara itzulita diote “haserretzen direnean, umeak jasanezinak dira. Guzti-guztiak dira berdin-berdinak”. Liburua amaituko da esaldi honekin: “Umeak… zer nazka!”.
Egitura itxia du liburuak, haurraren ikuspuntutik abiatuta inurrienera iritsiko gara. Kasu bietan, “zer nazka” diotelarik, paralelismoa erakusten zaigu bien artean. Izan ere, dena dago ikusten dugunaren eta besteekiko dugun (edo ez dugun) enpatiaren arabera.
Haserrea liburu sinplea da, itxuraz, oso testu gutxirekin eta ilustrazio argi eta koloretsuekin, mezu argia helarazten diguna. Alde horretatik, aipagarria da Iñigo Astizen testu ekonomia, oso hitz gutxi –eta egitura errepikakorrarekin– ederki lortzen du mezua helaraztea; eta Leire Salaberriaren ilustrazioen lana. Kolore pastelak erabiliz, trazu argiaren bidez, ingurua zainduz, ederki lortzen du protagonistetan fokalizatzea ikuslearen arreta, garrantzitsuena ederki islatuz.
Liburu hau, zalantzarik gabe, aproposa izan daiteke kontu askori buruz hitz egiteko –beldurra, haserrea, amorrua, mendekua,…– eta horixe da, hain zuzen, argitaletxe honen helburua; baina, baita ere, liburua aproposa da bertan agertzen zaigun istorio sinplearekin gozatzeko.
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!