Medikuntzaren tutoretzatik burujabetzarantz

  • Espainiako Berdintasun Ministerioak sustatutako Trans Lege berriaren proiektuaren xedea da indarrean dagoen 2007ko araudiak ezarritako patologizazioa eta babesgabe utzi zituen kolektiboen bazterketa bukatzea. PSOE eta Podemosen arteko lehiak blokeatu duen egitasmoak eztabaida feminista bortitzarekin ere egin du topo.

Ilustrazioa: Dom.
Ilustrazioa: Dom.

Autodeterminazioa eta despatologizazioa dira pasa den otsailean Espainiako Berdintasun Ministerioak plazaratutako Trans Lege berriaren zirriborroaren hitz gakoak. Aitzitik, gobernu barruan zein feminismoaren izenean egin diren kritiken muinean beste bi kontzeptuk hartu dute indarra: segurtasun juridiko falta eta emakumeak ezabatzea. Eztabaida honek ertz asko ditu: sexu/genero sistemaren askotariko irakurketak, artikulu jakin batzuen inguruko kezkak, alderdi politikoen eta korronte feministen arteko botere lehiak, feminismoaren izenean azaleratutako diskurtso transfoboa, sare sozialek sustatutako polarizazioa eta bortizkeria… Baina has gaitezen hasieratik, alegia, lege proiektuaren beharra eta edukia azaltzetik.

Nazioarteko adostasuna, Estatuan blokeatua

2007koa da egun Espainiako Estatuan indarrean dagoen Trans Legea. Ordura arte, erregistro zibilean izena eta sexu aipamena aldatzeko, baimena epaileak eman behar zuen eta kirurgia genitala ezinbestekoa zen. 3/2007 Legeak baldintza hori kendu bazuen ere, beste batzuk ezarri zituen: bi urteko hormonazio tratamendua eta mediku edo psikologo kliniko batek ziurtatutako genero disforia diagnostikoa. Stop Trans Pathologization 2012 nazioarteko kanpainak despatologizazioaren aldeko adostasuna bultzatu zuen: Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak eta Europako Parlamentuak estatuei agindu zien trans pertsonen duintasuna eta autonomia errespetatzen dituzten legediak garatzeko. Argentinan 2012. urtean bertan onartutako Genero Identitate Legea izan zen autodeterminazio printzipioan oinarritutako aitzindaria.

Azken hamarkadan, Espainiako Estatuan zortzi lege autonomiko onartu dira –tartean Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroakoa– trans pertsonen nortasuna onartzeko eta arreta medikua emateko tratamendu edo azterketa psikologikorik inposatuko ez dela jasotzen dutenak. Berme juridiko hori estatuko lurralde guztietara zabaltzea da lege berriaren helburuetariko bat. 3/2007 legearen beste arazo bat ere konpondu nahi du zirriborroak: babesgabe utzi zituela pertsona trans adingabeak, espainiar nazionalitatea ez duten etorkinak eta errefuxiatuak, desgaitasunak edo diagnostiko psikiatrikoak dituzten pertsonak eta transgenero ez bitarrak.

Espainiako Berdintasun Ministerioaren lege proposamenaren garapenean trans kolektiboek eta adituek parte hartu dute, tartean Errespetuz eta Naizen elkarteek eta Aitzole Araneta berdintasun teknikari eta sexologoak, Donostiako Udalean Elkarrekin Podemos taldeko bozeramaile denak. Trans mugimenduaren aldarrikapen gehienak jaso ditu proiektuak, baina Aranetak onartu du kostatzen zaiola baikor agertzea. Diputatuen Kongresura heldu arte, zirriborroak egin behar duen bide malkartsuaren lehenengo etapan blokeatuta geratu da: Carmen Calvo presidenteordea da estatu idazkarien eta idazkariordeen batzorde nagusia zuzentzen duena eta zirriborroak segurtasun juridikorik ez duela argudiatu du. Bi hilabete pasa dira zirriborroa aurkeztu zenetik eta PSOEk kudeatutako ministroek ez dute inolako ekarpenik egin.

Martxoaren 17an sei legebiltzar-taldek (ERC, Compromís, Más País/ Equo, CUP, Nueva Canarias eta Junts per Catalunya) proiektuaren tramitazioa desblokeatzeko bide paralelo bat ireki zuten, alegia, Kongresuan lege-proposamen gisa erregistratzea. Pertsona trans adingabeen gurasoek eta aktibistek hasitako gose grebaren aldeko babes keinu gisa aurkeztu dute. EH Bilduk gose greban dauden herritarrei elkartasuna adierazi badie ere, adierazi du ez duela akordio horrekin bat egin, Gobernuko indarren arteko negoziazioei kalte egin diezaiokeelako. 

Ilustrazioa: Dom.
Diagnostikoaren zama

Genero disforia Osasunaren Mundu Erakundearen eta Amerikako Psikiatria Elkartearen gaixotasun mentalen sailkapenetan agertzen da, nahiz eta azken bertsioetan trans identitateak buruko patologien epigrafetik atera dituzten. Aitzole Aranetak argi dauka psikiatren asmakizun zentzugabea dela: “Transexualitatea omen da gorputza eraldatuz sendatu daitekeen gaitz mental bakarra”.

Doktrina horrek eragin handia izan du pertsona transexualak artatzeko protokoloetan. 3/2007 legearen ondorioz, Espainiako Estatuan Genero-Nortasunaren Nahasteetako Unitateak (GNNU) sortu ziren, tartean Gurutzetako Ospitalekoa (Bizkaia) eta Bideko Ama Birjina Ospitalekoa (Nafarroa). Hara jo behar dute trans pertsonek legeak exijitzen duen diagnostikoa lortzeko. “Kanpoko norbaitek esatea zu nor zaren ezinezkoa da, fikzio juridikoa da. Eta gainera, aukera ematen du gure eskubideen kontra doazen galderak eta teknikak erabiltzeko”, nabarmendu du Aranetak. Izan ere, psikiatrek eta psikologoek darabiltzaten galdetegiak estereotipo heterosexistetan oinarritzen dira.

Josebe Iturrioz aktibista transfeministak lehenengo pertsonan daki hormonak lortzeko buru-nahasmendu diagnostikoa jasotzea “zama” dela: “Beste edozein arrazoirengatik medikuarengana noan bakoitzean, diagnostiko hori gainean dut”.

Lege autonomikoen ondorioz, unitate horiek “nahaste” hitza galdu badute ere, oraindik  psikiatraren oniritzia lortu behar du hormonak hartu edo ebakuntza eskatu nahi duenak. Iris Dominguez Iruñeko LGTB ekintzailearen ustez, protokolo horrek osasun profesionalen eta pazienteen arteko botere harremana ezartzen du: “Ezin dugu psikologoarekin edo medikuarekin zintzotasunez hitz egin gure osasuna eta eskubide sozialak lortzeko, entzun nahi dutena esan behar diegu eta”. Horregatik, lege proiektuaren beste ildo interesgarri bat da lehen mailako arretaren alde egiten duena. Dominguezen esanetan, “bereizitako unitateetan artatzeak esan nahi du GNNU jakin bateko profesionalek ikuspegi transfoboa edo atzerakoia badute, jai daukagula”.

Sexu-aipamena erregistroan zuzentzeko lege proiektuaren hamabigarren artikuluak zehazten du interesdunaren berariazko adierazpenarekin nahikoa izango dela: “Eskubide hori baliatzeko, ezin izango da inola ere baldintzatu aldez aurretik inolako txosten mediko edo psikologikorik erakustea, ez eta pertsonaren gorputz-itxura edo -funtzioa aldatzea ere”. Aitzole Aranetaren ustez, printzipio horren irakurketa desegokia egin dute zirriborroaren kontra egin dutenek: “Autodeterminazioaren esanahia ez da ‘izan nahi dudana aukeratu dezaket’ baizik eta ‘ni naizena aitortuko didate, babes juridikoa jasoko dut, tutoretzarik gabe eta prozesu hormonal baten beharrik gabe’”.

Legearen tramitazioa desblokeatze aldera, Dominguez eta Araneta bat datoz irtenbide posible batekin: erabilera horren ohikotasuna frogatzea, izena edo abizena aldatzeko egiten den bezala. “Gakoa da betekizun medikua ez izatea, transexualitatea ez baita osasun arazoa, errealitate soziala baizik”, nabarmendu du ekintzaile nafarrak. Sexologo gipuzkoarrak gaineratu du zirriborroak sexu aipamena aldatu, baina izena mantentzeko aukera ematen duela: “Euskal Herrian izenen tradizio bitarra apurtzeko egindako lanarekin bat egiten du”.

Adingabeak babestu

2007ko legeak adin nagusikoei mugatu zien erregistro zibilean sexu aipamena aldatzeko aukera. 2019 urtean, Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzio Auzitegiak 14 urteko gazte baten helegitearen alde egin zuten eta ebatzi zuten erregistroek transexualitate egoera egonkorra eta heldutasun nahikoa erakusten duten adingabeen eskaerak onartu behar dituztela. “Ordutik, guk lagundu ditugun epaiketa gehien-gehienetan baiezkoa eman digute”, baieztatu du Bea Sever Naizen elkarteko bozeramaileak.

Ilustrazioa: Dom.

Lege berriaren zirriborroa aurrera ateratzen bada, 16 urtekoek eskaera zuzenean egin ahal izango dute, 12 eta 16 urte bitartekoek guraso edo tutore baten oniritziarekin eta 12 urte baino gutxiagokoek eta desgaitutako pertsonek guraso edo tutore batek eskatuta. Interesdunak haren legezko ordezkarien babesa izango ez balu, lege defendatzaile baten laguntza eskatu ahal izango luke. Horrez gain, zirriborroak administrazio publikoei agintzen die pertsona trans adingabeen identitatea arlo guztietan onartzea, baita erregistroan sexu aipamena zuzendu ez dutenean ere. Egun, Hego Euskal Herriko ikasleek hezkuntza zerrendetan izena aldatzen dutenean, Espainiatik igorritako tituluetan aurreko izena agertzen zaie. Aranetaren ustez, adingabeen eskubideak aitortzea ezinbestekoa da “bullyingetik, aurreiritzietik eta bortxatik babesteko”.

Legearen kontra egin dutenen ustez, erraztasun horiek gorputza eta burmuina garatua ez duten haurrak haien bizitza baldintzatuko duen erabakia hartzera eta osasunerako arriskuak dituzten hormonak hartzera bultzatuko dituzte. “Diskurtso horrek familia askoren sufrimenduarekin fribolizatzen du”, kritikatu du Severrek: “Haurrek eta gazteek badakite nor diren eta adieraziko dute nortasun agirian aldatzeko aukera izan ala ez”. Transituak oztopatzeak, ordea, kalte psikiko handia eragin dezakeela eta legeak adingabeen interes gorenaren printzipioa bete behar duela azpimarratu du. “Gizartea aldatzeko lanketa pedagogikoa egiten dugun bitartean, gazteen osasun mentala zaindu behar dugu, eta ikerketek argi utzi dute hormonek pertsona transen antsietate maila eta suizidio tasa jaisten dutela”, gaineratu du Naizeneko kideak. Aranetak  ere adierazi du 12 urte bete arte ez zaizkiela hormonak eskaintzen, pubertaro goiztiarra duten umeek hartzen dituzten blokeatzaileak baizik, albo-ondoriorik ez dutenak eta itzulgarriak direnak.

Pertsona ez bitarrak aitortzea

Indarrean dagoen legeak nortasun agirian “emakume” eta “gizon” markatzaileak aldatzeko baldintzak ezartzen ditu, baina ez du pertsona trans ez bitarrentzat aukerarik ematen. Aitzole Aranetak egindako proposamen bat jaso du zirriborroak: dokumentu publikoetan sexu aipamena ez agertzearen aukera. Hau da, edozein herritarrek eskatu ahal izango du nortasun agirian edo pasaportean G/E sigla (Gizona/Emakumea) kentzea, nahiz eta jaiotza-agirian mantenduko den.

Iris Dominguez eta Josebe Iturrioz trans ez bitarrak dira eta uste dute sexu aipamena herritar guztien agiri publikoetatik desagertu beharko litzatekeela, arraza edo egoera zibila agertzen ez diren bezala. Dominguezen aburuz, “helburua genero-markatzaile horren pisua murriztea bada, neurri gehiago garatu beharko lirateke, esaterako titulu ofizialetan Jaun/Andere formulak desagertzea”. Beste aukera bat, hirugarren laukitxo bat gaineratzea izango litzateke.

Araneta bat dator, baina gogora ekarri du pertsona transexual askok nortasun agirian sexua agertzea eskertzen dutela haien identitatea ezbaian jartzen denean. Ministerioak hirugarren kategoria bat sortzearen aukera baztertu duela argitu du, korapilo juridiko asko sortuko lituzkeelakoan, adibidez, genero indarkeriaren legea aplikatzeko orduan.

Sexua eta generoa

Lege zirriborroak “sexu biologikoa” eta “genero identitatea” bereizten ditu, bigarrena “generoaren barne-bizipena eta bizipen indibiduala, pertsona bakoitzak sentitzen eta definitzen duen bezala” ulertzen duelarik. Kontzeptualizazio horrek eztabaida teorikoa piztu du. Alde batetik, ikuspegi sexologikoaren arabera, sexua ez da genital eta kromosoma kontua, baizik eta pertsonen izaeraren muina. Hala ulertzen dute Aitzole Aranetak eta Naizen elkarteak. Bestetik, Trans Legearen kontra antolatu den korronte feministaren ustez, genero autodeterminazioak “errealitate materialean (sexuan) oinarritutako emakume subjektu juridikoa ezabatzen du” eta “talka egiten du emakumeok, soilik emakume jaiotzeagatik, jasaten ditugun egiturazko desberdintasunengatik eta indarkeria espezifikoengatik babes berezirako sortutako legeekin”, Euskal Herriko Feminista Erradikalak plataformaren hitzetan. “Kromosomek ez naute kondenatzen matxista izatera edo pribilegio sozialak edukitzera”, erantzun du Dominguezek. Eta gaitzetsi du sare sozialetan eta hedabideetan “entretenimendurako debate faltsu” bilakatu dela trans pertsonen eskubideen auzia.

Zirriborroak beste hamaika arlo lantzen ditu, kirol mundua eta kartzela besteak beste, eremu binarizatuetan pertsonen identitatea errespetatze aldera. Trans pertsonen %42ak lan esparruko diskriminazioa bizi izan duela kontuan hartuta, gizarteratze eta lan politikak sustatzea ere agintzen du. Legearen kontrako korronte feministaren ustez, genero autodeterminazioak espazio femeninoak arriskuan jarriko ditu –esaterako, aldagelak eta komunak–, gizon bat horietan sartu eta emakume sentitzen dela adierazteko aukera ematen duelako. Aitzole Aranetak diskurtso hori salaketa faltsuen mitoarekin alderatu du, gogoratu du lege iruzurra zigortuta dagoela eta emakume transen kriminalizazioa indartzea gaitzetsi du: “Zergatik ez da kontrako kasua inoiz iradokitzen? Alegia, emakumeak gizon garela esan genezake abantaila sozialak lortzeko edota patriarkatua barrutik bukatzeko!”.

Josebe Iturriozen ustez, esentzialismoa muturrera eramaten du generoaren abolizioaren diskurtsoak eta subjektu politikoa “eme jaioei” mugatzeak. Hamabost urtez Medeak taldeko kide izan den ekintzailearentzat “beldurrezko pelikula” da aurrean eskuin muturraz gain “gure ahizpak” izatea. Halaber, deitoratu du emakume* izartxoarekin idazten duen Euskal Herriko mugimendu feminista gatazka hau saihesten dabilela, Espainiako auzia den aitzakiapean.

Edonola ere, legea aurrera ateratzeko oztopo nagusia ez da eztabaida ideologikoa, lehia politikoa baizik. Horren proba da Carmen Calvok blokeatu duen zirriborroa PSOEk 2017an aurkeztutakoan oinarritu dela. “Politikariei bost axola zaizkie pertsona transexualen eskubideak, haien ardura da nor gailentzen den feminismoa kontrolpean hartzeko borrokan”, salatu du Bea Severrek.

 

Eztabaida feminista

Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak legearen nondik norakoak aurkeztu zituenean, zortzi feminista akademiko ospetsuk (tartean Amelia Valcárcel filosofoak) karta ireki bat igorri zioten Pedro Sánchez presidenteari proiektua emakumeen eskubideen kontrako mehatxu gisa aurkeztuz. Milaka sinadura jaso zuen egitasmo horrek, baina baita ere mugimendu autonomoetako eta hedabide kritikoetako kideek sustatu duten “Pertsona transen eskubideen aldeko feministak” manifestuak. Bigarren honen babesleen artean, Euskal Herriko kolektibo ugari agertzen dira, besteak beste, Emakume Internazionalistak, Garaipen eta FeministAlde.

Erreportaje honetarako erreferentziako talde feministei iritzia eskatu diegu, bai lege proiektuari buruz zein gatazkaz egiten duten irakurketari buruz. Hona hemen ekarpena egin duten sei taldeen azalpena:

EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA

"Feminismoaren baitan dagoen gatazka orain arte guretzako estatu mailan eman den zerbait izan da. Egia da Euskal Herrira batez ere sare sozialen bidez heldu izan dela nolabait, baina guk ez dugu gatazka hau mugimenduan sentitu (antiarrazakeriaren eztabaida edo prostituzioarena sentitu bezala). Sexualitateari buruzko ibilbide luze baten ostean, duela lau ikasturte transexualitateei erreparatzeko eta gure burua interpelatzeko lan ildo propioa sortu genuen, eta emakume* erabiltzen hasi ginen (Lucas Platero irakurri ostean). Emakume ez dugu kategoria esentzialista ete berezko moduan erabiltzen, baizik eta kategoria sozial eta estrategiko moduan. Transexualitateak goitik behera arrrakalatu dezake heteroaraua, sistema bera. Eta horregatik Bilgune Feministan ozen diogu: aliatu gara, edo izan nahi dugu. Betiere, elkarrekiko aitortza eta errespetutik".

EMAKUME INTERNAZIONALISTAK

"Lege proposamen hau txalotzen eta babesten dugu, sexu/genero askatasunean eta autodeterminazioan oinarritzen delako. Legearen elementu jakin batzuek, esaterako, adingabeen tratamenduak, sakoneko eztabaida eskatzen du, baina horrek ezin du despatologizazioaren aprobazioa atzeratu. Mugimendu feministaren sektore bat (instituzionala edo ofiziala dei diezaiokegu, alderdi politikoei eta berdintasunaren tesi esentzialistei lotutakoa) feminismoaz modu esperpentikoan jabetzen ari da eztabaida honetan, helburu baztertzaile batekin. Ez dugu onartzen emakume-emakumeak subjektu feminista bakartzat hartzea, biktima rolean kokatuta gainera. Uste dugu subjektu feminista gero eta konplexuagoa eta pluralagoa dela, intersekzioz eta aniztasunez betea".

FEMINISTALDE

"Ez dugu uste trans pertsonen eskubideak aitortzeko aurrerapausoak feminismoaren aldarrikapenen kontra doazenik, inondik inora. Ez dugu onartzen emakumeon ezabatzearen kontzeptu hori. Baina, aldi berean, ez gatoz bat legearen kontrako kritika guztien atzean transfobia hutsa dagoela esatearekin. Kritika batzuetan transfobia agerikoa da, baina onartzen dugu galdera eta eztabaida asko egon behar lukeela feminismoaren barruan, sexu-genero edota identitate-subjektibitateaz. Esaterako, transfobiatik urrun dauden pertsona batzuek azaldu duten kezka hor dago: non daude haur maritxu eta marimutilak? Izan daiteke egun heteronormatik urruntzen den oro trans etiketapean sartzea? Zoritxarrez, gaur egun ez dira baldintzak ematen behar bezalako eztabaida izateko".

FORUM FEMINISTA MARIA MAEZTU

"Gure elkartearen baitan gizartean dauden iritzi kontrajarriak presente daude. Badaude legea beharrezkoa ez dela eta egokia ez dela uste dutenak. Badaude legea beharrezkoa eta ongi etorria dela uste dutenak. Eta beste batzuek uste dute legea ondo dagoela baina agian kontzeptu eta elementu batzuek eztabaida sakonagoa eskatzen dutela edo bestera definitu behar direla. Prostituzioarekin ere gertatu zitzaigun adostasun falta hori. Eztabaidazaleak gara eta horregatik izugarrizko tristura eragin digute lege honen inguruan sortu diren bronkek, irainek eta deskalifikazioek. 30 urtetan ez dugu gogoratzen halako bortizkeriarik, bai alde batetik zein bestetik, ñabardurarik gabeko komentarioak. Urrunegi joan gara, patxada handiagoa behar dugu gauzak bere onera ekartzeko".

GARAIPEN

"Trans kolektiboaren eskubideen aitortza eta despatologizazioa erabat defendatzen ditugu, genero-identitatearen diagnostikoa psikiatren esku uzteak sistema heterosexistaren estereotipoak eta rolak indartzen baititu. Aitzitik, beharrezkoa ikusten dugu binomio sexualaren paradigma irakurketa feministan kokatzea. Izan ere, aniztasun-politikak “bakoitza nahi duena izan dadila” premisan sortzen baditugu, LGTBIQ+ letra-zopa zeharkatzen duten botere-harreman inplizituei, genero-harremanei, klase-harremanei eta arrazistei jaramonik egin gabe, sistemari mesede egingo diogu eta betikoak galtzen aterako gara. Trans Legearen aurkako erasoaldian feminismo sozialdemokrataren sektore bera azaleratu da, bere pribilegio kolonialez eta arrazazkoez arduratzeari uko egiten diona. Gu ez gara egongo sektore feminista horren alde, ezta botere-harreman sexistak diluitzen dituzten aniztasun-politikekin ere".

PLAZANDREOK

"Pertsona transexualek bizi dituzten oztopoak, bazterkeria, diskriminazioa, ezulertzea eta marginazioa ezabatuko duten legeak beharrezkoak dira. Bat egiten dugu diagnostiko psiquiatriko eta psikologikoak eta tratamendu medikoak ez exijitzearekin. Sexu aldaketaren aitortzarako prozesua azkarra, gardena eta eskuragarria izan behar du. Baina genero autodeterminazioak indarkeria matxistaren edo lan esparruko diskriminazioaren kontrako legeei kalte egin diezaioke. Uste dugu osasun publikoaren ziurtagiri bat eskatzeak ez duela zertan patologizatzailea izan. Halaber, ez gaude ados legeak genero identitateari buruz proposatzen duen definizioarekin, izan ere, generoa inposizio patriarkal gisa ulertzen dugu; sexu aldaketaz eta ez genero aldaketaz hitz egin behar luke. Lege zirriborroaren prozesuan ez da mugimendu feministaren partaidetza eskatu (nahiz eta aholkulari feministek prozesuan parte hartu izan). Eztabaida PSOE eta Podemos alderdien arteko arazo bat den ustearen kontra gaude. Bi alderdi horien baitan, zein mugimendu feministaren baitan, bi aldeetako iritziak daude".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: "Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko"

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


2024-02-13 | Leire Artola Arin
Trans legea onartu eta urtebetera, 227 pertsonak egin dute aldaketa EAEko erregistroan

Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.


Eguneraketa berriak daude