Hidrogenoa: mirarizko energia garbia ala energiaren multinazionalen iruzurra?

  • Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute Bilbon otsailaren 22an, EAEko 78 erakunde publiko eta pribaturen artean. Eusko Jaurlaritzako sailburu Arantxa Tapiak solemnitatez adierazi du, trantsizio energetikorako eta klima aldaketaren aurkako borrokarako hidrogenoa ezinbesteko elementua denez, EAEri beharrezkoa zaiola esparru horretan posizionamendu estrategikoa hartzea, ahal den neurrian Europatik iritsi behar duten funts berriekin –400 milioi euro daude eskatuta– baina baita horiek gabe ere. Hidrogenoak salbatuko ote gaitu energia krisitik eta klimaren zoratzetik?

Aurkezpen ekitaldia. Basque Hydrogen Corridor proiektua aurkezteko ekitaldia; tartean, Emiliano López Atxurra, Petronor-eko presidentea, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; eta José Ignacio Zudaire, proiektuaren
Aurkezpen ekitaldia. Basque Hydrogen Corridor proiektua aurkezteko ekitaldia; tartean, Emiliano López Atxurra, Petronor-eko presidentea, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; eta José Ignacio Zudaire, proiektuaren koordinatzailea.FOKU

Petronor-Repsol energia multinazionalak bultzatutako Basque Hydrogen Corridor (BH2C) proiektuaren helburua da –Emiliano Lopez Atxurra lehendakariak, Josu Jon Imazen ordezkoa denak adierazi duenez– EAEn “hidrogenoaren ekosistema” sortzea, energia, industria, zerbitzu eta mugikortasun sektoreen deskarbonizazioan aurrera egin ahal izateko. Proiektu handia ez, hurrengoa: 1.300 milioi euroko inbertsioa 2026ra arte, zuzeneko 1.340 eta zeharkako 6.700 enplegu berri, urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea, atmosferara urtean 1,5 milioi tona CO2 gutxiago isurtzea…

Hain da begien bistakoa, antza, hidrogenoak munduari ekarri behar dion onura, ezen eta kultur-etxe bateko hormen koloreak erabakitzeko ere parte-hartze prozesuak antolatzen dituen Euskal Herri honetan eztabaida zabalen beharrik gabe sartu baigaituzte herritarrok hidrogeno liluragarriaren trenean. Ez da EAEko kontua bakarrik, egia, Europar Batasunak COVID-19ak eragindako hondamendi ekonomikoa gainditzeko antolatu dituen Next Generation EU funtsen zati handi bat dago hidrogenoari lotua.

MULTINAZIONAL GRISAK BERDETZEKO

Berria egunkarian otsailaren 21ean plazaraturiko artikulu sailean Irune Lasak ederki azaldu ditu zientzialari askok, energiaren konpainiek eta Euskal Autonomia Erkidegoan estrategia publikoak erabakitzen dituzten agintariek hidrogenoan jarritako itxaropenak. Europar Batasunak bere buruari 2050 urtea jarri dionez “zero karbono emisio” helburua erdiesteko epetzat –klimaren beroketa 1,5 ºC-tan gera dadin, Parisko Itunak jasotzen duen moduan– erregai fosiletatik berriztagarrietarako trantsizioari abiadura arindu beharra dago, 30 urte airean pasako direlako. Gaur petrolioak mugiarazten dituen jardueretan, ekonomia “deskarbonizatzeko” elektrizitatea erabiltzea da hautu nagusia baina, elektrikaz ezingo direnez burutu jarduera ekonomiko guztiak, hauek hidrogenoak mugiaraz ditzakeela erabaki da.

Hidrogenoak nola mugiaraz dezakeen trena, irudiz azaldua. (Irudia: Daily Mail)

Baina zein hidrogeno? Bada hidrogeno ‘grisa’ jada industria kutsatzaileek beren prozesuetan lortzen dutena gas naturaletik edo amoniakotik –hala egiten dute Muskizen Petronorrek eta Hernanin Electroquímicak–, baina karbono dioxidoa isuriz atmosferara. Bada ere hidrogeno ‘arrosa’, energia nuklearra erabiliz ekoitz daitekeena; antza denez, nuklearrez josita dagoen Frantziak hori indartu nahi du trantsiziozko hamarkada hauetarako.

Eta, azkenik, bada hidrogeno ‘berdea’, beste iturri berriztagarriak erabiliz urari (H2O) oxigenoa kenduta ateratako hidrogenoa (H2), karbono isuririk gabea… teorian bederen. Hidrogeno berdearekin edukiko genuke erregai bat agortezina, oso urruti egon daitezkeen energia berriztagarriekin –haize-errotak, eguzki plakak, zentral hidroelektrikoak…– sortu arren erraz eskuratuko genukeena, sare eta bateria elektrikoen muga asko gaindituko lituzkeena.

Gaur erregai fosilez mugitzen den ekonomia osoaren zenbaterainoko zatia mugiaraz lezake hidrogeno berdeak 2050erako? Baikorrenen iritzian, energia-eskari osoaren %24 ase lezake. Hydrogen Council osatzen duten mundu mailako konpainia handien kalkuluetan, %18. IRENA Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziaren ustez  eskariaren %6 edo %7 bete dezake hidrogeno berdeak 2050ean.

Hala ere, Europar Batasunak erronka estrategikotzat hartu du hidrogeno berdearen aurreratzea. 2024 urterako sei Gigawatteko ahalmena lortu nahi du elektrolizagailuetan –urari kenduz hidrogenoa sortzeko lehen urratsa diren azpiegituretan– urtean milioi bat tona hidrogeno sortzeko. 2030erako elektrolizagailutan 40 GW-eko potentzia lortu nahi da, urtean 10 milioi tona hidrogeno ekoiztuz. Horretarako Europar Batasunak aurreikusi du 2050era bitartean 180.000 eta 470.000 milioi euro bitarteko inbertsioak egitea.

boroako zentral termikoa, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen osagai nagusietako bat. (Argazkia: Wikipedia)

Euskal Herrira etorrita, hidrogenoaren inguruan antolatutako proiektuetako asko Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Next barruan daude eta Europar Batasunak 2021eko udaberrian hautatuko dituenen artean egoteko lehian ari dira. Inbertsio gehienak ikerketa eta prototipoak sortzeko dira, teknologia eta prozedura berriak ikertu eta frogatzeko antolatuak. Horiek gero produktu eta negozio-lerro bilakatuko diren, beranduago ikusiko da. Abiatzeko inbertsio handiak behar dituzte, alabaina, eta horretarako aldarrikatzen dute inbertsio publikoa.

EAEn Hidrogenoaren Euskal Korridorearen liderra den Petronor –Repsol multinazional espainiarraren adarra– jada ari da hidrogeno grisa ekoizten, gas naturala erabilita eta Europako funtsak erabiliz hidrogeno berdeari ekin nahi dio, Muskizko birfindegitik bertatik abiatuta, 100 Megawatteko eletrolizagailuak eraikiz eta Muskizen berreskuratutako CO2arekin teorian “karbono-neutroak” diren erregai sintetikoak ekoitziz.

Iberdrola multinazionala eta Zamudioko ingeniaritza jabe dituen Iberlyzer konpainia da hidrogenoarentzako diru publikoak eskuratu nahi dituen beste bat, elektrolizagailuak ekoizteko. Elektrolizagailuak dira hidrogeno berdea prezioz lehiakorra izatearen gakoa eta Europar Batasunak interes berezia dauka horien garapenean. EAEko ikerketa zentro pribatu nagusia den Tecnalia ere alor berean ari da lehian.

Naturgas multinazional espainiarraren adarra den Nortegasek Boroan (Zornotza, Bizkaia) gaur gas naturala errez energia elektrikoa ekoizten du eta dirulaguntzak eskuratu nahi ditu urtean 1.500 tona hidrogeno berde ekoizteko. Berekin daude, nazioarteko zenbat inbertsiogilez gain, Bizkaia Energia eta Sener ingeniaritza, Lemoizko zentral nuklearra eta Zabalgarbi erraustegia diseinatu zituena. Irakurle gazteak jakin dezan, 2022an beteko dira 20 urte Zornotzako herritarrek erreferendumean Boroan zentral hori ez eraikitzearen alde bozkatu zutenetik… alfer-alferrik, gero ikusi denez.

Energia fosilen ekoizpenean berezitutako hiru erraldoi horien ondoan, bi energia-kontsumitzaile handik ere izan nahi dute hidrogenoan aitzindari. CAF, Gipuzkoako Goierrin sortuta jada multinazionala den tren konpainia interesatuta dago, hidrogenoak batetik trenetan izan dezakeen erabilpenean –nagusiki elektrifikazioa garestiegia zaien trenbideetan– eta bestetik, autobusen alorrean, zeinetan lehiatzen baita horretarako erosi zuen Solaris filialaren bidez.

Gipuzkoa eta Bizkaiko itsas industria biltzen duen Adimde patronalak ere jokatu nahi du hidrogenoaren ligan. Are gehiago, bere arduradunek diotenez, jada Balenciaga ontziola hasia da hidrogenoak mugiarazitako itsasontziak ekoizten.

CAFen filial Solarisek ekoiztutako 'Urbino', hidrogenozko autobusa. (Argazkia: Fuel Cells Works)

HIDROGENO AFRIKARRA

Enric Julianak –Eusko Alderdi Jeltzalearen iturriei sinesgarritasun berezia ematen dien kazetari katalanak– honela laburbildu du La Vanguardia egunkarian hidrogenoarekiko euskal sukar berria: “Hidrogeno berdea ekoiztea da Alemaniako industriak zabaldu duen agindu nagusia, deskarbonizatu ahal izateko energia atomikoaren beharrik gabe, hau baita Frantziaren indar nagusietakoa (… ). Basque Hydrogen Corridor, horra Petronor-Repsolek Eusko Jaurlaritzaren babes aktiboarekin idatzi dituen siglak EAE jartzeko hidrogeno berdearen Espainiako produkzioaren buru”. Ekonomia deskarbonizatzea erregai berri, eraginkor, merke, garbi eta agortezin batekin. Hidrogeno berdeak lortuko ote du hori guztia?

Argiako orrietara behin baino gehiagotan ekarri dugun beste aditu bat Antonio Turiel fisikaria da, unibertsitatean eta CSIC Espainiako Ikerketa Zientifikoen Zentroan ari dena. The Oil Crash blogean luze azaldu ditu bai hidrogenoak dauzkan ezintasunak aipatu helburuak lortzeko, eta bai apostu horren atzean dagoen jokaldi bat argitara ekartzeko.

Hasteko, hidrogenoa bera ez da energia iturria, H2 hori lortzeko, uretik esaterako, benetako energia gastatu beharra dago, eta beraz ez dauka zentzurik jadanik urritzen ari diren beste energiak hidrogeno ekoizpenean xahutzeak, ez behintzat era masiboan. Bestalde, hidrogenoaren beste “arazotxoak” daude: presio handian eduki ahal izateko ontzi lodi eta zamatsuak behar ditu, hodiak gehiegi herdoiltzen ditu gas naturalaren hoditeria erabili ahal izateko, autoetan oso efizientzia apala du, garraiobideetan erabili ahal izateko piletan platinoa bezalako metal urriak behar ditu, eta abar.

Ingako zentral hidroelektrikoa, Kongo ibaian. Hau zabalduz, bihurtu nahi dute munduko zentral handiena, bertan hidrogenoa ekoiztu eta Europara eramateko. (Argazkia: PRI)

Hori dena horrela bada, zertara dator hidrogenoaren sukar hau? Eta zergatik aipatzen da hainbeste hidrogeno-trena? Gakoa –dio Turielek– dago Kongon Inga ibaian Alemaniaren esku hartzearekin eraikitzen ari diren zentral hidroelektrikoan. Urtegi hori kolosala izanen da: munduko urtegi handiena, 44 Gigawatt ekoiztuko ditu, Txinako Hiru Arroiletakoaren bi halako. Alemaniako industriak eta gobernuak aitortua dute helburua dela bertan hidrolisiz ekoiztutako hidrogeno berdea Europara ekartzea.

Nola? Trenez askoz azkarrago ekarriko da itsasontziz baino –gaur Kongon sortutako hidrogenoa bizpahiru egunetan iritsi liteke Alemaniaraino, eta Afrikan tren-sare elektrifikaturik ez dagoenez, hidrogenoz mugiarazteak hartzen du zentzua–. “Beraz –dio Turielek– badakizue, hidrogenozko trenaren kontu hain moderno honek oinarrian estaltzen du historia askoz zaharrago eta ilunagoa: kolonialismoa, kasu honetan energiazkoa. Afrikara joango gara haiei kentzera dauzkaten azken baliabideak, energia berriztagarriak. Baina planak diseinatzen dituzten hauek ez dira jabetzen Afrika osoak berriztagarrietan eduki lezakeen ahalmena ez dugula aski izango Europaren gaur eguneko energi-xahuketa asetzeko”.

Espainiak, eta tartean EAEk, badaukate paper berezi bat jokatzeko eta da Afrikako hidrogenoa iritsi arteko tartean Europa hornitzea. Espainiak jada elektrizitate gehiago sortzen du kontsumitu dezakeena baino eta kontsumoa 2008tik jaisten ari zaio, gainera. Hala ere, gero eta baimen gehiago eskatzen dira Espainian zentral eolikoak eta fotovoltaikoak ezartzeko. Kontraesan hori esplikatu dezake Europak daukan energia goseak. Frantziak bere zentral nuklearrekin dauzkan arazoek esplikatzen duten bezala hau ere hidrogeno berdearen aldeko apustuan aritzea.

Espainiako energia konpainiek, errematatzen du Turielek, etekin handiak aurreikusten dizkiote Europako Itun Berde berriaren planteamenduari, “horregatik babesten dute begi-itsuan hidrogeno berdea bere parafernalia guztiekin. (…) Espainiako gainerako enpresentzat eta herritarrentzat hidrogeno berdearena porrotera daraman apostua da, bai gutxienez eskala horretan eta helburu horrekin antolatuta”.

BERDIN KONTSUMITZEN JARRAITZEKO

Ugo Bardi kimikari eta energia krisian aditua, ARGIAren Larrun baten egilea dena, jada 1980an hidrogenoaren ikerketa lanetan ari zen Kalifornian, Berkeleyko laborategi batean, teknologia berriaren muina den erregai pila garatzeko lantaldean –Jeremy Rifkinek bere The Hydrogen Economy liburua publikatu baino hogei urte lehenago–. Bardik 1980tik gaurdaino ikusi du hidrogenoa dantzan petrolio krisi ezberdinen musikan –1980an lehen petrolio shock-arekin, gero Arabiar Golkoko lehen gerraren ostean, 2001ean New Yorkeko Dorre Bikien erasoa gertatu zenean...–, eta aldi bakoitzean hidrogenoaren lilura pizten zen eta –urre beltza berriro Mendebaldera merke iritsi ahala– prentsatik desagertzen. Alabaina, urte luzez hidrogenoaren teknologian lan egin ostean etsi egin du Bardik ere, eta azaltzen du duela 40 urte konpondu gabe zeuden arazo tekniko nagusiek zintzilik jarraitzen dutela hidrogenoarentzako. Berrikitan “Hidrogenoaren iruzurra: hidrogenozale-ohi baten aitortza” idatzi du bere blogean.

Ondokoa dio: “Zonbi baten tankerakoa da ‘hidrogenoaren ekonomia’, behin eta berriro akabatzen duten aurren, berriro itzultzen zaigu. Hidrogenoak sekulako lilura sortzen dio jendeari, saltzen diotelako horrek emango digula modua orain arte egin dugun guztia egiten jarraitzeko ezer sakrifikatu eta ezer aldatzeko beharrik gabe. Zoritxarrez, errealitatea ez da Hollywoodeko film bat eta txanponak badu bere ifrentzua. Hidrogenoa fantasia bat da eta eragozten digu energien multzotik erregai fosilak ezabatzeko benetako berrikuntzak martxan jartzea”.

Hidrogenoaren garraioa trenbidez. (Argazkia: Michael Ismar)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


2024-03-25 | ARGIA
"Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde" manifestua sinatu dute hainbat alorretako 75 pertsonak

"Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


Adrián Almazán
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"

Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude