ARGIA.eus

2021eko irailaren 24a

"Jendeak asexualoi buruz duen irudia? Erreprimitu hutsak garela"

  • Askok uste du patologia psikiatriko baten edo aukera pertsonal (erlijioso) baten ondorio dela asexualitatea, baina identitate sexualtzat onartuta dago eta herritarren %1 asexuala da, ikerketen arabera. Kopurua handiagoa dela baina asexual askok hala denik ez dakiela uste du ordea gure elkarrizketatuak, hain da identitate ikusezina, hain da handia honen inguruko ezjakintasuna. Bere izena argitaratzea nahi ez duen 36 urteko emakumea elkarrizketatu dugu, Gipuzkoako herri txiki batekoa, eta 35 urte bete zituen arte ez zion izena jarri bizi eta sentitzen duenari: orain badaki, asexuala da.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2021eko urtarrilaren 24a
Argazkilaria: Dani Blanco
Argazkilaria: Dani Blanco

Kontaiguzu, zer da zehazki asexual izatea?
Asexual izatea da besteenganako erakarpen sexualik ez izatea. Erakarpen sexualik ez izateak ez du esan nahi desira sexualik ez dugunik; alegia, masturbatzea aukeratu dezaketete asexual batzuek, desira sexuala asetzeko. Beste batzuek ez dute ez erakarpenik ez desirarik; hainbatek, norbaitekin maitemindu ostean, harekin harreman sexualak izatea aukeratu dezake. Asexual bakoitza mundu bat da.

Zuk noiz jakin zenuen asexuala zarela? Zaila al da konturatzea?
Urtebete baino ez da nire identitateari izena jarri niola, 35 urterekin. Sentitu, horrela sentitu naiz bizitza osoan, ezberdin, baina izena iaz jarri nion, beraz bai, zaila da konturatzea. Aurretik, nire kasuan ongi samar eraman dut, ikusten nuen ezberdina nintzela eta pentsatzen nuen besterik gabe nire lehentasunak beste batzuk zirela, ez norbaitekin ligatzea. Baina egoera berean dagoen jende askok oso gaizki pasatzen duela badakit, arraroak direla eta normalak ez direla sentitzen dutelako. Kontua da jende asko dagoela asexuala izan arren ez dakiena.

Lehengo urtean, lan bat egiten ari nintzela, buru nahasmenduen “biblia” den DSM eskuliburuan (buru asalduren diagnosi eta estatistika eskuliburua) libidoaren nahasmenduari buruz asexualitatea aipatzen zen, eta gaiaz gehiago irakurtzeari ekin nion. “Ni hori naiz!”, pentsatu nuen.

Baina orduan buruko nahasmendutzat hartzen du DSMk asexualitatea?
Ez, orain jada ez. DSMko zerrenda berritzeaz arduratzen den American Psychiatric Association elkarteak 2007an ondorioztatu zuen asexualitatea ez dela nahasmendua, baina eskuliburua ez zenez 2013ra arte berrargitaratu, urte horretara arte nahasmendu gisa agertu zen. Berdin gertatu da beste sexu joera batzuekin: homosexualitatea 1990 arte zerrendan zegoen, eta transexualitatea nahasmendutzat hartu da 2018 arte. Eta hala ere, oraindik ere hormonak hartzea baimentzeko aurretik psikiatriarenera joan behar dute transexualek. Hauek guztiak nahasmendu gisa patologizatzea ezjakintasunaren seinale da, nire ustez. LGTBI+ kolektiboaren borroka garrantzitsua izan da, horri aurre egiteko.

"LGBTI+ kolektiboak hauspo handiagoa eman beharko ligukeela uste dut, oso baztertuta gaude kolektiboaren barruan ere"

Hori du estigma handienetakoa asexualitateak? Nahasmendu, trauma… gisa hartzen dela besteekin sexurik eduki nahi ez izatea?
Bai, jende pila batek horrela pentsatzen du, uste dute ez dela normala erakarpen sexualik ez izatea, eta horregatik nahiago dut nire egoera kontatzen ez aritu. Baina horrela jaio naiz eta kito, ez dut nahasmendu edo trauma gisa sufritzen.

Jendeari esaten diozunean asexuala zarela, zein izan ohi da erreakzioa?
Ez dut hitza erabiltzen, “asexual” etiketak ez duelako laguntzen, jendea gehiago nahasten dut, baina azalduta ere jendeak ez du erraz ulertzen. Nik jende gutxiri azaldu diot, estigmatizatuta dagoen zerbait delako. Zortea izan dut eta etxean oso ongi hartu dute, baina aholkatu didate hori kontatzen ez aritzeko, barre egingo didatelako, jendeak min egiteko baliatu dezakeelako. Koadrilako biri ere kontatu diet, aurrerantzean ez daitezen tematu norbaitekin ligatu dezadan, eta galdera izan da: “Nola dakizu asexuala zarela, ez baduzu probatu zer den beste norbaitekin sexua izatea?”. Eta erantzun nien: “Eta nola dakizue zuek ez zaretela lesbianak, ez baduzue probatu?”. Betiko galdera da. Eta betiko ustea: zelibeak garela. Ez, ez gara zelibeak, beraiek erakarpena izan badutelako, baina arrazoi erlijioso edo bestelakoengatik erabaki dute ez dutela beste norbaitekin sexu harremanik izango.

Jendeak gutaz duen irudia? Erreprimitu hutsak garela, friki batzuk. Ulertzen dut jende gehiena ez dela ni bezalakoa, eta hortaz ezjakintasun hori egotea, azken finean sexu heziketan eta sexuari lotutako ikastaroetan ez baita asexualitatea lantzen. Guztiz ikusezin gara eta batzuetan denbora eman behar zaio jendeari. Beste kontu bat da errespeturik gabe barre egiteko eta iraintzeko erabiltzen badute nire identitatea. Duela hiru bat urte, ezagun batek jende pila baten aurrean bat-batean bota zidan: “Zer, estreinatu al zara dagoeneko?”. Nik esan nion bost axola zitzaiola nire bizitza sexuala. Guztiz barregarri utzi nahi izan ninduen jende guztiaren aurrean.

Nerabezaroa da beharbada garairik zailenetakoa?
Nik gaizki pasa nuen, mutilen bat gustuko nuelako adibidez, baina gustuko bakarrik, sexu erakarpenik izan gabe, eta ez nekien sentimendu horiek nola kudeatu. Lagunekin-eta, sentitzen nuen presioaren aurrean gaia saihesten nuen beti; “ligatu al duzu?” galdetzen bazidaten, nire bizitza pertsonala zela erantzuten nuen.

Kuriosoa da, beti pentsatu izan dut ez nuela ligatzen, baina lagunek esaten zidaten baietz, nirekin ligatzen saiatzen zirela, nahiz eta ni ez jabetu. Beharbada izango da erakarpenik sentitzen ez dugunez norabide horretan doazen seinaleak ez ditugulako harrapatzen edo ongi interpretatzen…

Sexuak agintzen eta baldintzatzen duen gizartean bizi gara, gizarte sexualizatuan. Nola eramaten du hori asexual batek?
Asexual batzuek oso gaizki pasatzen dute, bada jende bat adibidez pelikularen batean sexu eszenaren bat ikusi eta nazka sentitzen duena, gizartetik at sentitzen dute beren burua, baina ez da nire kasua. Egia da sexua oso presente dagoela gure gizartean, baina normaltasunez daramat; aspaldi esan nien lagunei “ni soltera forever”, eta lortu dut apur bat bakean utz nazaten, nahiz eta batzuetan egoera deserosoak bizi. Niretzat funtsezkoa izan da etxean izan dudan hezkuntza eta babesa.

Beste asexual batzuekin zure bizipenak partekatzeko beharra izan duzu?
Asexual elkarte batekin harremanetan jarri nintzen, baina oso itxiak iruditu zitzaizkidan, asexualok mundu guztia kontran bagenu bezala, eta adibidez Gehitu Euskal Herriko LGTB elkartearekin harremanetan jarri nahi nuela aipatu nienean erantzun zidaten Gehitun esango zidatela lesbiana erreprimitu bat nintzela. Orain lagun asexualak ditut, baina irekiagoak. Eta gainera, niretzat inportantea da elkartzea eta solastatzea ez bakarrik asexualekin, sexu joera guztietako jendearekin baizik, aberasgarriagoa delako. Nik, hain juxtu, asexuala ez den pertsona batengan daukat babes handiena; berak bere esperientzia kontatzen dit eta nik nirea, eta hor sentitzen dut askatasun handiena, gaiaz hitz egiteko. Aniztasuna lagungarria da, eta zentzu horretan adibide ona da Kanadako British Columbia unibertsitate publikoan nola jorratu duten gaia, genero eta identitate sexual guztietara irekitako komunitatea eraikitzearen aldeko apustua egin baitute, eta tartean asexualak ere hartzen dituzte kontuan.

"Jakin dezazuela ez gaudela burutik jota, ez garela arraro, friki edo zelibeak; existitzen gara eta ziurrenik ezagunen bat duzu asexuala dena"

Bikotekide erromantikoa nahi duenarentzat, oztopo handia da asexuala izatea?
Bikotean biak asexualak badira, primeran, baina sarri ez da hala, eta ezagutzen ditudan kasuetan ez da erraza hori kudeatzea, bikotekideetako batek sexu harremanetarako gogoa duelako eta besteak ez. Batzuek bikotekidea maite dutelako onartzen dituzte harremanak, baina nik ez dut ulertzen. Horrek ez du esan nahi sexu harreman horietan plazera sentituko ez duenik asexualak.

Ikerketen arabera, %1 da asexuala, baina apenas hitz egiten den asexualitateaz.
Are gehiago, nik ez dut sinesten %1 baino ez garenik. Nik neuk duela urtebetera arte ez dut jakin asexuala naizela, eta esango nuke beste asko ere antzeko egoeran dagoela, asexuala dela jakin gabe. Garai bateko neskazahar eta mutilzaharretako ugari ziur asexualak zirela.

Beste sexu identitate batzuen kasuan egiten den aldarrikapen eta borrokaren aldean, asexualitateak ezkutuan jarraitzen du?
Estigma handia dago oraindik eta ikusgarritasuna beharrezkoa da, baina ez da hain erraza. Ni neu herri txiki batekoa naiz eta ez dut etiketa hori eraman nahi gainean. Hain sexualizatuta dagoen gizartean, ez dugu lekurik, ikusezinak gara. Pentsa, batzuetan txapa eramaten dut asexualitatearen banderako koloreekin, baina ia inork ez du ezagutzen.

Zein da bidea, zuen identitatea aintzat har dezagun gizartean?
Hezkuntza da gako nagusia, sexuari lotutako ikastaroetan asexualitateaz ere hitz egitea, besteak beste saihesteko horrela sentitzen den jendeak bere burua arrarotzat hartzea. LGBTI+ kolektiboak ere hauspo handiagoa eman beharko ligukeela uste dut, oso baztertuta gaude kolektiboaren barruan.

Ikusgarritasun horren mesedetan onartu duzu elkarrizketa hau?
Bai, ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz: ez bakarrik asexualei laguntzeko, areago, batez ere asexual ez zaretenei gure errealitatea ezagutarazteko. Jakin dezazuen ez gaudela burutik jota, ez dugula nahasmendurik, ez garela arraro, friki edo zelibeak; existitzen gara eta ziurrenik ezagunen bat duzu asexuala dena; tratatu ezazu errespetuz eta enpatiaz, ez izan astuna eta ez jokatu Zelestina moduan, ez tematu ligatu dezan, nahi ez badu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Sexualitatea  |  LGBTI  |  Gipuzkoa  |  Diskriminazioa

Sexualitatea kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2021eko urtarrilaren 24a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude