"Osasun publikoaren eta askatasun politikoen arteko dikotomia faltsua hautsi behar da"

  • Soziologia, ekonomia eta kazetaritza lanak uztartzen ditu Isabel Benítezek (Badajoz, 1981). Bartzelonara heldu bezain laster, mugimendu sozialetan hasi zuen ibilbidea: ikasle mugimenduan, COS sindikatuan eta etxebizitzaren aldeko borrokan. Karl Marxen pentsamendua lantzen duen Taifa mintegiko kidea da eta La Directa hedabidean kolaboratzaile gisa dihardu. Pandemiak arlo ekonomikoan eta sozialean ekarritako ondorioak aztertu ditu.

"Askatasun politikoen murrizketen testuinguruan kokatu behar ditugu lan arloan ematen ari diren atzerapausoak" (Argazkia: Jordi Borràs)

Pairatzen ari garen krisi ekonomikoa pandemiaren ondorioa da edo lehenagoko testuinguru batean kokatu behar da?

Krisi ekonomikoa ez da pandemiaren ondorio zuzena, hori da egin beharreko lehen irakurketa. 2008ko krisira jo behar dugu eta gogoratu programa neoliberalak bultzatutako murrizketa eta zorpretze politiken ondorioz desberdintasunak nabarmendu zirela gizartean. Pandemiak desberdintasun horiek azaleratu eta areagotu ditu, besterik ez. Orain paradoxa baten aurrean gaude: jarduera ekonomikoari eusten saiatzeko funts publikoak erabili beharra.

Eman dezake enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteena enplegu suntsiketa ekiditen saiatzeko mekanismoa dela, baina epe laburreko irtenbidea da. Zer dator gero?

Zorpetze mekanismo horrek polarizazio soziala handituko du arlo guztietan: etxebizitza duina izateko zailtasunak, enplegu suntsiketa, soldaten debaluazioa... prekarizazio eta bazterketa sozial handiagoa dakar. Argi izan behar dugu ez dugula inoiz berreskuratuko duela urte batzuk izan genuen enplegu eskaintza, ezta zerbitzu publikoen kalitatea ere.

Oinarrizko errenta unibertsala edo lanaldiaren murrizketa gisako proposamenak izan al daitezke irtenbidearen parte?

Zentzua gal ez dezaten testuinguru jakin batean kokatu beharreko proposamenak dira biak. Adibidez, oinarrizko errentaren gainean erretorika maltzurra dago, zerbitzu publikoak murrizteko aukera eman lezakeelako. Nire ustez, zentzuzkoagoa litzateke pertsonei oinarrizko zerbitzu unibertsalak bermatzea. Bestalde, soldata-maila bermatu gabe lanaldia murrizteaz hitz egiteak pobrezia eta prekaritate handiagoa besterik ez luke ekarriko.

Lan merkatuaren baitan aldaketak sakontzea eragin du pandemiak: telelana geratzeko iritsi da, plataforma-kapitalismoa gero eta ohikoagoa da... lan-eskubideei dagokienez atzerakada dagoela deritzozu?

Langileen eskubideei dagokienez, segurtasunari eta soldatari lotuta ematen ari diren atzerapausoak marko batean kokatu behar ditugu: askatasun politikoen murrizketak.

 

Argazkia: Jordi Borràs
Argazkia: Jordi Borràs

Garatu dezakezu?

Sistematikoki ezarri dira kontaktu sozialak mugatzen dituzten neurriak, produkzio-jarduera etenik gabe mantendu den bitartean, lan-eremuan kutsatzeak gertatuko ez balira bezala. Harrigarria da zeinen erraz ezabatu dituzten mugitzeko eta biltzeko eskubidea, eta izaera politiko nabarmena duen krisiaren aurrean ezinegona adierazteko eskubidea.

Neurriak ez dira pandemiaren hasieran indartzen zen bizitza erdigunean jartzearen diskurtsoaren eskutik joan.

Egin beharreko galdera da: zer-nolako bizimodua jarri nahi dugu erdigunean? Bizitza bada garrantzitsua kapitalismoarentzat, baina produkzioaren zerbitzura dagoen bizitza da hori. Badirudi dekretuak diseinatzeko erabiltzen ari den ikuspegiaren arabera atomoak garela, gizartearen parte ez bagina bezala. Familia nukleoak, hurbilekoak, eta bestelako kontzeptuak erabiltzen dituzte politikariek beren diskurtsoetan. Baina zer gertatzen da familia tradizionaletik at dauden erlazio eta komunitateekin?

Murrizketen ondorioz antolakuntzarako zailtasunak daude. Egokitu gara edo ikusle kritiko bihurtuko gara?

Idealismotik harago, hilabeteotan izan dira elkartasun kolektiboaren adierazpen antolatu nabarmenak: elkarlaguntza sareak, etxebizitza sindikatuak, poliziaren gehiegikerien salaketak... baina krisia gainditzeko boluntarismoa baino zerbait gehiago behar dugu. Aztertu beharko genuke ea ba ote dagoen Europako Batasunak, CEOEk (Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa) edo finantza-oligarkiak ematen dizkiguten apurrak baino zerbait gehiago lortzeko gai den indar antolaturik.

Pandemiaren ondorioetako bat izan da parte-hartze politikoa eta ekintza kolektiborako indarra ahultzea. Zergatik gertatu da eta nola berreskura daiteke?

Beti egiten da arriskuen eta onuren balantzea, eta orain ekintza kolektiboak gauzatzeko aurreiritzi potentzialak onurak baino handiagoak dira. Osasun publikoaren eta askatasun politikoen arteko dikotomia faltsua hautsi behar da. Askatasun politikoen defentsa bermatzea baita eskubideak lortzeko eta mantentzeko bidea.

Aldiz, atsekabe adierazpen batzuk sistematikoki lotu dira negazionismoarekin edo ultraeskuinarekin.

Bai, horregatik aipatzen nuen lehen aurreiritziena. Madrilgo auzo aberatsetako faxistak manifestatzen direnean, gainerakoen askatasun politikoen aurka egiten dute, osasun publiko kolektiboaren aurka. Etxegabetze bat geldiarazteko unean baliteke distantzia soziala haustea, baliteke norbaitek maskara ondo jantzita ez eramatea, baina defentsa kolektibo ariketa bat egiten ari dira. Pandemiaren testuinguruan protesta kriminalizatzeko diskurtsoaren azpijokoan ez dugu erori behar, irakurketa guztiz antagonikoak direlako.

Langile klasea ardatz

Duela ia hogei urte iritsi zen Bartzelonara, ikasteko beka bati esker. Oraindik ikasle izanik, Bolonia planaren aurkako mobilizazioetan hartu zuen parte. Gauza batek bestera eraman zuen Benítez, eta Taifa ekonomia politikoko mintegian sartu zen buru-belarri, kapitalaren eta patriarkatuaren arteko erlazioak lantzen. Langile borroka da bere bizitzaren zutabeetako bat. Liburu bat argitaratu du: Panrico, la vaga més llarga (Panrico, grebarik luzeena).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude