Gotorlekuak uzteko garaia da

  • Bistan da azken asteetan eman den EAEko eskola publiko eta kontzertatuaren arteko eztabaidak sare sozialak eta euskal prentsa astindu dituela, "Eskola Publiko vs. Ikastolak" eztabaida interesatura oso bideratuta egonik. Noiz eta EAEko Eskola Publikoko eragile batzuek topagune baten aurkezpena egin dutenean Eskola Publikoa balioan jarri, pribatizazio politikak salatu, baliabide gehiago eskatu eta EAEko hezkuntza sistema birpentsatu behar dela adierazteko.


2021eko urtarrilaren 19an - 12:22
Argazkia: Oinherri.
"Ez dezagun ahaztu espainiar zein frantziar hezkuntza sistemetatik salbu ez dagoela ia inor (...), curriculum inposatua eta ebaluazio irizpideak izaera ezberdinetako ikastetxeetan betetzen baititugu, inposizioz bete ere"

Esan bedi, Eskola Publikoaren defentsak ez duela Ikastolen kontra edota Kristau Eskolen kontra egiten, ezta Eskola Publikoarentzat baliabide ekonomiko, pertsonal eta material gehiago eskatzeak ere. Kontrakotasunik egitekotan, EAEko gobernuari egiten dio baliabideen banaketa neoliberalagatik. Aldekotasun horrek ez ditu espainiar zein frantziar hezkuntza sistemak zilegi bihurtzen; ez dezagun ahaztu sistema horietatik salbu ez dagoela ia inor –esango nuke desobedientzia ariketa soilik Seaskak eta tokiko proiektu txiki batzuek egiten dutela egun–, curriculum inposatua eta ebaluazio irizpideak izaera ezberdinetako ikastetxeetan betetzen baititugu, inposizioz bete ere. Urrun geratu zaizkigu sistematik kanpoko praktikak, klandestinitatean gure amonen etxeetan sorturikoak.

Hau esanda, norbanako eta eragile ezberdinok, elkarrekin, galdera potolo batzuei erantzuteko unea dela iruditzen zait. Zorionez, haietako batzuk, LAB sindikatuaren baitan emandako eztabaida kolektiboetan askatzeko aukera izan dut:

Zer nahi dugu?

Euskal Herriko Hezkuntza Sistema propioa eraikitzea. Besteak beste, burujabea, askatzailea, feminista, anitza, inklusiboa, antiarrazista, kritikoa, doakoa, laikoa, herritarra, unibertsala eta integrala izango dena.

"Bi hezkuntza-sareen sistema gaindituko duen eskola sare bakarra nahi dugu"

Hezkuntza sistema horren oinarri, bi hezkuntza-sareen sistema gaindituko duen eskola sare bakarra izatea. LAB sindikatuan Euskal Eskola Publiko Komunitarioa izena eman dioguna, askotariko auzo eta herri eskola autogestionatuz osaturikoa litzatekeena.

Euskal Herrirako publikotasun eredu herritar, autogestionatu, komunitario batean oinarritua eta diru publikoz osoki finantzatua herritar guztientzat.

Hezkuntza sistema propioa eta Eskola Sare bakarra eraikitze bidean, bidelagun askorekin akordioak lortu eta kaleak hartu beharko ditugula jakitun, geure buruei galdera interesgarri bat egitea proposatzen dut:

Nondik heldu nahi diogu honi guztiari?

Beste zerbait eraiki nahi badugu, argi dago gure egungo posizioetatik mugitu beharko garela, deserosotasunak izango ditugula eta kontraesanak ez direla faltako.

Euskal Herriak bizitako gatazka politiko-armatuaren jo-puntu izan da hezkuntza ere bai, asimilazio prozesu baterako tresna nagusia. Hezkuntza eremuan gertatutakoaren memoria eta aitortza ezinbestekoak ditugu; Ikastolen mugimenduaren lanaren aitortza eta Eskola Publikoetatik erresistentzia zein beste eredu baten aldeko lana egin dutenen aitortza ere bai.

"Norberean gotortzeak, beste hezkuntza sistema eta eredu propio bat eraikitzeko helburutik aldentzera soilik garamatza"

Publikotasun prozesu inposatu konkretu batek areagotu zuen gatazkan ikasle ginenon belaunaldia da nirea; iragana ahaztu gabe, lorpenak balioan jarri eta bide berriak proposatzea dagokigu. Norberean gotortzeak, beste hezkuntza sistema eta eredu propio bat eraikitzeko helburutik aldentzera soilik garamatza.

Gurean erresistentziak eta lorpenak asko izan badira ere –bereziki hizkuntzaren alfabetizazioari zein euskal kulturaren transmisioari dagokionean–, aurreko mende erdialdeko erantzunek ez digute egungo galderak erantzuteko balio. Egun, sistemak sortutako herritartasun eredu eta segregazioek zeharkatzen gaituzte hiri, herri, auzo zein eskoletan, eta hori eraldatu nahi dugu!

Nola egin?
"Euskal Herriaren burujabetza prozesuaren parte aktibo izan, praktika propioak eraiki, botere guneak eskuratu eta komunitate kritikoak antolatu behar ditugu"

Gotorlekuak zein botere-kuotak utziz beste hezkuntza eredu eta sistema propio baten alde bide berriak arakatu nahi ditugunok, kontraesanez eta zailtasunez beteriko bidea urratu behar dugu, "nola egin?" galderari erantzunez lehenbizi. Bide honetan, hezkuntza eskumenak –zatituta gauden hiru administrazioetan– eskuratzeko borrokak eta ekimenak ezingo dira falta. Euskal Herriaren burujabetza prozesuaren parte aktibo izanez, praktika propioak eraikiz, botere guneak eskuratuz eta komunitate kritikoak antolatuz. Posible da trantsizio honetan aurrera egitea?

Desobedientzia hezkuntza sistema inposatuen aurrean! LOMCE aplikatu nahi izan zutenean, herri bezala erantzun eta errebalidei planto egitea lortu genuen. Erasoei erantzutearekin batera, beste eredu propio hori eraikitzeko bideak jorratu behar ditugu. Ebaluazio irizpideak –zein azterketak– bazter utzi, XXI. mendeko euskal herritar anitzak hezteko curriculum propioa sortu eta tokian toki aplikatu.

Segregazioari aurre

Segregazioei aurre egiteko neurri eraginkorrak bultzatu eta exijitu behar ditugu. Tokiko errealitateetatik herritartasun eredu neoliberal-patriarkal-arrazista gainditu behar dugu. Gure hezkuntza komunitateak harrera gune izan behar dira, anitzak eta inklusiboak; ghettorik ez dugu nahi.

"Hizkuntzagatik, jatorriagatik, arrazagatik, klaseagatik, generoagatik zein erlijioagatik bereizten duen sistemarik ez dugu nahi. Horregatik, diru publikoz finantziaturiko sare eta eskolei neurri zehatzak eskatu behar dizkiegu, administrazioari beste politika batzuk exijitzearekin batera"

Hizkuntzagatik, jatorriagatik, arrazagatik, klaseagatik, generoagatik zein erlijioagatik bereizten duen sistemarik ez dugu nahi. Horregatik, diru publikoz finantziaturiko sare eta eskolei neurri zehatzak eskatu behar dizkiegu, administrazioari beste politika batzuk exijitzearekin batera: matrikula bizirako plazak izaera ezberdinetako ikastetxeak izan ditzaten derrigortzea, lurralde ordezkaritzei bestelako antolaketa bat exijitzea, tokiko instituzioek eskola mapak egin eta hezkuntza-mahaiak osatuz matrikulazioa bideratzea, mankomunitate eta tokiko instituzioek hezkuntza antolatzeko eskumen gehiago eskuratzea eta itunduak diren ikastetxeetan kuotak desagerraraztea.

Eskola komunitateetan eragin beharra dago. Auzo eta herrietan integraturik egon behar dira eskolak, eredu gerentzialik gabe, langile egonkorrekin eta proiektu sendoekin. Herri kohesioa bultzatuz, jendartean dagoen aniztasunaren isla izanik. Zuritasuna deseroso bihurtu behar zaigu. Garai batean sexuen arabera bereizten zuen eskola gaur egun anakroniko eta onartezina deritzogu. Arrazaren, klasearen zein hizkuntzaren arabera bereizten duen eskola –itundu zein publikoetan– noiz bilakatuko zaigu anakroniko? Bilakatu dezagun euskara harrera hizkuntza, exijitu dezagun euskaraz alfabetatzeko doakotasuna eta eskoletan ere, hala jardun gaitezen baliabideak behar dituen berariazko harrera planekin.

Euskal Herriko mugimendu feministan ikuspegi dekoloniala landu nahian ditugun hausnarketak ekarri ditzagun hezkuntza eremura ere. Konfort egoera honetatik atera behar dugu, erosotasunean aurrerapausorik ez dago. Boterearen analisi kritiko bat egin behar da, sistemak eragiten duen zapalkuntza anizkoitzen sisteman kokatuz; agenda komun bat zabaldu beharra dago, zapaldu-zapaltzaile garela onartuz; pribilegioen ardura hartu behar dugu. Sistemak ez du era berean kolpatzen pobrea den emakume migratzailea edo abertzalea den langilea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Eguneraketa berriak daude