Mezurik helarazi badigute ase arte azken hilabeteetan, izan da etxean geratzekoa. Alabaina, lau pareta artean ixteko agindu diguten arren, etxebizitza ez digute berme bilakatu. Martxoa aurretik ere etxebizitza geroz eta eskuragaitzago ari bazen bilakatzen, pandemiak larriagotu egin du arazoa: langabeziak gora egin du nabarmen, eta azken urteetan ikaragarri garestitutako alokairuen prezioak ez du beherako biderik hartu; alokairua ordaintzeko zailtasuna geroz eta etxe gehiagotan ari da ate-joka. Testuinguru horretan, eta datorren krisi ekonomikoan egoera are muturrekoagoa bilakatuko dela jakinik, konfinamenduaren bueltan etxebizitza sindikatuen eztanda jazo zen Euskal Herrian. Hilabeteetako ibilbidea egin duten honetan, zertan diren jakin nahi izan dugu.
1903ko azaroa, Bilbo. Industrializazio garaia da, eta industriaguneak non, langileria hara. Aldaketa demografiko horrek hiriguneetako etxebizitza eskaera neurrigabe igotzea eragin du, eta eskaintza eskaria baino urriagoa izanik, hortxe ikusi du etxejabe hainbatek etekin ekonomiko are handiagoa ateratzeko parada, maizterren eta etxejabeen arteko harremana tenkatuz. Azaleratuz doan gatazkaren testigu dira garaiko egunkariak, antolatzen ari diren maizterren inguruan baitihardute. “Udalak jabetzaren gainean ezarritako zerga arbitrarioen ondorioz, zenbait etxejabek hamar pezeta garestitu dute alokairua. Bizilagunak protesta baketsua egitekotan dira. Maizterren grebaz hitz egiten da”, irakur daiteke Kataluniako Diario de Reusen. Urte erdiren buruan, 1904ko uztailean, gauzatzear den maizterren mitin batek betetzen ditu zenbait egunkaritako lerroak, eta sasoi horretan sortzen da Bilboko Maizterren Batasuna, alokairuen merketzea exijitzeko asmoz. Maizterren borrokaren sua bizi dago, eta ziurrenik su horren garra da 1905ean Barakaldon alokairuaren bueltako protestak eztandarazten dituena. Emakumeak buru dituen mobilizazioak alokairu greba bilakatuko dira, eta berorren aurrean alarma-egoera ezarriko dute agintariek.
XX. mendeko lehen hamarkadetan identifikatu dezakegu “maizterren borroken ziklo berri” baten abiapuntua, Jordi González Guzmánek eta Irene Sabaté Murielek El Salton zehaztu bezala, Cien años de lucha por la bajada de los alquileres: el Decreto de 1920 (Alokairuak jaistearen aldeko ehun urteko borroka: 1920ko Dekretua) erreportajean. “Alokairu grebak sua nola barreiatzen ziren hiriz hiri, eta horien errautsetatik sortzen ziren maizterren sindikatu eta elkarteak”, dio garaiari erreferentzia eginez Jordi Gonzálezek El Topon argitaratutako Huelgas de Alquiler : Revoluciones a Punto Cero (Alokairu grebak: Iraultzak zero puntuan) artikuluan. Sarrerako gertakariak lirateke olatu berri horren hastapenak gurean izan zuen isla. Alabaina, Gonzálezek ñabartu nola, hauts horietatik sortuko diren hainbat esperientzia eta borroka “herri mugimenduen historia liburuetan zuriz ageri diren kapituluak” dira. Gurean ere, etxebizitzaren aldeko borrokaren hariari tira egitean antzeman daitezke hutsuneak, baina azken urteetako denbora lerroan identifika ditzakegu etxebizitza eskubidearen aldeko zenbait adierazpide: besteak beste, urte luzez okupazio mugimenduaren aterkipean egon da etxebizitza eskubidearen aldeko borroka, eta 2008ko krisi ekonomikoaren ondotik eztandarazitako etxebizitza burbuilaren aurrean Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak eutsi zioten etxekaleratze oldeari. Berriki, ibilbide luzeko borrokari molde berriko zenbait talde batu zaizkio, eta maizterren sindikatu, talde edo sareak geroz eta ugariagoak dira Euskal Herriaren luze zabalean.
Oro har, bat egiten dute funtzionatzeko moduan: etxebizitzarekin lotutako arazoren bat duen kideari aholkularitza kolektiboa eskaintzen zaio, gatazkari aterabidea emateko asmoz, eta era berean alor horretan taldean dagoen jakintza kolektibizatuz. Prozesu horretan, gainera, indibidualtzat aurkeztu ohi zaigun problematikaren izaera egiturazkoa –eta ondorioz, kolektiboa– ageriko egiten dute, gaur arazoa duenak lagunduko baitio bihar gatazka batekin datorrenari, esperientziatik. Eta lanketa hori gauzatu bitartean, elkar-babesean eta autodefentsan trebatzen doa taldea, beronen eragiteko gaitasuna handituz.
ARGIAren 2694. zenbakian argitaratutako Koronabirusak lehertuko al du etxebizitzaren burbuila? erreportajean jaso genuen etxebizitza sindikatuek Euskal Herrian izan duten eztandaren berri. COVID-19ak etxebizitza problematika nola areagotu zuen jasotzen zen bertan, eta erreferentzia egiten zitzaien testuinguru horri erantzun beharrean martxan jarritako sindikatuei. Duela bi urtetik jardunean dabilen Gasteizko Etxebizitza Sindikatua alde batera, gainontzeko taldeak pandemia betean egin baitute agerpena. Horietako zenbaitekin mintzatu ginen konfinamendua igaro berritan, eta zenbait hilabeteko tartearen ostean berriz jo dugu zenbait talderengana, tarte honetako jarduna nola joan zaien jakin nahirik.
Azken hilabeteez galdetzen diegunean, martxoa baino atzerago doaz mintzakide guztiak. Beren burua publikoki aurkeztu orduko emanak baitzeuzkaten lehen urratsak. Hots, etxebizitza sindikatuen loratzea ez da espontaneoa eta egun batetik besterakoa izan. Ziurrenik, horretan izan du zerikusirik beste zenbait herrialdetan etxebizitzaren defentsan garatzen joandako sindikalgintzak. Hala dela ondorioztatu daiteke Galdakaoko Etxebizitza Sarearen hitzak adituz: “Kataluniara egindako brigada batzuetan, bertako esperientziak ezagutzeko aukera izan genuen. Auzo eta herrietan lortzen zituzten antolaketa ereduak eta borroka-komunitateak sortzeko gaitasuna gurera ekartzea interesgarria izan zitekeela uste genuen”.
Zenbaitek, beste eragile batzuetan abiatutako lanketari segida emateko antolakuntza eredu aproposa aurkitu dute borroka molde honetan; hala da Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldearen kasuan. Azaldu dutenez etxebizitzaren auzia ez da berria beraientzat: “Piztu Bilbo dinamikatik gentozen, eta bertan sortu ziren AZET sortzera bultzatu gintuzten funtsezko ideiak: auzo pobreetatik eta behar indibidualei erantzun kolektiboa emanez planteatu nahi genuen klase borroka. Klase perspektibatik, auzodefentsa eta auzo-botere kodeetan”.
Pandemiak publikoki jardutera bultzatu besterik ez ditu egin taldeok, alegia. “Eskualdean bazegoen etxebizitzaren inguruan lanketa aurrera eraman nahi zuen taldetxo bat, eta konfinamenduak horren aktibazioaren behar urgenteaz ohartzea eragin zuen”, dio Hego Uribeko Batu Elkarlaguntza Sareak. Hori bai, azpimarratu dute hasieratik argi izan dutela etxebizitza alorretik harago joan nahi zutela. “Sarea bizitzako beharrizan guztiak asetzera bideratuta egon behar zela uste genuen”, azaldu dute. Ildo berean egin ditu adierazpenak AZETek: “Gure intentzioa ez da etxebizitzaren problematikara mugatzea, klase borrokaren adierazpide berrien abiapuntu gisa ulertzen dugu. Konfinamendua agindu zuten, eta koiuntura berri horretan, azken urteetako higiezinen krisiari gehituko zitzaion osasun-krisiarekin, konturatu ginen etxebizitza izan zitekeela desjabetuon behar materialei erantzuna ematen hasteko arrakala”.
Batu eta AZETek bezala, etxebizitzaz harago doan ikuspegia eta estrategia darabil Galdakaoko Etxebizitza Sareak ere. Etxebizitza arazoei erantzuten die herrian, baina era berean Batuko parteide da, iritzirik etxebizitzaren aldeko borroka partziala dela eta “beste problematika batzuk lantzen dituen kolektibo baten baitan egoteak ikuspegi zabalagoa edukitzea ahalbidetzen duela”.
Beren jardunak integrala izan behar duela argi dute Batun. Etxebizitza gizarte kapitalistan azaleratzen diren kontraesanak hobekien barnebiltzen dituen elementuetako bat bezala identifikatzen dute, eta hargatik daukate lan-lerroa irekita norabide horretan. “Etxebizitza bizitzaren erreprodukziorako funtsezko elementu izanik, berau lortzeko eta mantentzeko edozein bide aldarrikatzea da gure postura”, diote. Horrekin batera, baina, bestelako fronteak ere irekiak dituzte, etxebizitza “langileon biziraupenerako eta bizitzaren birprodukziorako baliabidea” delako, “baina ez bakarra”. Horregatik egin zuten Subete Elkartasun Biltegia abiatzearen alde apustu, zeinaren bidez 50 pertsona ingururen elikadura eta garbiketa beharrizanak ase dituzte gaur artean, inguruko herrietan bilketak eginez. Bide bera hartu du AZETek duela gutxi Asetu Herri Biltegia sortuta.
Batu: “Etxebizitza bizitzaren erreprodukziorako funtsezko elementu izanik, berau lortzeko eta mantentzeko edozein bide aldarrikatzea da gure postura”
Argi mintzo da AZET: “Etxebizitzaren aldeko borroka ez daukagu helburutzat, baizik eta klase antolakuntza indarberritzeko bitartekotzat. Borroka-komunitatea antolatzeko helburuarekin hasi gara etxebizitza problematikaren inguruan antolatzen”. Behin hori esanda, argi utzi nahi izan dute horrekin ez diotela garrantzirik kentzen etxebizitzaren problematikari, baizik eta berau “marko integralago batean kokatu”. Baieztapena hala arrazoitu dute: “Krisi ekonomikoa eta higiezinen burbuila tarteko, fase historiko honetan etxebizitzak duen garrantzi estrategikoa ikusten dugu. Hurrengo urteetan jokatuko den klase borrokan funtsezko espazioa izango da etxebizitza”.
Donostiako Maizterren Sindikatuko kideek azpimarratu dute beren eginkizuna ez dela mugatzen etxebizitza alorrean arazoak dituzten kasuak jasotzera, eta bilatzen dutena, besteak beste, ondokoa dela: arazoak dituen bizilagunari ikusaraztea denak batuz gero arazoak konpon daitezkela. “Zentzu horretan ari gara lanean, ohartarazten etxebizitzarekin izan ditzakegun arazoak ez direla indibidualak, baizik eta kolektiboak”, diote. Horrek lotura zuzena egiten du gainontzeko taldeek beren jardunarekin bilatzen duten aspektu batekin: borroka-komunitatea osatzea. Hori lortzera bidean, “filosofia asistentzialista apurtzea” gakotzat dauka Batuk, eta horrek bereizten ditu “elikagai eta oinarrizko beharrizanak asetzen dituzten beste biltegi” batzuengandik. Asistentzialismoaren zokoratzean ikusten dute modua saretik jasotzen dutenen parte-hartzea bultzatzeko, elkar-laguntza pentsamoldea hedatzeko, eta finean, borroka-komunitatea hedatzeko. Hori lortzen dute, besteak beste, jendea janari bilketetan parte hartzera edo auzolanetara batzera animatuz. Beren hitzetan, “modu asko daude sareari laguntzeko, eta gure ustez hori da daukagun indar handienetakoa”.
Mintzakide guztiek konfinamendu garaian egin zuten jauzi praktikara, eta ondorioz epe tarte motzean oinarritzen da beren esperientzia. Testuinguruak, baina, ez die utzi patxadarako abagunerik. Atzera begira jarrita, hilabeteotan egindako ibilbidea “batzuetan gogorra” izan dela aitortu du Batuk, “beti delako zaila halako proiektu bat hastea, eta are gehiago bizi dugun egoeran”. Alabaina, ez dute denborarik galdu: aipatutako elikagai biltegiaz gain itsulapiko solidarioak jarri dituzte herriko saltokietan, beharrizana duten familiak elikagai freskoz ere hornitu ahal izateko; eta beren formakuntzari eskaini diote denboraren zati handia. Dela erroldak kudeatzen, alokairuen negoziaketetan, formakuntza juridikoan, diru-laguntzen gaineko ezagutzan… aurretik inoiz bizi gabeko egoerei erantzuten saiatuz eskarmentua irabazi dutela diote. Alabaina, lorpenik preziatuena zein den zalantzarik ez dute: “Familia txiki bat sortzeko aukera izan dugu, eta giro horretan aritzeak errazagoa bilakatzen du dena”.
AZETek balorazio positiboa egin du gaur arteko ibilbideaz. Hasierako hipotesia praktikarekin baieztatzen ari direla diote: “Langileok, bakarka, babesgabe gaude etxejabe handi baten aurrean, baina elkarrekin geldiezinak gara. Taldea langile-klasearen batasun eta artikulaziorako tresna eraginkorra izan daitekeela uste dugu”. Azaldu dutenez, gaur artean hurbildu diren hainbat pertsonaren arazoei irtenbideak aurkitzen aritu dira batik bat, eta etxejabeen abusuak publikoki salatzeko tartea ere bilatu dute. Irailean, eta maniobrarako egun parea soilik izanda, auzokide baten etxe-kaleratzea oztopatzea eta harentzat alternatiba habitazionala negoziatzea ere lortu zuten. Baina ororen gainetik, Batukoek nola, gehien estimatzen duten lorpena komunitate politikoaren eraikuntza da.
AZET: “Langileok, bakarka, babesgabe gaude etxejabe handi baten aurrean, baina elkarrekin geldiezinak gara. Taldea langile-klasearen batasun eta artikulaziorako tresna eraginkorra izan daitekeela uste dugu”
Galdakaon eta Donostian, konfinamendua amaitu zenetik asteroko asanbladak egitera bideratu dute jarduna, bertaratzen ziren kideen arazoen bueltan lanketa egiteko. Alarma-egoerak, baina, jarri die oztoporik bide horretan. Galdakoztarrei lan-karga handitu zaie, zer eta neurriek jarduna nabarmen oztopatzen dieten honetan: “Daukagun krisi ekonomiko larriak etxebizitzari loturiko arazoak dituen pertsona kopuru handia sortu du eta horrek gure jardunean eragina du, jende nahikotxok kontaktatzen baitu sarearekin larrialdi egoera dela eta”. Donostiako Maizterren Sindikatuak, bestalde, asteroko bilerak bertan behera uztea erabaki zuen testuinguru berriaren aurrean, salbuespen bakarrarekin: etxebizitzarekin lotutako arazoren bat daukan norbaitek kontaktatzen duenean, aurrez aurrekoa hitzartzen dute berarekin. “Ulertzen dugu harrera beharrezkoa dela halako egoeretan”, defendatu dute.
Asteroko bilerak bertan behera uzteagatik, baina, ez dute eten jarduna donostiarrek. Testuinguruak berekin dakartzan mugak onarturik, sindikatuak erabaki du salbuespen egoera baliatzea barnera begirako lanak aurreratzeko, dela antolakuntza edo komunikazio alorretan. Era berean, diote ez zutela nahi “salbuespen egoeragatik maizterren egoerak garrantzia galtzea. Lanean jarraitu nahi genuen, erakutsi arduratsuak izan gaitezkeela eta horrek ez duela esan nahi bakarrik telematikoki biltzea”. Hala bada, neurri murriztaileak medio egonik ere, maizterren egoera bistaratzeko moduak aurkitu dituzte, Egia kaleko 22. eraikinean Sareb-ekin (Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea) daukaten gatazka publiko egitea kasu –ez die nahi alokairu kontratua berritu bertako hamabi maizterri, horiek kaleratze arriskuan jarriaz–.
Martxan jarri direnetik erritmo bizian diharduten arren, nekea baino indar gehiago erakutsi dute hizlariek. Motibazioa antzematen zaie etorkizunera begira jarritakoan, nahiz eta ez diren gutxi bide horretan identifikatuak dituzten erronkak.
Beren aldarrikapenak alokairuen erregulazioa eskatzetik harago joan behar direla diote donostiarrek. Bilbotarrek erronka nagusi gisa seinalatu dute gainean dugun krisia, etxebizitzak zentraltasuna izango duelako bertan. Horrez gain, aztertu nahi dute AZETera arazo batekin hurbiltzen den jendea taldean geratuko ote den: “Klase bereko auzokideekin komunitate politiko baten eraketa lortzen ari garela esan nahiko luke horrek”. Galdakoztarrek beren dinamika herrian ezagutu eta errotu dadin nahi dute, taldera partaide berriak erakarri eta “borroka-komunitate sendoa” eratzeko asmoz. Era berean, beren gaitasunak garatzean dute arreta jarria, “heltzen den arazo kantitate handiari modu efizientean erantzun ahal izateko”. Hego Uribekoek aldiz, ardatz anitzeko beren proiektuaren baitan, etxebizitza alorrean kokatzen dute erronkarik gogorrena. Alabaina, erronka nagusitzat dituzte helburutzat dituzten puntu berberak: oinarrizko beharrizanen asetzea eta borroka-komunitatea indartzean sakontzea. Denek ere, bidea hasi besterik egin ez duten arren, ibilbide oparoa egiteko behar dena badute: iparra argi.
Iruñeko Alde Zaharrean, San Lorenzo kalean, pasa den astean bertan behera utzi zuen etxegabetzea Espainiako Poliziak, hura galaraztera bertaratu baitziren ehun bat herritar. Asteazken honetan, lehen orduan, Polizia eta Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuak heldu dira... [+]
Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.
San Lorenzo kalean 57 urteko emakume bat –Ana Belen– etxegabetzeko agindua zegoen asteazken goizerako. Hori eragozteko, etxearen atarian 07:30etik aurrera bilkura deituta zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Azkenean ez da etxegabetzea gauzatu.
Etxea euskal ohitura zaharretan hildakoen eta bizirik zeudenen espazioa zen. Hilda jaiotzen ziren umeak edo bataiatu aurretik hildakoak kanpoko horma baten ondoan lurperatzen ziren, teilatuaren babesean. Abizenak ere etxe bati lotuta zeuden, etxeak ematen zion izena bertan bizi... [+]
Bederatzi familia etxegabetzeko prozedura judizialak abiatu ditu Pasaiako Portuak, eta bost familiaren aurkako epaiketari ekingo diote ekainaren 30ean, Donostian. Kaleratzeak geldi ditzatela eta bizilagun guztiei bizitoki alternatiba bat berma diezaietela exijitu du Euskal... [+]
Donostiako Parte Zaharreko maizter batek 11 hilabeterako alokairu kontratua bost urterako legezko kontratu bihurtzea lortu du.
10:00etan etxegabetzea gauzatzeko agindua zuen Poliziak, baina lehenago bertaratu dira sei patruila emakumearen etxera eta inguruko kale guztiak moztu dituzte. Haritu Elkarlaguntzako Sareak eginiko deiari erantzunez, dozenaka lagun elkartu dira etxearen aurrean etxegabetzea... [+]
Uztailean argitaratuko da behin betiko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Hego Euskal Herriko lehen hiriburua da izendapena lortzen.
Elkarteak salatu du okupatutako etxebizitza 1.615.000 euroan erosi zela 2021ean, eta egun 2.980.000 euroAn saltzen dela. Okupazioak iraun bitartean, espekulazioak sortzen dituen arazoez mintzatu dira etxeko egongelan. Balkoian Espekulazioa: biztanleentzat etxebizitzarik ez... [+]
Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.
HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.
Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.
Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]
Espainiako hedabideetan aurkitu dugu albistea, salaketa egin dutela Fotocasa eta Idealista etxebizitza-atarien kontra, prezioak manipulatzen dituztelakoan. Salaketan ez dugu manipulazioaren deskribapen zehatzik aurkitu, baina Ameriketako Estatu Batuetan agertu den salaketa... [+]