Koronabirusak lehertuko al du etxebizitzaren burbuila?

  • Higiezinen merkatuaren erregulazio falta probestuz azken urteetan egin den espekulazio basatiak etxebizitza ikaragarri garestitzea eragin du. Etxebizitzaren gastuei aurre egitea geroz eta zailagoa bilakatuta, hil amaierara heltzeko zailtasunak dituzten pertsonen kopurua haziz joan da; ez dira gutxi beren etxeetatik kaleratuak izan direnak, dela egun batetik bestera igo dieten alokairuari aurre egin ezinez bizilekua utzi dutelako –etxe kaleratze ikusezina–, dela agindu judizial bat tarteko. Jada nabarmena zen krisia laztu egin du COVID-19aren agerpenak, hainbatek bere burua ikusi baitu diru-sarrerarik gabe eta alokairua ordaindu beharrean, eta aspaldiko krisi ekonomiko gogorrena parez pare egonik ez dirudi gauzek hoberantz egingo dutenik. Testuinguru horretan eta etxebizitzaren defentsa urgentziazko bilakatuta, etxebizitza sindikatuen loraldia eman da Euskal Herrian.

Argazkia: Olmo Calvo
Argazkia: Olmo Calvo

Eskala mikroskopikoa duen gorputzak trabatu ditu orojaleak ziruditen makineria kapitalistaren engranajeen hortzak, koronabirusaren hedapena balaztatu beharrez ezarritako konfinamenduak behartu baitu jardun ekonomikoaren pausa. Jazoerak azken hamarkadetako krisi ekonomiko handienaren ateetara eraman gaitu, eta aberatsenek egoera honetan ere etekin ekonomikoa atera duten bitartean, gehiengo apalaren artean miseria are gehiago barreiatu da, hau ere pandemia bailitzan. Langileen kaleratzeak eta aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak (ABEE) eguneroko ogi bilakatuta, langabezia erregistroa inoizko igoerarik handiena ari da jasotzen koronabirusak agerpena egin zuenetik. Espainiako estatuko enplegu-zerbitzu publikoaren (SEPE) datuen arabera, Hego Euskal Herrian 165.578 langabe utzi zituen martxoak, otsailean baino 14.364 gehiago, eta hilabeteak joan hilabeteak etorri, haziz joan da zifra. Apirila bukatzerako 179.085 ziren langabeak, maiatzaren azkenerako 182.852, eta ekaina amaitu orduko 184.912.

Ondorioz, herritarren gehiengoak murriztuak edo hutsera bihurtuak ikusi ditu bere diru-sarrerak, eta asko dira ohiko gastuei aurre egiteko larri dabiltzanak. Ildo horretan, azken urteetan neurrigabeki gizendutako alokairuaren ordainketa bilakatu da buruko min nagusi etxe askotan. Izan ere, maizter ugariren soldatak kolpatuak izan badira ere, alokairuak –hots, etxejabeen diru-sarrerak– bere horretan mantentzearen alde posizionatu dira gobernuak, maizterren sakrifizioaren eta zorpetzearen lepotik. Hots, etxeetan geratzeko agindu diguten hein berean, etxebizitza oinarrizko eskubide izatetik are gehiago aldendu dute. Egoera hori izanik, maizter asko arduraturik dauzka etorkizun hurbilak, hainbaten kasuan ez baita ziurra ondoko hilabetea ordaintzerik izango ote duen, ezta gobernuen diru-sarreretara sarbiderik izango duen ere. Europako Batzordearen mendeko Eurofound agentziak egin duen Living, working and COVID-19 (Bizi, lan egin eta COVID-19) inkestaren arabera, Espainiako Estatuko biztanleen %7ak uste du bere egungo etxebizitza utzi beharko duela alokairuari edo hipotekari aurre ezin egiteagatik, eta inkesta erantzun duten hamar pertsonatik batek aitortu du dagoeneko arazoak dituela alokairua epe barruan ordaintzeko.

Berritik gutxi duen krisia

Koronabirusaren agerpenak azaleratu duen krisi ekonomikoa hutsetik sortua ez den bezala, horrek areagotu duen etxebizitza krisia ere ez da berria. Etxebizitza gastuei aurre egiteko zailtasunak eta horien ondorio lazgarrienetakoa izan ohi diren etxe kaleratzeak ez baitira guregandik aldentzera iritsi, nahiz eta horien nolakotasunak aldaketarik izan duen: hipotekak zeuden 2008ko krisi ekonomikoaren ondotik burututako etxe gabetze oldearen oinarrian, eta alokairuak daude, berriz, gaur egungoen gibelean. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Efecto de la Crisis en los órganos judiciales (Krisiak organo judizialetan izandako eraginaren datuak) txostenean jasotzen duenez, Hego Euskal Herrian 1.568 etxe kaleratze gauzatu ziren 2018an eta 1.372 iaz; etxe kaleratze horien gehiengoa –1.102 orain bi urte eta 1.018 iaz–alokairua ordaindu ezinagatik eta Hiri Errentamenduen Legea aplikatuta burutu dira. Aldaketa hori eman da 2012an Espainiako Gobernuak 27/2012 Errege Lege Dekretua onartu ondotik hipotekekin lotutako etxe kaleratze kopurua murriztuz joan delako, eta 2008ko Atzeraldi Handiak oinordetzan utzitako prekarietateak alokairua bilakatu duelako gehiengoarentzako alternatiba habitazional bakarra –merkatuaren logiken barruan–. Alternatiba ez oso segurua, etxe gabetzeen zenbakiek bistaratzen dutenez.

Hipotekak zeuden 2008ko krisi ekonomikoaren ondotik burututako etxe gabetze oldearen oinarrian, eta alokairuak daude, berriz, gaur egungoen gibelean.

Beste aukerarik ezean, baina, alokairuaren eskaria igoz joan da. Eskaintzak, kontrara, beherako norabidea hartua zuen azken urteetan. Arrazoia: etxejabe askok beren jabetzak etxebizitza turistikoen merkatura lekualdatu izana, azken urteetan horixe izan baita espekulatzaileen urre meatzeetako bat, eta ondorioz, alokairu krisiaren eragileetako bat. Valentziako Unibertsitateko Ekonomia Kolaboratiboko Katedrak landutako Lloguer turístic i crisi sanitària a València (Alokairu turistikoa eta osasun krisia Valentzian) informeak jasotzen duenez, alokairu turistikoak etxebizitza alokairuak baino errentagarriagoak dira, %100 eta %200 artean; hargatik egin dute salto alokairu turistikoen merkatura hainbat etxejabek. Horrek, era berean, etxebizitzaren prezioa igo du, lotura zuzena baitago etxebizitza turistikoen eta alokairuen garestitzearen artean. Bartzelonako Ekonomia Institutuak argitaratutako Do short-term rent platforms affect housing markets? Evidence from Airbnb in Barcelona (Alokairu turistikoen plataformek higiezinen merkatua erasaten al dute? Bartzelonako ebidentziak) ikerketaren arabera, Airbnbk auzoan hanka bat jarri ondotik bertako alokairuek %7 arteko igoera izan ohi dute. Datu horretatik abiatuta, eta Airbnbk 2020an Bilbon %402ko hazkundea aurreikusten zuela kontuan hartuta, kontu egin dezakegu osasun krisialdirik gerta izan ez balitz Bizkaiko hiriburuko alokairuetan indartuko litzatekeen joeraz: pisu turistikoek bizileku diren etxebizitza are gehiago ordezkatuko lituzkete, alokairuan dauden pisuen eskaintza are murritzagoa bilakatuz eta beste behin horien prezioa igotzea eraginez.

Funts putreak Babes Ofizialeko Etxebizitzen bidez ari dira Euskal Herrian hatzaparrak sartzen. Benta Berriko etxebizitzen kasua horren adibide: 510 etxebizitza babestu Blackstone funts putre estatubatuarraren jabetzakoak izatera igaro dira (Argazkia: Dani Blanco)

Alokairu turistikoekin batera, etxebizitza krisiaren beste eragile nagusiak inbertsio-funtsak ditugu, funts putre gisa ere ezagunak. Horiek higiezinen merkatuan pieza klabe bilakatu dira 2009an, Espainiako Gobernuan zela, PSOEk 11/2009 Legea onartu eta Higiezinen Merkatuan Inbertitzeko Sozietate Kotizatu Anonimoei (SOCIMI) Espainiako Estatura sarrera ahalbidetu zienetik. Sozietate horiei are pribilegio gehiago emanez lege hori moldatu egin zuen PPren gobernuak 2012an; ordutik, figura juridiko horiek sozietateen gaineko zerga %0koa dute eta etxebizitzaren erosketari lotutako zergen %95 ordaintzetik salbuetsita daude. Hargatik bilakatu dira funts putreen erosketetarako tresna apropos. Erregimen fiskal berezi horrek higiezinen merkatuan ematen dien posizio pribilegiatua baliatu dute nahieran espekulatzeko, eta funtzionatzeko era propioa darabilte: etxebizitzak erosi – bloke osoak, ahal dutela–, horiei balioa eransteko eraberritu eta prezio garestiagoan merkaturatzen dituzte. Higiezinen merkatuko influencer gisakoak direla azaldu zion Bartzelonako Sindicat de Llogateres-eko bozeramaile Jaime Palomerak publico.es-i: “Inork baino etxebizitza gehiago eskuratzen dituzte eta batez bestekoaren gainetik dauden prezioak jartzen dizkiete nahita, epe motzeko galerak izatera eta etxeak denbora luzeagoz hutsik izatera arriskatu daitezkeelako”, eta hala gainontzeko etxejabeak ere alokairuak igotzera animatzen dituzte.

Hego Euskal Herrira sarbidea Babes Ofizialeko Etxebizitzetan (BOE) aurkitu dute funts putreek. Agidanez, hortxe ikusi dute merkatuan oso prezio baxuan dauden higiezinak eskuratu eta mozkinen marjina handitzeko aukera. Ezagutzen den lehen kasua Donostiakoa dugu. 2016an, Benta Berri auzoko 510 etxebizitza babestu Blackstone funts putre estatubatuarraren jabetzakoak izatera igaro ziren, horiek eraiki zituzten Sacyr-Vallehermoso eta Metrovacesa enpresa eraikitzaileak aipatu funts putrearen mendeko Testa Residencial socimiaren esku egotera igaro ondoren. Esku beretan egotera pasa dira Iruñeko beste 400 etxebizitza babestu inguru ere; etxebizitza horiei aurten iraungitzen zitzaien BOE kalifikazioa, eta behin epe hori igarota, egungo jabe Testa Residencialek egun batetik bestera alokairua igo die hainbat maizterri. Konfinamendua indarrean egon denean ere eskrupulurik gabe eutsi diote espekulazioari: apirilean Gasteizko Salburua eta Zabalgana auzoetako 500 etxebizitza Vitalquiler sozietatearen eskuetatik –Kutxabankek eta Adania enpresa eraikitzaileak eratua– IKEA multinazionalaren jabeek sortutako Catella funts putre suediarraren eskuetara pasa dira, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak baimendutako salmentaren bidez. Berez, 2003tik BOE kalifikazioa iraunkorra da EAEn –Nafarroan 30 urtera iraungitzen da–, hala xedatu baitzen “diru publikoarekin etxebizitzaren espekulazioa egitearen kontrako neurri” bezala, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren arabera. Ordutik soilik Eusko Jaurlaritzaren baimenarekin saldu daitezke etxebizitza babestuak, eta horrek berme izan beharko lukeen arren, praktikan ikusi dugu nola utzi dituzten 500 familia funts putreen esku larrialdi egoera betean eta aspaldiko krisi ekonomiko gogorrena dirudienaren ateetan.

Eztanda egitear den burbuila

Funts putre, banketxe eta socimien jarduna batetik, eta pisu turistikoen merkatua bestetik, etxebizitza krisia etenik gabe areagotuz joan da azken urteetan. Nazio Batuen Erakundea aurrekaririk gabeko “etxebizitzaren krisi mundialaz” mintzo zen iragan abenduan publikatutako Guidelines for the Implementation of the Right to Adequate Housing (Etxebizitza Egokirako Eskubidea Aplikatzeko Ildoak) txostenean, eta krisiaren erantzule nagusiak zein ziren argi nabarmentzen zuen: “Egun, inbertitzaile pribatuek eta promotoreek aurrekaririk gabeko nagusitasuna daukate etxebizitza sisteman, sarri askotan bizilekua dagokion funtzio sozialetik bereiziz eta espekulaziorako merkantziatzat joaz”.

2014tik 2019ra bitartean alokairua %25 inguru igo da Iruñean eta Donostian, %15 bueltan Gasteizen eta %10 inguru Bilbon.

Etxejabeen eta inbertsio funtsen neurrira egindako legeek egin dute posible etxebizitzarena bezalako funtsezko beharrizan batekin negozioa egitea, eta higiezinen merkatuaren erregulazio faltak espekulazio hori basatia izatea ahalbidetu du. Hala, bost urtetan alokairuaren prezioak %50eko gorakada izan du Espainiako Estatuan, Idealista higiezinen atariko datuei tiraka Espainiako Bankuak iazko abuztuan kaleratutako informearen arabera –hain da opakua merkatua, datu publikoen faltan iturri horiek darabiltzala Espainiako Bankuak ere–. Datuok gurean lurreratuz gero, 2014tik 2019ra bitartean alokairua %25 inguru igo da Iruñean eta Donostian, %15 bueltan Gasteizen eta %10 inguru Bilbon. Irailean Espainiako Sustapen Ministerioaren Etxebizitza eta Lurraren Behategiak publiko egin zuen informearen arabera, Gipuzkoa eta Bizkaia zeuden, hurrenez hurren, alokairu garestienak dituzten Espainiako Estatuko probintzien zerrendan hirugarren eta laugarren postuan, Bartzelona eta Madrilen atzetik.

Alabaina, alokairuen kontrara, soldatek ez dute goranzko bilakaerarik izan. Ondorioz, maizterrek beren diru-sarreren zati geroz eta handiagoa bideratu behar izan dute etxebizitza gastuetara. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) 2014ko datuen arabera, Espainiako Estatuan etxeetako diru-sarreren %40tik gora jaten zuen alokairuak, erakundea osatzen duten estatuetan proportzioa, bataz beste, %13koa zen bitartean. Gazteen Euskal Behatokiak landutako Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin txostena gazteei begira landutakoa bada ere, lagungarri izan daiteke EAEn alokairuak jaten duen soldataren portzentajearen inguruko ideia bat egiteko: 16-29 eta 30-34 adin tarteetan batez besteko soldata, hurrenez hurren, 1.093 eta 1.297 eurokoa dela oinarri hartuta, 2017an gazteen soldataren %69,3 balio zuen alokairuak, batez beste. Ordutik gaur arte jazotako alokairuen igoera medio, ondorioztatu daiteke soldataren zati are handiagoa janaz joan dela etxebizitza, alokairuen bueltako burbuila gizenduz. Koronabirusak azaleratutako krisi ekonomikoak hainbat maizter kaudimengabe utzi dituen honetan, burbuila eztanda egitear da. Nazioarteko Diru Funtsak (NDI) egindako iragarpenen arabera, 2008ko higiezinen burbuilaren antzerako etxebizitza krisia jazotzear da.

Alarma egoera ezartzearekin, legez etxe kaleratzeak indargabetu egin ziren alarma egoera amaitu eta sei hilabete pasa arte. Errealitatean, etxe kaleratzeak jazo izan dira, eta ekainean epaitegiak martxan jartzearekin batera, etxe kaleratze prozedurek aurrera egin dute. Argazkian, etxe kaleratzea Iruñean, apirilean (Argazkiak: Ekinklik)

Behea jo aurretik, beren burua erorialditik ahal bezain beste babesteari ekin diote espekulatzaileek. Funts putreak, batetik, higiezinen prezioak jaisten ari dira merkatuko prezioek behea jo aurretik saldu asmoz, eta bestetik, milioika euro biltzen ari dira behin prezioak behea jo dutenean higiezinak merke antzean erosi eta etorkizunean horiekin dirua egin asmoz. Alokairu turistikoen merkatuak, aldiz, etxebizitzaren merkatuan bilatu du turismoaren geldialdiari bizirauteko amarrua: pisu turistikoak aldi baterako alokairu gisa txertatu dituzte, denborazkotasuna baliatuz alokairuen legea bete beharra ekiditeko. Idealistaren datuak oinarri hartuta eldiario.es-ek ateratako kalkuluen arabera, 2019arekin alderatuta, ekainean alokairuen eskaintza %30 hasi da Araban, %27 Nafarroan, %20 Bizkaian eta %19 Gipuzkoan. Estrategia hori hedatzen ari diren higiezinen atariak eta estrategia jarraitzen duten jabeak iruzur egiteagatik ikertu beharko lituzketela adierazi zuen Palomerak: “Urteetan etxebizitzak merkatu turistikora desbideratzen ari diren horiek sistemaren puntu itsuak ustiatu nahirik jarraitzen dute. Baina kasu honetan legearen marjinetan ari dira”.

Estrategiak estrategia, higiezinen sektoreko pisu astunak artega daude iragarritako krisiaren aurrean. Alarma egoeraren hastapenetan eta milaka maizterrek alokairu greba hasi bezperetan, Alokatutako Etxebizitzen Jabeen Elkartea (Asval) eman zuten aurkeztera. Beren hitzetan Espainiako Estatuko etxejabe txiki eta handiak ordezkatzen dituen elkartea da eta “alokairuen merkatu eraginkor, orekatu eta arrazoizkoaren alde lan egitea” dute asmo. Egiatan, baina, etxejabe handiak daude beronen atzean: Kataluniako La Llave de Oro eta Madrileko Tectum higiezinen agentziek eta Ares Management funtsak sortutako elkartea da, eta Blackstone funts putrearen Testa Home socimia zein Albirana promotorea ere batu zaizkio. Bartzelonako Sindicat de Llogateresek salatu zuenez, Asval lobbya da, alokairuak bere horretan mantendu daitezen Espainiako Gobernuari presioa egitea asmo duena. Presio bat eraginkorra behar duena izan, osasun krisiak maizterren egoera larri bilakatu badu ere, etxebizitzara bideratutako laguntzetan azken urteetan neurrigabeki puztutako alokairuak ukiezin mantendu baitituzte; maizterrei zorpetzea aurkeztu zaie “aterabide” gisa, dela ordainketen luzamenduekin edota mikrokredituekin. Eta bere horretan mantendutako alokairuen aurrean zaurgarritasun ekonomiko egoeran dauden maizterrentzat lagungarri behar zuten diru-laguntzak, gainera, ezer gutxi arintzera datoz: 11/2020 Errege Lege Dekretuak 900 euro arteko laguntza ekonomikoak iragarri bazituen ere, laguntzen zenbatekoa eta baldintzak xedatzea autonomia-erkidegoen esku utzi zuen; sei hilabetez aplikagarri diren 250 euro arteko diru-laguntzak onartu zituen Eusko Jaurlaritzak apirilean alokairu librean bizi direnentzako, eta gehienez ere 300 eurokoak izan daitezkeen laguntzak eskaini ditu Nafarroako Gobernuak. Alokairu babestuari dagokionez, ordainketen aldi baterako salbuespena ahalbidetu du Jaurlaritzak, eta diru-laguntzen igoera zein luzapena Nafarroako Gobernuak.

Osasun krisiaren karira maizterrei eta etxejabeei emandako tratu desorekatuaren adierazle, martxoaren 18an, alarma egoera indarrean jarri berri, Bizkaiko Batzar Nagusiek zerga-salbuespen bat onartu zuten, funts putreei ahalbidetzen ziena beren zergen erdia soilik ordaintzea.

Etxebizitza Sindikatuen loratzea

Etxebizitza eskubidearen defentsak agintarien agendetan tokirik ez duela begi bistan, alokairua ordaintzeko arazoak dituen hainbatek bestelako bideetatik bilatu du heldulekua, eta gertuko etxebizitza sindikatura jo du askok. Horietan jasotzen ari diren kasu andana etxebizitza krisiaren munta adieraztera dator. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kide Karla Berrojalbizek jakinarazi digunez, koronabirusaren agerpenaz geroztik nabarmen hazi da berengana jo duen pertsona kopurua: 400dik gora kasu heldu zaizkie. “Ez dut uste gure esperientzia lagin gisa hartu daitekeenik, baina bai adierazten du arazoaren magnitudea”, egin du ñabardura.

Maiatzaren 10a arte Gasteizko Etxebizitza Sindikatura heldutako kasuen %58a baino gehiagok ez zituen betetzen Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jasotzeko baldintzak.

Maiatzaren 10a arte sindikatura heldutako kasuen %58a baino gehiagok ez zituen betetzen Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jasotzeko baldintzak. “Ez dituzte irizpideak betetzen, besteren artean, irizpide idealistak eta legalistak direlako”, azpimarratu du Berrojalbizek. Diru-laguntzak ezagutzera eman eta gutxira sindikatuak adierazi zuenez, neurri horiek ez dute aintzat hartzen langile klasearen zatirik zaurgarriena, lan eta alokairu kontraturik ez duena, eta ondorioz sektore horrek ez du irizpideek exijitzen duten estatus legala betetzen. Diru-laguntzak eskuratzera bidean bete beharreko lehen baldintza bera azpimarragarria iruditzen zaio Berrojalbizi: “Frogatu behar duzu zure egoera ekonomikoa koronabirusaren ondorioz aldatu dela; pobrezia, proletalgoa, koronabirusaren berrikuntza bat bailiran, eta ez egiturazko arazoa”. Irizpideak betetzeko zailtasunak albo batera, burokraziak ere oztopatu egin ohi du laguntzetara sarbidera izateko egin beharreko bidea, maizter asko amore ematera bultzatuz.

Babes bila gerturatu zaien jende andanari erantzuterako orduan, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuari mesedegarri izan zaio aurretik egindako ibilbidea eta hark eman dien ezagutza. Orain bi urte hasi ziren lehen pausoak ematen, ordurako etxebizitza krisiaren aurrean antolatzeko beharra bazegoen seinale. “Zentzu horretan positiboa izan da zeren ez gaitu harrapatu praktikarekin konexiorik gabe”, egin du balorazioa Berrojalbizek.

Argazkian, Bartzelonako Raval auzoko etxebizitza sindikatua. Katalunian etxebizitza sindikatuen sare indartsua daukate josia, eta beren ereduaren eragina nabari da Euskal Herrian sortzen ari diren sindikatu askorengan ere. Elkar babes, antolakuntza eta autodefentsa kolektiboa dira horien funtzionamenduaren giltzarri. (Argazkiak: Sindicat d'Habitatge del Raval)

Ibilbide luzea izatea ez da, gaur gaurkoz, gurean diren etxebizitza sindikatuen artean nagusitzen den ezaugarria. Euskal Herrian etxebizitza sindikatuen eztanda eragin duena osasun krisia izan baita. Donostiako Maizterren Sindikatua da konfinamenduan ernaldutako sindikatuetako bat; bertako kide da Luis Diaz, eta azaldu digunez otsaila bueltan hasi ziren sindikatua martxan jartzea pentsatzen, apirilean lanean hasi asmoz. Koronabirusaren agerpenak etxebizitzaren krisia areagotu eta krisi ekonomikoa bizkortu izanak, baina, planak aldatu eta uste baino lehen martxan jartzera bultzatu ditu, egoerak esku hartzea eskatzen zuela iritzirik. Konfinamendua medio, ez da izan praktikari ekiteko modurik errazena, eta kaltetutako maizterrekin telematikoki jardutera mugaturik egin dituzte lehen pausoak. Tarte horretan ezohiko egoerak kaltetutako jendea izan da berengana jo duena Diazek dioenez, eta aurrez aurreko asanbladei ekin diotenean hasi dira osasun krisialdiak eragindako arazoez harago doazen problematikekin topo egiten. Gasteizko sindikatuak ere, konfinamendu hasieran, aholkularitzara mugaturik ikusi zuen bere jarduna hein handi batean. “Baina ez bakarrik diru-laguntzen inguruan, aholkularitza egin dugu baita ere eskubide eta betebeharren inguruan, eta jendeari lagundu diogu bere egoera zein zen ulertzen: noiz etxe kaleratu zezaketen, zein diren prozedurak, eta abar”. Egunak igaro ahala, ordea, aholkularitzaz harago jo eta borroka zein negoziaketa prozesuak ere abiatu dituzte alokatzaile, enpresa zein higiezinen agentziekin, “akordio batzuetara heldu edo maizterren egoera lazgarriak errotik mozteko”.

Luis Diaz, Donostiako Maizterren Sindikatua: “Etxejabeek ez dute espero maizterraren partetik erantzunik, ezta horiekin berdinen arteko harremana eratzea ere”.

Beren ibilbide motzean antzemandakotik zera nabarmendu du Diazek: ikusten ari dira etxejabeen artean badagoela inpunitatez eta beren erantzukizunen kargu egin gabe jokatzeko joera nahiko orokortua, zeinak harreman hierarkiko bat ezartzen duen jabearen eta maizterraren artean. “Etxejabeek ez dute espero maizterraren partetik erantzunik, ezta horiekin berdinen arteko harremana eratzea ere”, azaldu du. Horrek beren pausoak zein norabidetan eman behar dituzten argitzen duela dio: “Arazo baten aurrean, lortu behar dugu maizterrak etxejabeari bilera bat eskatzea eta gu negoziaketa horretan azaltzea”. AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak frogatu du etxejabeen abusuen aurrean erantzutean kolektiboak duen indarra. Azaldu dutenez, beren taldera batutako pertsona batekin zuen tratua dezente laxatu zuen etxejabeak, kolektibo batekin harremanetan zegoela aditzera eman zionean.

Kolektiboaren babesaz eskertuta agertu da Maite Aragón ere. Ingeleseko irakaslea da bera, ABEEa ezarri zioten martxoan, eta ordutik alokairua ordaintzeko zailtasunekin dabil; ikasturte hasieran gauzek hobera egingo ote duten zalantza egiten du gainera. Etxebizitza gastuei nola aurre egin jakin ezinda zebilela egin zuen topo Bilboko San Inazio eta Deustu auzoetako Alogerekoak Etxebizitza Sindikatuaren kartelekin. “Ez nekien nola funtzionatzen zuten, baina laguntza eskaintzen zutela irakurrita berengana jo nuen, aholkatu nindezaten”, azaldu du. Ez da damu erabaki hori hartu izanaz, sindikatuan eskaini baitzioten aholkularitza eta baita arlo teknologikoan laguntza ere, konfinamendua medio diru-laguntzak internet bidez bideratzerakoan arrakala digitalarekin egin baitzuen topo. Ez izerdirik bota gabe, baina lortu du bere helburua: urria iruditzen zaion laguntzaren eskakizuna bideratzea eta etxejabearekin adostasun batera iristea. Alokairuaren zati bat ordaintzen du orain, nahiz eta ordaintzen ez duen zatia aurrerago ordaindu beharreko zor gisa pilatzen doakion. Ez da egoera ideala, baina osasun larrialdiaren hastapenetatik lortu du hobekuntzarik. Atzera begirakoan, argi mintzo da: “Beraiek [Eusko Jaurlaritzak] ez didate deus lagundu, Etxebizitza Sindikatuak bai”. Horren adierazle, bere egoera hobeturik ere segitzen du sindikatuaren asteleheneroko bileretara joaten; ohartzeke, kide bilakatu da.

 


ASTEKARIA
2020ko uztailaren 12a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Sei urteko espetxe zigorra eskatu dute bizkaitar baten aurka, etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik Bartzelonan

Bi lagunen kontrako epaiketa hasi da gaur, otsailaren 29ean, Bartzelonan. Akusatuetako bat Zeberiokoa (Bizkaia) da, eta bestea Esplugueskoa (Bartzelona). 2020an Bartzelonan etxegabetze bat gelditzen saiatzean, Esquadra Mossoak bortizki oldartu ziren han bildutakoen kontra... [+]


2024-02-26 | ARGIA
Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri dio Espainiako Estatuko Etxebizitza Legeari

2023ko uztailean aurkeztu zuen helegitea, eta sei hilabetez Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak izan ondoren, ez dira akordio batera iritsi, eta Eusko Jaurlaritzak adierazi du “helegitea jartzera behartu” dituztela. Eskumenak urratzea argudiatu du Jaurlaritzak. EH... [+]


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


Eguneraketa berriak daude