Gazteek kontzientziak astindu nahi dituzte

  • Ardura bizkar gainean sentitzen dute. Belaunaldi zaharragoek galdetzen diete zergatik ez duten euskaraz egiten. Haserretzen dira hori entzunda. Gaztearen patuak etengabeko talka linguistikoan bizitzeak ezin duela izan garbi dute. Bakean bizi nahi dute, baina euren hizkuntzari muzin egin gabe. Gaztealdia ekimenean bederatzi gaztek zortzi egunez euskaraz bizitzeko ahalegina egin dute. Ez dute helburua lortu, euskaraz gehiago aritzeko zirrikitu asko aurkitu dituzte, ordea. Euskal Herriko gazteak euskaraz bizitzera gonbidatu nahi dituzte.

Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia. Andrei Fuchsek telematikoki hartu zuen parte. Aiartzaguenak ez beste hirurek hartu dute parte Gaztealdian. Argazkia: Dani Blanco.
Goitik behera, Miren Balmaseda Castellano, Maialen Arteaga Gonzalez eta Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia. Andrei Fuchsek telematikoki hartu zuen parte. Aiartzaguenak ez beste hirurek hartu dute parte Gaztealdian. Argazkia: Dani Blanco.

Mahai-inguruan lau gazte bildu ditugu: Miren Balmaseda Castellano tuterarra, Maialen Arteaga Gonzalez zornotzarra, Andrei Fuchs donibandarra eta Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia bilbotarra. Hasteko, Aiartzaguenak Gaztealdia testuinguruan jarri eta euskararen auzia nola ulertzen duten azaldu digu. Ondoren, Gaztealdian parte hartu duten hiru kideei haien bizipenak kontatzeko eskatu diegu.

Gaztealdian parte hartu duten bederatzi gazteek atzean sarea dute eta ondoko eragileek bultza dute ekimena: Bizkaiko Topa Gaitezen, NUPeko euskara taldea, Iep! Ibaetako Unibertsitateko euskara taldea, Gasteizko EHUko euskara taldea, Baionako Bernart Etxepare Lizeoko Ikasle Asanbladako euskara taldea, eta Galdakaoko Bagabiz euskara elkarteko gazteak.

Aiartzaguenak egin digun gogoetan, gazteon helburua bi mezutan bildu du: gazteek euskararen auziaz beretik hitz egin behar dute, eta xedea da gazteek euskaraz bizitzeko hautua egitea, beste modu batez esanda, erabileran jarri dute azpimarra.

Euskaraz bizitzeko hautu horretan bi gako seinalatu ditu bilbotarrak. Batetik, gazteok erabaki dute euskaraz bizitzea, horretarako jauzia ematen ari dira, baina paradoxa batekin aurkitu dira. Aurreko belaunaldiek transmititu diete gazte, herri eta komunitate bezala euskaraz bizitzeko jauzia ematen badute horretarako bitartekoak, aukerak, eskura izango dituztela. Alabaina ez dute hala denik uste: “Astebeteko ariketan, ikaragarrizko konbentzimenduz arituta, hedabideen oihartzuna dugula, gizarteak babesten gaituela, partaideek adierazi dute nolako estres linguistikoa pairatu duten. Hau gertatu bazaigu gure mundu txiki euskaldunean eta hiperkonbentzituan, nola arraio helduko dio euskal gizarteak euskaraz bizitzeko hautu kolektiboari era natural, aske eta desideologizatuan?”. Baldin eta euskara egunen batean ez-politikoa izango bada, orain afera politizatu behar dela defendatzen dute. Askotan entzun dituzte hizkuntza erakargarriaren, talkak saihestu beharraren, euskara ez politizatzearen aldeko diskurtsoak. Ez daude ados. Nerabezarotik helduarorako sozializazio ibilbidean eremu nagusiak zein hizkuntzatan garatzen dituzten aztertua dute: ikasketak, aisialdia (batik bat kirola), sare sozialak, internet, telebistaren eskaintza, osasun arreta, unibertsitatea eta lan mundua. Aiartzaguenak ikasketak baino ez ditu jo euskarazko eremutzat, gazte askok D ereduan ikasten dutelako.

Mikel Aiartzaguena: "Kontua ez da Euskaraldiaren aldeko apustua egitea, euskaraz bizitzearen aldeko apustua egitea baizik"

Bigarren gakoa euskara herri proiektu bati lotzea da. Bi galdera bota ditu gure solaskideak: Zergatik ikasi behar du norbaitek euskaraz? Dakienak zergatik egin behar du? Hainbat sektoretan erantzuna erraz dutela dio: euskalduna naizelako eta nire hizkuntza delako. Argudio horrek guztientzat ez duela balio argi du Aiartzaguenak. Gazte hauek herri proiektu integralagoa irudikatzen dute, non bigarren mailako herritarrik ez den egongo. Alegia, non inor ez den sentituko zapaldua bere herrian bere hizkuntzan bizi nahi duelako: “Euskara da orain daukagun erremintarik onena horra iristeko. Izan ere, gure herrian euskara lehen mailako herritarren hizkuntza izateak ez du hizkuntza baten, nazio baten edo komunitate baten desagerpenik ekarriko. Euskara gaztelaniaren aurretik jartzeak ez du ekarriko gaztelaniaren galera. Frantsesarekin gauza bera. Alderantziz eginez gero euskara galduko da”.

Euskaraldi bezperan eta antzeko izenarekin, zergatik?

Gaztealdia azaroaren 12tik 19ra egin da, Euskaraldia hasi aurretxo eta ekimenaren izenak Euskaraldia dakargu gogora. Asmo bat nabari da eta horretaz galdetu diegu solaskideei. Euskalgintzak erakundeekin bat egin du ekimena garatzeko, eta gazte horien ustez, horrek Euskaraldiari itxura serioa, aseptikoa eta instituzionala ematen dio. Gazteak hoztu eta gutxiago parte hartzeko beldurra zuten, izan ere erabateko babesa eskaini diote Euskaraldiari gazteok. Beraz, neurri handi batean, Gaztealdia Euskaraldia hastear zela egitea erabaki zuten gazteak Euskaraldira erakartzeko.

Argazkia: Dani Blanco.

Izan da beste arrazoi bat Euskaraldiari aurre hartzeko. Hamabost eguneko ariketa soziala begi onez ikusten dute, baina eraginkorragotzat zuten mezua sektore bakoitzari egokitzea, kasu honetan gazteei, jakinda Euskal Herriko gazte guztiek ez dituztela ezaugarri berberak. Aiartzaguenak D ereduan ikasi duten milaka gazteak ditu buruan, euskara badakitenak, hizkuntzaz jarrera positiboa dutenak edo behintzat jarrera suntsitzailerik ez: “Euskara dakien gazte ez politizatuak belarriprest izateko prestutasuna agertuko luke, baina ariketan parte hartzeko deiak kualitatiboagoa izan beharko luke, ez horrenbeste ekimenean parte hartzekoa, baizik eta euskaraz bizitzeko pausoa ematekoa”. Hau da, ahobizi rola jokatuta gazteak atzemango lituzke inguruan dituen arnasguneak eta oztopoak, oztopoak arnasgune izateko bidean jartzen saiatuko litzateke, eta arnasguneak saretzen eta hauspotzen lagunduko luke.

Mezua gazteei egokitzea eskatu du solaskideak. Dena den, gogorarazi diogu belarriprest-ez gain ahobizi rola jokatzeko aukera zegoela. Hala erantzun digu: “Baina aurreko Euskaraldian esan ziguten jende gehiegi izan zela ahobizi eta beraz ariketa ez zela ondo bete. Eta arrazoi puntu bat badauka. Belarriprest gutxi egoteak ez du kutsatze efektua sustatzen eta belarriprest izan daitekeen komunitatea parte hartu gabe gelditzen da. Ados, baina era berean irakurketa korporatibista egiten du , ‘egin dezagun ariketa ondo, nik jarritako irizpideen arabera’.”

Maialen Arteaga: "Ariketaren helburua ez da izan argazki ilun bat erakustea, bai ordea indarra non jarri behar den gogoeta egitea"
 

Aiartzaguenak hari berari segika kuadrillako adibidea jarri du. Eman dezagun bilbotarraren kuadrillan berak eta beste batek aukeratu dutela ahobizi rola, eta gure solaskideak beste sei kideei mezuren bat eman nahi diela rola aukeratzeaz. Seiak belarriprest izan daitezke, euskararen alde daude. Rol hori betetzen badute ariketa ehuneko ehun ondo egingo dute. Aldiz, sei horiek ahobizi rola hartuko balute egunean hogei aldiz hanka sartuko lukete, gaztelaniaz hizketan hasiko liratekeelako. Aiartzaguenak biderketa egin du: 20 hanka-sartze x 6 gazte x 15 egun= 1.800 aldiz txarto egin den ariketa. Emaitzak emaitza, uste du positiboagoa dela jende horrek ahobizi-aren aldeko apustua egitea: “Ez da Euskaraldiaren aldeko apustua, euskaraz bizitzearen aldeko apustua baizik”.

Gaztealdia Tuteran, Zornotzan eta Donibane Lohizunen

Bizipen oso desberdinak izan dituzte hiru gazteek, ez alferrik inguru soziolinguistiko desberdinetan bizi dira, baita administrazio banaren pean ere. Erriberara joko dugu lehendabizi eta Tuterako Miren Balmasedari entzungo diogu. Pozik dago zortzi eguneko ekimena bukatuta. Pozik bai, baina aitor du oso zaila izan dela ariketa betetzea: “Nahi eta ezinean sentitu naiz askotan, Tutera eremu oso erdalduna da”. Dena den, tuterarra konturatu da hizkuntza ohiturak aldatuta, badirela euskaraz aritzeko espazio batzuk eta horiei eutsi behar zaiela uste du. Herria ezagutzen duenez, bazekien zer aurkituko zuen toki bakoitzean, “hemen ezingo dut, hemen ere ez, hemen ere ez”, baina oraingo berritasuna zen euskaraz egin behar zuela bai ala bai. Eta sorpresa onak izan ditu, ez du errefusarik jaso, espero baitzuen “no te entiendo” bat baino gehiago entzutea. Umetatik halakoak aditzera ohituta dago Balmaseda. Egoera deserosoenak berak euskaraz eta besteak erdaraz erantzutea, eta besteak ezer ulertzen ez zuelako berak erdarara jauzi egin behar izatea izan dira. Baina konta ditzagun gogoan dituen oso hurbileko bi sorpresa on. Batetik, euskaldunak eta erdaldunak dauden kuadrillan, gehienetan erdaraz hitz egiten dute, eta jakinda ariketa egiten ari zela, ahal dutenek euskaraz egin diote eta ez dakitenekin erdarazko hizketaldian euskarazko hitzak eta esaldiak erabili ditu. Babesa jaso du, bai kuadrillan, baita orokorrean ere. Bestetik, beti gaztelaniaz egin izan du euskaraz badakien ahizparekin. Gaztealdian euskaraz hizketan hasi dira  eta helburua hala jarraitzea da.

Argazkia: Dani Blanco.

Bistan da gaztelaniaz ere egin duela tuterarrak eta galdetu diogu ea ingurukoei zer egiten ari zen azaldu dien: “Musika eskolako irakasleak ez daki euskaraz eta ‘Buenas!’ esatetik ‘Kaixo, zer moduz?’ esatera igaro nintzen. Irakasleak hori ere ez du ulertzen. Ariketa azaldu nion. Lagun erdaldunei ere kontatu diet zertan ari nintzen”. Elkarrizketa elebidunak mantentzen saiatu da, baina parekoek ulertzen ez badute komunikazioa ezinezkoa dela dio: “Gauza bat da kafe bat edo liburu bat eskatzea, baina elkarrizketa luzeagoetan ezin da. Dena dela, egoera horiek balio behar digute hausnarketarako: beti gu gara hizkuntza aldatzen dugunak, euskara beti da bigarren mailako hizkuntza”.

Maialen Arteagaren esperientzia bestelakoa da. Inguru oso euskalduna du etxean, kuadrillan, lanean eta herrian ere bai. Uste zuen euskaraz bizi zela eta  Zornotzan euskaraz bizi daitekeela. Ariketak erakutsi dio beti ez dela hala. Lau adibide eman ditu: ez zeukan bi hizkuntzetan egindako elkarrizketen kontzientziarik, bera euskaraz eta bestea gaztelaniaz, Arteagari ulertu ere egiten ez diola; ez zegoen ohituta buruan izatera etengabe euskaraz egin behar zuela eta konturatu da egun oso batez ere euskara hutsean aritzeko modurik ez zuela izan; jabetu da kuadrillan bi hizkuntzetan jauzika ibiltzen direla; eta orain badaki haserretzen denean edo txantxetan dabilenean gaztelaniara jotzen duela. Gogoeta egiteko balio izan dio ariketak: “Euskaraz bizi nintzela uste nuen, baina ez da horrela. Ariketara arte eroso bizi nintzen B aukera nuelako, alegia, gaztelaniaz egitea. Hori ez egiteko hautua egin dudanean talkak sortu dira”.

Talkak aipatu ditu zornotzarrak. Dena den, argitu du ariketaren helburua ez zela argazki ilun bat erakustea. Jarrera eraikitzailearen bidez indarra non jarri behar den gogoeta egitea nahi dute, hizkuntza erabileraren inguruan jarrera aldaketak bultzatu nahi dituzte, txipa aldarazi eta kutsatu: “Gutako bakoitzak halako jarrera hartuko balu eta bere lagunen artean eragin, zenbat gauza aldatuko lirateke?”.

Andrei Fuchs donibandarrarekin ordenadore bidez aritu ginen. Argazkia: Dani Blanco.

Andrei Fuchs donibandarra biziki pozik da ariketa egin duelako. Hastapenetan zaila egin zitzaion euskara hutsean aritzea, bazekien Baionan eta Donibane Lohizunen ibilita euskaraz aritzea zaila izango zela. Gauza batez konturatu da: leku bazterragoetan edo minoritarioa den jendeak bazuela interesa eta haiekin gehiago egin duela euskaraz. Fuchsek ez dio zortzi egunetan inori azalpenik eman egiten ari zenaz, nahiz eta, adibidez, egunero sartu den okindegi berean ogia erostera: “Ez nuen hori egin nahi, bestela jendeak epaituko ninduen horren harira. Irudi luke erran nahi niola ‘egin niri euskaraz!’. Ez, etorriko naiz ogia erostera egunero goxoki. Kuriositatea piztu nahi nuen. Euskara ez zekitelarik egin nuen leku batzuetan frantsesez, baina beste batzuetan ez. Erakusten nuen frantsesez banekiela, ulertzen nuela, baina berak ikusiko zuen nik hala ere euskaraz egiten nuela. Beraz, badakit frantsesa, baina ez daukat zertan egin hizkuntza horretan”. Jakina, euskaldunak aurkitu ditu, baita euskaraz ez dakielako lankide euskaldunari deitu dionik ere. Mutur ilunak ere ikusi ditu, euskaraz ez zekitenen aldetik; kasik beti aitzakia eman diote: “badut lana”. Ingurukoen artean izan ditu lorpenak. Frantsesezko hizketaldiak euskarara ekartzea lortu du. Ikusi dutelarik Fuchsek bereari eusten ziola, naturalki euskarara jo dute eta ohitura hartu dute. Uste du ohitura hori mantenduko dela.

Gaztealdiak gogoeta egiteko osagai asko azaleratu dituela uste dute lau solaskideek. Buruari eragiteaz gain, hurrengo ekimen praktikoen berri ematerik baduten galdetu diegu eta irribarre egin digute erdi ihesean. Aiartzaguenak praktikatik diskurtsora egin du jauzi di-da batean: “Argi daukagu, euskaraz bizi nahi dugu eta hala bizitzeko baliabideak sortu nahi ditugu”.


ASTEKARIA
2020ko abenduaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude