"Ez zait interesatzen koherentzia estetikorik gabeko debaldeko nahasketa"

  • Xabier Bastida Abaunz-ek ez du bere lana ikusgarri bihurtzeko txanparik jotzen. Haren arrastoari segika hasten denak Bandcamp helbide bat aurkituko du –Brooklyngo Jollies diskoetxearena–, eta bertan deskribapen labur bat, argazki gandutsu bat eta azal beltzeko disko bat, Ilunpean arnas hotsa entzuten izenekoa, elektronika ilun eta pisutsuzko zortzi kanta biltzen dituena. Nahikoa aitzakia iruditu zaigu harekin bildu eta honetaz eta hartaz hitz egiteko.

Tartean behin Azkoititik Zarautza gerturatu zale da Xabier Bastida, eta egun horietako bat aprobetxatu dugu hango terraza batean hitz-aspertua egiteko, artean EAEn tabernak ixteko agindua eman gabe zegoenean. Uda amaiera da, eguzkiak gogotik jotzen du, eta elkarrizketaren erdian inguruko beste mahai batera mugitzea proposatu du: ahal dela, nahiago itzaletan. Anonimatuarenak ere ez dauka buelta handirik. Besterik gabe, erosoago dago horrela. Etxean kantak egiten eta Soundcloud-era igotzen hasi zen pixkanaka, eta konturatzerako disko bat osatu du. Hanpatuegia zaio “musikari” hitza, halere; “produktorea-edo”, nahiago. Laugarren abizena du Abaunz, hain maite zuen amamaren aurrenekoa eta, batez ere hitzaren soinua atsegin badu ere, izen artistikoa hari keinu txiki bat egiteko aprobetxatu du.

2010 inguruan hasi zinen kantak egiten. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Elektronika asko entzuten nuen garai hartan, eta konturatu nintzen musikari haietako ia denek ordenagailuz ekoizten zituztela kantak. Musika eskolan Cubase ikastaroa antolatu zutela jakitean, kuadrillako batek eta biok izena eman genuen. Baina ez zen bilatzen nuena: instrumentuei begira lantzen zen programa, gitarrarekin zerbait joz eta hura grabatuz. Nik zuzenean ordenagailutik ekoitzi nahi nuen, pluginak, midi teklatua eta halakoak erabiliz. Handik gutxira jakin nuen Amsiak –Azkoitiko DJ eta musika ekoizlea– Ableton-ari buruzko beste ikastaro bat ematen zuela. “Hau da nirea”, pentsatu nuen, eta halaxe izan zen. Gero, nire kontura segi nuen ikasten, Youtubeko tutorialen bidez-eta. Teknikoki ez naiz sekulakoa, baina moldatzen naiz.

Askotariko oihartzunak suma daitezke diskoan. Badu Black Metalaren arrastorik, baina era berean hor da elektronika ilun bat ere. Iturri desberdinetatik datozen atmosfera pisutsuak sortzen dituzu. Nola iritsi zara soinu horretara?

Nire intuizioei fidel izaten saiatzen naiz zeren, beste norbaiten lengoaia imitatzen saiatzen bazara, beti joango baitzara atzetik. Hark hobeto egingo du. Ni ahalegintzen naiz soinu berriak aurkitzen. Lortzen ote dudan, beste kontu bat da. Zein den nire “aldeko faktorea”? Klase guztietako musika entzun izan dudala. Egia da, hor daude metalaren oihartzunak, txikitan ez nuen besterik entzuten: Sepultura, Biohazard, Slayer, Pantera, Metallica, Brujeria... Gero hip-hopera egin nuen jauzi eta hor ere denetik: Def Jux, Griffi, Madlib, J Dilla... Elektronikan ni baino adituagoak direnak ere egongo dira inguruan. Ni, aldiz, ezer izatekotan, aipatutako estilo horien guztien nahasketa naiz, eta lengoaia horretan benetakoa izaten saiatzen naiz.

Irakurri dizut ihes egin nahi duzula soinu artifizialetik. Zer esan nahi duzu horrekin?

Ez naiz soinuaz beraz ari, zeren niri “makina” soinua asko gustatzen zait. Nik soinu desberdinak nahasten ditut, eta horrelakoetan arriskua izaten da nahasketa hori sinesgarria ez izatekoa. Hori saihestu nahi nuke: gauzak nahaste hutsagatik nahastea, halako “arrarotasun”-aren bila. Ez zait interesatzen koherentzia estetikorik gabeko debaldeko nahasketa, ezinbestean emaitza behartu batera eramaten zaituena. Ihes egin nahi dut hortik, kosta ala kosta.

Askotan aurkitu duzu zure burua ataka horretan?

Ez pentsa. Egia da kantak amaitutzat jotzea kostatzen zaidala. Askotan, zerbaitekin kateatu antzera banabil, egon naiteke lanean, eta burua martxan jartzen zait: “Kanta horretan hau egin behar diat!”. Baina gero hasten zara ideia hori gauzatzen, eta ez du funtzionatzen. Beste batzuetan, kasualitate hutsez iristen naiz zati batzuk sortzera. Zerbait amaitutzat eman ondoren ere burua bueltaka hasten zait, “hau edo bestea moldatuko banu”, baina oro har gustura gelditzen naiz. Denboraren irizpidea izaten da sendoena: zerbait azkarregi amaitzea arriskutsu gerta daiteke; aldiz, amaitu eta bi hilabetera bizirauten badu, seinale ona izaten da.

Brooklyngo (AEB) Jollies diskoetxearekin argitaratu duzu. Nola sortu zitzaizun horretarako aukera?

Dena Soundclouden gertatu zen. Egia esan, mundu bat dago hor. Aurreko hamarraldia bereziki indartsua izan zen Soundclouden, egun oso ezagunak diren musikari asko –Post Malone edo Lil Uzi Vert, adibidez– bertan hasitakoak dira. Eta elektronikako apusturik berritzaileenak ere bertan sortu ziren. Hor ibiltzen nintzen ni, bata eta bestea segitzen, nire kantak igotzen… eta halako batean, Jolliesekoek mezu bat idatzi zidaten, nire materiala gustatu zitzaiela eta ea zerbait bidaltzerik baneukan. Kuxkuxeatu nuen beren kanalean, eta kasete bat besterik ez nuen aurkitu, bilduma bat, nik egiten nuenarekin nahiko bat zetorrena. Fidatzekoak iruditu zitzaizkidan, eta aurrera egin nuen. Beste edonork proposatu izan balit, eta konfiantzazkoa irudituz gero, berdin esango nion baiezkoa. Pozten nau egiten dudana norbaiti gustatzeak, baina ez naiz aritzen lanak diskoetxetara bidaltzen. Tarteka atera izan ditut CD-R batzuk lagunetzat, baina inolako pretentsiorik gabe.

Brooklyngo (AEB) Jollies zigiluaren eskutik argitaratu du bere lana Xabier Bastida Abaunz-ek. Euskal Herriko panorama musikalean nahiko ezohikoak diren soinuak aurkituko ditu entzuleak bertan.

Ilunpean arnas hotsa entzuten deitu diozu diskoari. Lanaren espiritua ondo biltzen duen izenburua, inondik ere.

Iazko azaroan amaitu nuen diskoa. Jolliesekoei bidali behar nien baina ez neukan izenbururik. Eta hala, neguko gau batez, tabernatik etxera bidean kaputxa jarrita nindoala, arnas hotsa inoiz baino garbiago entzuten nuela ohartu nintzen. “Hauxe duk!”, otu zitzaidan. Baina ordura arte, titulurik ez neukan. Kantekin ere antzera pasatzen zait: “lehengoa”, “bigarrena”, “hirugarrena” deitzen diet, oso amaierara arte.

Erosoago zaude soinuen kodean, hitzenean baino.

Hori da. Nik hitzei ez diet sekula garrantzirik eman, hip-hopean salbu. Dut edo Anari entzutean, adibidez –letra onak dituzten bi aipatzeagatik–, ez diet hitzei batere erreparatzen. Eta nire hitzak sortu behar izan ditudanean, konturatu naiz ez naizela eroso sentitzen poetikaren esparruan. Hitz egiten dudan bezala kantatzen saiatzen naiz. Egunerokotasuneko kontuak ditut hizpide. Noiz edo noiz inprobisazio automatikoak egin izan ditut, lehen bozetorako. Bertsio definitiborako inprobisazio horiek moldatzen hastean, kanta erabat izorratzen nuela iruditzen zitzaidan. Azkenean, amaitu nuen bigarren bertsio bat osatzen, inprobisatutako letra horiek ahalik eta gehien erabiliz. Horrela iritsi nintzen gustuko tokira.

“Hitzei ez diet sekula garrantzirik eman, hip-hopean salbu. Dut edo Anari entzutean, adibidez –letra onak dituzten bi aipatzeagatik–, ez diet hitzei batere erreparatzen”

Diskoko azken kanta Akauzazteren remix bat da –Hegoekira Begira–, eta Anariren ahotsa ere bada bertan. Azkoitiko musika mikroklimaren eragina aitortzeko modua al da?

Ni harro nago herriko eszenarekin. Gero, mikroklimaz eta, zaila da hitz egiten. Seguru Matadeixe hor egoteak eragin duela zerbaitetan. Ni ikusle huts izan naiz han, ez dut asanbladetan parte hartu izan. Hori bai, kontzertu bakoitzean, bertan. Akauzazteren kanta horrekin beti flipatu izan dut, eta bai, bada halako omenaldi bat Azkoitiko musikariei. Pilotan bezala, herrien arteko musika txapelketa egingo bagenu, Azkoitia aurkari gogorra izango litzateke [barrez].

Soundcloudeko mundua aipatu duzu lehen. Sumatzen al duzu bozgorailu nagusietatik kanpoko eszenarik? Inguruko zein artista sentitzen dituzu gertuko?

Sareak beti egoten dira. Aipatuko nizkizuke Bilboko Eclectic Reactions Records-ekoak, Crystal Mine zigilukoak… eta artista solteak ere bai: Telmo Trenor gertuko sentitzen dut, Paezur azpeitiarra, Rrucculla, Mark Luva eta bere Sweat Taste zigilua, edo Elsso Rodriguez rapeatzaile bilbotarra. Rocka ere gustatzen zait: Lisabö, Akauzazte, Anakrosis, Killerkume, Borrokan edota Puro Odio, orain gutxi ezagututako hardcore taldea. Soma Cult azkoitiarrak ere interesgarriak iruditzen zaizkit, rock psikodelikoa egiten dute. Erkiziak, Elena Setienek eta Grande Daysek atera duten lan bateratuak ere itxura ona du. Eta DJen artean, hor dira Katza, Balza, Atodamadre, DJ Mikel hondarribiarra… Pixka bat mitifikatzen dugu 90eko hamarkadako eszena, baina egun badira gauza interesgarriak. Musika elektroniko mota bat, adibidez, orain gutxi errotu da hemen. Lehen baziren house, progressive edota technoa, baina elektronika minoritarioagoa apenas entzun izan da hemen, Paraleloan edota Oreka ekimenak hasi ziren arte. Azkenaldian, elektronika gelditu samar antzematen dut. Orain dena da musika urbanoa: trapa eta abar. Eta ez dut euskarazko musika urbano interesgarririk ezagutzen.

Bakar bat bera ere ez?

Ezagutzen dudan euskarazko trapa Wazemanken mailakoa da. Euskal Herrian trapa ganoraz egiten dutenak etorkinen seme-alabak dira. 18-20 urteko gazteak gauza onak egiten ari dira Bilbo inguruan. Nickzzy edo The Poing, adibidez. Gaztean jartzen dituzten talde euskaldun ia guztiek baino zenbaki askoz hobeak eskuratzen dituzte Youtuben, gainera. Nahiko “komertzialak” dira, irratian erraz asko jartzeko modukoak, baina inork ez ditu inon aipatzen. Gaztelaniaz abesten dutelako? Horregatik ote da? Belakok ingelesez abesten du eta ate handirik sartzen dira. Zergatik gertatzen da kontrakoa hauekin? Non bizi garen erakusten digute halakoek. Iruditzen zaigu progreenak garela, baina asko daukagu oraindik egiteko.

Zer asmo aurrerantzean?

Ari naiz zerbaitetan, baina ez dut gehiegi aurreratu nahi. Nik uste hemendik aurrera nik aterako ditudala nire lanak. Binilo bat argitaratu nahi nuke, ahal bada. Disko honetan bidezidor bat hartu dut, eta eroso nago bide horretan. Hortik tiraka aterako da beste zerbait, ziur, baina ez daukat presarik. Nahi dudanean nahi dudana egiten segi nahi dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika elektronikoa
2022-09-23 | ARGIA
Zuberoan Hitza Hitz, musika urbanoaren jaialdia asteburu honetan

Hitzez Hitz festibala egingo dute estreinakoz Mauleko Jai Alai zelaian irailaren 23an eta 24an. Duela urtebete sortu zuten Festibalerat elkartea jaialdi hau antolatzeko eta 20 taldek musika urbanoa joko dute.


Ikaragarri bilakatu

Kronika hau aldez aurretik idatz nezakeen, dantzalekuko esperientzia sentsoriala karaktere gutxitan deskribatzea zaila bada ere. Diskurtso hegemonikoa ere gailendu da kultura ofizialaren arrakaletatik kanpoko adierazpenetan. Lur azpian gertatzen denaren kontakizuna eskura eman... [+]


2021-04-18 | Kepa Matxain
Amsia
"Makinen mugak bilatu nahi ditut"

Inguruotako elektronika giroan ibilbide luzeenetakoa duen artista da Amsia. Hogei urtetik gora daramatza klase guztietako hardware, sampler, sintetizadore eta ordenagailuz inguratuta, soinu bidaiak izan nahi duten kantuak ekoizten. Ez du oso gustuko palestrara ateratzea, baina... [+]


Aitor Etxebarria, musikaria
"Elektronikaren industriarekin desliluratua bukatu dut"

Munduko bazter ugaritan utzi du bere marka musika elektronikoko musikari eta DJ bezala; ezabaezineko lorratza da El Txef-A-rena, baina aldi batez bere alderdi hori isilarazi du, barneko musikari heterodoxoari ate-leihoak zabaltzeko. Markak filmerako egindako soinu bandatik... [+]


2020-02-02 | Xalba Ramirez
Hegan egiteko, Lumi

Lumik eman digu neguko haize eta hotzari aurre egiteko aukera. Itzal zikinak lan berria aurkezten aritu dira Orbeleko lagunekin, aretoa erdi bete erdi hutsik zutela. Bertaratu ez direnen kalterako. Zoragarria izan da.


Eguneraketa berriak daude