"Makinen mugak bilatu nahi ditut"

  • Inguruotako elektronika giroan ibilbide luzeenetakoa duen artista da Amsia. Hogei urtetik gora daramatza klase guztietako hardware, sampler, sintetizadore eta ordenagailuz inguratuta, soinu bidaiak izan nahi duten kantuak ekoizten. Ez du oso gustuko palestrara ateratzea, baina Kukuherri disko berriaren aitzakian mintzatzeko gonbita onartu eta bere etxean hartu gaitu. Tea eta intxaurrak prest, bere ibilbideaz hizketan hasi eta konturatzerako aipatu ditu 90eko eszena, mainstream-a eta underground-a, edota egungo musika merkatuaren keriak.

Argazkiak: Amsia
Argazkiak: Amsia

Musikan lehen pausoak bateria jotzaile gisa eman bazituen ere, betidanik erakarri dute makinek Javier Ucar ‘Amsia’ (Azkoitia, 1976). Aitak zaletuta inguratu zen ordenagailu mundura, bideo-jokoekin hasieran, musikarekin geroago. Ordutik, teknologia informatikoaren bilakaera bertatik bertara ezagutu du, eta bidean geratu diren makina zaharkituekin jarraitzen du kantu berriak sortzen. Bateria ahaztuxea izanagatik, oraindik perkusiotik abiatzen da kantuak egiterakoan. “Musikan pentsatzean perkusioan pentsatzen dut, melodian baino askoz ere gehiago”. Kukuherri disko berrian –Series Negras eta Zona Watusa diskoetxeek kaleratua, biniloan eta kasetean, hurrenez hurren– azken urteetan egindako lanak bildu ditu. “Onena da ez dagoela pandemia garaiko ezer, dena da askoz aurretikoa. Argitaratzea kostatu ohi zait, ordea”. Behin zerbait kaleratzen hasita, selektiboa izan da: sarean zintzilikatu beharrean, posta bidez egin du promozioa, entzule aproposak izan daitezkeenei zuzenean bidaliz. “Entzuleari produktuari baino garrantzia handiagoa emateko modu bat da. Azken batean, lan sentsiblea da, eta mimo pixka bat behar du”.  

Nolakoa zen inguruotako musika eszena zu hasi zinen garaian?

Belaunaldi aldaketa bat ari zen gertatzen. RRVaren [Rock Radical Vasco] itzalak hor zirauen, baina gainbehera moduko bat suma zitekeen. Justu orduan hasi zen Arto Artian proiektua. Nik Matadeixen kontzerturen bat emana nuen ordurako. Garai hartan, 713avo Amor-eko Carlos Desastre etorri zen hona bizitzera, eta behin esan zidan: zatoz gurekin biran. Izen bat behar nuen kartelean jartzeko. Orduan, lokalean zegoen marrazki baten harira, Amsia otu zitzaion –kotxe marka bat da, eta panpina japoniar bat–. Haiekin ibili nintzen biran Malagan, Valentzian, Bartzelonan, Zaragozan, eta inguruotan ere bai. Gertatzen da hemen beti izan dela zail samarra kontzertuak ematea. Bazegoen gaztetxeetako eszena, baina musikaren ikuspegi aldarrikatzaile eta borrokalaria nagusitzen zen, eta hor sartzen ez ginenok eszena horretatik kanpo geratzen ginen. Kontzertu batzuk eman nituen, noski, baina programazio irizpide orokorra beste bat zen.

Carlos Desastrerekin lau urtez kolaboratu ondoren, bakarrik ekin zenion.

Bai, 2003an jaialdiz jaialdi hasi nintzen, bakarka: Sonar, Confluencias, Elektronikaldia, MEM, Ertz… Harrigarria den arren, konturatzen naiz garai hartako ekipoaren antzekoa erabiltzen dudala oraindik ere. Orduko ordenagailuek ez zeukaten egungoen indarrik, eta hardwareak erabiltzen ziren musika ekoizteko. Egun, aldiz, soinu prozesu gehienak ordenagailu bidez egiten dira. Hardware haiek erabat debaluatuta daude, baina nik horiexek bilatzen ditut. Belaunaldi kontua ere izan daiteke. Badago hor zerbait, funtzionamenduan, lan egiteko moduan, sortzen duten soinuan, asko interesatzen zaidana.

Zer, zehazki?

Makinen mugak bilatu nahi ditut. Sortzeko hardwarea erabiltzen duzunean, dituen aukera eta mugak esperimentatzen hasten zara. Esaterako, sistemak sortu ditut ikusteko ea zenbat nota onartu ditzakeen makina batek. Iristen da une bat nota gehiago onartzen ez dituena, eta orduan gauza arraroak egiten hasten da, ez dagoelako horretarako diseinatuta. Momentu horretan hasten da niretzat soinuaren izaera interesa edukitzen. Askotan proba horiek ez dute balio musikalik, baina sortze prozesuaren parte dira. Disko berrian soinua lantzeko modua aldatu egin dut. Musika elektronikoan gabiltzanok normalean soinu sintetikoen bila ibiltzen gara, baina oraingoan instrumentu klasikoen samplerrak izan nahi duten soinuak sartu ditut, erabat zaharkituta geratu direnak. Entzuten duzu tronpeta, eta esaten duzu: “Hori ez da tronpeta bat”. Hori bilatu dut: bigarren bizitza bat ematea tronpeta soinurik ez duen tronpeta horri.

"Nire diskoak eman dezake oso kaotikoa, baina norabide garbia dauka, badakit nora jo nahi dudan"

Sintetizadoreekin esperimentatzetik abiatu dituzu kantuak.

Bartzelonako Befaco enpresan sintetizadore modularrak diseinatzen eta eraikitzen igaro ditut azken lau urteak. Froga asko egin behar dira lan horretan, eta testatze horiek guztiak musikara eraman ditut. Disko berrian konposizioa ez da sortze prozesuaren oinarria izan. “Gisa honetako edo besteko kantu bat egiten hasiko naiz”… ez. Gehiago izan da: “Makina hauek testatuko ditut, eta hor sortzen diren sistema txiki autonomoetan esperimentatuko dut”. Zentzu horretan, musikariek baino gehiago eragin didate zenbait sintetizadore egilek –Doepfer, Mutable Instruments edo DIY (Do it yourself) eszenak, kasurako–, haiek sortutako makinetatik garatu dudalako soinua. Behin soinua lortutakoan, muntaiara igarotzen naiz. Pieza montatzen dut, piezak berak iradokitzen didan bideari jarraituz. Aurreko diskoetan abesti egiturako pieza gehiago daude. Oraingoan, berriz, azken urteotako lan-moldetik geratu dena bildu dut.

Nahiko prozesu arrazionala ematen du.

Bai, soinuaren muntaia prozesua arrazionala –edo nahi baduzu teknikoa– da. Dena den, emaitza musikalak abstrakziora garamatza, eta hori da gainera bilatzen dudana. Horregatik ez naiz ondo ezkontzen “esperimentala” etiketarekin. Musika esperimentala egingo nuke emaitza aurreikusi ezingo banu. Nire diskoak eman dezake oso kaotikoa, baina norabide garbia dauka, badakit nora jo nahi dudan. Bidaia bat bezala ulertzen dut, bere hari narratibo eta guzti, bidean aniztasuna biltzen duena. Beraz, bai, prozesua sintetizadoreekin egindako forma esperimentaletatik abiatzen da, baina behin forma ematen hasten naizenean esperimental izateari uzten dio. Gertatzen da, ordea, “esperimentala” etiketa erraza bihurtu dela, patroi batzuen barruan kabitzen ez den musika guztia katalogatzeko balio duena.

Nola deituko zenioke egiten duzunari?

Soinu collagea egiten dut, nahi gabe lotura daukana 60ko hamarkadan egiten zen musique concrète delakoarekin, orduko artista haiek makinak erabiltzeko aukerak nola ikusten zituzten erreparatuz gero. Soinu makinen iraultza handia grabagailu-erreproduzitzailea izan da. Oso asmakizun modernoa da. Joan den mende hasierara arte, musika entzuteko modu bakarra zen norbaitek instrumenturen bat jotzea. Gramofonoak asmatzearekin bat musika erreproduzigarri bihurtzen da, kapsulatu egin daiteke estreinakoz. Hori sekulako aurrerapena da abangoardiako musikarientzat, hortik abiatuta teknika mota desberdinak sortzen direlako: azeleratzea, frenatzea, moztea, itsastea… gaur egungo sampler gehienak teknika horietan oinarritzen dira. Eta egon zen musikari korronte bat teknika horietan arakatu zuena: Pierre Schaeffer, Bernard Parmegiani, Tod Dockstader… Musikari horiek egiten zutena gertukoa sentitzen dut. Nire sortze prozesua aldatu dut, baina soinu aldetik lehen diskoaren tankerakoa da kasik hogei urte geroago. Musikan hainbeste denbora daramazunean, zailena izaten da motibatzen zaituen soinua topatzea. Ildo bat definitzen duzu, eta ohartzerako agortzen zaizu. Orduan, birpentsatu behar duzu dena, bide beretik segitzeko gauza berbera egin gabe. Zeren sorkuntzan ez aurrera ez atzera gelditzea putzu batera erortzea da. Berdin du zein arte diziplinatan.

"Arrakasta [ekitaldi handiekin] identifikatzea ez dut konpartitzen. Ni beste zerbaiten bila nabil"

Askotan gertatu zaizu?

Etengabe. Oraintxe bertan, adibidez, sentitzen dut agortzen ari naizela orain arteko bidea. Trabatu sentsazio horretatik ez zara ateratzen ez bada lanean jarraituz. Beste hark zioen moduan, inspirazioak lanean harrapa nazala. Laguntzen dit une horiek gainditzen, esaterako, makina berri bat erosteak –bigarren eskuko bat, merkea–; edo makinaren baten manuala irakurtzeak –gehienetan ez baititut irakurtzen–; edo musika entzuteak. Bakarrik lan egitera ohituta zaudenean, on egiten du beste jende batekin lan egiteak ere. Norbera proiektu osoa izan beharrean, proiektu zabalago bateko parte soilik izatea. Aritu naiz, adibidez, antzerkian Berta Tarragó-ren Porcopolis proiektuan, Juan Navarro eta Pablo Gisbertekin; edo Izibene Oñederraren animazioetan soinua egin izan dut; edo Ander Agudo (Rayo-60) musikariarekin elkarlanean egin nuen Cúmolo bala diskoa. Kukuherrin ere Tomomi Kubok lagundu dit Shinjuku piezan. Japoniar bartzelonartua da eta Ondes Martenot izeneko instrumentu berezia jotzen du. Tokioko auzo batetik dator piezaren izenburua. Tomomiren laguntzaz, iruditzen zait ondo jaso dudala han izandakoan barneratutako “auzoaren espiritua”.

Nonbait irakurri dut, zure garaiko mediokritatetik ihesi dabilen artista zarela. Hala sentitzen duzu?

[Barrez] Ez dakit nork idatziko zuen hori. Baina ezin naiz ase beti formula bera errepikatuz. Musikatik gutxien interesatzen zaidana horixe da. Musika taldeak ikusten ditut arrakastaren bila, egindako lanaren ordaina hori balitz bezala. Baina arrakasta, egiaz, hain da erlatiboa… 40 disko saltzea arrakasta da? Eroslearen arabera, agian sekulakoa. Baina apustua gogor egin duen edonorentzat 40 disko saltzea bizitzako porrota da. Musika utziko lukete.

Garaiaren sintoma ere bada. Dena zifretan neurtzen dela ematen du, baita kultura ere.

Ulertzen dut horrek ere egon behar duela, denak ezin duela oinarritu hogei lagun mugitzen dituzten artistengan. Baina musika mainstream-a ez dut nire bezala bizi, interes batzuek mugitzen duten industria baten produktu gisa baizik. Hor daude ekoiztetxe batzuk, eta lan egin behar duen jende asko, eta jende horrek guztiak behar ditu musikari izar horiek, entzule asko erakar ditzaten, eta era horretara makinaria osoa mugitu dadin. Ekitaldi handiek segi behar dute, asko bizi dira hortik. Ni ere izan naiz soinu teknikaria. Baina arrakasta horrekin identifikatzea ez dut konpartitzen. Ni beste zerbaiten bila nabil.


ASTEKARIA
2021eko apirilaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika elektronikoa
2022-09-23 | ARGIA
Zuberoan Hitza Hitz, musika urbanoaren jaialdia asteburu honetan

Hitzez Hitz festibala egingo dute estreinakoz Mauleko Jai Alai zelaian irailaren 23an eta 24an. Duela urtebete sortu zuten Festibalerat elkartea jaialdi hau antolatzeko eta 20 taldek musika urbanoa joko dute.


Ikaragarri bilakatu

Kronika hau aldez aurretik idatz nezakeen, dantzalekuko esperientzia sentsoriala karaktere gutxitan deskribatzea zaila bada ere. Diskurtso hegemonikoa ere gailendu da kultura ofizialaren arrakaletatik kanpoko adierazpenetan. Lur azpian gertatzen denaren kontakizuna eskura eman... [+]


2020-11-29 | Kepa Matxain
Xabier Bastida, 'Abaunz'
"Ez zait interesatzen koherentzia estetikorik gabeko debaldeko nahasketa"

Xabier Bastida Abaunz-ek ez du bere lana ikusgarri bihurtzeko txanparik jotzen. Haren arrastoari segika hasten denak Bandcamp helbide bat aurkituko du –Brooklyngo Jollies diskoetxearena–, eta bertan deskribapen labur bat, argazki gandutsu bat eta azal beltzeko disko... [+]


Aitor Etxebarria, musikaria
"Elektronikaren industriarekin desliluratua bukatu dut"

Munduko bazter ugaritan utzi du bere marka musika elektronikoko musikari eta DJ bezala; ezabaezineko lorratza da El Txef-A-rena, baina aldi batez bere alderdi hori isilarazi du, barneko musikari heterodoxoari ate-leihoak zabaltzeko. Markak filmerako egindako soinu bandatik... [+]


2020-02-02 | Xalba Ramirez
Hegan egiteko, Lumi

Lumik eman digu neguko haize eta hotzari aurre egiteko aukera. Itzal zikinak lan berria aurkezten aritu dira Orbeleko lagunekin, aretoa erdi bete erdi hutsik zutela. Bertaratu ez direnen kalterako. Zoragarria izan da.


Eguneraketa berriak daude