Uda luzatzeko

  • Telmo Trenor Egiako (Donostia) beatmaker ezaguna da. Hip-hoparen munduan hasi zen baseak eraikitzen, Gallinero All Stars edo %100 Gourmet-en. Heat diskoa aurkeztu du uda hasieran Elsa Records zigiluarekin. Erritmo funk-kaliforniarrak, hondartzak eta palmerak gogoan izan ditu disko fresko eta ñabarduraz betea osatzeko. Baina adi, bera ez da disko jartzailea –noizbehinka horretan ere aritzen den arren–. Trenor musikaria da, eta bere instrumentu nagusia samplerra.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nola sortzen du diskoaren ideia? Zergatik egin nahi izan duzu?

Maps diskoaren ostean oso gustura geratu nintzen arren, zerbait dantzagarriagoa egin nahi nuen, baina ez zitzaidan atera. Horregatik egin dut disko hau: ez da goizeko ordubietan dantzatzeko musika ere, baina mugituagoa da, disco-agoa.

Bi edo hiru abesti egin nituen eta gustura ikusi nuen nire burua, disko bihurtu zitekeela ikusi nuen, baina tartean gauza asko egon ziren, Pelaxekin elkarlanean egindako diskoa adibidez. Azkenerako bukatu nahi nuen eta hiru kanta egin nituen diskoa osatzeko. Baina bestela hiru-lau urtetako prozesua izan da.

Udatiarragoa da.

Banekien uda partean aterako zela, eta dena erlazionatu nahi izan nuen. Erritmoak eta estetika osoa ere beroagoak dira. Hau azaroan ateratzeak agian ez zeukan hainbeste zentzu. Estetikoki ere, norabide hori eman nahi izan diot. Julieta Metralletaren artwork itzel horrekin oso dotore geratu dela uste dut.

Helburua beteta?

"Bonboa beltzetan jotzen da denbora guztian edo tempo jakin batzuk aukeratzen dira salgarriagoak direlako"

Niretzat diskoa edukitzea zen helburua. Nahiko ondo saltzen ari da, eta leku nahikotxotan zabaldu dugu. Elsa Recordsekin atera dut [Dabadaba aretoaren zigilua] eta antza, gehien saltzen ari dena da. Atera duten DJ material bakarra izanik ez da hain harritzekoa, ziurrenik jendeak gehiago entzungo du Vulk nire diskoa baino (kar, kar).

Niri ere dantzagarriagoa iruditzen zait, baina ez da hain pistarakoa ere, bonboak nota beltzak jotzen ditu disko osoan.

Gustatuko litzaidake technoa edo house-a egiten jakitea, baina ez zait ateratzen. Ateratzen zaidana da 110 bpm-ko kantak egitea. Igual hurrengo diskoan norabide horretan sakontzen saiatu naiteke.

Eta zergatik joaten da beti horra?tem

Egia esan, erabaki komertziala ere bada. Bonboa beltzetan jotzen da denbora guztian edo tempo jakin batzuk aukeratzen dira salgarriagoak direlako, horrelako musika goizeko ordubietan programatzea errazagoa delako. Nirea hobeto sartzen da 21:00etan, baina ez da banda bat eta ez zaituzte kontzertuak emateko kontratatzen, beraz oso terreno anbiguoa da. Salgarriagoa litzake technoa 120era.

Zuk Gangsta Funk estiloa nahiago, beraz.

"Gustatzen zait binilo fisikoak hartu eta gordetzea, gehiago apreziatu eta zaintzen duzu edukia"

Nire background guztia hip-hopa eta funkya dira, eta elektronika entzuten hasi naiz duela ez hainbeste, bost urte inguru. G-Funk, P-Funk eta Funkadelic-i lotutakoak beti haluzinatu izan dit. West Coast-ari lotutako rap kultura osoa gehiago gustatu izan zait New Yorkekoa baino adibidez. Orduan, ahuntzak beti larrera, egiten ari naizen prozesu horretan ez zait ateratzen besterik: baxuaren arpegioa izan beharrean slap bat. Saiatzen naiz batzuetan, baina gero pentsatzen dut “hau guapoago dago-eta!”. Omentzeko bide bat ere izan da disko hau.

Baxu horiek sinteekin egiten dituzu? Edo instrumentuetara jotzea nahiago duzu?

Denetarik, askotan baxu bat da sinte bat, baxu sample bat eta igual lagun batek jo didan nota bat; eta hirurekin puzzle bat egiten dut, melodia ezberdinak muntatzen. Bai melodiak, baita testurak ere.

Sampleak aipatu dituzunez, interesatzen zait atzetik dagoen filosofia. Batzuentzat badirudi kopiatzea dela, baina berez justu kontrakoa da ezta? Besteek egin dutenean oinarritzen zarela onartu, zerbait berria sortzeko.

Talde bat sampleatzen baduzu, zure soinu horrek beti izango du talde horren ukitu bat. Kalitate txarreko audio bat sampleatuz gero, beti izango da lo-fi egiten duzuna. Beste gauza bat da zer eduki egiten duzun. Dena sampleatu daiteke, Youtubeko mp3 bat ere sampleatu dezakezu. Hor dogmak eta horrelakoak sartzen dira... diamantezko orratzarekin sampleatzen dutenak ere badaude!

Denboren gaia ere hor dago, ez da gauza bera fusilatzea abesti baten 40 segundo edo hiru. Ni joaten naiz ia beti gauza solteen bila. Denda batera joaten naizenean, biniloen ildoei erreparatzen diet. Diskoetan pista asko badaude ildoetan nabaritzen da, juntatuta dagoelako, eta pista gutxi badira –piano bat edo saxo bat solte– ildoen artean espazio gehiago dago. Hor topatzen ditut harribitxiak!

Argazkia: Dani Blanco.

Disko honetan ere dena binilotik sampleatu duzu? Nolakoa da lan hori?

Saiatzen naiz horrela egiten, baina denetarik dago, digitalak ere badaude. Biniloetatik egiten dena sampler digitalarekin egiten dut: erreproduktorea samplerrera konektatu eta chopeatzen noa –pistak mozten, alegia– ondoren nahieran berrantolatuz.

Eta zergatik horrela eta ez Youtubetik hartuta?

Askoz dibertigarriagoa delako, eta testura ezberdinak sortzen direlako. Gainera gustatzen zait binilo fisikoak hartu eta gordetzea, gehiago apreziatu eta zaintzen duzu edukia. Halere, ez naiz batere purista, internetetik ere hartzen ditut.

Horrela egiteak ez al dizu mugatzen sorkuntza, dauzkazun biniloetara?

"Dena sampleatu daiteke eta dena enkajatu daiteke edozein tokitan. Ia dena"

Noski, baina nik erabakitzen dut. Hasieran gerta daiteke sample bat edukitzea eta hortik kanta bat egin daitekeela pentsatzea, baina niri ez zait gustatzen. Saiatzen naiz gehiago nahasten, zatiak gehitzen... Mashup deitzen zaio bi kanta uztartzeari; nik agian hamazazpi mashup egiten dut kanta bakarrean! Ordu asko dira baina niretzat dibertigarriena hori da.

Aurreko lanean samplea zen oinarria eta horren arabera eraikitzen nuen kanta osoa. Honetan bietatik gehiago egin dut, batzuetan baxua da oinarria eta gero sartzen diot samplea. Nire teoria da ia dena sampleatu daitekeela eta ia dena enkajatu daitekeela edozein tokitan. Hortaz, askatasun osoa bilatzen dut.

Zerbait bereziki kuttuna sampleatzeko?

Adibidez badaude gauzak hainbeste gustatzen zaizkidanak, ez baititut sampleatzen, hain zuzen hobetuko ez ditudalako. Bestela, [Eumir] Deodato-ren dena maite dut, baita Gil Scot Heron ere, adibidez: dena sample potentzialak diren diskoak ditu. Herbie Mann txirula jolearen minutu bateko soloa har dezakezu eta hortik 20 sample atera, disko osoko kantentzat.

Baina sample horiek ere garbitu behar dira, zenbat moldatu daitezke?

Garbitzea ia ezinezkoa da, frekuentzia batzuekin bai, baina mugatuta dago. Batzuetan izorratu behar duzu eta zarata sartu, eta beste batzuetan ez du konpentsatzen eta listo. Baina berez posible da, bai. Horregatik ere bilatzen ditut gauza solteak

Donostiako DJ eta ekoizle geroz eta gehiago dagoela zenioen duela gutxi.

Beti egon da eta badirudi egonkortu eta hobetzen ari dela eszena. Ni berria naiz, baina hiri guztietan ikusten ditut mobida berriak. Mugako jaialdia izan da duela gutxi, Ozaetan Harrikada festibalean izan naiz eta Bergarako gaztetxean egiten dira horrelakoak. Noizbehinka horrelako jaialdi alternatiboetan jotzea ederra da, beti aretoetan edo tabernetan ez aritzea.

Rock eszenaren kontrakoa.

Bai, beti nahi dugu daukagunaren kontrakoa ziurrenik!

Musika ekoizleak, DJak, beste musika estiloetara irekiagoak daude rock zaleak baino ezta?

Orokorrean horrela gertatzen dela uste dut, musikarien artean eta “jende normalaren artean” ere. Nire kuadrillako bati errazago sartuko diozu rock abesti bat letrarik gabeko elektronika kanta bat baino. Ez dakit irekitasuna den edo gustu kontua.

Aurreiritzi asko ere badago.

Bai egia da jendeak uste duela bateriarik gabe bagoaz ez garela ezer jotzen ari. Lehenengo gauza: “Ba ez baduzu nahi, ez etorri”. Eta gero egia da, gu ez garela egiten ari jazz live, baina gauza bera esan dezaket Euskal Herriko rock talde onena ikusi eta gero, “atzo Herbie Hancock ikusi nuen eta konparatzen hasita hau kaka bat da”; baina ez da beharrezkoa. Purista eta guai izan nahi baduzu, beti joan zaitezke pauso bat urrunago eta ez inon gelditu. Txorrada bat iruditzen zait iritzi mota hori.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika elektronikoa
2022-09-23 | ARGIA
Zuberoan Hitza Hitz, musika urbanoaren jaialdia asteburu honetan

Hitzez Hitz festibala egingo dute estreinakoz Mauleko Jai Alai zelaian irailaren 23an eta 24an. Duela urtebete sortu zuten Festibalerat elkartea jaialdi hau antolatzeko eta 20 taldek musika urbanoa joko dute.


Ikaragarri bilakatu

Kronika hau aldez aurretik idatz nezakeen, dantzalekuko esperientzia sentsoriala karaktere gutxitan deskribatzea zaila bada ere. Diskurtso hegemonikoa ere gailendu da kultura ofizialaren arrakaletatik kanpoko adierazpenetan. Lur azpian gertatzen denaren kontakizuna eskura eman... [+]


2021-04-13 | Kepa Matxain
Amsia
“Makinen mugak bilatu nahi ditut”

Inguruotako elektronika giroan ibilbide luzeenetakoa duen artista da Amsia. Hogei urtetik gora daramatza klase guztietako hardware, sampler, sintetizadore eta ordenagailuz inguratuta, soinu bidaiak izan nahi duten kantuak ekoizten. Ez du oso gustuko palestrara ateratzea, baina... [+]


2020-11-26 | Kepa Matxain
Xabier Bastida, 'Abaunz'
“Ez zait interesatzen koherentzia estetikorik gabeko debaldeko nahasketa”

Xabier Bastida Abaunz-ek ez du bere lana ikusgarri bihurtzeko txanparik jotzen. Haren arrastoari segika hasten denak Bandcamp helbide bat aurkituko du –Brooklyngo Jollies diskoetxearena–, eta bertan deskribapen labur bat, argazki gandutsu bat eta azal beltzeko disko... [+]


Aitor Etxebarria, musikaria
“Elektronikaren industriarekin desliluratua bukatu dut”

Munduko bazter ugaritan utzi du bere marka musika elektronikoko musikari eta DJ bezala; ezabaezineko lorratza da El Txef-A-rena, baina aldi batez bere alderdi hori isilarazi du, barneko musikari heterodoxoari ate-leihoak zabaltzeko. Markak filmerako egindako soinu bandatik... [+]


2020-01-29 | Xalba Ramirez
Hegan egiteko, Lumi

Lumik eman digu neguko haize eta hotzari aurre egiteko aukera. Itzal zikinak lan berria aurkezten aritu dira Orbeleko lagunekin, aretoa erdi bete erdi hutsik zutela. Bertaratu ez direnen kalterako. Zoragarria izan da.


2018-07-13 | Julia Eckhardt
Eliane Radigue
“Egin nahi dudan musika soinutik harago doa”

Ekainaren 28an kontzertu atipikoa antolatu zuen Tabakalerak Kinestesia: mugimenduaren logika programaren barruan. Occam Delta plazaratu zuten Julia Eckhardt, Yannick Guédon eta Emmanuel Holterbach musikariek, soinuaren eta musikaren esentzia bilatzen duen lau piezako... [+]


2017-11-30 | Kepa Matxain
Rrucculla, elektronika ekoizlea
“Abesti bat egitea munduko musika guztiak elkartzea da”

Orain urtebete inguru erabaki zuen Izaskun Gonzalezek bazela garaia ordenagailuaren aurrean bakarrik pasatako orduei izen bat jarri eta proiektu bat abiatzeko. Horrela sortu zuen Rrucculla, eta denbora gutxian zeresan franko eman du bazterretan. Egun, disko berrian sartuta dabil... [+]


Eguneraketa berriak daude