Pandemian herdoildutako mihiak olioztatzen

  • Milaka ume jokoz kanpo gelditu dira hilabeteotan. Ikastetxea zuten euskara arnasteko gune bakarra eta egun batetik bestera etxeratu zituzten birusaren agerpenaren ondorioz. Euskararik ez etxean, ez aisialdian, ez inon. Ikastetxeak segituan konturatu ziren haien ikasleen mihiek euskaraz aritzeko freskotasuna galduko zutela. Orain, galdutakoa berreskuratzeko ahaleginean ari dira. Donostiako Altza BHI, Durangoko Landako eta Iruñeko Jaso ikastetxeetako egitasmoak ezagutu ditugu.

Horixe da saioaren helburua, ikasleak euskaraz berriketan aritzea, zernahi dela ere gaia. Argazkiko ikasleak Donostiako Altza BHI ikastetxekoak dira. Astean behin euskara ikasgaia eman beharrean mintzapraktika egiten dute. Argazkia: Dani Blanco.
Horixe da saioaren helburua, ikasleak euskaraz berriketan aritzea, zernahi dela ere gaia. Argazkiko ikasleak Donostiako Altza BHI ikastetxekoak dira. Astean behin euskara ikasgaia eman beharrean mintzapraktika egiten dute. Argazkia: Dani Blanco.

Donostian gaude, Altza auzoko BHI Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta batxilerreko eskolan. Maialen Ezkerra zuzendariarekin eta Aitor Arrizabalaga hizkuntza normalizazio arduradunarekin geratu gara. Zuzendariak ikasturte honetan abian jarri duten egitasmoa ikustera eraman gaitu. Ikasgelan sartu gara, eta DBHko hamar bat gazte bakoitza bere mahaian, batetik bestera birus-tartea dutela, irakasleari begira daude. Irakaslea ari da hizketan, baina segituan bukatu du, galdera bat baino ez du luzatu. Hasi da hizketan ikasle bat, gero beste bat, eta beste bat.

12tik 18 urtera arteko ikasle guztiek astean behin euskara ikasgaiaren orduan mintzamena landuko dute, helburua hitz eta pitz aritzea da. Hogei ikasleko gela bitan banatzen dute: erdiek mintzamena eta beste erdiek euskara ikasgaia. Horretarako, jakina, irakasle gehiago behar dira. Oso modu antolatuan ez bada ere, baliabide gehixeago dute orain horrelako gauzak egiteko. Altza BHIn azken bi ikasturteetan irakasle baliabideetan izan duten dantza esanguratsua da: 2019-2020rako, Hezkuntza Beharren Indizea kontuan hartuta, bi irakasle-ordu gehiago lortu zituzten. Joan den uztailean, 2020-2021 ikasturtean bi irakasle gutxiago izango zituztela iragarri zieten. Hala ere, gelak bitan zatitu eta mintzamena lantzeko egitasmoarekin hastea erabaki zuten. Ikasturtea hasi eta gero bi irakasle ekarri dizkiete.

Ikastetxera doazen gaztetxoen %90-95 testuinguru erdaldunetan bizi da eta gurasoak ere erdaldunak dituzte. Eskola ez da auzoaren isla zehatza, auzoan, proportzioan, guraso euskaldunak askoz gehiago dira. Eskolako gaztetxoentzat euskara arrotza da, gaztelania ohiko hizkuntza. Martxotik ekainera oso gutxi landu dute ahozkoa, eskola orduetan sarean egin ahal izan duten apurra, eta uda osoan ezer ere ez. Hainbat hilabetez ez dute euskararen beharrik izan. Arrizabalagak honela deskribatu du euskaraz duten gaitasunaren eta hizkuntzarekiko jarreraren arteko uztarketa: “Euskararen beharra sentitu behar dute, baina ohikoa ez da hala gertatzea. Gure institutuan gustuz eta gogoz erdaraz egiten dute. Guk aritzera behartzen ditugu, hizkuntza lantzen dute, gaiatasuna dutenean lasaiago sentitzen dira, eta horrela ateratzen duzu gustua”.

Jaso Ikastolan beldur ziren ea itxialdiko herdoilaren ondoren, ekainean, haien haurrak gai izango ote ziren hizkera ez formalean, pantaila bidez, solasaldiak izateko

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Girotze Barnetegiak kendu izana zer iruditzen zaien galdetu diegu eta Arrizabalagak hala erantzun digu: “Oso erabilgarriak dira, bekatua egin dute. Gure ikasleek arigune-ak behar dituzte. Orain daukaten arigune bakarra da irakaslea ikasgelan, eta ez da nahikoa”. Arigune-ak Euskaraldiaren aurtengo berrikuntza dira. Euskaraz aritzeko gune babestuak dira, kideen artean hala adostutakoak. Institutuan halako bat sortzeko gogoz daude Arrizabalaga eta Ezkerra, herdoila astintzeko bi gauza behar baitituzte gazteek: haien buruengan konfiantza eta aritzeko lekua.

Galdutakoa berreskuratuko dute baldin eta baliabideak jartzen badira

Zigor Ibarzabal Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna da. Aurrez aurreko eskolarik gabeko hilabeteek eta ondoren udako etenak erabileran ikasle denei ez diela berdin eragin azpimarratu du. Galeraren faktoreak askotarikoak izan daitezke, dio Ibarzabalek, baina bere ustez, argi adierazi daiteke testuinguru hurbilean euskaraz aritzeko ezintasuna izan duten ikasleak izan direla gehien pairatu dutenak, eta egoera horretan ikasle asko daude. Itxialdian familia giroa gakoetako bat izan dela azpimarratu du, baina ez bakarra: “Etxean euskaraz aritzen ez den pertsona batek bere inguruan euskaraz jarduteko aukera asko izan ditzake, izan bere lagun taldean euskaraz jarduten dutelako, izan euskaraz irakurtzeko joera handia duelako, izan euskarazko kultur eskaintza kontsumitzen duelako...”.

Eskola orduetan eta eskola orduetatik kanpo interakzio gutxi izan dute ikasleen artean, eta helduek bezala haiek ere, aisialdia beste modu batez antolatu dute: “Telebista, sare sozialak eta internet izan dira momentu horiek betetzeko erabili ditugun baliabideak eta testuinguru horietan euskarazko ekoizpen eta erreferente gutxi ditugu. Ondorioz, gazteleraz kontsumitzera jotzen dugu”.

Itxialdia hasi eta laster hezkuntzako eta euskalgintzako eragileek ohartarazi zuten balizko ondorioez. Ibarzabali galdetu diogu ea erabileran izandako galera berreskuraezina den. Berak dio berreskuratzeko modukoa dela, baina ez dela egun batetik bestera berreskuratuko, ezta era automatikoan ere: “Baliabideak eta estrategia zehatzak behar dira horretarako, lehendik ere arazoak genituen euskararen erabilerarekin eta hizkuntzaren zuzentasunarekin eta horretan inbertsio estrategikoak egin behar genituela behin baino gehigotan aipatu dugu”.

Naiara San Anton, Landako eskolako ikasketa burua: “Gaitasuna garrantzitsua da, baina euskaraz bizitzea nahi baduzu prest egon behar duzu, eta lotura bat izan behar duzu hizkuntzarekin. Gaztelaniaz esaten zen 'la letra con sangre entra'. Bada ez, horrela ez”

Galdera bera egin diogu Iñaki Eizmendiri. Sentsazioa du ondorioak hain larriak ez direla izango, baina gaiari astindua eman behar zaiola argi du. Eizmendik kudeatzen duen Ebete enpresak euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak eskaintzen ditu. Eizmendik esperientzia handia dauka ikastetxeetako irakasle, ikasle eta gurasoekin. Hilabeteetako geldialdiak bi ondoriotan erreparatzera eraman du. Batetik, ikaskideen artean euskaraz egitea zailagoa egingo zaie, udan ez direlako euskaraz aritu edo ikaskideekin egon direnean (aurrez aurre, interneten edo sare sozialetan) gaztelaniaz aritu direlako. Ikasturtea hasi eta hizkuntza aldatu behar dute eta ohiturak aldatzea ez da batere erraza izaten. Bigarren ondorioa jarreran antzemango dela uste du Eizmendik. Gazteek halako zerbait esan dezakete: “Orain euskaraz hasi behar dut? Ederki egon naiz bada hilabete hauetan!”. Jarrera hori ez dela traumatikoa izango uste du, baina pixka bat sumatuko dela.

Pandemia aurretik ere ikasleen erabilera areagotzeko baliatzen zituzten metodoak kontatu nahi izan dizkigu: “Gauza berak kontatuko dizkizut, baina orain larritasun handiagoa dugu horretan indarra jartzeko”. Bi gako dira oinarrizkoak bere ustez: irakaslearen jarrera eta ahozkoari lekua egitea ikasgelan. Irakasle berritsuaren figura azaltzen die irakasleei ikastetxeetara doanean: “Irakasle guztiek mezu oso antzekoekin eta modu koordinatuan aritu behar dute. Irakasleekin duten harremanak izan behar du lehenengo arnasgunea, irakasleek ezin die utzi ikasleek haiei erdaraz egiten. Etxea eta kalea ez badira, gutxienez irakaslearekin duten harremanak izan beharko du arnasgunea”. Ahozkoari lekua egin behar zaiola dioenean ikastetxeetan hizketarako egoera babestuak sortzeaz eta prozedurak zaintzeaz ari da. Artikulu honetan azaldu ditugun Altzakoa eta Durangokoa dira adibide: talde txikiak egin eta denak eroso aritzeko giroa sortu.

Lotsatientzat ere bai

Durangoko Landako eskolan Altzakoan bezalatsu gertatu zaie. Hezkuntza Sailetik jardunaldi osoko eta hereneko irakasle-orduak eman dizkiete. IKTetarako eta euskara indartzeko ziren baliabideok. 3 urtetik 12 urtera arteko haurrak jasotzen dituzten eskolan ez dute zalantzarik egin, ordu guztiak euskararentzat izango ziren. Amara Berri hezkuntza sistema dute ikastetxean eta ikasleak ohituta zeuden egunerokoan antzerkia egiten edo telebista eta irratitik ipuinak, olerkiak, albisteak ematen; ahozkotasuna lantzen, alegia. Naiara San Anton ikastetxeko ikasketa buruak esaldi bakarrean laburtu du itxialdian gertatutakoa: “Ahozkotasuna meet-etara [sare bidezko solasaldietara] mugatu zen, eta familien ardurapera”. Bazekiten ahozkotasunak kalte handia jasango zuela, eta ez dio euskarari bakarrik eragin, gaztelanian eta ingelesean ere antzeman dute ikasleen ezina. Dena den, euskararen galerak kezkatu ditu bereziki.

Aitor Arrizabalaga, Altza BHIko hizkuntza normalizazio arduraduna: “Euskal Girotze Barnetegiak oso erabilgarriak dira, bekatua egin dute kenduta. Gure ikasleek 'arigune'-ak behar dituzte. Orain daukaten 'arigune' bakarra da irakaslea ikasgelan, eta ez da nahikoa”

Orain antzerki, telebista eta irrati kontuak berreskuratu dituzte, baina horrez gain Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek astero ahozkotasun saioa izaten dute. Lehen Hezkuntzan, gelako ikasleak bi taldetan banatu eta erdiak euskara ikasgaia ematen du eta beste erdiak ahozkotasuna. San Antonek garrantzi handia ematen dio talde txikiak izateari, hala denak derrigortuta daude hizketan egitera, nahiz eta batzuk lotsatu, eta beste batzuek beti aurrea hartu. Saioak Ebete enpresak eskainitako jarraibideen arabera egiten dituzte. Jolasaren bidez solasaldiak izaten dituzte. Zuzendariak dio bi aldeak irabazten ateratzen direla: irakasleek lortzen dute ikasleak euskaraz aritzea eta umeek ondo pasatzen dute. San Antonek Altzako irakaslearen oso antzeko hausnarketa egin du hizkuntza gaitasunari eta bizipenei dagokienez: “Gaitasuna garrantzitsua da, baina euskaraz bizitzea nahi baduzu prest egon behar duzu, eta lotura bat izan behar duzu hizkuntzarekin. Gaztelaniaz esaten zen la letra con sangre entra. Bada ez, horrela ez”. Landakoko ikasleen gehienak ere euskara eskolarekin lotzen du, ahaleginarekin, eta ahozkotasuna lantzeko saioetan ikasleak gozatzen ikusteak bestelako ikuspegia zabaltzen die irakasleei.

Astebeteko esperimentu arrakastatsua

Denboran atzera egin eta ekainera itzuliko gara. Iruñeko Udalak Ebete enpresarekin batera euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoa eskaini zien hiriburuan diren D ereduko ikastetxeei. Jaso Ikastolari oso interesgarria iruditu zitzaion proposamena eta haienera egokitzeko aukera zegoen galdetu zuten. Baiezkoa jasota, haien erara moldatu zuten egitasmoa. Ekaina bukaeran, astebetez eta egunero ahozkotasun saioa izango zuten Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasle guztiek. Bost laguneko taldeak dinamizatzaile batek bideratu zituen. Eskola orduetan egin zuten, eta jakina, etxeko ordenadorearen pantailari begira. LH3 aukeratu zuten talde handiak zituztelako eta itxialdian oso zaila egin zitzaielako haien euskararen erabileran erreparatzea.

Idoia Illarramendi zuzendariak oso balorazio ona egin du, haurrentzat zoragarria izan zen, taldean jardun zuten eta arlo curricularraz besteko zerbaitetan ari ziren. Illarramendik testuinguruan kokatu nahi izan du egitasmoa: “Ekaina bukaera zen, itxialdian geunden, arlo curricularrak ez zeukan lehentasunik”. Altzako eta Durangoko adibideetan bezala, jolas girorako prestatutako solasaldiak ziren egitasmoaren ardatz, eta irakasleak beldur ziren ea itxialdiko herdoilaren ondorioz haien haurrak zenbateraino gai izango ziren hizkera ez formalean aritzeko. Begiraleek bestelako panorama aurkitu zuten: umeak gogoz konektatzen ziren saiora eta ez ziren isiltzen. Eta beste behin gaitasunaz eta motibazioaz egindako hausnarketa entzun du kazetariak: “Hor konturatzen zara zein eragin duen motibazioak euskaraz aritzeko momentuan. Euskaraz aritzeko gaitasuna bai, baina batez ere elkarrekin eta gustura arituko diren espazioak aurkitu behar dira”.

Jaso Ikastolako haurrak, ikastetxetik kanpo, ingurune erdaldunean bizi dira. Familian ere asko gaztelaniaz ari dira, nahiz eta jarrera euskararen oso aldekoa izan eta ikasleak euskaraz aritzeko motibatu. Horregatik dio Illarramendik ikastolan euskararekin zerikusia duen ezer ez dagoela soberan. Ekaineko esperimentuaren hain balorazio ona eginda, zuzendariak argi du baliabideak izango balituzte horrelako egitasmoak behin eta berriz martxan jarriko lituzketela: “Jakina, aurrez aurre egoteak gauzak izugarri errazten ditu, baina berriz nahi ez dugun egoera horretara iritsiko bagina, Iruñeko Udalaren laguntzarekin edo gabe, halako saioak sistematizatzen saiatuko ginateke”.

Hilabeteetan galdutakoa berreskuratzeko asmoz, hainbat ikastetxe baliabideak ahozkotasunera bideratzen hasi da, lehen egiten ari zirenaz gain. Bestalde, sareari begira daude, eta beste behin esku hutsik ez harrapatzeko planak prestatzen ari dira, pantailatik pantailarako hoztasunean aritzeko bada ere.

 

Iruñerrian pantaila bidezko solasaldiak dituzte

Dindaia Fundazioak antolatutako aisialdiko jardueran umeak gozatzen. Bistan da, pandemia aurreko argazkia da. Argazkia: Dindaia Fundazioa.

Dindaia Fundazioak, Iruñeko Udalaren eskutik, Hitz eta Pitz egitasmoa antolatzen zuen pandemia hasi baino lehen. Eskolaz kanpoko jarduerak ziren, aurrez aurrekoak. Iruñeko eta Iruñerriko 23 ikastetxek hartzen zuten parte, denak D eredukoak. Ikastetxearen eta orientatzailearen bidez euskararekin zailtasunak zituztenak aukeratzen zituzten. Euskara maila hobetzeko esku-hartzeak ziren, baina eskola orduz kanpo eta aisialdi giroan. Jolasen bidez.

Hori guztia erori da, eskolaz kanpoko jarduerak ezin dira egin Nafarroan. Dindaiak urtean 4.000 haur hartzen zituen eta 120 begirale kontratatu. Udalekuetan 800 haur hartzen zituzten, aurten ez da ia udalekurik egin. Esther Lakasta Fundazioko arduradunetako bat da. Haren ustez, eskolaz kanpoko jarduerak kentzeak izugarrizko hutsunea utzi du: “Haur gehienek ez dakarte euskara etxetik, eskolan D ereduan ari dira hezkuntza formalean, eta eremu informalean euskara ez darabilte. Eskolaz kanpoko jarduerak ziren euskaraz aisialdian aritzeko aukera bakarra”.

Iruñeko Udalak uda aurretik egindako  solasaldi telematikoen egitasmoa berriz jarri du abian azaroa-abenduan. Lehen Ebete enpresak kudeatutakoa, orain Dindaia Fundazioak landuko du. Iruñeko eta Iruñerriko D ereduko ikastetxe guztiek izan dute aukera haien gurasoen artean egitasmoaren berri emateko. 254 haur ari dira saioetan parte hartzen. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrak ari dira, 45 minutuko solasaldiak dituzte astean behin. Seiko taldeak osatu dituzte eta dinamizatzailea dute. Etxetik eta arratsaldetan egiten dute, hau da, eskolako orduetatik kanpo.

Ez da euskararen erabilera bultzatzeko modurik onena, baina Lakastak aitortzen du zerbait egin behar dela: “Hizkuntza arrakalaz hitz egiten da gaur egun, bada horixe gertatuko da. Denek ez daukate aukera bera euskara ondoan izateko. Asko martxotik daude aisialdian euskarazko giroa izan gabe, itxialdian ez, udan ez, eta azarora arte ere ez.”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude