Mikro eta makro kontzeptuen arteko muga lausoa da, eta elkarren arteko eragina lausoa izan arren, eragiten du. Baita gugan ere. Arazoa dator lainopeko itsutasunean asmatzen ez dugunean gu geu non gauden, herria non dagoen.
Elgoibarren egindako Hausnarrean liburuaren aurkezpenera etorritakoek esan zuten azoka plazarik gabe geldituko direla. Hura eraitsi eta osasun etxe berria omen doa, elegante. Ez dago azoka berriaren arrastorik, ez da arnasten horren beharrik, antza. Herriaren kanpoaldean dagoen supermerkatu valentziar elegantearekin, nahikoa izango ei da: aparkalekua badu, baita autobus geltoki publikoa atarian ere. Zero kilometro, beraz.
Eibarren kontuak bestelakoak dira. Dirudienez, herritar batzuen presioa dela eta, Udalak bukaera eman zion baserritarren azokaren hamar urtetako agoniari, eta Errebal Plazian kokatu zuen. Bertan Basagune izeneko denda ere badago, elikadura ekologikoa ardatz duen espazioa. Bitxia egin zait, halere, interneten azaldu ez izana baserritarren udal azokari edo Basaguneri buruzko erreferentziarik egiten dion ezer. Gehienetan, Errebal Plazia da kulturarako eta herritarrek parte hartzeko plaza publikoa, eta hala dio Eibarko Udalak berak ere bere webgunean.
Zalantza egiten dut kultura eta parte hartze publiko horien baitan eibartarrek baserritarren azoka ere badagoela ulertuko ote duten. Beste indar bat izan zezakeen Errebal Plaziak baserritar eta ekoizleentzat. Gertuko bailaratan badago non ikasi. Nahikoa da Urola aldera jo edo Deba ibarrean gora egitea martxan dauden proiektu interesgarriekin topo egiteko; bi ibilbide ezberdin norabide berean joan direnak: gertuen dauden erakundeak, baserritarrak eta herritarrak elkarrekin elikadurarekiko ardurak hartzen.
Zoritxarrez, komunitateak indartzen dituzten proiektu horiez kalean maiz entzuten direnak ez dira gozoak izaten: "Diru publikoa jaso dute hauek ere"... "herriko denda txikiei konpetentzia desleial egiten diote, itxiaraziko dituzte"... Goierri aldean entzundakoa ez da samurragoa. Herri bateko harakina pozik hizketan supermerkatu valentziar eleganteak ateak irekiko zituen hartan: aukera gehiago, eskaintza zabala denontzat... Harrezkero, bi urte pasa dira. Iritzi bera izango ote du?
Ispilua gurera ekar dezakegu eta buelta eman: azoketara eta kooperatibetara geure barazkiak, okela, esnekiak, ogiak eta abarrak saltzera goazenok non egiten ditugu erosketak? Gure hozkailu eta armairuetan zenbat aurpegi ezagutzen ditugu? "Zenbat kilometro daude Atharratzetik Tardetsera?" galdetu dit batek.
Batzuetan zaila egiten zaigu etsaia bereiztea. Lainopeko itsutasun horretan, ez gara gai herria non dagoen asmatzeko, eta bagoaz herria jango duen marrazoari geure burua eskaintzera, otzan eta pozik; inoiz eta inon geu ere marrazo izatera helduko garen ametsari jarraituz, autofagozitaziora.
Eta, noski, hilaren 6an Montevideon sinatu zen Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko hitzarmenak baserritarrok geure onetik ateratzen gaitu –geure onetik ateratzeko modukoa delako–, eta sare sozialetan eta bestelakoetan sua darigu –eta hala behar du–, geure burua kinkan ikusten dugulako, beste kolpe bat –azkena?–. Badakigulako, besteak beste, akordio horretan EBko industriak, enpresa farmazeutikoek, energetikoek eta abarrek erraz egingo dituzten negozio horien ordainetan behi okela, soja eta bestelako nekazaritza-produktuen %82 etorriko direla arantzelik gabe.
Biraoek ahantzaraziko digute, ordea, gure hozkailuetako eta apalategietako aurpegi ezezagunak akordio horrekin lotuta daudela. Geure hilobia betetzen ari garela supermerkatuetan ustez aurreztutako euro bakoitzarekin, gure gorpuarentzat lekurik utzi gabe.
Valentzian gertatutako uholdeen testuinguruan, behin eta berriz entzun eta irakurri izan dut Antonio Machadoren bertso hura: Herriak bakarrik salbatzen du herria.
Gogoratuko dugu geu ere herria garela? Asmatuko ote dugu herria zer den bereizten?
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten dute, datu zehatza urte bukaerarako izango... [+]
Sarraskiak ez du etenik Palestinan, eta lurraldeko txoko guztietara hedatzen ari da. Uztailaren 31n, Hebrongo (Zisjordania) Hazien Bankuaren Ugalketarako Unitateari eraso zion Israelek; bulldozer eta makineria pisutsuarekin bertako instalakuntza eta azpiegiturak suntsitu zituen... [+]
Udazkeneko zenbakia aste honetan jasoko dute ARGIAko kideek, edo berariaz Bizi Baratzeako kide egin direnek.
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen bilduma erraldoiaren miaketa azkarra egin eta urteroko uztaldi nagusiaren dasta bitxienetakoa... [+]
Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera izaten da joera: ikusten dugun suge oro sugegorria dela iruditzen... [+]
Artzain gisa hirugarren kanpaina du aurtengoa Koldo Vicente Eseberrik. Familia Otsagabikoa izan arren, Iruñean bizi izan zen txikitatik, baina abeltzaintzaren munduarekin harreman estua izan du beti. “Osaba artzaina zen, haragitarako ardiak zituen hemen, eta txikitan... [+]
Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi nuena.-
Dei batek dena alda dezake. Eguna bai, bederen. Hurrengo orduetako martxa, sikiera. Ourensen dagoen lagunak jasotzen du Noainen dagoen Lugoko lagunaren deia. Dei bakar batek ekarri zituen Galizako elkarte bateko zortzi artzain eta ahuntzain bat etxera. Zoragarria izan zen... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]
Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna;... [+]
Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]
Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren adaburua janzten duen orritza edo hostotza erortzen denean edo orriultzen denean, lurraren instantziako... [+]
Lanbidean urteak daramatzagun basozainok, gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize bortitzen bultzadaz. Dozenaka sutek beltzez jantzi zuten lurraldea, bereziki... [+]
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.