“Batzuetan liburu-denda txikiei lotutako ideia erromantikoa daukagu, baina errealitatea ez da hain erromantikoa”. Liburuaren industrian, denda txikiak azken putza zergatik diren garbi azaldu digu Ylenia Benitok. Irungo Brontë liburu-denda asmoz beteta zabaldu zuen arren, abuztuaren 29an itxi behar izan ditu ateak, eta bilgune inportantea galdu dute literaturaren eta tertuliaren maitaleek. “Tristea da, jende guztiak bukatzen duelako gauza berdinak irakurtzen; horretara bideratzen gaituzte”.
Duela hiru urte, liburu-denda bat irekitzea erabaki zenuen. Nolako espazioa amestu zenuen?
Liburuak baino saltzen ez dituen liburu-denda nahi nuen, eta ez bestelakoekin batera liburuak saltzen dituen leku bat. Irakurleentzako espazioa izatea nahi nuen eta irakurle bezala zer gustatzen zait niri? Liburu-dendan sartu eta liburuak lasai hartu eta ukitzea, azalak begiratzea, lehenbiziko orrialdeak irakurri ahal izatea, edo azkenekoak! Eta jakina, bertan daudenekin liburuez hitz egitea. Hori bakarrik hau bezalako liburu dendetan egin dezakezu, supermerkatuan ere liburuak izango dituzulako, baina inoiz ez duzu liburuez hitz egiten entzungo. Aldi berean, txoko goxoa bilatu nuen, atsegina, irakurketa tailerrak antolatzeko, hitzaldiak eta halakoak.
Literatura ez da errentagarria, baina bide hori aukeratu zenuen.
Batzuetan liburu-denda txikiei lotutako ideia erromantikoa daukagu, baina errealitatea ez da hain erromantikoa, eta jakin banekien zaila izango zela, baina indartsu sentitzen nintzen. Gainera, ziur nengoen Irunen eta eskualdean irakurle asko zegoela, eta egon badaude. Arazoa da liburuaren industria ez dela irakurleetan oinarritzen, edo irakurle horiek ez dutela nahikoa indarrik sistema aldatzeko. Izan ere, industriak gune handiak mimatzen ditu: gune handiek –supermerkatu kate handi batek, adibidez– guk baino baliabide gehiago dituzte liburuak lortzeko –liburu bakoitza inbertsioa da nire kasuan–, baina gainera baldintza hobeagotan uzten dizkiete liburuak; ondorioz, aukera dute erosleei merkeago eskaintzeko. Azken finean, argitaletxe eta banatzaileek nahi dutena da liburuak egotea gune handietan, jende gehiago pasatzen delako horietatik, ez ordea irakurle gehiago. Irakurleak liburu dendetan daude, irakurleek hau bezalako dendak nahi dituzte, horregatik diot industriak ez duela irakurleengan pentsatzen. Berdina gertatzen da Amazon eta tankerakoekin: %5eko beherapena baldin badu Amazoneko liburuak, etxera doan bidaltzen badizu eta hala ere etekina lortzeko gai bada, atera kontuak zein baldintzatan utzi dioten liburu hori. Frantzian, liburu berriak liburu dendetan baino ezin dira saldu lehenengo asteetan, ez Internet bidez. Mugaren alde honetan berriz, argitaletxe batzuk hasi dira liburua atera eta saltokietara zabaldu aurretik, astebete lehenago, Interneten salgai jartzen, argitaletxeak berak zuzenean salduz.
Liburu-denda azkena da industriarentzat, dena da oztopo, eta tristea da, jende guztiak bukatzen duelako gauza berdinak irakurtzen; horretara bideratzen gaituzte: saltoki handietan liburu jakin batzuk baino ez ditugu aurkituko. Jendea etorri izan zait esanez “Julia Navarro estiloko liburu bat nahi dut”, saltoki handi horietan Julia Navarro dutelako bista-bistan, baina nobela historikoaren barruan makina bat aukera dago Julia Navarroz gain.
Horri gehitu denda txikietan inbertsioa etengabea dela: apalak liburuz bete behar dira eta hori dirua da, diru asko. Jendeak ez du imajinatzen apal horietako bakoitza liburuz betetzea zenbat diru den.
"Liburu-denda independenteek sentiarazi didate ez nagoela bakarrik, eta elkarrekin egiten dugula handiekiko indarra eta borroka, filosofia berean oinarritzen garelako"
Eta azkenean, proiektua ekonomikoki ezin eutsi, ixteko ordua iritsi da. Agurrean, Tinta Cómics, Tobacco Days, Nakama, Ménades, Zubieta, Donostia liburu-denda, Katakrak, Hontza eta Noski aipatu dituzu. “Zaindu itzazue”, eskatu duzu.
Liburu-denda horiek sentiarazi didate ez nagoela bakarrik, eta elkarrekin egiten dugula handiekiko indarra eta borroka, filosofia berean oinarritzen garelako. Filosofia hori zabaltzea eta gizarteratzea bera bada handiei aurre egiteko modua. Naizenaren zati asko ikusten ditut Brontën eta liburu-denda txiki horietan ere antzeman daiteke liburu-saltzaileen nortasuna. Denak txikiak gara, gauza berdin asko ditugu… baina oso ezberdinak gara. Ezberdin egiten gaituen horrek batzen gaitu, hain juxtu. Aldiz, Elkar guztiak igualak dira, Fnac guztiak igualak dira, Euskal Herrian eta Madrilen.
Besteak beste, liburu-denda independente batek askatasuna ahalbidetzen duelako liburuen aukeraketan, ezta?
Hemen izan ditudan liburu guztiak nik aukeratu ditut, arrazoi batengatik edo bestearengatik. Guztiak ez ditut gustuko, baina nahi dudana sartu dut nire liburu-dendan, eta esaterako Patria momentuko best sellerra izan arren, hemen ez da hala izan. Horrek esan nahi du baita ere saltoki handi batean ez duzula deskubrituko ezer berririk, mundu guztiak irakurtzen dituen horiek baino ez dituzula aurkituko, eta hemen bestelako aukerak ere aurki ditzakezula. Gertatu zait liburu bat komentatzen aritu eta beste irakurzale batek solasaldia entzun eta liburu hori eramatea. Edo Brontë ahizpak eta Jane Austen nire gomendioengatik ezagutu ditu hainbatek, liburu-denda honetan autore horiek maite ditugulako. Hemen, mundu guztiak nahi du dendariarekin hitz egin, gomendatzeko eskatu ez didatenean ere, beti galdetu didate aukeratu duten liburua irakurri al dudan eta ea zer iruditu zaidan. Hori ez zaizu Amazonen gertatuko, berdin dio zein algoritmo darabiltzan.
"Nahi dudana sartu dut nire liburu-dendan, eta esaterako 'Patria' momentuko best sellerra izan arren, hemen ez da hala izan"
Denda itxi eta guztiak triste. Baina erosten al dute herritarrek denda txikietan?
Jendeak planteatzen du herriko denda txikietan erostea esfortzua bailitzan, baina ez da esfortzua, herritarrak duen aukerarik onena baizik, erosoa eta herrian bertan. Beharbada ez dugu asmatu mezua ongi helarazten. Denda itxiko dudala iragarri eta hainbatek esan dit: “Behin baino gehiagotan joan nahi izan dut, baina beti batetik bestera presaka, ez dut ahalegina egin…”. Ez, ez da ahalegina, aprobetxatu ez duzun aukera da.
Hala ere, amaiera gozoa izan duzu.
Ez nuen azken txanpan halako harrera espero; ezagutzen nituen irakurle guztiak etorri dira liburuak erostera, baina baita kanpotik ere, Donostiatik, Iruñetik, Gasteiztik… eta pozik nago, horri esker lortuko dudalako zorrik gabe ixtea, eta gutxienez ez dut haserre bukatuko. Txantxetan nioen ateak ixterakoan apaletako egurra baino ez nuela kaxetan sartu nahi, ez libururik, eta kasik lortuko dut hala izatea.
"Jendeak planteatzen du herriko denda txikietan erostea esfortzua bailitzan, baina ez da esfortzua, herritarrak duen aukerarik onena baizik"
Beraz haserre ez duzu bukatuko, baina haserre ikusi izan zaitugu instituzioekin, tartean Irungo Udalarekin, beste ekimen batzuk baimendu arren Liburuaren Eguna ez duelako baimendu, pandemia aitzakia hartuta. Kultura oso beharrezkoa dela diote erakundeek, baina gero ez dute kulturan benetako interesik?
Ez dakit, nik beti horma bat aurkitu dut aurrean, proposamen batekin joan eta beti zaila eta nekeza da aurrera atera ahal izatea, eta ezin du hain zaila izan. Dirua egon badago instituzioetan, baina dirua jartzeko beti dira trabak; interesa balego, dirua jarriko lukete. Horrez gain, erakundeetako kultura arloko kudeatzaileek kulturgileekin batera egin beharko lituzkete planak, eta ez dute hala egiten. Liburu-denda baten beharrei buruz liburu-saltzaileak daki, baina kultur planteamenduak egiteko ez bagaituzte kontuan hartzen, gero dena zaila irudituko zaie, noski. Kulturgileak ezin gara arazo izan kultura kudeatzen dutenentzat, euren abiapuntua izan beharko litzateke gurekin batera aritzea eta gure beharrei buruz galdetzea.
Irungo Udalaren kasua aipatu didazu eta lotuta dago horrekin. Liburuaren Eguna uztailean izan zen eta nik orduan behar nuen Liburuaren Eguna, ez udazkenean, baina udal gobernuak erabaki zuen Irunen azoka udazkenean egingo dela, ustez. Liburu-denda independenteak bi gara Irunen –Tinta Cómics, komikietan zentratua, eta Brontë, orokorra–, biek azoka uztailean egin nahi genuen, baina Udalak aldebakarrez erabaki du udazkenean egingo dela. Horrek, adibidez, niretzat esan nahi du liburuei beherapena egitea apirilaren 23an –Liburuaren Eguna delako–, uztailaren 23an –Liburuaren Egun izendatu zelako berriz ere– eta udazkeneko azoka horretan, Irungo Udalak orduan nahi duelako. Beherapen horiek beti dira liburu-dendaren kontura.
Beste muturrean daude “Brontë Lagunak”.
Bai, Brontë Lagunak dira Brontë zaindu duten horiek guztiak, liburu-denda gomendatu dutenak, etorri eta proposamenak egin dituztenak, hemendik pasa diren irakurleak…
"Kulturgileak ezin gara arazo izan kultura kudeatzen dutenentzat, euren abiapuntua izan beharko litzateke gurekin batera aritzea"
Liburu-denda independente orokor bakarra galdu du Irunek. Galera handia da.
Bai, eta ni neu kezkatuta nago gaiarekin, Irundik kanpora joan beharko dudalako gustuko dudan liburu-denda batera joateko, eta horrek pena handia ematen dit. Beharbada, hiriko bakarra izatea ere txarrerako izan da, liburu-denda independente gehiago izan bagina hirian bertan egingo genuelako indarra elkarrekin eta agian mugimendu gehiago sortuko genuelako herritarren artean, instituzioetan…
Dena den, herri eta hiri asko liburu-dendarik gabe geratu dira, eta esanguratsua da. Kulturaz gozatzera hiriburura joateko gero eta ohitura handiagoa dugu eta gure herri eta eskualdeetako kultur agenda zaindu beharko genuke, dena ez dadin hiri handietan kontzentratu.
Liburu aurkezpenak, hitzaldiak, tertuliak, irakurle kluba… ohiko izan dira Brontën. Horrelako espazio gehiagoren beharra dugu?
Bai, erabat, eta faltan botako ditut elkartzeko aukera horiek. Lagun batek dio liburu-dendan egiten direla herritarrak, eztabaida oso aberatsak izan ditugulako hemen, eta batzuetan liburua debateen abiapuntua baino ez da izan.
Zein da hiru urte hauetako balorazioa?
Oso positiboa, ez naizelako bakarrik sentitu, eta baieztatu ahal izan dudalako irakurle asko dagoela. Antolatutako ekimenek ere momentu bikainak oparitu dizkidate. Irakurle kluba beteta egon da hasieratik. Beñat Sarasola eguraldi oneko igande goiz batean gonbidatu eta jende ugari datorrela ikustea pozgarria izan da. Baita Mikel Iturria Javier Ortizen liburua aurkeztera hurbildu eta jende pila bat elkartzea ere, tartean Donostiatik Irunera etorriak. Ezusteko atsegina da, normalean Irundik Donostiara goazelako, ez alderantziz. Mertxe Tranche historialariak Jane Austeni buruz eman zuen hitzaldian ikusleak ez ziren dendan sartzen! Halakoek ilusioa egiten dute, eta pentsatzen duzu, "gu ere bagara kulturaren leku". Idazleak gerturatzen direla eta denda hau inporta zaiela ikustea ere polita izan da: Eider Rodriguez, Lucia Baskaran, Danele Sarriugarte… Azken bolada gogorra izan da, koronabirusak amaierako kolpea eman didalako, baina momentu horiek guztiak gordeko ditut gogoan.
Liburu bat gomendatuko al diguzu?
Azkenaldian irakurri ditudanetatik, Karmele Jaioren Aitaren etxea izugarri gustatu zait. Eta hiru urte hauetan gehien gomendatu dudan liburua izan da Yo le pinté el bigote a Stalin, Erika Riemann alemaniarraren liburua, gaztelaniara itzulia. Oso gomendagarria.
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde
Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]
Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]
Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]
Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022
-----------------------------------------------------
Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
2024an sortu zuten Kontalaritza Eskolari buruz hitz egiteko elkartu gara Ane Gebara, Ane Arrugaeta eta Itziar Rekalde ipuin kontalariekin. Kontalaritzaren izaera artistikoaz, bat-batekotasunaz, formakuntzaz, emanaldiez eta abarrez mintzatu dira. Besteak beste, eskolak eman dien... [+]
Carmilla
J. T. Sheridan Le Fanu
Itzulpena: maialen berasategi
Erein, 2025
------------------------------------------------------------------------
Literatura unibertsala bilduman argitaratu berri dute J. T. Sheridan Le Fanu irlandarraren 1872ko Carmilla. Maialen... [+]
Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.
Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean... [+]
Agur Karibu
Marian Porcel
Elkar, 2025
Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]
Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]
Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]