Bakoitza bere zoroak bizi duela bezain egia da bakoitzaren zoroak inorenak ere badirela maiz. Etxahun Barkoxekoaren sortetxearen hondakinak eta hilobia, Bonaparte printzearen azken atseden tokia, edota Jon Miranderen lekuak Parisen… ikusgarri dira Euskargazki.blogariak.net-en. Ekaitz Santazilia (Iruñea, 1987), hizkuntzalaritzan doktore eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearena da euskal literaturaren argazkien bloga.
Nola hasi zinen Euskargazki blogarekin? Zerk jarri zintuen horretara?
Bloga 2006ko azaroan abiatu nuen, badu ia hamabost urte! Euskal Filologia Gasteizen ikasten ari nintzen, eta garbi nuen karreran ikasten genituen pertsonen, obren eta bestelakoen izenak barneratzeko eta testuinguruan paratzeko, hobe zela haiekin lotutako lekuak bertatik bertara ikustea. Tresna nemotekniko bat zen, hasieran. Estakuru bikaina, gainera, herriz herri ibiltzeko: gidabaimena eskuratu berri, eta adin hura, niretzako plan bikaina zen! Bestalde, orduan blogak moda betean zeuden, eta horrelako gauza bat nire ikaskideendako ere baliagarria izan zitekeela pentsatu nuen. Ricardo Gomez irakaslearen FiloBlogia bloga ere akuilu izan nuen sasoi hartan.
Ez dakit datua garrantzizkoa den, baina anekdotikoa besterik ez bada ere, zein izan zenuen lehen argazkia?
Blogeko lehen argazkiak Zuberoakoak dira: Agosti Xahoren jaiotetxea, Matalazena, Etxahun Irurirena... argazkiok bloga abiatu baino lehen eginak nituen, paperean. Eskaneatu, eta igo nituen. Behin baino gehiagotan gertatu zait leku batera argazkia egitera joan eta egun iluna edo euritsua topatzea. Edo erretratatu nahi duzun etxearen atarian-edo koadroa izorratzen dizun autotzar bat aparkaturik egotea, edo argazkia oso urrutitik atera behar izatea, esaterako. Handik denbora batera argazki hura blogean ikusten duzunean, egun hura osorik gogoratzen duzu. Zuberoako argazki horiek, esaterako, gurasoekin egindako bidaia eder batekoak dira. Irudikatu Matalaz eta Etxahun beren etxe aurrean, edo Agosti Xaho haurra Atharratzeko karriketan: hobeki ulertzen duzu beren bizitza eta obra.
Eta Xaho haurra hura Atharratzeko karriketan barna bezala, argazkien karriketan ibili zinen zu, proiektua indartu zeneraino.
Tira, karrera bukatu nuenean aldatu egin behar izan nuen hasierako xedea. “Turismo filologikoa” sustatzen jarraitu nuen, baina presio handirik gabe. Ohartu nintzenerako, ehunka argazki nituen. Blogaren mapa ikustean, zenbat tokitan izan naizen ohartzen zara, baina zenbat hutsune dauden ere agerian gelditzen da. Une batetik aurrera, norabait joan baino lehen, Euskargazki-rako interesgarria den zerbait egon zitekeen ala ez begiratzen hasi nintzen eta helburua, beraz, mapa puntuz betetzea izan zen.
"Jon Miranderen hilobia ez dago ‘Parisen’. Thiaisera joan behar da, apropos, eta hilerri handi batean bilatzen hasi, erreferenzia gutxi batzurekin. Lau ordu behar izan nituen hilobia aurkitzeko"
Horretan zara orain, hortaz, Euskal Herriko mapa euskargazki puntuz betetzen...
Helburuak zehatzagoak dira orain, bai, eta azken urteetako sarreretan ere antzematen da hori. Batetik, argazki bakarra baino, argazki bat baino gehiago sartzen dut, baita protagonisten irudiak ere. Testuak gehixeago lantzen ditut, baina sobera luzatu gabe. Bloga bisitatzen duenak begi kolpe batez jakin behar du zertaz ari garen. Gero, sakondu nahi badu, baliabideak ere eskaintzen ditut. Bestalde, azkenaldian, euskararen historia “txikiari” ere eman diot garrantzia: euskara landu duten egile txikiak ere ekarri nahi izan ditut blogera. Nafarrak dira, bereziki. Ezarian-ezarian epigrafiak ere pisu handia hartu du. Harri zaharretan, hilobietan, etxeen atalburuetan-eta idatzitako euskarazko pasarteak ere argazkietan bildu ditut. Inoiz leporatu izan didate, umorez, bloga oso “ekialdezalea” dela. Eta zer esango dut, bada, nik, arrazoi dutela besterik: nafarra naiz!
Argazkiaren koadrotik atera ezinik zabiltzan balizko etxe atariko ibilgailu oker aparkatua beste eragozpenik izango zenuen, ala?
Askotan leku bateko biztanleek ere ez dute ezagutzen herriko etxe, hilobi edo delako gune batek duen historia, eta interesez entzuten dute. Jendea, oro har, oso atsegina da. Lehengo batean, oraindik orain, Patxi Ondarra euskaltzainaren jaiotetxeari argazkia egitekotan ginela Bakaikun, meza ondorean herriko emakume bati etxearen berri galdetu eta bertaraino lagunduko zigula, ondoan bizi zela-eta! Gurekin autoan igo eta haraxe eraman gintuen. Kafea ere eskaini zigun!
Miranderen hilobia ere Euskargazkian duzu…
Parisen datzala diote, baina hura ez dago “Parisen”. Thiaisera joan behar da, apropos, eta hilerri handi batean bilatzen hasi, erreferenzia gutxi batzurekin. Esango dizut: lau ordu behar izan nituen Jon Miranderen hilobia aurkitzeko... Bestalde, blogari esker, bestela sekula bisitatuko ez nituzkeen lekuak bisitatu ditut. Edo oso jende gutxi egon izan den lekuetan izan naiz. Adibidez, nor egon da Amsterdamen Watergraafsmeer auzoan? Bada, ni neu, beste bi lagunekin, De Rijk hizkuntzalariaren bizitokiari argazkia egiten. Auzoak ez du deus berezirik, baina De Rijk zenaren etxeko leihoan ikurrina ikustea deigarria izan zen.
Irudiaren kalitatea lehenesten ez baduzu ere, apain eta dotore ageri dituzu argazkiak. Dena den, zein informazio iturri ibili ohi dituzu tokion berri izan ahal izateko?
Zorionez, orain interneten informazio asko dago, eta Google maps ere tresna bikaina da lekuak bilatzeko. Bidegileak bildumako biografiak oso baliagarriak zaizkit, baita Euskaltzaindiak Euskera agerkarian argitaratutako biografiak eta txostenak ere, edo Xamarren lanak, Joxemiel Bidador zenak han eta hemen argitara emandako artikuluak, han-hemengo monografia eta webguneak...
"Blogean aberatsak eta pobreak agertzen dira; jende boteretsua eta umila, eraikin ederrak eta apalak; gizonak eta emakumeak, jende ortodoxoa eta heterodoxoa..."
Euskal literaturaren historia bat ere izan liteke zure bloga.
Literaturarena ez ezik, euskararena, oro har. Uste dut blogaren edukiak interesgarriak izan daitezkeela publiko zabal batendako. Euskal filologoendako bai, jakina, baina baita turismoa egin nahi duen jendearendako ere: jende askorendako oharkabean pasatzen diren lekuak mapan jartzen dituzu horrela, eta herrietako ondarea balioesten. Gainera, argazkiak berak erabilgarriak izatea nahi nuke, jendeak nahi duen bezala balia ditzan, baimenik gabe. Iturria aipatzea aski da. Irakaskuntzarako egokiak dira, bistan dena, baita ikasleen edo ikertzaileen lanetan txertatzeko ere, izan tokian tokiko webguneetan, edota argazki bildumetan.
Zer ikasi duzu argazkion bidez? Batetik bestera ibili zara argazkiak aitzakia, ibilian, bidean eta bidaian…
Eta bidaiatuz, edozein dela kausa, beti ikasten da. Nik leku mordo bat ezagutu ditut, eta zerbaiten bila zabiltzanean, beste mila gauza ere ikusten dituzu, jendea ezagutzen duzu... Hori niretako gelditzen da. Baina blogaren bidez euskararen historiaren balorazio bat egin beharko banu, bi adjektibo baliatuko nituzke: heterogeneoa, eta handia. Blogean aberatsak eta pobreak agertzen dira; jende boteretsua eta umila, eraikin ederrak eta apalak; gizonak eta emakumeak, jende ortodoxoa eta heterodoxoa...
Denetarik, alegia.
Eta, beharrik, euskarak denetarik izan duen! Handia dela diot, gainera, sekula ez dudalako bloga bukatutzat emanen! Beti topatzen ditut sareratzeko interesgarriak izan daitezkeen leku berriak, dela atzerrian, dela etxetik gertu. Zenbat aldiz pasatu izan naizen Iruñean Alexander Tapia Perurena idazlearen edo Arturo Campionen etxe aurretik, jakin gabe hura zela haien etxea!
Euskal literaturaren zaletasuna da zurea, ororen gainetik, argazki zaletasuna baino gehiago?
Nire kasuan, dudarik gabe: euskara da zaletasuna. Argazkigintza tresna baino ez da, eta argazkien kalitateak agerian uzten du hori. Blogak gune horiek zehatz-mehatz identifikatzen dituenez, argazkilari trebe direnei ere lana errazten die. Hortxe amaitzen da argazkilaritzari egin diezaiokedan ekarpena. Hasieran paperean nituenak eskaneatu behar izaten nituen. Gero, kamera digital amateur bat erabiltzen hasi nintzen. Orain, gehienetan, sakelakoa darabilt. Hala ere, lehen, argazki bakarra igotzen nuen eta orain, aldiz, saiatzen naiz argazki bat baino gehiago jartzen sarean.
"Uste dut blogaren edukiak interesgarriak izan daitezkeela publiko zabal batendako. Euskal filologoendako bai, jakina, baina baita turismoa egin nahi duen jendearendako ere"
Hamabost urte honetan bildutakoen artean izango dira, bada, gogoan josita gelditu zaizkizunak, ala?
Gogoan dut, esate baterako, Bonaparte printzearen hilobiaren bila Londres ondoko Kensal Green auzoraino joan ginenekoa. St Mary hilerrira, hain zuzen. Hilerri ederra da, endekapen puntu batekin, eta Bonaparteren hilobia ere ez dago bereziki ongi zaindua. Bila eta bila ibili ondoren, aurkitu eta argazkia egitera gindoazela, zaindaria atera zitzaigun: argazkiak egitea debeku zela, ez baginen hildakoaren senideak. Ordutik Bonaparte dut deitura, zaindari harentzat.
Kar, kar… Bikaina. Ekaitz Bonaparte!
Bai! Kar, kar… Hilerriak, bestalde, oso interesgarriak dira leku baten historiaz jabetzeko. Hilobiak nolakoak diren, zein deitura ageri diren... Iruñekotik paseatzea bereziki maite dut: estetikoki erakargarria da eta beti aurkitzen dut Euskargazki-rako aproposa den hilobi berriren bat, eta hala ez bada, aspaldiko ezagunekin, bederen, egiten duzu topo: biziak dira batzuetan, hilak, berriz, besteetan.
“Henrike Knörr euskaltzaina irakasle izan nuen Euskal Filologia ikasketak egiten ari nintzela Gasteizen, eta, aldi berean, bloga martxan jarri nuenean. Gasteiz utzi nuen orduko, haren hilobia nire blogean zen. Buruz buru ezagutu nuen eta estimatzen nuen pertsona bat blogaren bidez euskararen historiara iraganaraztea ez zen erraza izan. Henrikek klaseetan behin eta berriz errepikatzen zigun: ‘Irakurri eta bidaiatu!’ eta uste dut blog hau, hein batean, haren irakaspenaren ondorioa ere badela”.
“Blogak dira, euskarri digitalen artean, iraunkorrenak eta seguruenak informazioa paratzeko. Zeinahi euskarri digitali buruz halakorik esaterik baldin badago, bederen. Sare sozialetan paratzen dena errazago galtzen da. Euskargazki-ren eduki guztiak, aldiz, hor daude txukun-txukun bilduta 2006az gero”.
Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]
Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]
Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]
Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.
Donostiako epaitegi batek aurretik emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAk eta LABek mobilizazioa antolatu dute ostiralerako, eta Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du.
Sena ibaitik metro eskasera egon arren, ez dago Mundolingua museoa aipatzen duen turismo gidarik. Kasualitateak baino ez gaitu eraman horra. Nolanahi, horrela aurkitzen dira, maiz, hiri baten sekretu gordeenak.
Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta... [+]
Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.
Hilotan, euskara sarritan izan dugu albiste. Txarrerako, euskaltzaleon artean nagusi den aldarte ezkorra ikusita. Baina euskararen egoera txarra dela ez da kontu berria, datuen bitartez beste zerbait iradoki den arren.
Har dezagun, adibidez, hizkuntzak irabazi ei dituen... [+]
Gizonezkoak ziren gehienak Sanferminetako entzierroetan; gizonezkoak ia denak Frantziako Tourrean; gizonek hartu dute udako musika jaialdietako oholtza eta backstage-a; gizonezkoak dira nagusi bertso-plazetan; gizonezkoak dira Donald Trump, Vladimir Putin eta Benjamin Netanyahu... [+]
Nafarroako Gobernuak eskaera egin duten familiei iradoki die "datorren ikasturteari begira" abiatu dezaketela tramitazioa.
Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]
Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]
Eraberrituta dator Laba. Egoitza handiagoak ostalaritza eskaintza zein kultur ekitaldiak baldintza hobeagoetan ematea ahalbidetuko du.
Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]