Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bada teoria bat, auskalo pentsamenduaren zer guruk garatua, izena duena “15 minutuen hiria”, zeinaren arabera hiri batek eskaini beharko lituzkeen gizabanakoaren ongizatea bermatzen duten zerbitzu guztiak denbora tarte horretako distantziara. Alegia, etxetik atera eta oinez –edo bizikletaz– dena, lana, aisia, jana, arta, izan beharko zenukeela ordu laurdenera. Batzuetan gertatzen da, adibidez literaturan, adibidez Ronja von Rönne idazle alemanaren Wir kommen nobelan –nobela txarrisimoa bestalde, ustez polimaitasunaren ingurukoa, ja, baina funtsean gazte batzuen ibilera existentzial ezdeusak biltzen dituena, eta literatura nerabea deitzen den kategoriaren bat existituko balitz, bertan bete-betean sartuko genukeena–: “Okidengira joan nintzen, zeina, naturala denez, paseo-distantzia osasungarri batera zegoen”.

Beti bezala gizartearen aitzinamenduari ekarpenak egiteko borondate fermuarekin, urrunago noa ni, eta ez bakarrik hiria, zernahi, gauza oro 15 minutuan egiteko proposamenarekin natorkizue. Hala, lantokia 15 minutura izango bagenu, lana ere egunean 15 minutuz egin genezake –funtzionario maite, ez kexa, ikusten ari naiz zure aurpegia–; gutxi, baina minutu oso produktiboak lirateke. Di-da, 15 minutuan irakurtzeko liburuak ere argitara genitzake; halere, ondo pentsatuta, gehienak ez ote diren dagoeneko gisa horretakoak, behintzat 15 minuturen buruan abandonatzekoak. Larruketa 15 minutura luzatzea gehiegizkoa izango da, bizioa ia. Horregatik, proposatzen dudana da sexu-jardun guztia, noski urte osokoa, 15 minutuko pilula batean trinkotzea –batzuk seguru irabazten aterako direla–. Eta horiek bezala beste hamaika kontu, errenta aitorpena bete, eguzkitan egon, familia politikoa bisitatu, baina denak denbora tarte horretan, 15 minutuan, egitekoak. Hara, bizitza guztia antolatuta, minutu pare batean irakurtzen den zutabe honekin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude