Qiao Liang jeneral txinatarrak honela ikusten du AEB-en eta Mendebaldearen gainbehera

  • Nola ikusten gaituzte txinatarrek? Txinako establishment-aren begietan COVID-19 pandemiak zertan eta zenbateraino utziko dute itxuraldatuta mundua? AEBekiko tirabira ekonomikoa eta militarra nola epaitzen ote dira Pekindik? Taiwan dela eta piztuko ote dute hurrengo gerra handia? Globalizazioaren aro bat amaitzear denean, botere banaketa nola gauzatu dezakete Mendebaldeak eta Txinak? Horien inguruan Qiao Liang jeneral txinatarrak esanak laburbildu ditugu.

Qiao Liang jenerala: “AEB-ek eta Mendebaldeak ahalmen zientifiko eta teknologiko handia eduki arren, ez daukate modurik horiek gero maila masiboan produktu bihurtzeko”.
Qiao Liang jenerala: “AEB-ek eta Mendebaldeak ahalmen zientifiko eta teknologiko handia eduki arren, ez daukate modurik horiek gero maila masiboan produktu bihurtzeko”.

Qiao Liang jeneralak erretretan sartu arren irakasle jarraitzen du unibertsitatean, Txinako Segurtasun Nazionalaren Ikerketetarako Kontseiluaren zuzendaria da. Hainbat liburu idatzi ditu, tartean bat bederen ingelesera eta frantsesera ekarria: “Mugarik gabeko gerra”. Hong Kongen argitaratzen den Bauhinia aldizkariak elkarrizketaturik, Frantziako Conflits magazinak zabaldu du Europan.

Argiako irakurleari ez diogu orain deskubrituko militarrentzako –izan txinatar edo Mendebaldeko– propaganda ere gerrarako arma dela eta menturaz estimatuko du Txinako elite politiko-militarrak darabilzkien argudioetako batzuk ezagutzea. Ohartarazita apirilean esanak daudela… Txinan koronabirusa kontrolatuta, Europan gordinean nozitzen ari eta AEBetan justu sufritzen hasi berriak zirenean. Geroztik egoera asko okertu zaigu AEBetan bezala Europan.

Hasteko, COVID-19ak munduan eragin duen astinduak ekarriko ote du AEBen eta Txinaren arteko gerra, zenbait hedabidek iragartzen duten moduan? Ez, dio Qiao Liangek. Batetik, inork ez die erasorik egin AEBei –ez litzateke inor ausartuko– baina, gainera, auzokoari gerra piztuta ez lukete konponduko ez epidemia eta ez lehendik zekarten krisia.

AEBek gerra egiteko logistika arazo larria dauka. Teknologia sofistikatuetan AEB besteen aurretik doazen arren, dena ez da teknologia hutsez konpontzen: manufakturazko industria behar du atzetik. Bestela esanda, armagintzan ere azken bataila fabrikazioan jokatzen da eta honetan, Mendebalde osoa bezala AEB gainbehera doaz: pilatuta daukaten arma stocka “janaz” –biltegia hustuz– ez bada, nola egingo diote gerra munduko fabrikatzaile handienari?

AEBek ahalmen zientifiko eta teknologiko handia eduki arren, ez daukate modurik horiek maila masiboan produktu bihurtzeko, COVID-19ak begien bistan utzi duenez: musuko maskara xume batzuk osatzeko ekoizpen kate osorik ez daukate eta! Arnasgailu modernoenen patenteak ere iparramerikarrek dauzkate, baina horietako bakoitzak dauzkan 1.400 piezetatik 1.100 Txinan ekoizten dira… eta ensanblatu ere bai.

Gerra ere manufakturan oinarritzen da, hori gabe ezingo zuten II. Mundu Gerra irabazi AEBek. Orain mikrotxipak aipatzen diren arren, garrantzitsuak izanik ere ez dira guduak irabazteko gai, ez bada arma eta ekipamenduetan aplikatuta, eta hau manufaktura-sare indartsu batek baizik ezin dezake egin. Horregatik dio jeneralak: “Gerra edo epidemia gertatuz gero, manufaktura industria sendo baten jabe ez den herrialde bat benetan sendotzat jo behar dugu?”.

Horretaz ohartuta, Mendebaldean gero eta gehiago aipatzen da Txinarekiko deskonektatuta lekuko produkzio kateak berreraiki beharra. Ez da hain erraza izango: non dauzkate hori egiteko gai izango diren enpresariak, ingeniariak eta langile kualifikatuak? AEBetan eskulana Txinakoa halako zazpi kostatzen da. Nondik aterako dituzte etekinak konpainiek? Soldatak apal edukitzea posible bada garai berezietan, hala izango ote da egoera normalean?

Mendebaldeko fabrika berriak roboten erabileran oinarritzea ere aipatu dute Mendebaldean, Japonian barne. Baina robotak masiboki erabiliz gero, zer egin behar dute langabeziarekin, badute aski diru lanik gabeko jendetza hori guztia elikatzeko? Baldintza horietan, nola izan daiteke potentzia ekonomiko eta militar sendo?

"Azken mende erdian, AEBek burutu dute ekonomia erreala gero eta gehiago baztertu eta ekonomia birtualean barneratzeko bidea, geroago Europa eta gainerako Mendebaldeak ere jarraitu dutena. Arrazoi beragatik hondoratu zen Erromako inperioa ere, bere harrokeria eta handinahikeriagatik" (Qiao Liang)

PAZIENTZIA ESTRATEGIKOA

AEBek, etxe barruko buruhausteei urrutiko erruduna bilatu nahian, tentazioa eduki dezakete Taiwanen independentziaren aitzakian Txinarekin gerra piztearekin, Hong Kongeko gatazka horren entremesa izanik. Egia da Txinarentzako Taiwan bere baitan edukitzea negoziatu ezinezko puntua dela, baina gerran sartzeko adina? Qiao Liangek ohartarazten die txinatarrei: erabaki on bat –Taiwan bereganatzea–une desegokian hartzeak erabaki hori bihur dezake kaltegarri.

Une oso garrantzitsuan bizi da Txina, garapen eredua finkatu nahian ari da eta oraindik asko falta zaio bere industria baliabide propioz asetzeko –asko ekarri behar du atzerritik eta asko saldu behar du atzerrian–. Txinari orain gerra komeni ez izateak ez du esan nahi besoak tolestatuta egon behar dutenik; gerraren eta bakearen arteko eremu gris zabalean jokatu dezake Taiwanen independentzia eragozteko, operazio militar mugatuak egin ditzazke erabateko gerra hasi gabe. Adibideak jartzen hasita, jeneralak aipatu du nola AEB gai izan ziren Txinaren Jugoslaviako enbaxada bonbardatzeko horrekin gerra hasi gabe, edo berdin berrikitan nola hil duten Soleimani jeneral iraniarra, Iranek gerra abiatuz erantzun barik.

Txinak saiatu behar du AEBen probokazioetan ez erortzen, lurraldearen batasuna ezin negoziatuzkoa den arren –alegia, Taiwan Txinaren atal bat dela–, uneotan AEBekiko gerra betean ez sartzen. Beti daude erantzuteko tresnak, arazoak baino konponbideak ugariagoak dira beti. Txinak otsoekin dantza egin behar baldin badu, ez du zertan AEBen erritmoan dantza eginik. Taiwangoa konpontzeko Txinak erakutsi behar ditu batetik, erabakitasun estrategikoa eta bestetik, pazientzia estrategikoa. Hori bai, indar estrategikoari eutsi behar dio Taiwangoa indarrez edozein momentutan konpondu ahal izateko.

Funtsezkoena –Qiao Liang mintzo da beti– ez da zein neurritaraino den ikaragarria COVID-19 izurri hau, baizik eta ohartzea bai AEBei eta bai Mendebaldeari amaitu zaizkiela garai loriatsuenak, izurriak harrapatu dituela gainbehera zetozenean. Edozein aldaketatan, kanpoko faktore bat da sua pizten duena, baina erabakigarria barneko faktorea da. Oinez jarraitzeko lanak dituen ganbeluari adar mehe batek hautsi baitiezaioke bizkarrezurra.

Azken mende erdian, AEBek burutu dute ekonomia erreala gero eta gehiago baztertu eta ekonomia birtualean barneratzeko bidea, geroago Europa eta gainerako Mendebaldeak ere jarraitu dutena. Arrazoi beragatik hondoratu zen Erromako inperioa ere, bere harrokeria eta handinahikeriagatik.

Mendebaldeak ondo aztertu behar ditu kontuok, tartean zer gertatu zaien bere osasun sistemari eta bere balio sistemari. Epidemia iritsi zaienean, nolaz harrapatu ditu babesik gabe? Mendebaldeak gutxienez hamabi hilabete edo agian bi urte beharko ditu bere ekonomia eta bere traumak konpontzeko. Prozesu horretan Txinari erruak egoztea alferrikako denbora galtzea izango zaio. AEBek beren arazoak ezin konponduz, besteak bihurtu nahi dituzte errudun. Indartsuak zirenean, inork aurpegiratu al zien hiesa zabaltzea? Edo I. Mundu Gerran bere tropek gripea Europara eraman izana? Txina indartsua baldin bada eta bere produkzio ahalmena sendo atxikitzen badu, inork ezingo dio eraso.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Globalizazio neoliberala
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]


Ez adiorik, Tuvalu

2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]


2023-02-13 | ARGIA
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko

Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]


2022-12-16 | Sustatu
Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]


Eguneraketa berriak daude