ARGIA.eus

2020ko uztailaren 13a
Iruņeko euskarazko haur eskolak

Plaza publikoak ukatuta, herri eskola sortuko dute

  • Haur Eskolen matrikulazio epea hasita, HE Gurasoak plataformari azken bultzada falta zaio Iruñeko Udalak euskarazko plazetan egin duen %70eko murrizketa ordezkatu ahal izateko. Herri ekimeneko eskola bideratzeko gurasoen babesa badute, finantzaketa eta egoitza lortzeko ari dira orain lanean. Herri eskola, eredu publikoaren epe laburreko alternatibatzat du plataformak.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura
2020ko maiatzaren 31
Argazkia 2016koa da. Iruņeko Alde Zaharrean euskarazko haur eskola eskatzen ari ziren. Argazkia: Jagoba Manterola / Foku.
Argazkia 2016koa da. Iruņeko Alde Zaharrean euskarazko haur eskola eskatzen ari ziren. Argazkia: Jagoba Manterola / Foku.

Hizkuntza eskubideek ez dute bermerik Iruñean. Aurten, euskarazko haur eskolen egoera gehiago okertuko da, 0 eta 6 urte bitarteko umeen matrikulazioa hasi ondoren. Izan ere, udalak bertako hizkuntza zaharrenaren plaza kopurua %70 murriztu du haien hezkuntza eta zaintza sisteman.

Baina eskaria herri eskolaren bitartez hornitu ahal izateko HE Gurasoak plataforma sortu da, euskalgintzako hainbat eragileren babesarekin. Hizkuntza eskubideak defendatzeaz gain, “egoera hau salatu, eta salaketa horren ondorioak (plazarik gabe geratzea) arintzea” dute helburu, datorren ikasturtean “plaza publikoetan berreskuratzeko”. Horregatik, seme-alabak sare publikoak euskaraz eskaintzen dituen ereduetan matrikulatzera animatzen dituzte gurasoak, plataforma alternatiba gisa planteatuz. Hilabeteak daramatzate lanean, baina lokala eta azken bultzada ekonomikoa falta zaie. Iñigo Otxoa Fernández plataformako kidea baikor agertu da eta proiektua “egingarria” dela ziurtatu du.

Udalaren posizioak atzera bueltarik ez zuela ohartuta, EH Gurasoak plataformako kideek Nafarroako Hezkuntza Departamentura jo zuten, izan ere, instituzio horrena da Iruñean dauden bost haur eskolen eskumena, zeinetan euskarazko plazak %14 diren. “Foru Gobernuak bertan behera geratu diren euskarazko plazak orekatzea zen asmoa”, azaldu du Otxoak. Baina, Iruñeko Euskalgintzak salatu duenez, Nafarroako Gobernuaren “omisioak” errudun bihurtzen du. “Kasu honetan ere, ez da borondate politikorik egon”, haserre agertu da Otxoa. “Koronabirusaren krisia lehertu baino lehen, indar politiko guztiekin elkartzea eskatu genuen, baina bat-batean konfinamendua hasi zen eta, politikariekin bideokonferentzia bitartez hitz egin dugun arren, PSNkoekin ezin izan gara elkartu. Beraiek diote deitu digutela, baina guk ez dugu deirik jaso eta hitzorduaren esperoan gaude oraindik”.

Bilerak ez dira plataformak alarma egoeragatik galdu duen aukera bakarra. Otsailean ehunka iruindar hizkuntza eskubideen alde manifestatu ondoren, giza katea egitea zen indarra erakusteko zeukaten hurrengo ekimena, baina bertan behera utzi behar izan zuten. Konfinamenduak zailtasunak eragin dizkie negoziaketetan, baita barne antolamenduan ere. Gainera, Nafarroako Auzitegiak diktaturiko epaiaren aplikazioa urtebete atzeratzea eskatu zuen plataformak, baina Navarra Sumak ez du atzera egin.

Ikasturte berria hilabete batzuk barru hasiko denez, herri eskola martxan jartzeko pausoak ahalik eta azkarren eman behar izan ditu plataformak: “Eginkizunak hiru ikuspunturen arabera banatu ditugu: ordenantza, urbanismoa eta pedagogia. Gurasoak gara, eta ez gai hauetan adituak, horregatik kristoren lana etorri zaigu gainera”. Jada gai horiek jorratu dituzte eta behar bezainbeste gurasoren babesa daukate, finantzaketa eta neurri egokiak dituen egoitza falta zaizkie. Iruñeko hegoaldean ari dira egoitza bila, baina oraingoz ez dute zorterik izan: “Hori dela eta, etxelagun zerbitzuak –haurtzaindegitzat hezitzailearen etxea daukan sistema– antolatzea baloratzen ari gara, baina nabarmen garestituko luke gure kooperatiba”.

Haur eskola publikoetan matrikulazioa jada hasita, irudi luke guraso askoren elkartasuna ez dela nahikoa izan udalak hasi zuen “gerra estatistikoari eta euskararen zokoratzeari” aurre egiteko, baina inondik inora. Izan ere, hauxe da, Otxoaren hitzetan, euskara garaile egingo duen filosofia: “Ez gara iniziatiba pribatua bilakatzeko sortu. Gure sistema, publikoarekiko ahalik eta berdinena izaten saiatuko gara eta jakin badakigu plataformarentzat iraungitze data hurrengo matrikulazio epeak izan behar duela. Bitartean, familiak haien seme-alabak euskarazko eskola publikoetan matrikulatzera animatzen ditugu eta, plazarik lortu ezean, guregana hurbiltzera, gu indartsu gaude eta”.

2016an, Joseba Asiron alkate zela

Orduan, EH Bilduko Asiron alkatearen agindupeko lauko gobernuak Iruñean zeuden euskarazko haur eskola publikoak bikoiztu zituen. Bi eskolatako eredu aldaketaren ondorioz, seme-alabak euskaraz heztea ekidin nahi zuten ia ehun gurasok zentro aldaketa eskatu eta udalaren erabakia salatu zuten, UPN, PP eta PSN alderdien babespean, “euskararen inposaketa” argudiatuz. Nafarroako Auzitegiak gurasoei arrazoia eman zien udalak erabilitako prozedura desegokia zelakoan.

2019ko udal hauteskundeen ondoren, Enrique Mayak (Navarra Suma) Asiron ordezkatu zuen agintean. Fernando Sesma Hezkuntza, Kultura eta Herritarren Parte Hartze zinegotziak haur eskolen hizkuntza ereduei buruzko inkesta martxan jarri zuen Mercatec enpresa gipuzkoarraren bitartez. Emaitzak argitaratu gabe zeudela, Navarra Sumak euskarazko plazak “gehiegizkoak” zirela ondorioztatu eta hizkuntza honen eskaintza datozen hiru urteetan Asironen garaiko %39,4tik %11,9ra murrizteko asmoa iragarri zuen; 371 plazatik 112ra.

Martxoaren 6an, Iruñeko Udalbatzak Sesmaren lana gaitzetsi zuen, EH Bildu, Geroa Bai eta PSNren botoekin, zinegotziak ez baitzituen inkestaren datuak erakutsi. Apirilaren 25ean, alarma egoera betean, Navarra Sumak emaitzak ezagutarazi zituen: gurasoen %66k gaztelania eta ingelesa nahiago du; %22k soilik euskara; eta %7k gaztelania besterik ez. Hau da, ondorioak ateratzeko Sesmak erreferentzia moduan hartu duen inkestan ez zegoen euskara eta ingelesa aldizkatzen dituen eredua hautatzerik; bai, ordea, gaztelania eta ingelesa batzen dituena. Bi gaztelaniazko aukera, euskarazko bakar baten aurka. Navarra Sumaren irakurketa interesatua zen hori.

Beste irakurketa bat egin eta eredu aukera zabalagoa eskainita, portzentajeak zeharo desberdinak ziren: gurasoen %55ak gaztelania eta ingelesa hautatuko luke; %13k, euskara bakarrik; %10ak, euskara eta ingelesa; %8k, gaztelania eta euskara; %5ak ingelesa, euskara eta gaztelania; %6k gaztelania soilik; %2k beste aukera batzuk; eta %1ek ez du adierazi. Emaitza horiek kontuan hartuta, familien %36k euskara barne hartzen duen ereduren bat aukeratuko luke, hots, Iruñeko sare publikoan dagoen D ereduarekin bat datorren proportzioa.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskara Iruņean  |  Hezkuntza

Euskara Iruņean kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko maiatzaren 31
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude