Baliabideak ematea da eragiteko modurik onena

  • Kultur kudeaketa. Bitartekaritza. Sormen guneak. Ideia faktoriak. Hitz potoloak dira, hiriburutzak eta gisako pandemiak zabaldu direnetik gure hiztegiaren parte bihurtu zaizkigunak. Baina bada hitz horiei guztiei bestelako esanahia emateko ahaleginean ari den proiektu bat; espazio bat. Dinamoa du izena. Hasi berri du bere bidea, baina ez da bide luzeago bateko hurrengo pausoa besterik. Anbizio handikoa eta nazionala bezainbeste da irekia eta gertukoa. Ez dago Bilbon, ez Donostian, ez Iruñean. Azpeititik ari dira hainbat alorretako artistei lanerako behar duten hori eskaintzen.

Aitor Bengoetxea eta Xabier Gantzarain (argazkia: Dani Blanco).
Aitor Bengoetxea eta Xabier Gantzarain (argazkia: Dani Blanco).

Bistan da: garraio publikoa erabiltzea da hautu ekologikoena. Baina nondik zatozen, litekeena da halako aukerarik ez izan eta autoa hartu behar izatea. Hala bada, lasai. Lehengo bost orduetan behintzat, doakoa da eraikinaren azpiko aparkalekua. Ez pentsa kultur politika eskuzabal baten ondorioa denik. Soreazu antzokia eta orain Dinamoa esaten dioten sormen gunea diren eraikinak hutsik egon dira hainbat urtez; eta ordainpekoa zenean, ez omen zuen inork parkinga erabiltzen. Berdin dio. Kontua horixe baita: kotxez bazoaz ere izango duzula non utzi.

Demagun baietz, autoz ailegatu zarela bertara; behin bere lekuan utzita, asmatu duzula lurrazalerantz egiten duten eskaileren artean aproposena hartzen. Hiruki moduko plaza batean aurkituko duzu zure burua: ezkerrean, Soreasu antzokia: eta pare parean, antzokia bezalaxe beiraz eta hormigoiz eginda, beste sarrera bat duen eraikin bat. Horixe da Dinamoa sormen gunea.

Topalekua, kafearen bueltan

Txartel magnetiko bat behar da ate nagusia gurutatzeko; edo bestela, txartela baduen inoren laguntza. Oztopo hori gaindituz gero, sarrera topatuko duzu lehenik. Lehen begi kolpean, badu modako youth hostel bateko harreraren tankera: garbia, minimalista eta ondo hautatutako altzariz jantzia. Baina hau ez da hotel bat. Ez da –soilik– egoteko lekua, egitekoa baizik. Hau lanerako espazioa da. Baita topagunea ere. Hala deitzen diote sartu eta eskubira eginda dagoen gela zabalari. Edonork erabil dezakeen eremu bakarra da. Irakurtzeko, kafe bat hartzeko, lan-egiteko… Aurkezpenak, eskolak eta emanaldiak egiten dira bertan; liburutegi txiki bat dago; eta edozein topagunek behar duen gisan, badu kafe makina eta mikro-uhin labea ere. Gauza jakina da ideia asko eremu informaletan pizten direla.

Eremuak diziplinaka banatuta

Dinamoa ondo ezagutzeko, eskaileretan gora egin behar duzu. Bertan antzematen da, egiazki, zer eta zertarako den; eta nola dagoen antolatua. Arte-diziplinak lau multzotan banatu eta eremu bana eskaini diete. Hitzaren eremua da gora iristerakoan muturren parean geratzen zaizuna. Bi gela ditu, bat zabalagoa, bi mahai handiren bueltan eskolak edo bilerak egiteko balio duena; eta beste bat, txikiagoa, konzentrazioz lan egiteko aukera eskaintzen duena. Hitzaren Eskola izenekoa da, gaur egun, bertan martxan dagoen proiektu nagusia. Hitza hainbat ikuspegitatik landu duten sei profesional ari dira, astez aste, euren jakintza hamasei ikaslerekin konpartitzen.

Eskaileretatik eskubira egiten baduzu bigarren eremuan –irudiarenean– barneratuko zara.

Azpeitiko Udalak herriko kultur mugimenduari baliabideak eta erabakimena eman dizkio. Horri esker da posible, besteak beste, hau bezalako espazio bat

Bitan dago banatua: eremu garbia batetik, irudi digitalarekin lotua eta Azpeitiko Argazki Elkarteak erabiltzen duena; eta eremu zikina bestetik, hormak eta eskuak zikintzeko aukera ematen duten diziplina horiei guztiei eskainia. Txakur Gorria kolektiboak gidatu duen Badirudi ikastaroa egin da bertan. Prest dute hurrengoa ere: Labana eta orbana. Serigrafia eta silografia gisako teknikekin esperimentatuko dute laster, konfinamendua eta alarma egoera amaitzen badira behintzat.

Gorputza eta izerdia

Irudiaren eremutik atzera egin, eta korridorearen amaieraraino jota iristen da gorputzaren eremura. Dinamoko espaziorik zabalena da, egurrezko oholtza beltzak eta beirazko horma gardenak edertzen dutena. Orain artean, gorputzaren eremua da Dinamoan izerdi eta lagun gehien pilatu duena. Arte eszenikoak lantzen dira bertan; antzerkia batik bat. Haurrentzako antzerki tailerra egiten da bertan, eta bada Amancay Gaztañaga aktorea gidari duen helduen taldea ere. Horrez gain, Soreasu antzokiarekin elkarlanean, Azpeitian egonaldia egiten duten antzerki konpainiek erabiltzen dute. Azken urtean han eta hemen oholtzaratu diren hainbat obra ondu dira hemen, areto zabal honetan.

Aktoreek besteko izerdia botatzen du zenbait musikarik ere; baina oraingoz, Dinamoan ez dago haientzat pentsatutako espaziorik. Soinuaren eremua izango denak badu bere txokoa, ondo gordeta, baina ez dago prest oraindik. Dinamoa bizirik dago, pixkanaka ari dira osatu, aldatu eta garatzen. Den-dena prestatu arte itxaron baino, nahiago izan dute daukaten hori zabaldu eta dinamoa martxan jarri: zer piztuko duen…

Argazkia: Dani Blanco.

Edukiontzia baino gehiago

Kontatutakoa da, gutxi-asko, Dinamoan bisita azkar bat eginez gero topa daitekeena. Baina hezurdurak ez du mamiaz nahikoa esaten. Sakonago arakatzeko, proiektu hau martxan jarri dutenekin dago hitz egin beharra. Aitor Bengoetxea Ondarru eta Xabier Gantzarain Gantza dira aproposenak horretarako. Zientoka ordu eskaini dizkiote hormigoizko hormak bizitzaz janzteko lanari.

Azpimarratu beharrekoa zera da: proiektu bat aurkeztuz gero, edonork erabil dezakeela Dinamoa. Zabalik dagoela, proposamen bat egin, eta behar den eremu hori baliatzen hasteko. Hori da bertako erabiltzaile izateko bide bat; bestea, bertan eskaintzen diren ikastaro jarraituetan izen ematea. Oraingoz, behintzat. Sormen egonaldi ordainduetarako deialdiak egiteko aukera ere ari dira aztertzen. Hori guztia, hauspotu edo probokatzeko. Hori baita, Bengoetxearen hitzetan, Dinamoaren egiteko bat: “Gauzak etorri egiten direla esaten da, baina ez da beti horrela. Probokatu ere egin behar da: deialdiak egin, espazio bat eskaini, jendea harremanetan jarri”.

Prozesua eta ez emaitza

Dinamoaren jardunean bada funtsezkoa den ideia bat: emaitzari beharrean, balioa prozesuari ematea. Zaintza eta baliabideak eskaintzen dituzte sormen prozesua garatzeko, emaitza zehatza zein izango den edo zenbateko oihartzuna izango duen gehiegi neurtu gabe. Artisten azalean jarrita, hala esan du Gantzarainek:  “Badakigu, lanean ari zarenean, ez dagoela beti begi kolpe batean ikus daitekeen emaitza ukigarri bat. Baina egin duzun lan horrek, bide horrek, emango du zerbait noizbait. Beste zerbait ekarriko du”. Horrek ez du esan nahi Dinamoan garatzen diren proiektuek beren lana zabaltzeko moduak bilatzen ez dituztenik; baina ez  derrigor emanaldi edo erakusketa baten bidez. “Bitartekaritza, hitzaldiak, tailerrak… modu asko dago hemen egiten dena herritarrei iristarazteko. Batzuetan, harreman berri bat sortzea da ekarpenik handiena”.

Sortu aditza pluralean jokatzen da

Lau eremutan –bat bidean badago ere– banatzen da Dinamoa, lanerako lehengaiaren arabera. Horrek ez du esan nahi, ordea, eremu bakoitzak bere bidea modu independientean egin behar duenik. “Eremuak behar genituen, baina permeableak, besteekin nahasteko modukoak. Ondokoari begira ere gauza asko ikasten dira, eta idea berriak sortu. Horregatik da garrantzitsua eremu informalagoak ere izatea”. Sormena kolektiboan ulertzen dutela dio Gantzarainek: “Oso zabaldua dago bakardadean sortzen duen artista jenioaren ideia hori. Baina funtsean, sortzen dena beti da kolektiboa: besterekin ikasten duzu, besteengandik jaso, eta besteen begiradak eraginda eman. Komunitatean egiten da lan hemen, eta joan-etorri horretan ontzen da norberaren lana”.

Nazionala, euskaraz eta Azpeititik

“Nazionala izateko Donostiatik egin behar da? Bilbotik? Azpeitian gaude, baina guretzat proiektu nazionala da hau”. Hala esan du Bengoetxeak galdetu diogunean Dinamoak nori edo nora begira egiten duen lan. Ez dute uste afera gatazkatsua denik: leku askotako sortzaileak hurbildu dira Dinamora, baina gehien-gehienak eskualdekoak dira. Eta gainera, emanaldi irekien bidez, edo bertan egiten duten harreman sarearen bidez, bertako kultur mugimendua elikatzen dute. “Azpeititik Euskal Herri osora nahi dugu eraman; eta alderantziz, Euskal Herri osotik Azpeitira ekarri. Hartu-emanerako espazioa da hau, baita zentzu horretan ere”.

Artearen merkatuak emaitza jartzen du erdigunean eta indibidualtasuna inposatzen du. Horren aurrean babeslekua izan daiteke Dinamoa

Hiriburuetan dauden kultur sorkuntzarako eremuekin alderatuta, bada lerro pare bat merezi dituen beste bereizgarri bat: Dinamoan euskara hutsean aritzen dira. Bai proiektuak eta formakuntza saioak euskaraz direlako; baita komunikazioa –kanpora begirakoa zein barnekoa– euskaraz delako ere. Erabaki politikoa dela diote, baina halaber, naturalizatu nahi dutena, etengabe azpimarratu edo justifikatzeko premiarik gabe.

Egiteko modu baten azken fruitua

Orain Dinamoa esaten dioten espazioa 2008an eraiki zuten kultur taldeentzako bulegoak bertan jartzeko. Krisi ekonomikoak harrapatu zuen, eta beste hainbeste bezala, bertan behera geratu zen proiektua. Hutsik egon da Dinamoa izenarekin zabaldu duten arte. Baina zergatik dago halako ekimen bat udal eraikin batean? Zergatik ez co-working espazio bat? Edo etxebizitzak? Zergatik erabaki dute Azpeitian kultura sortzaileek dituzten premiei erreparatzea? Kasualitatea izan zitekeen, baina ez da. Jende askoren lana dago atzean; eta ibilbide luzea.

Bi talde edo eragile aipatu behar dira ulertzeko. Lehena, Azpeitiko Kultur Mahaia. 2006an hasi zen martxan, herriko kultur eragile gehienak batzen zituen batzar gisa. Pixkanaka, eta pausoz pauso, gai izan dira udalarekin harremanak izan, eta proposamenak eginez, kultur politiketan zeresana izateko. Kulturaz kooperatiba da bigarrena: Azpeitiko Kultur Mahaiak sortu zuen 2011n,  herriko kultur baliabideen kudeaketan jarrera aktiboagoa izan ahal izateko. Udalarekin elkarlanean, Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak kudeatzen dute Dinamoa. Baina ez Dinamoa bakarrik. 2011z geroztik, herriko plazan dagoen San Agustin kulturgunea eurek kudeatzen dute; eta baita Dinamoari pega-pega eginda dagoen Soreasu Antzokia ere, 2014tik.

Azpeitiko Udalak ere badu bere meritua. Kultur Mahaiak herritarren zati handi bat ordezkatzen du, eta Udalak ezinbestean aitortu behar izan dio zilegitasuna. Baina gaur gaurkoz, eta hainbat urteko martxaren ondoren, zer pentsatua ematekoa da Azpeitiko  Udalaren kultur politikaren funtsa: kultur mugimenduari tresnak eta erabakimena ematen dizkio, udal baliabideak kudeatzeko. Elementu horiek guztiek eta hamalau urteko bideak ondu dute Dinamoa sortzeko behar zen ekosistema. “Egiteko modu baten azken fruitua da. Azkena, oraingoz”.

Argazkia: Dani Blanco.

Epeltasun pittin bat

Bengoetxeak eta Gantzarainek orduak pasa ditzakete Dinamoaz solasean. Ia prozesu osoa ezagutu dute, ideiaren sorreratik gaur eguneraino; bere aldaketa, beheraldi, zalantza, poz eta guzti. Dinamoa baloratu behar dutenak ez dira haiek, ordea. Hasitako bidea epaitzeko lagin aproposena espazioa erabili duten artisten testigantza da. Azken finean, horretarako sortu da Dinamoa: haien lan prozesua errazteko.

Horman Poster kolektiboa da espazioa erabili duen lehen taldeetako bat.  Antigone edo ezetzaren beharra izeneko lan eszenikoaren entseguak egin dituzte, gorputzaren eremua probestuta. Bi egonalditan banatuta, bost astez aritu dira bertan. Matxalen De Pedro kolektiboko kideak dioenez, haien gisako lanak egiteko baliabide bereziak behar dira: eszenatoki profesionalen tamaina bereko eremuak, argiztapena lantzeko aukera, aldagela eta dutxak gertu… Dinamoak hori guztia eskaini die, eta bertan egin dituzte lanaren bi fase garrantzitsuenak: hasiera eta bukaera.

Arte merkatuak emaitzarekiko obesioa eta artistaren indibidualtasuna inposatzen dituela dio, eta beharrezkoak direla inertzia horiei aurre egingo dieten babeslekuak. Ez du uste Dinamoa, bere horretan, logika horrekin hausteko gai izango denik; baina bai norabide egokian egiten duela tira. “Eskaini diguten hurbiltasuna eta malgutasuna garrantzitsuak dira, hiper-instituzionalizazio garaiotan, epeltasun pittin bat sentitzeko”.

Argazkia: Dani Blanco.

Musikak aurkitu du bere zirrikutua

Soinuaren eremua izango dena ez dago martxan oraindik. Musikariek ez dute haientzat egokitutako leku edo baliabiderik. Eta hala ere, soinua eta irudia uztartzen dituen zuzenekoa Dinamoan prestatzeko modua aurkitu dute Testurako kideek. Ander Mujika, Felix Buff eta Johannes Buff arduratzen dira soinuaz; eta Maialen Belaustegik osatzen du irudia, proiektoreak lagunduta. Beste disziplina batzuetarako diseinatutako eremuak erabili badituzte ere, oso baliagarria izan zaiela dio Mujikak: “Derrigorrezkoa genuen sormen egonaldi intentsibo bat egitea, gure bizi eta lan egoerak ez duelako ahalbidetzen beste modu batera lan egitea. Dinamoa oso aproposa izan da horretarako”.

Ezohiko esperientzia izan da Elgoibarko musikariarentzat: batetik, ez dagoelako ohituta modu horretan lan egitera, are gutxiago paraleloan beste lan batzuetan ari diren artistekin eremua konpartituz; eta, bestetik, kudeatzaileek errespetuz eta gertutasunez tratatu dituztelako. “Pena da, baina normalean ez da horrela izaten”.

Eremu bat norberarena

Dinamoa erabiltzen ari da Nerea Loiola idazlea ere. Ez, ordea, proiektu bat aurkeztu duelako, Hitzaren Eskolan izen eman zuelako baizik. Itxialdiak eten duen arte, astean bitan jaso ditu eskolak bertan: asteazkenero eta larunbatero. Hilabetero irakasle desberdin batek gidatuta, hitzaren ertz askotarikoetan ari dira arakatzen. Formatua oso erakargarria egin zitzaiolako eman zuen izena Loiolak, baina baita eskuartean proiektu literario bat zuelako ere. Ez da damutzen: “Idazlearen bakardadeak zama handia har dezake une batzuetan, eta ezinbestekoa da pertsona sare bat izatea, antzeko kezkak eta bizipenak izango dituena”. Komunitate bateko kide sentitzen lagundu diola dio. Dinamoaz galdetuta aldiz, eremu segurua dela azpimarratu du. “Hala da, bai sortzaile gisa, baita emakume bezala ere. Aske sentitzen naiz bertan, epairik jasoko ez dudanaren lasaitasunarekin”. Ezinbesteko abiapuntua da hori.

Tokian tokikoa

Ez Dinamoak bakarrik; Azpeitian Kultur Mahaia sortu zenetik hona egin duten bideak makina bat eragileren interesa piztu du. Herri askotako ordezkariak etorri zaizkie bisitan, eta haiek ere, dozenaka hitzaldi eskaini dituzte han eta hemen. Ez dute uste, ostera, Azpeitiko eredua bere horretan esportatzeko modukoa denik. “Hemen halaxe atera da, herri honek eta bertako kulturgileek dituzten ezaugarriengatik; baina kultur politikak tokian tokikoa behar du izan”. Asko jota, egiteko modua ei da beste leku batzuetara eraman daitekeena: kultur mugimendua elkartu eta baliabide publikoak kudeatzeko eskubidea aldarrikatzea. “Baina hori modu askotara egin daiteke, ez derrigor guk egin dugun bezala”.

Ikusgarria

Kultur mahaiaren erronken artean dago artistei ikusgarritasuna ematea. Dinamoaren azpi-proiektu bat arduratzen da horretaz: DAPA. Sarerako ikus-entzunezko saioa da, ale bakoitzean sortzaile (edo talde) baten lanaren berri ematen duena. Bigarren denboraldia hasi berri dute. Ibrahima Balde eta Amets Arzallus Madrilen nola elkartzen diren jaso dute, Miñan liburua idazteko biek egin duten bidea kontatuz.


ASTEKARIA
2020ko maiatzaren 10a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


“Kable bilketa” gisa definitu du EH Bilduk Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez gelditzeko erabakia

Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.


Eguneraketa berriak daude