Ipar Euskal Herriko enpresen engaiamendu molde berriak

  • Ipar Euskal Herriko hainbat enpresaren bilakabidea ezagutu nahi izan dugu. Engaiamendu soziala, ingurumenarekiko ardura eta euskararen aldeko jarrera dira beren berezitasunak. Enpresen Gizarte Erantzukizun (EGE ) kartaren inguruan gauzatua da ekimena. Pantxoa Bimboirekin solastatu gara, Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarako presidenteorde (André Garreta presidentearen aholkularia) eta Lantegiak elkartearen sustatzaileetako bat. Horren lehendakari Caroline Phillipsen aburua ere jaso dugu.

Baionako Merkataritza eta Industria Ganbararen eraikin nagusia.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lantegiak elkartea Ipar Euskal Herriko ekonomiaren molde berria antolatzen ari da. Think tank gisara eratua da, hau da, ekonomia inguruko ikerketa aditu talde gisa funtzionatzen du. 100 enpresa inguruk osatzen dute mugimendua. Elkarte ekonomikoek eta sozialek eratuta dago, alta bada, azken hamabost urteetan Baionako Merkataritza eta Industria Ganbaran, Lanbide eta Artisauen Ganbaran (CM64an) eta Garapen Kontseiluan hautetsiak ditu. 100 lantegi horietatik 50 dira EGE/RSE (Enpresen Gizarte Erantzukizun / Charte Responsabilité Sociétale des Entreprises) kartaren sinatzaileak.

“EGE” delako karta

Lantegiak elkartea, 2000. urtean sortutako elkarte profesionala da eta EGE kartaren egilea: “EGE karta, berau sinatzean hartu diren helburuak betetzeko urrats bat da, elkarteen autoebaluazioa egiteko bitartekoa. Lantegiak elkartearen xede nagusia, Euskal Herriko enpresen bateratzea, sustatzea eta defenditzea delarik”, erran digu Pantxoa Bimboirek.
Lantegiak elkarteak tokiko enpresak saretu nahi ditu, elkar laguntza bultzatuz eta bakartasuna hautsiz. Lurraldeko edozein instantziaren aurrean enpresak ordezkatuz. Enpresen artean praktika eta ideia onak partekarazteko nahikaria du elkarteak. Kartaren xedea Euskal Herrian ari diren enpresen engaiamendua ezagutaraztea da. Gisa horretara, kartaren sinatzaileak enpresen hainbat ezaugarri identifikatuta izan daitezen engaiatzen dira enpresen funtzionamendua hobetzeko.

Arizmendiarretaren ildoan

Lantegiak elkarteak urtero enpresa bakoitzari dokumentu bat igortzen dio autoebaluazioa eta segimendua egiteko. Kartaren helburuei begira, lorpenak eta zailtasunak jakinarazteko gisan. Jarduteko molde hau ez da berria, egitasmoa munduan barrena zabaldua da aspaldi. Euskal Herrian, Arrasateko Arizmendiarreta taldea aitzindaria da. Ildo horretan, taldeak jardun-txosten berria ezagutarazi zuen iragan urteko abenduan.

Hamar urte bete dira EGE delakoa sortu zela. Bestela irudi badu ere, karta ez da Merkataritza Ganbarak egina, Lantegiak elkarteak baizik. Frantzian, enpresen sindikatuak CPMEn (Confédération des petites et moyennes entreprises) –txikiak, eta ertainak– edo MEDEFen –goi-mailakoak– barruan ari dira. Frantziaren lurraldeen arabera ari dira, departamenduan egituratuta: “Guk nahi genuen desmartxa da. Hemen aritzeko hemengo enpresen interesen ildoan antolatu ziren enpresak. CPM eta Pirinio Atlantikoak departamenduan aritu beharrean, Ipar Euskal Herrian eratu ziren enpresak. Bertako ia lantegi denak barnean dira”.
Gure solaskidearen iritzian, beren estrategia da ekonomia bultzatzea, betiere, Euskal Herriatik bertatik lana eginez. Merkataritza Ganbaran edo Artisauen Ganbaran sartuta ere, estrategia propioa lantzen dute: “Bistan da, gure lehen zeregina lantegien zirkuituak bultzatzea da. Gure kapitala hemen emendatzea, egoitza soziala hemen ukanik, transmisioa hemen egitea, trabak sortzen direnean egitura eta sare hori hemen egon dadin. Ez dugu bakarrik departamenduan aritzea nahi, Bearnon ongi delako hemen ongi dela onartzea. ‘Han ongi dena, ongi ere dela Euskal Herrian' lelo orokor horrekin ez gara ados”.

Pantxoa Bimboiren erranetan, Frantziako enpresak heldu badira Euskal Herrira, kapitala hemen ezarriz, primeran. Esaterako, eta gogoratu aldera, Herrikoa inbertsio taldea duela 30 urte sortu zen hemen, tokiko enpresa laguntzen zuen baldin eta egoitza soziala Euskal Herrian baldin bazuen. Lantegiak ekimenaren bultzatzaileak aldiz, ez dira horrela ari. Enpresa horiek tokiko ekonomia baikorki eragiten badute, aitzina.   

Frantziatik aldenduz

Itun berria atera du enpresen esparruan Frantziak, anitz puntu berri ezarri du euren funtzionamenduan. Enpresen filosofia sozialean olatu gisako bat zabaldu nahi du Emmanuelen Macronen gobernuak. Enpresa bakoitzari izateko era bat (Raison d’Être) eskatu dio, beren burua definitu dezaten: “Estatuak goi-mailatik tiratu eta eragin nahi du, baina berant ari da. Aldiz, tokian tokiko enpresen inguruko eragileek gobernuaren lege proposamena aztertu dugu, eta ohartu gara gu aitzinago garela. Esaterako, EGE delakoa Sokoa enpresan sartu zen aspaldi. Oraingo legea lantegi berriko kideei zuzendu zaie, baina funtsean, gu ari garen ildoan  joan nahi du”.

Filosofia berri hau orain dela 50 urte zabaldu zen Euskal Herrian. EGE kartaren arauak urrats berriak dira norabide horretan: “Enpresen ezaugarriak herriari atxikiak dira, hau da, sinesten dute enpresa ez dela dirua egiteko bakarrik. Ongizatea xerkatzen dute, kooperatiben espirituan”. Zentzu horretan, Lantegiak ekimena –EGE kartaren bidez– abiatu den garaitik egoera soziopolitiko eta ekonomikoa aldatu da, bai Euskal Herrian, bai Akitanian eta Frantzia osoan orobat. 2010 hamarkadatik lehenago eta geroko bi garai ezagutu dira tokiko ekonomian. Alta bada, datu esanguratsu bat eskaini digu: “Iparraldeko langabezia puntu bat apalagoa da Frantzian baino eta puntu erdia Akitanian baino”.

Euskal Herriko zerbitzu eta industriaren ezaugarriak eta datuak honako hauek dira. Artisauak Lanbide Ganbaran biltzen dira, ofizialak deituak. 13.000 dira. Batez besteko, 2,1 langile ari dira enpresa bakoitzean. Merkataritza Ganbaran, berriz, 17.000 dira izena emandakoak. Batez beste, 4,5 enplegatu ari dira enpresa bakoitzean. Guztira, 20.000 enpresak dira. Lantegi tipiak barne: “Guk  ezin ditugu horiek denak inguratu. Gu enpresen muina eta mamia lantzen ari gara, ez dugu horien guztien enbeia”, zehaztu digu Bimboirek.  

Caroline Phillips da Pic Digital enpresa-buruaren eta Lantegiak elkarteko lehendakariaren ikuspuntua ere bildu dugu: “EGEren kartak aukera ematen digu etenaldi bat egiteko, non gauden ikusteko, enpresen bilana egiteko, langile guztiek aurrerapen prozesuan parte har dezaten lortu aldera”.

Bere aburuz, EGE kartari atxikitzea abantaila da kalitate ikuspegi batetik, eta, beraz, “Enpresa Digital Arduratsua” etiketa lortzeko. Pic digitalarentzat (Eraldaketa digitalean aditua), EGEren karta sinatzea edo sinatzeko proiektuan engaiatzea pizgarri gisako bat izan da: “Elkarrekin aritzeak guztion indarrak bateratzen ditu, kideek jardunbide egokiak truka ditzaten, jardunbidean aurkitutako zailtasunei planteamendu ‘ireki’ batez  ekiteko”.

Elkarteko enpresek 2020. urterako hainbat bilkura aurreikusita dituzte, karta biziarazteko, aurrerabideari jarraitzeko eta enpresa atxikitzaileen barnean ere sustatzeko.

Enbata

Iparraldeko ekonomia ulertzeko ezinbestekoa da azken hamarkadako mugimendu politikoaren bilakaera gogoratzea. 60 urte pasa dira Enbata abertzale mugimendua sortu zenetik, ETAren inguruko errefuxiatuak iristen hasi ziren garaitik. Politikan nahiz ekonomian lelo bat zabaldu zen orduan: “Ez da deus igurikatu behar Parisetik, guk egin behar dugu”. Horrela sortu ziren ikastolak, baita kooperatibak ere (Alki, Olaberria eta abar). Geroago Herrikoa mailegu-emailea –Lana herrian lemapean– eratu zen enpresak sortzeko.

Enbatako kide aitzindari Patxi Noblia izan zen Herrikoaren sustatzailea, herriko kapitalaren ideiaren asmatzailea. Herrikoak 4.000 partaide dauzka, 35 urte daramatza lanak eta enpleguak sortzen (baldintza bakarra: Iparraldean behar du ukan egoitza soziala). Sokoa lantegia da horien artean buru: 1.000 partaide, 500 langile eskumeneko edo filialekin). Diru partaidetza eredu horri jarraikiz, elkarte eta mugimendu franko eraiki izan dira. Hala nola. Lurzaindia, EHLG eta Eusko moneta.
Gaur egun 5.000 akziodun baino gehiago biltzen ditu. Iaz, 116 enplegu berri sortzea ahalbidetu zuen, hamaika lantegi sustengaturik. 2019ko urte hondarrean, urtero legez, Herrikoak hedapen kanpaina egin zuen. 245.000 euro bildu eta 57 akziodun berri egin ditu.

Enbata sortu eta 30 urte berantago, hiriko gobernamenduen politikan sartzeko lehen urratsa eman zuen Jakes Abeberryk (Enbata mugimenduko buru nagusietako bat). Bera izan zen aitzindari. Berak deliberatu zuen duela 25 urte inguruan, Biarritz hiriko herriko etxean sartu behar zela frantses hautagai baten zerrendan. Kritika gogorrak ukan zituen hainbat sektore abertzaleen aldetik, baina –Pantxoa Bimboiren erranetan– abertzaleen jarduteko moldeak aldatu zituen, baita abertzale ez direnen abertzaleekiko ikusmoldeak eta jarrerak aldatu ere.  
Gaur egun, hautetsi batek, izan dadin ezkerreko ala eskuineko, euskal munduko bozak behar ditu; gutxieneko akordio batzuetara iritsi behar du. Adibidez, urtetik urtera izaten diren ohiko mobilizazioetan, hala nola urtarrileko bakearen aldeko manifestazioetan Iparraldeko hautetsiak bildu dira –diputatuak, senatariak eta ia auzapez guztiak–.  

Euskal Elkargoaren sorrera
 

Orain dela lau  urte, Frantziako Gobernuak delibero erabakigarria hartu zuen. Pierre-André Durand prefetak –François Hollande presidente ohiaren gobernuak eraginda– Iparraldeko herrietako hautetsi guztiei elkarrekin elkargoaren alde bozkatzea proposatu zien. Baionako herriak hautatu baitzuen Jean-René Etchegaray auzapez zentrista irekia. Iparraldea lurralde bakar batean antolatzeko, hautetsien %70k alde egin zuen. Euskal Elkargoak eskumenak bere gain hartu ditu. Eskumen ekonomikoa ez da engoitik departamenduan, euskal lurraldean eta lurraldearentzako baizik.   

Pantxoa Bimboiren ikuspuntutik, aipatu datu horiek guztiak politikari lotu behar zaizkio. Horiek Iparraldeko ekonomiaren ingurumaria aldatu dute. Gisa horretara, estrategia gero eta irekiagoak gauzatu ahal izanen dira lurraldearen onerako: “Ekonomiaren esparruak non eta nola eraiki. Nola lagundu sektoreak, nola orekatu kostaldea eta barnealdea, nola egin lokarria laborantza munduaren eta kontsumo munduaren artean. Lurra nola atxiki edo eskuratu, mundu pribatuaren asmoei aurre eginez espekulazioari ihes egiteko?”.

Hemendik aitzina, erantzun horiek antzemateko lan egin behar dela erran digu solaskideak. 

ESTIA industria eta teknologien goi-eskola, "EGE" kartaren egitura ekonomikoetan ari da.

"EGE" KARTAREN PUNTU ZENBAIT

Lurraldea indartzeko inbertsioa

Eremu soziala indartu aldera, enpresak hainbat alor zaintzen ditu: 1. Euskal Herrian sortu behar diren enpleguak indartzea. 2. Bost urtero gutxienez, kapitala inbertitzea. 3. Urte bateko antzinakotasunaren ondoren mugagabeko kontratua langileei proposatzea (SMIC: + %5 gutienez), desmartxa orokor baten barruan aurrera egiteko. 4. Kontratu mugatuak hilabeteko soldaten kopuruan %20tan mugatuak izatea; sasoiko enpresen beharrean salbu. 5. Lan soldaten eskala orokorra 1tik 6ra antolatzea. 6. Etekinak modu batean ala bestean hiru urteren buruan hein batean langileekin partekatzea.
Honako puntu hauek ere lantzen ditu: 1. Kluster batean kidetzea (bost Iparraldean eta bat mugaz gaindiko Hegoaldean). 2. Kapitalean engaiamendua: Herrikoa-koa partaidea den enpresa batekin (salmenta-erosmena indartuz). Energia ere lantzen du (I Ener/energia, saila indartuz). Lurren aldeko iniziatibak sustatzen ditu (Lurzaindia), Iparaldean kokatzen diren lurren aldeko enpresak suspertzen.

Lurraldea eta gizartearen aitzinamendua

Langileak ekimenak enpresak honako desmartxak zaindu beharko ditu: 1. Tokian berean erostea eta zirkuito laburrak lehenestea. 2. Hiru urte barnean mezenasgo bat gauzatzea. 3. EGE kartaren espirituan ahal bezainbat aitzinamendu egitea. 4. Euskararen ikaskuntza eta erabilera sustengatzea.
Aberastasunen partekatzea: primen edo emaitzena, hots. Emaitzen interesa. Kapitalaren parte-hartzea. Horrez gain, Dialogue Social Pays Basque elkartean izena ematea (10 langile baino gutiago duten enpresei zuzenduta dago). Atxikimendu horri esker langileek kostuen tipitzeak izanen dituzte. Gazteak lan munduan sarrarazteko neurriak  hartzea (aprendizgoa, ikastaroak edota beste).   
Lurraldea eta gizartea atalak: elbarrituen laguntzeko egiturak sustatu (Agephip edo Seaskako Integrazio Batzordea). Presoen birgizarteratzea lagundu. Egitura ekonomikoak: Eusko moneta, Lantegiak, Cle, Hemen, Hazia, EHLG, lurraldeko eskolak. Seaska, Estia eta abar sostengatu. Kulturaren sustapena: euskarazko ekitaldiak, pastorala, bertsolaritza, kantua eta abar laguntzea, pilota edota lurraldeko kirol elkarteak barne. Euskararen aldeko ekimenak lantegietan bultzatzea bereziki: euskararen irakaskuntzari garrantzia emanez, barne eta kanpo komunikazioa euskaraz indartzeko langilea kontratatzean euskararekiko haren irizpidea kontuan hartzea lehenetsi da.

Alde ekologikoa

Honako puntuak hobetsi dira: 1. Hondarren birziklapena. 2. Mugikortasun eztia lehenetsi eta energia gastuak mugatzea. 2. Langileria garapen iraunkorreko erosketekiko sentsibilizatzea. 3. Energia hornitzailez aldatu lurraldean, inplikazioa hautatuz (Energia-n, adibidez). 4. Transmisioa: enpresaren jarraipena. Enpresa Euskal Herrian egon dadin, transmisio unean aterabideak bilatzea ahal den heinean.

 

 

 

 

 

 

 

BAIONAKO PORTUA

Baionako Portua gune inportantea da tokiko ekonomia sustatzeko. Iragan urteetan arazoak ukan zituen, Bokaleko eta Tarnoseko metalgintzako lantegiak berant harrapatu baitzuten aro ekonomiko berria, 2008ko krisiaren ondorengo aroa. Alta, portuak hiru ziurtagiri ditu. Ingurumenari buruzko lehenbiziko egiaztagiria berak jaso zuen Frantzian. 2001ean Kalitatea eta Seguritatearen agiriak ere jaso zituen.  

Baionako portuaren jabea Akitaniako Kontseilua da, Baionako Merkataritza Ganbarak emakida edo kontzesioa dauka. 25 urtero berritzen da. Ganbarak 5-6 urterako kudeantza dauka oraindik.

Portuak Draga berria erosi zuen duela bi urte. Trenak ezartzen ditu lantegien sarea uztartzeko eta karga portutik munduratzeko. SNCFarekin (Frantziar Burdinbideen Sozietate Nazionala) elkarlanean ari da. Une batez, portuko agintaritzak kamioi-garraioa sustatu nahi izan zuen, baina Merkataritza Ganbarak trena sustatzearen aldeko jarrera hartu zuen irmo. Jardun molde hori nagusitu da energia gutxiago kontsumitzeko xedetan; errepideak gutxiago xahutzeko eta karbono gutxiago hedatzeko, eguratsa hobetu aldera betiere.

 

 

KOOPERATIBISMOA
Arizmendiarrietaren eredua modu ezohikoan erabiltzen ari da
Jose Maria Arizmendiarrieta

Arizmendiarrietaren helburua ez zen kooperatibak sortzea, baizik eta gizartea eraldatzea. Lehenengo urratsa enpresa eraldatzea zen, Elizaren Gizarte Irakasbidearen printzipioetan eta balioetan oinarrituta.

Kooperatiben bidetik jotzea erabaki zuen, bere ideiak praktikara eramateko aukerarik bideragarriena zelako. Berritzailea izan zen kooperatiben hainbat ezaugarritan. Industria kooperatiben eredu berria bultzatu zuen, munduan lehenengoa. Kreditu kooperatiba berezia sortzen lagundu zuen (Laboral Kutxa), munduan berezia izan zena, Kooperatibaren bazkide ez baitziren bezeroak, ez zuten kreditu erakundeak sortu kooperatibak baizik. Beste kooperatiba batzuei ere bidea ireki zien eta haietatik etorri dira ikerketako kooperatibak –Ikerlan, besteak beste– eta unibertsitate fakultateak; Mondragon Unibertsitatea (MU) aitzindari izaki.  

Horretaz gainera, enpresen arteko lankidetzaren kontzeptuari bultzada eman zion. Betiere, esperientzia zela azpimarratuz, pertsonen eta erkidegoaren arazoak konpontzeko giza balioak eta merkatuko lehiakortasuna uztartzea bilatzen baitzuen. Alabaina, egiari zor, munduko ekonomian gertatutako aldaketen eta globalizazio prozesuaren eraginez, azken urteetan kooperatibek ohiko formula juridikoak erabili behar izan dituzte, eta horregatik, “Arizmendiarrietaren asmakizuna” gero eta modu ez ohikoagoan erabiltzen ari da. Hala izanik ere, azpimarratu behar da, batez ere Gipuzkoan, kooperatibak erreferentzia berezia direla, gauzak egiteko beste modu bat badagoela erakutsi dutelako eta enpresa munduan eragin handia dutelako.    

KOOPERATIBAREN AHULTASUN BATZUK, ETIKAREN IKUSPEGITIK
1. Banakako egoismoa bekatua da. Ordea, taldeko egoismoa bertute bat ote? Adibidez: aldi bateko langileen kasua dago. Eta besteen konturako ari diren langileak. Kudeaketan, emaitzetan eta jabetzan parte-hartzea bideragarria al da?
2. Kapitalak lanaren menpeko izan behar duela dioen printzipioa ez da aplikagarria kapitala geurea denean.
3. Igualitarismoak meritokrazia ito dezake. Profesional gazteentzat ez da erakargarria.
4. Kooperatiba handiak neurri batean “funtzionarizatu” egin dira. Fagor Etxetresnen kasua muturrekoa izan da, baina ez da salbuespena.

EZ KOOPERATIBISMOA, EZTA LANKIDETZA EKONOMIA ERE

Kooperatibismoa –ezta lankidetza ekonomia ere– ez da hirugarren bide bat kapitalismo ultraliberalaren eta sozialismo marxistaren artean. Ez da, hortaz, ia planeta osoan indarrean dagoen sistemaren alternatiba, sistema gustatu ala ez, eta moralaren ikuspuntutik egokitzat hartu ala ez. Beraz, munduko ekonomia jardueran indarrean dauden joko arauak ditu abiapuntu. Arau horiek aldatzeko beste esparru batzuetan eragin behar da, beste ikuspegi batzuetatik eta erkidego jakin batentzat egokitzea du xede, humanismo kristauaren printzipioak kontuan hartuta betiere. Uste baita, printzipio horiek ekonomiaren ikuspegitik bideragarriak direla eta politikaren ikuspegitik egingarriak.

KOOPERATIBISMA EUSKAL HERRIAN: ARRASATE
Euskal Herriko kooperatibismoa honelako balore hauetan oinarritzen da: pertsona guztien berdintasuna eta duintasun besterenezina errespetatzea. Enpresan eta gizartean parte-hartzea. Gizabanakoak eta erkidegoak aurrera egiteko, ekonomiaren jardueran elkartasuna, justizia eta lankidetza aplikatzea.

Arrasateko enpresa kooperatiboen jardunbide batzuk aurreko balio horietan oinarritzen dira. Hau da, euskal enpresak eredu inklusibo eta partaidetzazkoa landu behar ditu, elementu iradokitzaileak sustatuz. Izan ere, humanismo kristauaren printzipioak eta balio horiek biltzen baitira Arizmendiarrietaren pentsamenduan.

OHARRA: Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak “Lankidetza Ekonomia. Utopiaren eta etsipenaren artean” txostena eman zuen argitaratzea 2019ko abenduan. Goiko testua txosten mamitsu horretatik ateratako atal batzuez osatua da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar Euskal Herria
Frantziako Estatuak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko ditu, baina helburuetatik urrun

Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua... [+]


2025-06-26 | Antxeta Irratia
Euskararen Mapa osatu dute Urruñan engaiatu diren herriko 42 eragilerekin

Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko interesa agertu duten herriko 42 elkarte eta establezimenduekin Euskararen Mapa osatu dute Urruñan. Euskara «biziago» egiteko pausoak emateko prest liratekeen eragileak identifikatu ondoren, urratsak egiteko laguntza emango zaie,... [+]


Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


2025-06-25 | Xiberoko Botza
Ikusgarrietako intermitenteek lana mentx düe

Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]


Asteburu honetan eginen da EHZ festibala, Arberatze-Zilhekoan

Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]


2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Hazparneko etxebizitza agentzia bat okupatzeagatik epaituko dituzte zazpi lagun irailean

2024ko urtarrilean Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Hazparneko Puyo agentzia okupatu zuen. Ekainaren 20an elkarretaratzea egin zuten ekintzaileei babesa emateko.


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Bertsularien Lagunak elkartearen sortzaileetan izandako Mixel Itzaina zendu da, 92 urte zituela

Bertsozalea zen, eta hamarkada luzeetan aritu da bertsoaren plazako zereginetan: epaile eta gai-jartzaile lanetan, saio antolaketetan eta Bertsularien Lagunak elkartearen betebeharretan ere bai. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967an, eta ohorezko 2014an.


Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]


Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Bidaide eta gogaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "gogaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]


Albert Le Layek ez zuen trukean ezer eskatu

Canfranc (Huesca, Espainia), 1940ko ekaina. Charles De Gaulle jenerala buru zuen Londresko Frantzia Askearen gobernuak erabaki baten berri eman zion Albert Le Lay Canfranceko nazioarteko tren geltokiko Frantziako aduanako arduradunari: bere postuan geratu behar zuen. Ez zirudien... [+]


Eguneraketa berriak daude