Euskara Ipar Euskal Herriko udaletxeetan: neurriak hartzeko deia hautetsiei

  • Ipar Euskal Herriko herriko etxeetako hauteskundeen bezperan, “Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa: garapena herriko etxeetan” txostena aurkeztu diete Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak hautagaiei. Ofiziala ez bada ere, euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak eta eraginkorrak  gauzatzeko aukerak daudela dio euskalgintzak eta bide horretan laguntzeko xedez osatu dute txostena. 

Jenofa Berhokoirigoin

"Lege babesaren eskasa ez dadila izan euskararen aldeko aitzin urratsak ez emateko estakuru”. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren eta Euskal Konfederazioaren izenean Peio Jorajuriak herriko hauteskundeetarako hautagaiei luzatu hitzak dira. Euskarak ez dauka ofizialtasunik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, baina nahia izanez gero eta neurri ausart eta eraginkorrak harturik, euskal hiztunak euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu daiteke herriko etxeetan ere.

Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa: garapena herriko etxeetan” deitu txostena dute landurik Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan iragan otsailaren 6an aurkezturiko dokumentua. Bertaratu ziren euskalgintzako hainbat eragile eta herri eta tendentzia politiko ezberdinetatik etorritako hainbat hautagai. Hain zuzen, martxoaren 15 eta 22an izanen dira herrietako hauteskundeak eta testuinguru horretaz baliatu nahi du euskalgintzak euskararen aldeko bermeak lortzeko: euskararen garapenaren aldeko hizkuntza politika planifikatuak abian ezartzeko konpromisoak nahi dituzte hautagaien partetik. Hots, herritarrei euskarazko zerbitzua eskaintzeko eta herriko etxeko langileei euskaraz lan egiteko aukera emateko neurrien hartzeko engaiamenduak nahi dituzte. Konpromisoa hartu duten hautagaien zerrenda plazaratuko dute bozketen lehen itzulia aitzin.

Hitza gauzatzeko bidean lagungarri izanen zaie “Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa: garapena herriko etxeetan” txostena. Funtsean, horretarako dute sortu. “Hizkuntza politika eraginkorra eta ausarta egin nahi duen herriko etxearentzako tresna bat da” Kontseiluko Haizpea Abrisketaren hitzetan.

Tresna bat eskura jarriz

Nahi duenak tresna mamitsua eta interesgarria dauka esku artean. Hiru multzotan banaturik dituzte neurriak: Zerbitzuak eta prozedurak euskaraz eskaintzeko urratsak, komunikazio jarduerak euskaratzekoak eta langileei euskaraz lan egiteko bidea segurtatzeko neurriak. Horrez gain, harremana duen beste esparruetan –hezkuntza guneetan, eremu sozioekonomikoan,  hedabideetan, onomastikan eta kulturan– euskara txertatzeko aukerak ere zerrendatzen dituzte.

Egin dezaketenaren adibide konkretuak azaldu zizkieten  aurkezpenean egondako hautagaiei.Dokumentuan azaltzen den neurri zerrenda luzea izaki, aurkezpenean argi utzi zuen Kontseiluko Paul Bilbaok: “Herriko etxe bakoitzak bere egoeraren arabera definitzen ahalko du zein neurri edo esparru landu, dokumentuak aukera ematen digu lanketa integrala egiteko edo eremu zehatz bateko politikak definitzeko”. Neurriak hartzearekin batera, garrantzi handia du instituzio horrek argiki eta ofizialki aitortzea euskara herriko hizkuntza dela eta hizkuntza-plangintza baten bidez gauzatzea adierazpena: “Euskararen erabilpenak herriko etxe osoaren xede transbertsala izan behar du, ezin da izan bakar batzuena”, zioen aurkezpenean Maddi Etxekopar AEK-ko ordezkari eta Euskal Konfederazioko kideak. Sei  urteko kargualdia izanen du herriko kontseiluak hartu engaiamenduak betetzeko.

Euskararentzako ez da lur aberatsa esparru instituzional hori, frantsesa izaki hizkuntza ofizial bakarra, gehiegitan hitzez hitz betetzen ari direlako Frantziako Konstituzioko 2. artikulua. Baina ez da ere basamortu mugagabea eta euskaraz diharduten herriko etxeak ere badaude. Gutxi, baina badaude. Beti, derrigor frantsesari eman behar zaion tokia errespetatuz, baina euskara ere txertatuz egunerokoan.

Testuingurua alde

Euskararen aldeko hizkuntza politikak adosteko eta bozkatzeko testuingurua alde dutela errepikatu zuten behin eta berriz aurkezpenean. “Baldintza onak ikusten ditugu hizkuntza politika planifikatuak gauzatu ahal izateko”. Batetik, posible dela frogatzen diguten adibideak dauzkagulako. Bestetik, Euskal Hirigune Elkargoa eta Euskararen Erakunde Publikoaren babesa ukaiteak “aukerak biderkatzen” dituelako.  Adibide gisa, 2012an EEPk sortu eta gaur egun Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen dituen hobekuntza hitzarmenak badira. Kontratu horien bidez, pausoz pauso zerbitzuak elebidunak bilakarazteko engaiamendua hartzen dute herriko etxeek. Publikoarekin harremanetan diren zerbitzuak elebiduntzeko asmoz, euskalduntzeko formakuntzak proposatzen dizkiete langileei, eta komunikazioa ere elebiduna izateko neurriak hartzen dituzte. Gaur egun, Atharratze, Azkaine, Baigorri, Donibane Lohizune, Donibane Garazi, Hazparne, Hendaia, Hiriburu, Itsasu (hitzarmena bukatu zaio), Kanbo, Maule, Senpere eta Uztaritze herriek dituzte izenpeturik. EEP aitzin, horretan hasia zen Euskal Konfederazioa. 2001 eta 2006 urteen artean izenpetu zituen gisa bereko hitzarmenak 42 herriko etxeekin.


Bestalde, oroit gara, 2018ko ekainaren 23an “ofizialki” aitortu zituela Euskal Hirigune Elkargoak euskara eta okzitaniera. Lehen aldikoz egiten zuen gisa horretako aitortza bat Ipar Euskal Herriko instituzio batek. Horrekin batera, hizkuntza politikarako proiektua onartu zuten hautetsiek, Euskara jalgi hadi plazara izeneko dokumentuaren alde agertuz. Postura horri esker, hizkuntza politikak “harmonizatzeko” aukeraz gain, urrats gehiago emateko “posibilitate berriak” ikusten dituzte Euskal Konfederazioak zein Kontseiluak. “Etxetik eskolaraino eraman genuen. Eskolatik nola jalgi orain herriko plazara? Herriko etxeetara?” galdera luzatu zien Abrisketak gaualdi hasieran hautetsiei. Ezker-eskuin harturiko engaiamenduak  “biderkatzeko” eta “normalizatzeko” deia egin zien. Helburu hori iparrorratz harturik, euskalgintzak elkarlanean aritzeko gogoa eta asmoa daukala ere zehaztu zien: “Euskalgintza hor izanen duzue laguntzeko eta hizkuntza politika elkarrekin aitzinarazteko”.

Baiona eta Mauleri so

Euskalgintzako bi egiturek landu txostenaren aurkezpenean egon ziren, besteak beste, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Michel Etxebest, Maulekoa. Bi errealitate: Bata Lapurdiko hiriburua, bere 52.400 biztanleekin, bestea, Zuberoakoa, kasik 3.000 egoiliarrekin. Biek dituzte euskararen erabilpena sustatzeko neurriak harturik.
Maulek duela sei urte izenpetu zuen EEPrekin hitzarmena. Horri segi, sei langilek dute euskara ikasteko formakuntza jaso. Hala eta guztiz ere, 32 langileetatik bospaseik dute euskara mintzo; “arrunt guttik” Etxebestek aitortzen duenez. “Funtzio publikoa izanez, nahi duenak segi dezake formakuntza, borondate kontua da, ez da behartua”. Ofizialtasun ezak dakar hori. Hala ere, azken hiru enplegatzeetan euskal hiztunak lehenetsi dituztela dio, komunikazioa elebitasunean egiten ari direla eta harreran euskara segurtatzen dutela gehituz. “Eta horretan segituko dugu”.

Baionak berriz hizkuntza politika dauka adosturik eta bi euskara teknikari ditu. Bere kargualdian eramandako euskararen aldeko lanaz duen balorapena galdeturik, “zintzoki, balantzea ez da espero nuena bezain aberatsa, kritika nire buruari ere egiten diot”. Hizkuntza politika “boluntarista” gauzatzeko bidean “zailtasun teknikoak eta pratikoak” kausitu izana deitoratzen du. Adibidez, Baionan gaskoia ere izateak ez du euskararen erabilpena errazten: “Ezin ditugu hiztun komunitate baten eskubideak kontuan ez hartu; hiruak erabiltzeak ikuspen eskasa dakar usu. Noski, horrek ez du aitzakia izan behar eta gainditu behar ditugu oztopo horiek”. Dioenez, ez da nahikari politiko eskasagatik. Nahikari politiko hori Baionako euskal hiztunek gutti sendi dutela erran eta ondokoa erantzuten du:  “erraten didazu ez dutela sendi, baina nik erraten dizut zintzoki, nahikaria hor dela, nitan baita nire ingurukoetan ere”. Sei urte horietako esperientziatik ikasiko duela zehazturik, “helburu kuantitatibo argiak eta horiek betetzeko baliabideak” jartzeko konpromisoa hartzen du Baionako auzapezak.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude