"Egiten dugun orok du eraldaketa helburu"

  • Herri lanetarako ingeniaritza zibila ikasi ostean, gazte askok bezala bizitza profesionala garatzeko trabak ezagutu zituen Ainhoa Retegi Errandoneak (1987, Bera) . Ostalaritzan zebilen lanean, telefono dei batek bizitza aldatu zion arte. Eta inoiz pentsatuko ez zuen proiektu bateko kide bilakatu da. Hiritak At da bere lan esparrua, Euskal Herri osoa lan eremutzat duen zazpi laguneko kooperatiba.

"Guk jakintza teknikoa dugu, baina herritarrekin hitz egitea ezinbestekoa da" (Argazkia: Irantzu Pastor)

Zer da Hiritik At?

Gaur egun zazpi lagunez osaturiko kooperatiba da. Bostek Irungo bulegotik egiten dugu lana, eta beste bik, aldiz, Bilbotik. Tokiko garapen komunitarioaren inguruko egitasmoak garatzen ditugu: etxebizitza, espazio publikoa, lana, elikadura eta lurraldea dira jorratzen ditugun eremuak. Hain zuzen ere gure bizitzen burujabetza lortzeko oinarrizko eremuetako batzuk. Lan esparrua oso zabala denez, zer egiten dugun baino, nola egiten dugun azaltzea errazagoa dela iruditzen zait. Gure lan egiteko modua da gakoa.

Zein da modu hori?

Diagnostiko bat burutuz hasi ohi dugu lana normalean, tokian tokiko azterketa eginez; ondoren, herritarrekin prozesu parte-hartzaile bat abiatzen dugu ekarpenak eta proposamenak egin ditzaten. Hortik aurrera, jasotakoa oinarri hartuta eta gure ikuspegi estrategikoa uztartuta, proiektuari forma ematen hasten gara. Emaitza, ekintza plan bat, plan estrategiko bat edota prozesu bat izan daiteke. Askotan talde transdiziplinarrak osatzen ahalegintzen gara, kolaboratzaileak bilatzen ditugu lan horretarako, ikuspegia osatu eta ahalik eta talde aberatsenak osatzeko.

Gardentasuna ainitz aipatzen den aro honetan, nola hartzen du jendeak halako proiektu batean parte? Arrotza egiten zaie?

Halako prozesuetan parte hartzeko ohitura duen jendea hurbildu ohi da. Baina gure partetik ere ahalegintzen gara, herritar orori zabalduriko egitasmoak izaten badira ere, gaiarekin lotura duen jendea edo eragileak hurbildu daitezen. Gure artean beti aipatu ohi dugu: "Mutrikura joaten bagara proiektu bat garatzera, nor gara gu han zer eta nola egin behar den esateko?". Guk jakintza teknikoa dugu, baina herritarrekin hitz egitea ezinbestekoa da.

Argazkia: Irantzu Pastor

Nolakoak izan ohi dira garatzen dituzuen proiektuak?

Hiritik At-en helburuetako bat eraldaketa gauzatzea da. Egiten dugun orok du eraldaketa helburu. Adibide bat jartzearren, eskoletako jolas eremuetan gertatzen dena azalduko dut. Patioa, sozializaziorako lehen eremua da haurrentzat, hor hasten dira pertsonen rolak eraikitzen. Genero harremanetarako adibidez, jolas eremuaren konfigurazioa oso garrantzitsua da. Beraz, gu hortik abiatzen gara, eremuaren diseinu berrirako. Orain arteko ereduarekin apurtu nahi dugu, patio berri horretan harremanak beste gisa batean eraikitzen has daitezen.

Gaztetxoenekin ez ezik, adinekoekin ere jarduten duzue lanean.

Bai, hildo horretan Usurbilen garatu dugu oso proiektu interesgarria. Bi arazo nagusi zeuden identifikatuta. Batetik, gazteek etxetik joateko arazoak dituztela, eta bestetik, adinekoek, izan bakardadeagatik edota beren etxeen ezaugarriengatik, bestelako etxebizitza eredu baten beharra dutela. Euskal Herriko herri askotako arazoak edo egoerak dira, eta Usurbilen garatzeko aukera izan dugu. Belaunaldi ezberdinen arteko etxebizitza komunitario baten proiektua landu ahal izan dugu. Tristea da, baina bizilagunak nor diren ere ez dakigu egungo ereduan. Beraz, modu kolektiboagoan bizitzeko proposamena garatu dugu, norberaren intimitatea errespetatuz beti ere.

Euskal Herri osoan lan egiten duzue?

Aukera sortuz gero, ez dugu mugitzeko inolako arazorik. Baina egia da, Gipuzkoan eta Bizkaian lan egiten dugula gehienbat, bulegoak bertan ditugulako. Baina orain, adibidez, Lizarra aldean ere lana egiteko aukera suertatu zaigu. Bertako herrietako despopulazioaren kontra plan bat garatzen ari gara eta gu prozesua gidatzen gabiltza. Ipar Euskal Herrian ere elkarrekintzan gabiltza, Hendaian adibidez. Inposatzen dizkiguten muga administratiboak gainditzeko ere lanean dihardugu.

Egitasmo bat hasi beharko bazenu hutsetik, zein elementu hartuko zenituzke kontutan?

Toki batean, espazio edo lurralde batean ematen den edozein egitasmoren aurrean, lehen pausoa beti tokiko agente nagusiak identifikatu eta aztertzea da, nor diren eta nolako harremanak dauden eraikita haien artean. Gure bizitzen burujabetzen bidean urratsak emateko, eta guztiontzat bideragarri eta bizigarri izango den egitasmoa garatzeko, ezinbestean elkarrekintza publiko-kooperatibo-komunitarioa behar da. Tokiko sare instituzionalaren, sare ekonomikoaren eta ehun sozialaren arteko elkarlana. Subjektu guztiak ezagutu ondoren ahalik eta gehienak inplikatu eta aurretik azaldu dugun metodologiarekin garatzen dugu proiektua. Berdin du elikadura, etxebizitza, espazio publikoa, lana, energia, zaintza edo gobernantza egitasmoa izan, guk beti hartzen ditugu bi elementu oinarritzat: gure bizitzen burujabetzan aurrera egiteko balio izatea eta tokiko garapen komunitarioaren logikan bertako agente inplikatu guztiekin lan egitea.

BIZITZA ERDIGUNEAN
Ohiko hirigintza eredutik atera eta haratago joan nahi du Hiritik At kooperatibak. Nahi eta ekin, hitzetatik ekintzetarako jauzia emana baitute bertako zazpi kideek. Egungo eraikuntza eta egituraketa ereduak eraldatzeko estrategiak lantzen dituzte, giza harreman osasuntsuagoak sustatzeko helburuarekin. Ekonomonia sozial eta eraldaitzailean kokatzen du bere burua, eta sektoreko taldeen arteko lankidetza da oinarrietako bat.

 


ASTEKARIA
2020ko urtarrilaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-09 | Enbata
Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude