Jirafak jauregian

  • Ignacio Goitia artista bilbotarraren obra ezagutzen ez duenak sorpresa handia hartuko du Rekalde aretotik osteratxoa egiten badu, orain arte bisitari bakar bat ere epel utzi ez duen erakusketa Bilbo erdiguneko galeria horretan baitago, urtarrilaren 26ra arte. Esan daiteke Goitiak xehetasun handiz margotzen dituela munduko eraikin arranditsuenak, formatu handiko koadroetan, errealismo koloretsuz. Esan daiteke, halaber, animaliak pintatzeko zalea dela, jirafak, elefanteak eta zaldiak.

Argazkia: Rekalde Aretoa.
Argazkia: Rekalde Aretoa.

2020ko urtarrilaren 19an

Kontua da elementu horiek koadro berean uztartzen dituela, naturaltasun osoz, ezinezkoak diren eszenak bene-benetakoak balira legez agertuz. Jauregi dotore bateko egongela apainduan pare bat jirafa hormetako koadroak begiratzen egon daitezkeela sinesgarri egiten zaio ikusleari, hain dira irudi errealistak. Edo hiri hutsetako kale geometrikoetan zaldun ingelesak, txakur eta guzti, harro-harro paseoan.

Maiz bidaiatzen du Ignacio Goitiak; hiri handiak, giro berriak ezagutzea atsegin du. Bidaietan ikusitako guztia xurgatu, eta itxuraz absurduak diruditen eszenetan nahasten du. Ezarritako ordena artearen bidez apurtzeko gogoa du, sinboloei, arkitekturari, hirietako espazioari eta botereari alternatibak bilatzen dizkie, teknika klasiko eta landuari uko egin gabe.

Aukeratzen dituen figurak koadroz koadro eramaten ditu, eszena desberdin baina errepikakorretan. Jirafak daude serie batean, Amerikako Estatu Batuetako telesailetako itxura duten poliziak beste batean, pertsonaia aristokratikoak, larruzko arropaz jantzitako gizon erdi biluziak... Azken horiek Kaliforniako San Frantziskon ikusitako Folsom Street Fair topaketan ezagutu zituen; haien naturaltasun eta desinhibizioak liluratu egin zuen Goitia. Koadroetan, lasai asko ageri dira kalean hizketan, museoan zein jauregiko alfonbra garestiaren gainean, guztiz integraturik.

Izatez, atzera begirako erakusketa da, Ignacio Goitiak 1988tik gaur arte egin duen ibilbide artistikoaren lagin esanguratsua bildu baitute Rekaldeko arduradunek, Goitiaren beraren laguntzaz. Artista honen estilo bitxia eta koadroetako detaile harrigarriak ezagutzeko aukera paregabea da, eta, gainera, sartzea doan da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude