Migratzaileak eta euskara, Gasteizen eta Hernanin

Lozorro instituzional eta sozialaren aurrean adabaki boluntarioak

  • Kazetariak ikastetxera joan nahi zuen, eta galdetu ea atzerritik etorritako haur-gazteak nola moldatzen diren euskaraz ikasten. Ea Hezkuntzako murrizketek nola eragin duten baliabideetan, ea harrera planik baduten, ea haien jatorrizko hizkuntzak lantzen dituzten… “Harrera planak?”, esan digu harritu samar Ruben Sánchez Bakaikoa guraso gasteiztarrak: “Zuriak baino ez dauden ikastetxean nori egin behar diote harrera? Eta zuririk ez dagoen ikastetxean nork egin behar die harrera?”. Ikasgelatik begirada altxatu dugu, eta auzoaz, herriaz, marjinazioaz, pobreziaz, segregazioaz, eta bizikidetzan pausoak emateko uzkur diren erakunde publikoez eta gizarteaz aritu gara. Hala dio Leire Diaz de Gereñu gurasoak: “Ez dago euskararik, ez badago bizikidetzarik”. Gasteiza eta Hernanira hurbildu gara, korrontearen kontra lanean direnen pozak eta ezinak ezagutzera.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2019ko abenduaren 23a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Jakin dugu Hernanin etxeko lanak egiten laguntzen dietela guraso atzerritarrak dituzten umeei eta etorri berriak diren haurrei. Zer lan egiten ari diren jakin nahi izan dugu eta egitasmoan parte hartzen duten eragileekin elkartu gara: Amher-Sos Arrazakeria (Hernaniko Elkarte Multikulturala), Kaxkardi kirol elkartea, udaleko hizkuntza eta hezkuntza teknikaria (Malores Etxeberria), kulturartekotasun teknikaria (Irantzu Jauregi), eta Elizatxo Ikastolako zuzendaria (Gurenda Elu). Etxeko lanak egiten nola laguntzen dieten baino askoz gehiago kontatu digute.

Tomas Elortza Amher-eko boluntario beteranoetako bat da eta gogoratu da nola duela dozena bat urte, lehenengo aldiz, bi marokoar anai-arrebari eskolak eman zizkien uda batez. Ez zekiten ez euskara, ez gaztelania, dena zuten ikasteko. Orduz geroztik, hainbat urtean, Amher elkarteak koordinatu du etxeko lanetarako laguntza, boluntarioen bidez. Kopuruak gora egin zuen, ordea, eta eskaerari erantzuteko arazoak izaten hasi ziren.

Garai beretsutik, duela hamabost bat urtetik hona, udalaren bueltan elkartzen dira herriko ikastetxe guztiak, Haur Eskolatik hasi eta Lanbide Heziketa eta batxilerretara. Bederatzi eskoletako zuzendariak hilean behin biltzen dira. Foro horretan hezkuntza, euskara, ingurumena, berdintasuna, kultura eta beste hainbat gai lantzen eta koordinatzen dira. Ikastetxeez eta udalaz gain, herriko mugimendu sozialek ere hartzen dute parte gaiak hala eskatzen duenean, hala nola, Amher, Hezkuntza plataforma, aisialdi talde eta euskara elkarteak.


Leire Diaz de Gereñu, Ramón Bajo ikastetxeko gurasoa:
“Euskara hizkuntza gutxitua da, biziraun nahi dugu, eta horrek gure artean biltzeko joera sortzen du, bereziki eremu soziolinguistiko erdaldunetan, baina hori ez da gizarte bat, eta euskararen aitzakian beste kontu batzuk ezkutatu litezke”

Foro horretan hasi ziren, hain zuzen ere, duela hamabost bat urte, etorkinen eskolatzeaz hizketan eta gai horri heltzeko beharra sentitu zuten. Ikasle etorri berriak eskola jakin batean ari ziren kontzentratzen, itunpeko kristau eskolan, eta kontzentrazioa gero eta handiagoa zen. Lautik hiru ikasle ziren etorkinak eskola horretan, eta gainerakoetan, denak publikoak, apenas zegoen ikasle etorkinik. Udaleko teknikariek, Etxeberriak eta Jauregik, diote herriarentzat halako egoera bat ez zela batere egokia garbi zutela, eta arrazoi guztiak zeudela gaiari heltzeko. Saiakera egin zuten, baina ez zuten aurrera egitea  lortu. Ikastetxeentzako egoera ez zen artean oso deserosoa. Etorkinak jasotzen ari zen eskolarentzako matrikulazio-iturria zen, behar zituen, eta eskura zituen baliabideekin lortzen zuen, nolabait ere, egoera kudeatzea. Gainerako eskolentzako, berriz, kezka bat gutxiago. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin bilerak egin zituzten, Jaurlaritzak ere, Hernani landu beharreko herrien artean baitzeukan. Diagnosian bat egin zuten Hezkuntza Sailak eta Hernaniko Udalak, baina praktikan ez ziren ezertara heldu.

Ikasle banaketa ez da proportzionala

Euri asko egin du orduz geroztik. Krisi ekonomiko-finantzarioa pairatu dugu, Hezkuntza Saila ikastetxeetan murrizketak egiten hasi zen, eta etorkinek etortzen jarraitu dute, lehen baino gehiago. Bertako jaiotze tasak behera eta atzerritarrak joan-etorrian etengabe. Errealitate hori geratzeko etorri dela dio Jauregik eta beste hainbat eragile ere horretaz jabetu dela.

Hala, duela bi urte, ikastetxeetako zuzendariak eta udaleko ordezkariak biltzen diren foroan, atzerritarren seme-alaben eskola-errealitatea hobeto ezagutzea pentsatu zuten. Egoerak okerrera egin zuen urte haietan: itunpeko ikastetxeak dagoeneko ezin zuen kudeatu atzerritar kopurua eta beste ikastetxe publiko batean gauza bera gertatzen hasia zen. Inorentzat, herriarentzat, egoera ona ez zela iritzita, non edo nondik lanean hastea erabaki zuten.

Kaxkardi elkarteko kidea haurrei etxeko lanak egiten laguntzen. Argazkia: Mikel Olabide.

Ordurako, Amher elkarteak bide batzuk jorratuak zituen. Hernaniko Udalak aurrekontuen zati bat, urteko 500.000 euro, nola gastatu modu parte-hartzailean erabakitzen du. Prozesu horretara aurkeztu zuen Amher elkarteak proiektu bat, atzerritar familietako haurrei etxeko lanetan laguntzeko. Ezin zieten haur guztiei lagundu etxeko lanetan, gero eta gehiago ziren. Udalak esku hartzea nahi zuten. Bada, herritarrek Amherren egitasmoa onartu zuten aurrekontu parte-hartzaileetan. Udalak Kaxkardi kirol elkartea kontratatu zuen lan horietarako. Hainbat helburu bete nahi ziren aldaketa horrekin: Amher arindu eta gorantz ari zen ikasle kopuruari hobeto erantzutea, umeek irakasle gazteagoak izatea erreferentzia moduan, eta oso garrantzitsua, etxeko lanak egiteaz gain, Kaxkardiko hezitzaile gazteen bidez herriko aisialdian errazago murgiltzea.

40 umeri etxeko lanetan laguntzen

Amherreko kideek musu-truk lagundu diete hainbat haurri etxeko lanetan eta orain ere Kaxkardik bere gain hartu ez dituen ikasleak izaten ditu. Kaxkardikoen lanaren ardura ekonomikoa udalak hartu du. Laugarren ikasturtea hasi dute Kaxkardikoek. 8 eta 11 urte artekoak dira. 40 bat ume ari dira eta ikasgela bakoitzean gehienez hamar haur dituzte. Bost ikastetxeetakoak joaten dira eta haurrak irakasleek aukeratzen dituzte haien beharren arabera. Atzerritarrentzat eta atzerritarren umeentzat dira eskolak. Solaskideek badute kezka gai horren inguruan. Guraso gaztelania hiztunek eta euskara hiztunek ere badituzte haurrak eskolan ondo moldatzen ez direnak, eta baliabide ekonomikorik ez dutenak. Haiek ez dute lekurik egitasmo honetan. Dena dela, Irantzu Jauregik gogoratu du egitasmoan biltzen diren haurrek bi ezaugarri betetzen dituztela: bata, haien gurasoek baliabide ekonomikorik ez dute bide akademikoan laguntzeko, eta bestea, errealitate zeharo arrotzera etorri dira eta herrian harreman sarerik ez dute izaten gehienetan.

Hiru hilean behin Kaxkardiko hezitzaileak umearen ikasketa buruarekin elkartzen dira eta jarraipena egiten dute. Ikasturte hasieran irakasleak esango dio Kaxkardikoari zer behar dituen haurrak. Batzuk ez dute menperatzen euskara, ezta gaztelania ere, beraz horiekin hizkuntzan sakontzen dute; beste batzuek ulermen arazoak dituzte eta irakurketa lantzen dute; badira hizkuntzekin arazorik ez dutenak, baina adibidez matematiketan trabatuta daudenak eta etxean ezin diete lagundu hizkuntza ezagutzen ez dutelako. Hurrengo egunerako etxeko lanik gabe ere joaten dira, eta horrelakoetan, elkarrekin aritzeko eta euskara praktikatzeko jolasak eta ariketak egiten dituzte.

Etxeko lanak ardatz hartuta euskara menperatzea, akademikoki aurrera egitea da helburu bat, baina harago doa egitasmoa. Kaxkardi umeekin ari da futbolean, piraguan, udalekuetan, eta herriko haur piloa ezagutzen dute. Zubi lana egin nahi dute, atzerriko umeei herriko aisialdirako bidea ireki nahi diete.

Gurenda Eluri galdetu diogu ea nola daramaten haien haurrak ikastetxez kanpo beste talde batek kudeatzea, ikastetxeek ez ote duten sentitzen tartean sartu direla bestelako eragileak. Ezetz dio irmo: “Lasaitua hartu dugu. Guk erantzukizuna daukagu, baina ez gaude prestatuta errealitate hau kudeatzeko. Ikasleak Amherrekin, herriko elkarteekin eta udalarekin elkarbanatzea ardura elkarbanatzea da”.

Hemeretzigarren hilabetean, jada ez dira etorkin

Egiten ari direna kontatu digute eta gogorarazi digute egin beharko lukeenak egiten ez duelako ari direla asko. Solasaldi honetan Hezkuntza Sailari arreta berezia jarri ez badiote ere, tarteka atera da. Irantzu Jauregi Kaxkardiren bi egitekoez (akademikoa eta bizikidetza) ari garela hausnarrean hasi da: “Hezkuntza Sailak etorri berriari hizkuntza menperatzen laguntzeko baliabideak jarriko balitu, Kaxkardiren lehen egitekoaren behar handirik ez legoke. Uzbekistanetik etorri den haurrak nola egingo du eskolan jarraipen egokia hizkuntza bera ez badu ezagutzen?”. Alegia, herrian harremanak egiten, inklusioa lantzen, inbertituko lituzkete indarrak eta diruak. Gogoratu dute haurrak etorkina izateari uzten diola hamazortzi hilabeteren buruan, Hezkuntza Sailaren begietara. Sailak bi ikasturtez baliabideak jartzen ditu haur horrentzat eta aintzat hartzen da epe horretan eskolako erritmoa hartuko duela. Kaxkardiko kideak badakite zertaz ari diren: “Bertako ume batzuek ere zailtasunak dituzte eskolan, nola moldatuko dira euskaraz, eta askotan gaztelaniaz, ez dakitenak? Eta hizkuntza ez da zailtasun guztien iturburua eta konponbidea. Guk oso ume azkarrak dauzkagu, baina lekuz kanpo daude, zentzu guztietan, atzerritik etorri berriak dira”. Uzbekistaneko ikaslearen adibideari heldu diote berriz eta gogorarazi dute duela bi urtez geroztik ikastetxeetan itzultzailerik ez dutela, murrizketen ondorioz. Mongoliarrak eta marokoarrak dituzte eskoletan, ez euskara ez gaztelania dituztela. Itzultzailea eskolaz kanpo aurkitu behar dute. Kaxkardiko bi gazteei irribarre etsigarria atera zaie: “30 ume dauzka ikasgelan eta batek ez du ezer ulertzen! Aupa irakasle!”.

Gurenda Elu, Elizatxo Ikastolako zuzendaria: “Lasaitua hartu dugu. Erantzukizuna daukagu, baina ez gaude prestatuta errealitate hau kudeatzeko. Ikasleak Amherrekin, herriko elkarteekin eta udalarekin elkarbanatzea ardura elkarbanatzea da”
Dobera eta Kanika ere ari dira

Ez ditugu mahaiaren bueltan solaskide izan, baina Dobera euskara elkarteko eta Kanika aisialdi taldeko kideak ere ari dira euskara eta etorkinak uztartzen. Doberak Hamaika batuaz egitasmoan ehundik gora haur eta gazte bilduko ditu aisialdian ikasturte honetan. Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzakoak dituzte. Helburua euskara menperatzen ez dutenei bide horretan laguntzea da, eskolaz kanpo eta jolasaren bidez. Gehientsuenak etorkinak dira.

Kanikako begiraleak hilero elkartzen dira ekintzak egiteko herriko ehun bat haur-gazterekin. Hiru hilean behin lo kanpoan egiteko planak egiten dituzte. Kopuruan muga jarrita dute, baina egoera berezian dauden haurrak beti hartzen dituzte, adibidez, iritsi berriak. Taldearen zutabeetako bat euskara da eta nolabaiteko harrera egiten diote umeari; etxetik dakarren hizkuntza eta kultura balioan jartzen dituzte eta hemengoa ere azaltzen diete. Begiraleek eta haurrek beraiek ardura hartzen dute iritsi berriari euskara ikasten laguntzeko. Ohikoa da mimika erabiltzea edo belarrira xuxurlatuz euskaraz esandakoak itzultzea.

Ez daude Hezkuntza Sailaren zain

Solaskideek ez dute ezeren eredutzat hartzerik nahi, haien puzzlea ahal den moduan osatzen ari direla diote. Umeen etxeko lanak aitzakia polita izan dira ikastetxe guztiak eta herriko hainbat eragile publiko eta pribatu sintonian aritzeko. Aurrera jo nahi dute, jakinda adabakiak jartzen baino ez direla ari. Ikastetxe guztien arteko oreka lortzea nahi dute, atzerritarrak ikastetxe batera edo bestera bideratzea, eta ez pilatzea. Aitor dute ez dakitela oso ondo zer den orekatzea. Kazetariak galdetu du ez ote diren horiek Hezkuntza Sailaren eskuduntzak. Solaskideek erantzun dute ez daudela Hezkuntza Sailaren zain, bestela esperoan egon beharko luketela. Horrek ez du esan nahi erakunde publikoarekin lanean ari ez direnik. Lehen pausoa herrira matrikulazio epetik kanpo iristen diren haurrekin eman nahi dute, urtean 30-35 dira. Batzorde aholku emaile bat sor ote litekeen ari dira pentsatzen, haur bakoitza zein eskoletara bideratu aztertzeko eta Hezkuntza Sailari adierazteko. Argi dute Sailak norabide berean jokatzen ez badu, herrian ezingo dutela aurrera egin, Sailak baitu azken hitza. Abiapuntua baino ez litzateke epez kanpo datozen haurrak bideratzea, hamaika egiteko otu zaizkie denbora gutxian etorkizunera begira: itzultzaileak lortzea, etorri berriei haien hizkuntzez eta kulturaz galdetzea, herrian harrera plan osatu bat egitea…

Gurenda Eluk herriaren egitekoa azpimarratu nahi du: “Bagenekien eskolak bakarrik ezin zuela. Familia gehitu genuen eta orain herria ari gara gehitzen. Amher, Kaxkardi, Dobera, Kanika… Horiek denak alboan ditugula gu lasai gaude”.

Gasteizen, Alde Zaharrean, auzoa biziberritu nahian

Gasteizko Alda Zaharrean lau auzokiderekin elkartu gara: Ramón Bajo ikastetxeko guraso Ruben Sánchez Bakaikoa eta Leire Diaz de Gereñurekin, eta Goian elkarteko Natasha Rueda eta Salka Mint Karamerekin. Alde Zaharrean dagoen Ramón Bajo ikastetxean, migratzaileak eta euskara lotuta zertan ari diren jakin nahi genuen. Laster konturatu gara ikastetxera mugatzeak ez duela zentzurik. Lau solaskideek auzoa jarri dute erdigunean eta ezinbestekotzat Goian Alde Zaharreko Komunitate egitasmo hezitzailea.
Ramón Bajo ikastetxeko guraso elkarteak sortu zuen duela hamalau bat urte Goian, izen hori geroago hartu bazuen ere. A eredutik D eredura aldaketa egin eta atzerritarren ghetto bihurtutako eskola orekatzen saiatu ziren gurasoek sortu zuten aisialdi elkartea. Orduz geroztik asko garatu da. Goianek auzoarekin lotura trinkotzea du bereizgarri nagusi. Talde guztietan bost irizpide hezitzaile lantzen saiatzen dira: euskara, parte-hartzea, hezkidetza, elkar zaintza eta aniztasuna. Ezaugarri bereziak dituen auzoan dago Goian. Estigma handia du Alde Zaharrak, borrokaz eta etorkinez betetako auzo zaharkitutzat hartzen da. Era berean gentrifikazioa pairatzen hasia da, turistak eta parrandazaleak tokia hartzen ari dira. Horregatik bi helburu, euskara ardatz hartuta, nola lortu auzoa bizirik mantentzea eta hainbeste jatorritako auzokideak elkarrekin bizitzea?

Goian elkarteak antolatutako tailerrean Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia Goian elkarteak utzia da.

Bi xede nagusi dituzte, baina egunean-egunean moldaketak egin behar izaten dituzte. Nola bermatu euskara komunikazio hizkuntza izatea? Oso konplexua da auzoko errealitatea, eta Goianen egitekoa hobeto azaltzeko, adibide bat eman du Sánchezek: “Tau umeekin oso ondo moldatzen da monitore gisa, baina ez diote euskara irakatsi. Era berean, nire umeek ekintza horietan euskaraz parte hartzea nahi dut, baina Tau-rekin ezin da. Baina ez dut Tau kanpoan utzi nahi. Nola egiten dugu hori?”.

Adin guztietako haur eta gazteak biltzen ditu Goian elkarteak. Auzokoak dira gehienak, baina Gasteizko edonork eman dezake izena. D ereduko eta A ereduko ikasleak dira. Hezitzaileak ez dira beti euskaldunak, Sánchezek aipatu duen moduan. Ahal duten bezala konpontzen dira: hezitzaileak ez badaki euskaraz, agian laguntzaileak jakingo du edo ez badaki ere euskarazko hitzak sartzen hasiko da. Beste batzuetan umeak beraiek dira euskaraz ulertzen ez dutenak. Euskara ez jakiteak ordea, ez die aterik ixten ez hezitzaileei, ezta umeei ere. Helduentzako ekintzak ere badituzte. Esate baterako arrakasta du Sukaldean solasean ekimenak. Lehen gaztelaniaz egiten zen. Gaur egun errezeta egiten duenak bere hizkuntzan azaltzen du, eta euskaraz ere kontatzen dute. Yoga euskaraz ematea erabaki zuten. Topaguneak eskaintzen duen Auzoko programa ere badute, Hizkuntzen arteko enkontrua deitu diote ekimenari. Ume eta ez hain ume, inauteriak, Olentzero, eta egutegiko beste hainbat data berezi ospatzen dituzte.

Goian elkartea udalak diruz lagundua da. Hala ere, premiak izaten dituztenez, dirua lortzeko ekimenak antolatzen dituzte. Edonorentzat eskuragarria izan dadin, ekintza bakoitzak 40 euroko kuota du urtean eta elkarlan-bekak eskuratzeko aukera dute kuota ordaindu ezin dutenek. Elkartean kaleko hezitzailea, guraso elkartea, Ramón Bajoko irakasle bat, boluntarioak eta hezitzaileak biltzen dira.  

Goian elkarteak batik bat Alde Zaharreko haurrak biltzen ditu, baina Gasteizko edozein haurrek har dezake parte ekintzetan. Argazkia Goian elkarteak utzia da.
‘Ramón Bajo’ ikastetxean ez dira esperimentuak izango

Bi gurasoak pozik ari dira lanean auzoan, baina biak dira ezkorrak. Leire Diaz de Gereñuk azpimarratu du, ez Hezkuntza Sailak ez gizarteak berak ere, ez dutela benetako borondaterik agertzen eskolaren bitartez bizikidetza sustatzeko: “Esaten da segregazioa saihestu behar dela, baina ez dago helburu komunik. Ez da nahikoa ikastetxeak D eredua izatea. Horrek ez du esan nahi bizikidetzan aurrera egingo duzunik, euskaran aurrera egingo duzunik, besteak beste segregazioagatik. Aldaketa asko gertatu dira azken hogei urtean eta hezkuntzan ez zaio nahikoa serio heldu gaiari. Gurea bezalako hezkuntza sisteman, zeinetan hizkuntza gutxitua den ardatz, bereziki zaindu behar dira, adibidez migratzaileen harrera planak eta salbuespen egoerak. Bestetik, eskola komunitatea osatzen dugun guztion erantzukizuna ere bada. Etengabe esaten da euskara hurbildu behar zaiela etorkinei. Ez da hala, ezer baino lehen, gu hurbildu eta elkarrekin bizitzea da bidea”.

Sánchez ere ez dago Hezkuntza Sailak zer egingo zain, baina fokua gizartean jarri du, ez du uste Ramón Bajon gertatu zenaren antzekorik gertatuko denik Euskal Herrian, alegia, ghetto bihurtutako ikastetxera bertako gurasoek haien umeak eramatea, ikastetxea nolabait orekatzeko: “Gurasoek beraien haurrak jarri behar dituzte lehen lerroan horrelako bat egiteko. Ikastolek horretatik asko izan zuten: ilegalak ziren ikastoletara umeak bidali zituzten. Gaur egun prest dago jendea horrelako apustuak egiteko?”. Eta beraz, erakunde publikoen esku-hartzerik ez bada, zuriak ez direnen eta zuriak direnen eskolak bereiziko dira, pobreak direnen eta ez hain pobre direnen eskolak. Atsekabetuta dio Sánchezek: “Euskara nola landu etorkinekin? Gure whatsappetan ohiko mezuak dira halako familia hurrengo astean etxerik gabe geratuko dela”. Diaz de Gereñuk tinko dio pobreziari eta marjinazioari aurre egiteko borondate politikorik ez dagoela, baina gizarteari ere badagokiola aldaketa eskatzea, ikastetxe segregatuak desagertzeko eskatzea, eta ez duela hala egiten.

Ez dute nahi euskararen gaitzen erruduntzat etorkinak hartzerik, hartarako joera handia baitago. Diaz de Gereñuk ondoko gogoeta egin du: “Ados, euskara hizkuntza gutxitua da, biziraun nahi dugu, eta horrek gure artean biltzeko joera sortzen du, bereziki eremu soziolinguistiko erdaldunetan, baina hori ez da gizarte bat, eta euskararen aitzakian beste kontu batzuk ezkutatu litezke. Pentsatu beharko dugu nola egingo dugun euskara indartzeko. Lehenagotik dauzkagun baldintzak hor daude, eta gainera, ingelesaren hegemonia zabaltzen ari zaigu, baina arazoa ez da bestea”.

 

Natasha Rueda, Goian elkarteko kidea

"Orain euskara ikasteko gogoa daukat"

Argazkia: DosPorDos.

Kolonbiarra naiz eta 15 urterekin etorri nintzen Euskal Herrira. Eskolan, Bigarren Hezkuntzako lehen mailan jarri ninduten. Euskarazko lehen klasean, liburua eskuan nuela, irakasleari zerbait galdetzera joan nintzen, eta esan zidan ez zeukala denborarik niretzat, zeren nik euskara salbuetsita neukala, eta beste 34 ikasle zituela zain. Nahi banuen saiatzeko, eta bestela jolastokira joateko. Horrela erantzungo badidazu ez dut hemen egon nahi, jolastokira noa.

Ez dut euskara ikasteko gogorik izan. Euskara ikasi behar da, bai ala bai? Eta ez gaitezen ahaztu zein dirutza behar den euskara ikasteko. Orain euskara ikasteko gogoa daukat. Hiru urtez ari naiz euskaltegian. Goian elkartean bost urte daramatzat urban dance irakasten. Euskara ikasi nahi dut Goianen nagoelako, Goianek nire bizitzan daukan garrantziagatik.

Gazte askok nirea bezalako bizipen txarrak izan dituzte. Bigarren Hezkuntzan euskaratik salbuetsi dituzte eta batxilerra bukatzerakoan, bat-batean, konturatzen dira batxilerra gainditzeko euskara maila jakin bat egiaztatzeko azterketa gainditu behar dutela. Euskarak ibilbide akademikoa eta haien bizi-asmoak izorratuko dizkiela sentitzen dute. Euskara ikastera derrigortuta daudela sentitzen dute.

Goian desberdina da. Euskara ardatza da, euskaraz egin nahi dugu, baina edozein pertsona onartzen dugu, eta datorrenaren egoera kontuan hartzen dugu. Euskaraz egingo du ahal duenak eta ahal duen neurrian. Poliki abiatuko zara, hitzez hitz, euskara entzungo duzu, agian hurrengo urtean euskara eskolak hartzera animatuko zara, edo hezitzailea zara eta umeekin euskaraz zenbatzen hasiko zara. Nik, adibidez, aditzak agintera moldean baino ez ditut erabiltzen haurrekin ari naizenean. Aurrekoan haur batek esan zidan asko hobetu dudala. Nola ohartu den! Hasieran ez nuen ezer ulertzen, orain ia dena ulertzen dut. Ume askok jada ez didate gaztelaniaz hitz egiten. Ulertzen ez badut, galdetzen diet. Beraiek ere konturatu dira aldatzen ari naizela.

 

Argazkia: DosPorDos.

Salka Mint Karame, Goian elkarteko kidea

"Goian-en baino ez dut egiten euskaraz"

17 urte ditut. Tenerifen jaio eta 4 urterekin Euskal Herrira etorri nintzen. Iurretan eta Bilbon bizi izan naiz eta bietan D ereduan ikasi nuen. Gasteiza etorri nintzenean amak B ereduan sartu ninduen, bestela etxeko lanetan ezin zidan lagundu. Orduan hasi nintzen euskara galtzen. Ez nuen Bigarren Hezkuntza ikastetxean bukatu eta Helduen Hezkuntzara joan nintzen bukatzera. Astean ordubete ematen genuen euskara. Erizaintzako laguntzaile ari naiz ikasten, gaztelaniaz, zeren euskaraz oso zaila da. Euskaraz Goian elkartean baino ez dut egiten. Monitoreari jolas hezitzaileetan laguntzen diot. Umeekin egiten dut euskaraz.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Etorkinak eta euskara  |  Hernani  |  Gasteiz  |  Eskola segregazioa

Etorkinak eta euskara kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude