Euskarara gerturatzeko urrats txikiak Lekeition

  • Saltsa guztietan egon ohi dira eta Lekeitioko Ikastolak proposatutako erronkari ere ez diote iskin egin espeja-gartziatarrek. Alina Diadoma ukrainarrak prestutasun hori baliatu eta gogoz hartu du aste betez familia euskaldun batean bizitzeko erronka. Ikasleek eta familiek emandako erantzun ona ikusita, udaberrian berriro egingo dute antzeko ekimena.

Alina Diadoma, Igotz Espeja, Joxe Gartzia, Aratz Espeja, Ani Espeja eta Irati Espeja afalorduan. Argazkia: Txopi

Entsalada prest Espeja Gartzia familiaren etxean, gaurkoan baina, mahai inguruan bost lagunen ordez, sei elkartu dira. Alina Diadoma da aste honetako gonbidatua. Astebetez luzatuko du egonaldia Lekeitioko Azkue Ikastolako familiaren etxean. Helburu bakarra: euskaraz bizitzeko urrats praktikoa gauzatzea.

Hirugarren eguna da gaur Diadomarentzat espeja-gartziatarren etxean. Lehenengo eguneko urduritasunak gailenduta lasaiago, eta gustura dago ukrainarra. Euskaratik hurbilago eta ausartago sentitzen dela azaldu digu. Lotsak albo batera utzi eta etxeko txikiekin lehenengo berbak ere euskaraz egin ditu dagoeneko.

Afalorduan eguneko kontuak aipatu dituzte, batak multikiroletan igerilekuan izan dela, arraun entrenamenduko gora-beherak; besteak taldeko proiektua zail xamarra bilakatu zaiela, autoari errebisioa egin beharra, etxeko erosketen errepasoa... Txikienak ere gogotsu ari dira kontu kontari. Noizean behin gurasoen abisua jasotzen dute, “astiroago, Alinak ulertzeko moduan”. Baina hitz bakar bat ere ez erdaraz. Mantsoago batzuetan, mimikaz askotan edota adibideen zerrenda baliatuta beste batzuetan, lortzen dute hala edo nola Alina ere afalorduko elkarrizketan murgiltzea.

Ohikoa izan da atzerriko familietan egonaldiak egitea ingelesa, frantsesa edo alemaniera ikasteko. Euskal Herrian bertan, eremu ez hain euskaldunetako ikasleekin trukaketak ere egin ohi dira. Oraingoan baina, Lekeitioko Azkue Ikastolan Euskara behar dut kanpaina abiatu eta ikastolako familia erdaldunetako ikasleak familia euskaldunetan murgildu dira astebetez. Esperimentu eta erronka moduan landu du ikastolako Euskara Batzordeak aipatu kanpaina, ikastolan euskararen erabilera sustatu eta herriko erabileran nabarituko den esperantzarekin.

Euskaraz ikasteko gogoak eraman du Alina Diadoma astebetez bere gelakidea den Irati Espejaren etxean egonaldia egitera. “Duela urte eta erdi etorri nintzen Ukrainatik Lekeitiora eta hasieran hizkuntza oso zaila iruditu zitzaidan, baina hemen bizitza egiteko beharrezkoa zait”, azaldu du. Gaur gaurkoz, hizkuntza ulertzen du, baina hitz egiteko gaitasuna falta zaio oraindik. “Oso gutxi falta zaio berbetan hasteko”, dio Joxe Gartziak, “etxean euskara hutsez ari gara eta arazorik barik elkar ulertzen dugu”.
Afalostean mahaia jaso eta mahai jolasetan aritzeko tartea hartu dute. Edozein aitzakia da ona mingaina astintzeko. Elkarbizitza erraza eta polita izan dela nabarmendu dute guztiek. “Alinak guztia erraztu digu eta hasiera-hasieratik etxeko zeregin guztietan parte hartu du, zentzu horretan familiako beste bat gehiago izan da”, kontatu digu Igotz Espejak. Ukraina eta Euskal Herria oso urruti egon ez arren kultura ezberdinak direla nabaritu dute. Diadomak ez du familiaren egunerokoan ezer aldatzerik nahi izan ordea, “16 urte dauzkat eta nahiko heldua naiz Iratiren familiako ohitura berrietara egokitzeko”, azaldu du.

Alina Diadoma, Irati Espeja, Aratz Espeja eta Ani Espeja mahai jolasetan olgetan.

Euskararen beharra
“Ikastolan, boleibolean, erosketak egitean… euskara behar dut Lekeition. Oinez noan bakoitzean euskara entzuten dut eta sarritan nire ezintasuna nabaritzen dut”, dio Diadomak. Prozesua neketsua eta malkartsua dela aitortu du, baina apurka-apurka ari dela. Etxean arreba txikiari ere lehenengo hitzak euskaraz egin dizkiola aitortu du eta amari ere egun on euskaraz esaten dio. “Iratiren etxean ere txikiekin errazagoa zait euskaraz aritzea, agian jakin badakidalako beraiekin komunikatzeko modu bakarra euskara dela”, gaineratu du. Egunotan burua lehertzeko zorian duen unerik ere izaten dela aipatu du, baina orokorrean gustura dagoela nabarmendu du.

Etxean nerabezaroan euskaraz ikasteko prozesua ondo ezagutzen du Gartziak. Berak ere sasoi beretsuan egin baitzuen euskaraz ikasteko hautua. “Interesa da hizkuntza bat ikasteko behar dena, pertsona batek benetako interesa badu, ikasiko du, arinago edo geroago, baina ikasiko du, eta Alinak interes hori badauka. Hau bizikletan ibiltzen ikastea moduan da, hasieran kostatzen da, erortzen zara, baina egun batetik bestera ikasten da, eta azkenean bizikleta gainean eroso ibiltzea lortzen duzu”, dio Garciak. “Ziur nago hemendik urtebetera kalean Alinari euskaraz berba egingo diodala, eta Alinak euskaraz erantzungo didala”, gaineratu du.

Aste hau bukatuta, norberak hizkuntza menperatu eta erabiltzeko erraztasunak eskuratzeaz aparte, egitasmo honek ingurukoengan ere eragina daukala uste du Espejak. Pertsona batek hizkuntza ikasteko hautua egin badu ingurukoak ere aurrerantzean euskaraz gerturatuko zaizkio. Horren ondorioz, “lehen erraztasun gehiagorekin egindako erdararako jauzia egitea gehiago kostatuko zaigu ingurukoei”. Ikastolako kanpainaren hasieratik euskara eusle izateko konpromisoa hartu zuten espeja-gartziatarren etxean, “eta espero dugu luzaroan konpromiso horri eustea”, dio Garciak. Irati Espeja Alinaren gelakideak ikasgelan nabaritu du aldaketa, “orain Alinarengana euskaraz hurbiltzen dira”, dio. Modu kontziente batean euskaraz ikasi nahi duenari euskara hurbiltzeko hautua egiten ari dira Azkue Ikastolako familiak eta ikasleak.

Esperientzia errepikatzeko gogotsu dago Alina. “Gustura etorriko nintzateke berriro Iratiren etxera”, dio irribarre artean. Familiakoak ere egitasmoan bete-betean murgildu dira hauspo horri tiraka, eta aste bukaerarako lagunen arteko afaritxoa ere antolatu dute elkartean.  Astebete oso gutxi da hizkuntza bat menperatzeko, baina Garciak uste du egonaldi honekin hizkuntza gaitasunak eskuratzeaz gain, ikastolatik kanpo ere euskarak bizia duela ikusteko baliagarria izango zaiola. Egunerokotasunean euskarak bizitzeko balio duela ikusteko aukera izango dela alegia.

Ani Espeja, Joxe Gartzia, Irati Espeja eta Alina Diadoma ikastolatik etxerako bidean.

Udaberrian berriro
Alinak egin moduan LH eta DBH-ko bost ikasleek parte hartu dute Azkuek abiatutako erronka berri honetan. Lehenengo esperimentu honetan Igotz, Joxe, Irati, Aratz eta Aniren moduan, beste lau eusle familia gehiagok hartu dute parte ikastolako Euskara Batzordeak sustatuko ekimenean. Horretaz gain, ikasgela guztietan euskararen inguruko lanketa egin dute, bakoitzak bere neurri eta eran, baina hizkuntza hizpide izan dute 3 urtetik aurrerako guztiek

.Ikasleek eta familiek izandako erantzuna ikusita, udaberrian beste ekinaldi bat egingo du ikastolak. Espejak jakinarazi du egitasmoa martxan jarri ostean asko izan direla beraiengana galdezka gerturatutako gurasoak. “Jendearengan interesa piztu du egitasmoak, erantzuna ona izaten ari da eta ikastolan bertan ere jarrera aldaketa sumatzen da, ezin da aukera hau pasatzen laga”, gaineratu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude