Amazon, ekonomia digitalaren paradoxa

  • Negozioak egitearen funtsa merke erostea eta garesti saltzea dela uste ohi dugu, ñabardurak ñabardura. Halaxe funtzionatzen du zure etxadiko fruta-dendak, esaterako. Baina eredu bakun horrek ez du balio azken hogei urteetan azaldu diren enpresa teknologikoetarako. Amazonek hamalau urte behar izan zituen lehen irabazi nabarmenak lortzeko, 2015ean. Uberrek ez du inoiz ere mozkinik lortu. Eta, halere, etengabe hazten jarraitzen dute horiek guztiek. Nola funtzionatzen ote dute?

Argazkia: Denver Post
Argazkia: Denver Post

Harrigarria badirudi ere, Amazonen benetako negozioa ez da ez liburuak saltzea, ezta Alexa domotika-gailua edo Internet bidezko salmenta ere. Bere egiazko negozioa ekonomiaren funtsezko azpiegitura kontrolatzea da, elektrizitate- edo ur-enpresa pribatuen antzera. Liburua hastapenetan lehenetsi zuen produktua baino ez zen izan, mozkin-marjina ona zuelako eta garraiatzeko erraza zelako, eta Interneten leku bat eskuratzeko asmoz.

AEBetan sarri gertatzen ari den istorioa erakusgarri: betiko saltokietan gero eta salmenta gutxiago duen enpresa txiki batek bere produktuak Amazonen salgai jartzea erabaki du, egoera aldatu nahian. Salmenta-kopurua berehala ikaragarri handitzen da, baina aste batzuk geroago, Amazonek negozio horren produktu onenen parekoak salgai jarri dituela ikusten du. Orain, ez du non saldu Internet bidez, Amazonen salbu. Tranpa batean erori dela konturatu da. Bere negozioak Amazonen beharra du, baina, aldi berean, halabeharrez lehiatu behar du harekin.

Konparaziorako, imajina herriko nekazarien azoka nekazaritza-enpresa handi baten kontrolpean dagoela. Enpresak bertako laborari eta abeltzainak gonbidatu ditu haien produktuak saltzeko. Ondoren, haien jarduna ikertu eta produktu berdin-berdinak saltzen hasi da, baina prezio baxuagoan, gainera bertako ekoizleen postuak bazterreratu dituela, bezeroek topa ez ditzaten. Norbait kexatzen bada, enpresak saltzeko baimena ukatzen dio, eta herrian ez dago non saldu azokan baino.

Amazonek kontrolpean ditu sareko azoka bakarra, salmentei buruzko datu guztiak, publizitate-sistema zabala, eta aldi berean, edozein produktu ekoizteko gai da. Enpresa txikiak gonbidatzen ditu bere plataformetara, haien jardunaren datuak ikertu, produktuak kopiatu eta negoziotik at eta bestelako aukerarik gabe uzten ditu. Eta hori guztia burutzeko aste gutxi batzuk baino ez ditu behar. Enpresek kexa adierazi edo aurka eginez gero, Amazonek egotzi egiten ditu.

Era berean, Amazonek erosi berri ditu hodei-informatikaren industriaren ia erdia (alegia, Interneten azpiegitura bera), online publizitate-industriaren zati handi bat, AEBetako supermerkatu-kate nagusietako bat eta ikus-entzunezkoen ekoizpen-estudio handi bat. Aldi berean beste hainbat arlotara hedatzen ari da: industria farmazeutikoa, ondasun higiezinak eta pakete-banaketa.

Zerbitzu horiek guztiak Amazon Prime delakoan batu dituzte. Horrela, produktu bakoitza bestearen lagungarri izan daiteke eta bezeroak Amazonen kontsumo-burbuilaren barruan manten ditzakete. Ohi ez bezala (eta Wall Streeten onespenaz), mozkinak ez dizkiete inbertitzaileei eman behar: konpainiak etengabe hazteko inbertitu egiten ditu, eta hori, era berean, zerga gutxiago ordaintzeko baliagarri zaie. Hainbat trilioi dolarretako monopolio huts bilakatu da, isilpean, baina agerian.

Argazkia: The Independent

Amazonen ekosistema
AEBetako ekonomia “Amazondu” izanak ondorio larriak ditu milioika lagunen bizitzetan. Amazonentzat lan egitea ezin latzagoa da, hori gauza jakina da. Langile ohi askok The New York Times egunkarian salatu dutenaren arabera, lanaldia ez da inoiz amaitzen eta den-denek negar egiten amaitu dute behin edo behin haien bulegoetan. Emakume batek salatu zuen seme-alabarik balu, lanean mailaz igotzea ezinezko litzaiokela lanaldiaren luzeragatik. Beste batek ez zuen lau egunez lo egin; ohikoa, omen.

Eta, hala eta guztiz ere, horiek guztiak Silicon Valleyko langileak dira: akzioen gaineko opzioak, oporrak, baja hartzeko aukera, lantoki atsegina eta abar dauzkate. Amazonen egoitza nagusitik kanpo, aldiz, egoera askoz okerragoa da. Produktuen biltegietan, askotan dalatu dute langileek pixoihalak erabiltzen dituztela (eskatutako kuotak betetzea ezinezkoa baita komunera joanez gero), eta lan-ingurune arriskutsua dela. Muturreko kasuak ere izan dira: esaterako, behin Amazonekin afiliatutako biltegi bateko langileak lanean jarraitzera behartu zituzten lankide baten gorpua lurrean  zerraldo egon arren, anbulantzia iritsi zen arte. Heriotza horren arrazoia, ziur aski, laneko presioarekin lotuta egon zen: egunero 12 orduz presaka ibili behar izatea, 24 kilometro inguru eginez, 45 graduko tenperaturan.

Biltegietan gertatzen denaren antzera, Amazonek kontratatzen dituen logistika-enpresak ezinezko erritmoan lan egitera behartzen dituzte. Enpresa horiek sarri salatu izan dituzte segurtasun-arauak hausteagatik eta soldata baxuegiak ordaintzeagatik. Horrelako egoerek dozena erdi istripu hilgarri sortu dituzte errepideetan, baita zenbait etxe-animaliaren heriotzak ere, lanez gainezka zeuden langile oharkabeen eskutik.

Herri eta eskualde askotan, Amazonek baino ez du lanposturik eskaintzen, eta sindikatu edota bestelako langile-boterearen arrastorik gabe, nekez aldatuko da aipatutako egoera.  Amazonek langile eta subkontratistei presio ikaragarria egiten die erresistentziaren muturrera eraman arte, bai enpresaren kulturagatik beragatik, bai hala eskatzen duelako hain erritmo biziko negozioa mantentzeko erronka itzelak. Monopolio batentzat lan egitean espero izatekoa da soldata baxuegiak eta segurtasun-neurri eskasak izatea, eta arazo fisiko eta mentalen biktima-kopuru beldurgarria sortzen da. Segurtasunik gabe eta gogor lan egin, ala ez egin.

Amazon Euskal Herrian
Oraingoz, Amazonek aldaxka txiki batzuk baino ez ditu Euskal Herrian, baina bere zerbitzuak gero eta ezagunago bihurtzen ari dira eta bertako jendeak zenbat eta gehiago erosiz gero, ekonomia bere irudi eta antzera itxuraldatzeko behar duen balio ekonomikoa lortuko du. Bilbon, momentuz eraikuntza-lanetan baino ez dira ari 8.000 metro karratuko biltegia abiarazteko; ia logistika-lanik ez, oraingoz.

Amazonek Euskal Herrian saltzen duen produktu bakoitzarekin urrats txiki bat aurrera egiten du jokalariak jokoaren arauak ezartzen dituen sistemarantz. Gobernu baten antzeko antolakuntza-mota eta boterea ditu, baina inolako kontratu sozial edota ordezkaritzarik gabe.

Amazoni ez zaizkio kostua edo mozkina gehiegi axola. Ur handitan arrantzan dabil, baita irabazten ere.

Erreportaje hau Diego Pallés Lapuentek euskaratu du ingelesetik

 


ASTEKARIA
2019ko abenduaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amazon
2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


2024-01-24 | David Lindemann
Jaso burua, baita ukabila ere

Oso ona iruditzen zait Soraluzeko “Jaso burua” ekimena, ezinbesteko kontzientziazioa bultzatzen baitu. Lehen Hezkuntzako umeen gurasoontzako hitzaldian izan nintzen joan den astean. Seme nagusia LHn zegoela, pantailen (eta pantailen edukien) erabileraren inguruko... [+]


Lantokiko teilatua erori ostean, Trapagarango Amazoneko langileak arriskuan daudela salatu dute

LAB eta ELAk adierazi dute ez dela teilatua erortzen den lehen aldia, eta horrek arriskuan jartzen dituela langileak. Amazoneko langileek greban jarraitzen dute.


Amazon Trapagarango langileek multinazionala salatu dute greba eskubidea urratzeagatik

Trapagarango Amazoneko langileek salatu dutenez, “mehatxu eginez” deitu diete behin-behineko langileei greba egunetan lanera joan zitezen. Era berean, greba egunetarako “ordu osagarriak” eskaini izana leporatu diote enpresari.


Bost eguneko grebari ekin diote Trapagarango Amazoneko langileek

Enpresaren jarrera “larria” salatu dute langileek. Eskaeren artean, jaiegunetan lan egiteagatiko konpentsazioak eta KPIari lotutako soldata-igoerak daude. Greba egunak abenduaren 17 eta 18a, eta urtarrilaren 3, 4 eta 5a dira.


Eguneraketa berriak daude