Elkartasun olatuak

  • Gaurkoan, elkartasun uholde musikatu batean murgilduko gara. Protagonista nagusiak Angela, gazte gasteiztarra, eta haren lagunak izango dira, baina ez dira bakarrik egongo. Gari, Libe, Anari eta Jon Basaguren izango dituzte bidelagun, baita Jimmy Jazz aretora gerturatu diren ehunka entzule solidarioak ere.

Argazkia: Dospordos

2019ko abenduaren 04an - 15:08

Izan zaitez neu lelopean, Leocadia Zabalate elkarteak antolatu duen jaialdiak helburu bat dauka: garunean gehiegizko burdina metatzeko joera duten endekapenezko gaitzak ikertu eta azaleratzea. Gaitz hauek erruki  gabe harrapatzen dituzte gaixoa eta haren inguruko familiaren eta lagunen bizitza. Bizi-itxaropena murriztu egiten da, erabateko mendekotasun eta heriotza goiztiarrera kondenatuz.

Bizitzan izaten ditugun momentu gazi-gozoen alderdi onena ospatzeko asmoz jarritako hitzorduari hasiera eman dio Libek. Oholtza gainera igo da oinutsik, eta bere piano eta ahots paregabearekin liluratu gaitu. Emozioek hartu dute abeslaria eta negar tantei eusteko ahaleginean Gariren kanta baten bertsioa abestu digu.

Haren atzetik, Hertzainakeko abeslari ohia igo da eszenatokira. Gitarra du esku artean eta base elektroniko batzuek laguntzen dute bakarlariaren ahotsa. Lau abestiz osatutako kontzertu bildumaren erdialdera hurbildu gaitu Anarik. Berak ere gitarra lagun, Oreinak kantaren ondoren, Izaki Gardenak taldearen Ekaitzen arrazoien bila abestia eskaini digu Liberen koruekin lagunduta.

Jon Basagurenen txanda da orain, eta Dena Oskol diskoko bi abesti jo eta gero, antolatzaileei eskerrak eman dizkie. Egunero egiten duten lana goraipatu du eta lehen lerroan zeuden Angelari eta gurpildun aulkiko lagunei zuzendu zaie, emozioz beteta. Liberen Bidea abestiaren country bertsioarekin eman dio amaiera Basagurenek.

Hunkigarria izan den gau honetako oroitzapenak ez ahazteko, argazki jendetsu bat atera dute oholtza gainetik. Ordu batzuetan bada ere, Angela eta bere lagunen bizitzetan murgildu eta haiek izan gara. Olatu txikiz osatutako elkartasun tsunami erraldoiak sortu dezakeen indarrak, Angela eta bere lagunen bihotzetan lurrikara sortu dezan.

Argazkiak: Dospodos

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude