Norena da enpresa? Hori da galdera nagusia

  • Lan-harremanen esparruan, langileek enpresetan duten parte-hartzea funtsezko gaia bihurtu da erakunde askorentzat. Baina nolako parte-hartzeaz ari gara? Jabetza, lurraldea, erabakitzeko gaitasuna… Osotasunez parte-hartzeko enpresa demokratikoen ekosistema sortu nahian ari dira Beterri-Buruntza eskualdean.

(Argazkia: Bira Produkzioak)
(Argazkia: Bira Produkzioak)

Parte-hartzea zertarako? Lehiakorragoak izateko edo demokratikoagoak izateko? Galdera hori mahairatu genien duela bost urte Larrun aldizkariko mahai-inguru batean hainbat solaskideri. Orduan, oraindik ez zen ezaguna “Enpresa Kultura Berria” kontzeptua, Gipuzkoako patronalaren eskutik merkaturatua –”denok arraunean norabide berean”–, baina lehen kontraesanak antzematen ziren: “Nola da posible guztiok parte-hartzearen ideian interesaturik egotea oso helburu ezberdinak ditugunean?”, galdetzen zuen Beñat Irasuegi OlatuKoopeko kideak. Parte-hartzea aho biko ezpata izan daiteke, eta enpresek zentzu demokratikoan erabiltzeko programa abiatu dute Beterri-Buruntzan.

Parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema bat sortu nahi du Beterri Saretuz programak. Hernani, Lasarte, Andoain, Usurbil, Astigarraga eta Urnietak osatzen duten eskualdeko enpresa talde baten ekimena da –tartean da ARGIA–, Beterri-Buruntza Udalak erakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundua; harreman sare baten bidez, ekonomiaren demokratizazioan urratsak ematea da azken helburua.

Azaroaren 7an lehen jardunaldi bat egin zuten Hernaniko Orona-Ideon, enpresen esperientziak ezagutu eta ekarpenak jasotzeko, eta ikasturtean zehar saio gehiago egingo dituzte parte-hartzearen inguruko gidaliburu bat diseinatu asmoz.

Ezker-eskuin: TaPuntu, ARGIA, Talleres Mitxelena, Fagor Ederlan eta KateaLegaiako ordezkariak (arg.: Bira Produkzioak)

Ekimenaren lurra ongarritzen denbora gehiago daramate ordea. Joan den urtetik ari dira biltzen eskualdeko enpresa eraldatzaileen sarea eta nodoa, epe luzeko ikasketa prozesu baten baitan. Hortik sortu zen partaidetza demokratikoa sustatzeko programa martxan jartzeko ideia.

Orona-Ideoko lehen jardunaldiaren ondorio nagusietako bat izan zen parte-hartzearen zutarri nagusia jabetzan dagoela: “Norena da enpresa? Hori da galdera nagusia”, azpimarratu zuen Aitor Bengoetxea GEZKI institutuko zuzendariak aurre-hitzaldian (ikusi 35. orrialdean). Baina beste gako batzuk ere azaleratu ziren: lurraldearekiko lotura mantentzea, langileen bazkidetza prozesuak eta erritmoak errespetatzea, soldatak eta ardurak banatzea…

Krisialdietatik sortu, krisiei aurre eginez hazi

Ekonomia sozialean diharduten bost enpresetako ordezkariek hitz egin zuten Hernanin (Talleres Mitxelena, KateaLegaia, TaPuntu, Fagor Ederlan eta ARGIA), ohikoak ez diren barne gaiez. Horietako askoren kasuan krisi garaietan ondu dituzte ekonomia sozialaren erroak eta langileak ahalduntzeko pausoak eman dituzte pixkanaka.

Ekonomia sozialean diharduten bost enpresetako ordezkariek hitz egin zuten Hernanin. Horietako zenbaiten kasuan krisi garaietan ondu dituzte ekonomia sozialaren erroak eta langileak ahalduntzeko pausoak eman dituzte pixkanaka

Victorio Luzuriagak Usurbilen sorturiko laminazio plantak 80ko hamarkadako krisiaren birmoldaketa jasan eta Fagorrek erosi zuen. Kooperatiba bihurtzeko prozesu luze bati ekin zioten orduan eta hainbat urteko gorabeheren ostean, 2011n Fagor Ederlanen integratzen hasi ziren langileak, bazkide bezala.

“Parte-hartzearen kontu horrek aldatu gintuen –dio Ruben Trincado Usurbilgo Fagor Ederlaneko pertsonaleko arduradunak–. Jabetzan, kudeaketan eta emaitzetan nor izatera pasa ginen. Lehen ez genuen ezer esaterik, oinarrizko lanetan aritzen ginenek ere aurretik ezarritako ildoei jarraitzen genien eta ez zen hain demokratikoa. Eta horrek bai aldatu gintuen”. Atzeraldi Handiaren urte gordinak igarota, 2015ean, Usurbilgo lantaldearen %70 bazkidea zen: “80ko krisiarekin apenas sartu zen jenderik, eta erretiroa hartzen hasi zirenean, berriak bazkide bezala sartzen ziren”.

Hernaniko Talleres Mitxelenan ere 80ko hamarkadako krisi latz baten ondorioz erabaki zuten langileek enpresa euren esku hartzea, jabeetako batek bere buruaz beste egin eta anaiak uztea erabaki zuenean. Alaitz Tolosak azaldu du egoera: “Langile guztiak eskualdekoak ziren, gizarte kontzientzia handikoak, ezkertiarrak eta belaunaldi berekoak. Elkartasunean hartu zuten erabakia, bai herrian eta baita beraien artean ere. Hori gakoa izan zen”.

Hasiera batean lan-sozietate  izan bazen ere, 2000. urtean kooperatiba bihurtu zuten: “Arrazoia? Krisi gehiago izan zituzten eta konturatu ziren kooperatiba izaera zela aukera bakarra negozioak martxan jarrai zezan: jabetza partekatu, baina ez soilik euren artean, baita etorriko ziren berri guztien artean ere”, dio Tolosak. Onura ekonomikoez gain, beste balore batzuen arabera ere jokatzen zuten eta orain horiek berreskuratu nahian ari dira Mitxelenan.

Alaitz Tolosa (Talleres Mitxelena): "Elkartasunean hartu zuten enpresaren jabe izateko erabakia, bai herrian eta baita beraien artean ere"

Esaterako, aurten enpresak hirurogei urte bete dituela eta, sokadantza batekin ospatu dute eta langile ohiak ez ezik, haien bikotekideak ere gonbidatu dituzte dantzara, lan erreproduktiboa aitortzeko: “Elkarri begiratu eta esaten zuten, ‘bai, guk ere egin genuen bastante’”.

ARGIAk ere mendeurren festan sokadantzarekin sinbolizatu zuen bere parte-hartze eredua, herritarrei irekia. Duela 40 urte kaputxinoen eskuetatik langileenera igarotzean egoera oso zaila bizi izan zuten astekarian geratu zirenek, eta haien militantzia eta konpromisoa funtsezkoa izan zen komunikazio proiektua iraunarazteko. Azken urteetan ARGIAn soldatak berdindu eta egiturak horizontalago bihurtzeko emandako pausoak ezin litezke ulertu iragan hori gabe.

Ruben Trincado (Fagor Ederlan): "Parte-hartzearen kontu horrek aldatu gintuen. Jabetzan, kudeaketan eta emaitzetan nor izatera pasa ginen" (arg: Bira Produkzioak)

Baina soldatak berdinduta nola erakarri talentua? Hori izan zen jardunaldian jaurtitako galderetako bat. Fagor Ederlanen lanpostuaren araberako soldata badute ere, zenbait kasutan beste enpresetan baina gutxiago jasotzen dute: “Denak berdin izate horrek arazoak sortu dizkigu langile kualifikatuak lortzeko, balioak hor daude, baina diruak asko agintzen du”, dio Trincadok. ARGIAren kasuan, soldatak berdintzeko gakoa arduren banaketa izan zen, eta horrek sortzen duen motibazioa.

Noiz, zer, nork erabaki

Langileen parte-hartzea bermatzeko, informazio fluxu gardena antolatzea da giltzarrietako bat. Marketing digitala lantzen duen Usurbilgo TaPuntu enpresan ez dute eredu bat horretarako, baina bai “gure egiteko modua”, Mikel Olaizen esanetan. “Proiektu hau jaio zen hiru lagun elkartzean unibertsitateko kafetegian gure denbora librean, ez dugu kanpoko tresnarik erabili, naturalki atera zaigu”. Baina irizpide garbi batzuk badituzte, erabakiguneak zein diren eta zein ez adibidez: “Whatsappa ez da erabakigune bat eta kafea hartzeko unea ere ez –dio Olaizek–. Dena erabaki daiteke, baina ez edozein unetan eta edonola”.

"Gurean Whatsappa ez da erabakigune bat eta kafea hartzeko unea ere ez. Dena erabaki daiteke, baina ez edozein unetan eta edonola"
Mikel Olaiz (TaPuntu)

Olaizen ustez beste arazoetako bat da denek ez dutela erabaki nahi, edo ez dena behintzat. Eta horrek lotura estua du bazkidetza egiteko prozesuekin eta langileak hainbat balioren arabera formatzearekin. Fagor Ederlanen, adibidez, formazio espezifikoak eta txosten berezituak egiten dituzte bazkide izan behar duenarekin. Talleres Mitxelenan, aldiz, hutsunea sumatzen dute arlo horretan: “Balio du? Ba barrura… esaten genuen orain arte –azaldu du Tolosak–, eta horrela lortu genitzakeen bazkideak benetako izaera kooperatibista ez zutenak”. Egoera horiek aldatzeko prozesu oso bat diseinatzen ari dira orain Hernaniko lantokian. Zentzu horretan, TaPuntukoei oso garrantzitsua iruditzen zaie “pertsona ezagutzea” eta norberaren erritmoak errespetatzea.

Nolanahi ere, mantsoago edo azkarrago, denak ados daude etengabeko zaintza eta aldaketak behar direla parte-hartzean eta barne demokrazian oinarritutako enpresak lortzeko.

Zuzenbidea eredu bertikalaren alde
Aitor Bengoetxea, GEZKI: "Sistema klasikoan zein da langilearen parte-hartzea enpresan? Lan egitea" (arg: Bira Produkzioak)

Aitor Bengoetxea GEZKI-ko zuzendariak parte-hartzearen inguruan legeek dituzten mugak eta aukerak azaldu zituen Hernanin, ahoan bilorik gabe: “Lan-zuzenbidea Estatuaren eskumen esklusiboa da eta parte-hartzearen gaian ere berak du arkatza”. Ohartarazi zuen legeek ez dutela asko laguntzen eta enpresaren “bertikaltasuna” bere egiten dutela: “Sistema klasikoan zein da langilearen parte-hartzea enpresan? Lan egitea. Hortik aurrera dena malda gora da… Baina mendiak igotzea gustatzen zaigu”. Hala, legegilea oso zuhurra izan arren, parte-hartzearen gaian “zelaia zabalik” dagoela ere azaldu zuen.

Bere esanetan, enpresaren jabetzan dago gakoa,  “baina horregatik da sozio-politikoki hain zaila lortzen”, gaineratu zuen. Lan-sozietate eta kooperatibek parte-hartzea euren DNAn txertaturik izan dezaketen arren, beste enpresetan ez da hala, “hor jokatzen da partidua”. Langile eta enpresaren arteko akordioa lortzea izan liteke bidea, baina “aldebiko konfiantza” gabe nekez egingo da aurrera.

Bengoetxearen ustez, estatuak arkatza izan arren “ez duenez ezer egiten”, beste eragile eta erakundeengan dago parte-hartzea “gutxienez” sustatzearen ardura eta erronka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


‘Laia’ aldizkaria, ARGIArekin batera

Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta... [+]


Eguneraketa berriak daude