Aitona aldatzen

Etxe honetan | Aintzane Usandizaga | Ilustratzailea: Asier Iturralde, Gaston | Pamiela, 2019 | 36 orri / Haurrentzat.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Obra honek eskuratu du Nafarroako toki-entitateek antolaturiko aurtengo Etxepare saria, eta beraz, badu epaimahai baten aldeko iritzia. Duela hamar urte baino gehiago sortu zenetik Etxepare sariak balio izan du euskal albumak bultzatzeko, euskarazko eskaintza handitzeko, baita sortzaile berriak plazaratzeko ere.

Horixe da oraingoan gertatu zaiguna. Aurten helduentzat bere lehen liburua idatzi duen Lasarte-Oriako idazle gazteak, haurrentzako aurreneko obra hau ere sortu du Asier Iturralde Gaston ilustratzaile eta komikigilearekin batera. Hain zuzen, komikigintzaren eragina nabarmena da Gaston-en ilustrazioetan, baita liburuaren azalean ere. Irudiek ederki islatzen dute komunikatu nahi dutena, hainbatetan testuak dioenarekin oso bat ez datorrena eta horrek irakurlearengan irribarrea sortarazten du.

Liburura hurbiltzen den irakurleak, hau ireki bezain pronto, arau zerrenda batekin egiten du topo. 1972ko urtarrilean Etxe honetan bizi ziren hirurek –aitak eta seme-alabek– aho batez ezarritako arauak. Jakina, hori iragana zen eta istorioa kontatzen digun neskatoak ederki baliatuko ditu bere trebetasun guztiak aitonaren izaera zorrotz horretan zirrikituak bilatzeko.

“Ez dut ulertzen nola moldatzen zareten hain ondo!”, esaten diote amak eta osabak neskatoari baina egin beharrekoa eta egiten dutenaren arteko kontraste horretan ikusi ahal izango dugu haurren eta aitonaren arteko harreman berria sortzen; guraso zireneko garai zorrotz haietatik aitona, kasu honetan, izatera dagoen jauzia. Eta jauzi, salto, aldaketa horren erakusgarri dira aitonaren eta ilobaren arteko harreman fisikoa; baita espazioaren banaketa, jokaera eta harreman aldaketa horren ondorioz sorturiko arau zerrenda berritua ere: 1972ko haren gainean gaurko dataz eginiko ekarpen berriak, istorioa narratzen duen neska bihurri, saltsero eta biziak idatziak.

Testu gutxi, irudi oso adierazgarriak –arestian aipatu dugun bezala komikiaren traza dutenak– eta argumentu sinple bezain erakargarriari esker egileek lortu dituzte irakurlearen –nirea behintzat bai– irribarrea eta konplizitatea. Pozgarria da Etxepare sariak ematen digun aukera euskal albumen mundua bultzatzeko eta, batez ere, honelako lan erakargarri eta umoretsuak argitaratzeko.


Eguneraketa berriak daude