Egon hadi lo

Paula Estévez

Garagardoa edaten duena, segituan da lo; lozorroan dagoena, bekaturik egin ezinik dago; bekatu egiten ez duena, zerura seguro! Beraz, edan dezagun agudo!”.

XVII. mendeko logika-liburu bateko esaldi jostagarri baten itzulpen gutxi-asko jostalaria, horra. Zurrutaren apologiarik ez nuke egin nahi, ordea, eta esaldiaren laburpen edo aldaera sanoxeago bat ekarri nahi nuke gaur lerro hauetara, aldarri: “Lozorroan dagoena, bekaturik egin ezinik dago; bekatu egiten ez duena, zerura seguro! Beraz, lo egin dezagun luzaro!”.

Heriotzak berdintzen omen gaitu behin betiko loan, pobrearen esperantza hauspotzeko herri-jakintza horrek irakatsi digunez; baina, hori baino lehen, behin-behineko loak ere berdintzen gaitu pixka bat. Boteretsua baita loa, inondik ere, eta artegagarria ere bai, ondo pentsatuz gero: “Morfinadun suge” bat, Unai Iturriagaren hitzetan. Gure hizkuntzan bertan nabari da zenbaterainoko ahalmena aitortzen diogun: guk “lo hartzen dugu”, bai, baina berdin “hartzen gaitu loak” gu. Loaren atzapar samurretan gara kalteberen den-denok, eta kalteberatasun-aldi horrek, hala ere, segurtasuna ematen digu nolabait: bizirik iraunarazten digu. Azken batean, gizakiak denbora gehiago eman dezake jan gabe, lo egin gabe baino: hamaika egun, horixe omen errekor ofiziala. Ez alferrik, atzituak lo-ezinean edukitzea da tortura-molde ezagunenetako bat.

Sekula goserik pasatu ez dugunok (ez gara asko munduan) eta aspaldian goserik pasatu ez dutenek (horiek gehixeago agian) onartezintzat joko genuke gosea ekarriko ligukeen sistema bat; altxatu egingo ginateke (pentsatu nahi dut) erantzuleen kontra. Alabaina, lo-zorretan bizi gara denok, eta lasai antzean onartzen dugu hori, “dagoena dago” esanez, gure begi-zuloen beltza kasualitatea balitz bezala, halabeharra, jainko arraioren batek gure aurpegian negatiboan errebelatutako ilargi-erdi pare saihetsezin bat. Zonbi-saldo bat gara, kafeinomano madarikatuak, eta gorputzak arrastaka eramaten gaitu hara-hona, bateria erdi gastatuko androide disfuntzionalak bagina bezala… Baina normala omen. Alderdi politiko bakar baten programan ez duzu lehentasunezko konponkizun gisa aurkituko lo faltaren epidemia. Lan-baldintza erogarriak direla (txandakako lanaldiak, estresa…), zaintza-lan itogarriak direla (zenbat aldiz eteten zaio loa zaintzaile dabilenari?), argi- eta soinu-kutsadura dela…: azkenerako, lo erraz samarrekoa ez denak nahikoa lan du behar adina eta behar bezala atseden hartzen, eta, hori gutxi balitz bezala, hedabideek tarteka-tarteka gogoratzen digute, kulpak pertsonalizatzeko ahalegin temoso horretan, Massachusettseko Unibertsitatearen arabera-edo lo faltak bizi-itxaropena murrizten duela, eta gaixotzeko arriskua areagotzen. Beste larribide bat, lo lasai egiten izugarri laguntzen duena.

Nik dakidala, loa ez da giza eskubide bat, bere hartan. Joan den udan, ordea, Erresuma Batuan kanpaina deigarri bat hasi dute gobernuak loa eskubide gisa onar dezan (#righttosleep), argudiaturik herrialde horretan “lo-kalitate kaskarra” dutela hogeitabi milioi biztanlek, eta horrek ondorio ezin kaltegarriagoak dakarzkiola gizarteari. “Loa ez da pribilegio bat”, dio, tinko, mugimendu horren manifestuak. Baina, mundua zer den, aldarriaren bultzatzailea ez da herritar-talde engaiatu (eta nekatu) bat: online koltxoi-denda bat baizik. Lo nahi gaituen sistema horrek berak salbatuko gaitu, seguru, sonanbulismo honetatik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude