Greziako Egunsenti Urrekara alderdi neonazia, desegite bidean

  • Parlamentuan hirugarren indarra izatetik ordezkaritzarik ez izatera pasa da alderdi neonazia azken hauteskundeetan, eta makroepaiketa batek antolakunde kriminala dela frogatu nahi du. Alderdiaren gainbehera, baina, ez dator soilik haustekunde porrotetik: neonazien indar galeran oinarrizkoa izan da mugimendu antifaxistaren borroka.
     

Pavlos Fyssas hil ostean, Greziako egunkari batzuen azaletan faxismoaren aurkako mezuak (Argazkia: Alexandros Katsis)
Pavlos Fyssas hil ostean, Greziako egunkari batzuen azaletan faxismoaren aurkako mezuak (Argazkia: Alexandros Katsis)

Sortzetik hiru hamarkadara lortu zuen indar politiko bilakatzea Greziako Egunsenti Urrekara alderdiak, 2012ko hauteskundeetan parlamentuko hirugarren indarra izatera iritsi zenean. Zazpi urteren ostean, alderdia gainbeheran da: uztaileko hauteskundeetan ez du ordezkaritzarik lortu. Eurodiputatu bakarra lortu zuten, Yanis Lagos, eta honek baja eman zuen alderdian, beste bat sortu asmoz. Bide bera jarraituz, asko dira alderditik ospa egin duten alderdikide ohiak.

Alderdikideen ihesa ez da gainbeheraren adierazle bakarra. Parlamentuko ateetan geratu izanak diru ofizialaren iturri gabe utzi du alderdia, eta horrek egoitzak ixtera derrigortu ditu. Sinbolikoa izan da, adibidez, Atenasko Mesogeion etorbidean zeukaten egoitza nagusiari giltzarrapoa jarri izana. Horrez gain, eraso zibernetiko batek alderdiaren webgunea funtzionamenduz kanpo utzi zuen, eta horrela datza ordutik.

Faktore horiei batu behar zaie 2015etik martxan den alderdiaren kontrako makroepaiketa, zeinaren bidez frogatu nahi den Egunsenti Urrekara alderdi politiko bat izatetik urruti, antolakunde neonazi paramilitarra dela. Lau urtez luzatu ostean, baliteke hilabete gutxiren bueltan alderdia antolakunde kriminaltzat jotzea.

Orain 6 urte hasitako gainbehera

Publicon argitaratutako artikuluan, Emma Pons Valls kazetariak 2013ko irailaren 18an jazotako gertakaria jo du gainbeheraren abiapuntu. Irailaren 17tik 18rako goizaldean ‘Killah P.’ ezizenez ezaguna zen Pavlos Fyssas rap abeslari antifaxista hil zuen labankadaz alderdiko kide Yorgos Rupakiás-ek, kupulatik jasotako aginduak jarraituz. Fyssasen familiak epaiketan aurkeztutako frogen arabera, Yanis Lagos izan zen hilketa agindu zuena. Rapeatzailea ez zen izan alderdi neonaziaren lehen biktima mortala, hilabate batzuk lehenago Shehzad Luqman migratzaile pakistandarra hil baitzuten Atenasen. Fyssasen kasuan, baina, erasotzailea segidan atxilotu zuten, eta Ponsen hitzetan “ez Egunsenti Urrekarak ez poliziak ezin izan zuten kasua ezkutatu”. Jakina baita poliziak askotan kolaboratu duela alderdi neonaziarekin.

Fyssasen hilketa jazo eta egun gutxira, alderdiko kupula eta diputatu guztiak atxilotu zituzten, hauen aurkako bide judiziala abiatuz. Atzerapenak tarteko, 2015eko apirilaren 20an hasiera eman zitzaion oraindik martxan den makroepaiketari. Hainbat kasu barnebiltzen ditu epaiketak, eta 68 auzipetuei leporatzen zaie hil izana, antolakunde kriminaleko kide izatea, eta arma eta droga ilegalak edukitzea, besteak beste.

Publicon Fyssasen familiaren abokatu Eleftheria Tobatzoglou-ren hitzak jaso dituzte, zeinak adierazi duen alderdi neonaziak ez duela lortuko garai bateko indarra: “Alderdiak agian bizaraungo du, baina ez lehen bezala, baizik eta jendartearen eta politikaren bazterrean”.

Borroka antifaxistaren garaipena

Egunsenti Urrekararen gainbehera hautes porrotetik harago doala azaldu du Hibai Arbide Aza kazetariak El Salton. Alderdia izatetik urruti, SA hitleriarren itxurara sortutako antolakunde paramilitar neonazia dela azaldu du, eta indarkeriaren erabilera instrumentala eta sistematikoa egin dutela. Beren erasoek jo puntuan jarri dituzte hainbat kolektibo. Arbideren hitzetan, alderdiaren eragina parlamentutik harago nabarmen zabaldu den era berean, “porrotaren arrazoiak ere hauteskunde logikatik harago bilatu behar dira”. Kazetariaren aburuz, hauteskundeetako porrotak eragindako funts ekonomikoaren galera azken kolpea izan bada ere, alderdia erortzear zen mugimendu antifaxistak egindako lanari esker.

Greziako mugimendu antifaxistaren ildo estrategikoak lau izan direla azaldu du, denak elkarrekintzan jarritakoak: mobilizazio jendetsuak, plataforma irekiak, jazarpen judiziala eta kaleko konfrontazioa.


Mobilizazio jendetsuetan indar erakustaldiak egin dituzte, “baina mugimenduaren iritzitan beren indarra ez datza soilik ekintza jendetsu eta ikusgarrietan”. Auzoz auzo antolatzen diren koordinadora antifaxistak dituzte, eta helburu bati jarraiki jarduten du bakoitzak bere eremuan: egunerokoan, faxistei tokirik ez dutela adieraztea. “Momentu oro, eta auzo bakoitzean”, zehaztu du Arbidek. Atenasko auzoetan barrena aurkitu daitezkeen “eremu antifaxista” pintaketak dira horren adierazle. Manifestazio, kartel jartze, hitzaldi eta ekintzekin egin diete aurre faxistei, eta “soilik 2017 eta 2018 urteen artean, presio etengabeko honekin lortu zen alderdiak Atenasko eremu metropolitarrean zituen 32 egoitza ixtea”, dio Arbidek.

Kaleko presentziarekin espazioen defentsa beren esku izatea ere bilatu dute, egitekoa sarri neonaziekin kolaboratu duen poliziaren esku utzi gabe. Defentsa horretan aurrez aurreko konfrontazioak izan dituzte neonaziekin. Arbidek adibide gisa jarri du Agios Panteleimonas plazako kasua: Egunsenti Urrekarak bertan egiten zituen “soilik greziarrentzako” janari banaketak, greziar odol donazioak eta haur-parkeen itxierak, soilik Greziako haurrek jolastu zezaten bertan; antifaxistek, eremua berreskuratzeko, Distomo zentro soziala okupatu zuten bertan. Espazio hori lortzeko bidea ez zen xamurra izan: “Borrokak jazo ziren, enfrentamenduak faxista eta polizien aurka, komisaldegietan Egunsenti Urrekarako kide gisa identifikatzen ziren poliziek antifaxistak torturatu zituzten”, dio Arbidek.

Bestetik, bide judizialean, abokatu talde bat aritu da alderdiko buruak auzitara eramaten. Arbidek zehaztu du abokatu horiek akusazio gisa jardun dutela gerora Egunsenti Urrekararen aurkako epaiketetan, bereziki aipatutako makroepaiketan. Hilabete gutxiren buruan heldu daiteke amaierara auzibidea, eta baliteke epaiak espetxe zigor gogorrak eskatzea alderdiko kupulako kideentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Oxala

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko... [+]


2023-09-26 | Gedar
78 orduko lan astea legeztatu dute Grezian

Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak... [+]


Eguneraketa berriak daude