Oraingoa oroz gain

  • 50 urte dira kazetari eta saiogile zaildua eta eragile saiatua hil zenetik. Galera ikaragarria eta zinetan mingarria izanagatik ere, fruitu oparo eman du hark egindako lanak, hark ereindako haziak.

Rikardo Arregi Euskaltzaindiako Alfabetatze batzordeko kidea izan zen eta kanpaina abiatu zuten. Argazkian irakasle titulua ematen. Argazkia: Argiako Artxiboa.
Rikardo Arregi Euskaltzaindiako Alfabetatze batzordeko kidea izan zen eta kanpaina abiatu zuten. Argazkian irakasle titulua ematen. Argazkia: Argiako Artxiboa.

Gabriel Arestik Arregi hil eta hamar egunera Andoainen egin zen herri-mezan irakurri zuen lagunaren omenez poema (Auhenaren sentimendua interneten dago entzuteko moduan).

Mina. Kezko bola batek birikak itotzerainoko mina Arestik. Eta mina, Rikardo Arregi ezagutu zutenek ez ezik, haren aditzera izan zuten guztiek, ARGIA honen aurrekari Zeruko Argia-n eta, orobat, sasoi hartako Anaitasuna edota Jakin-en Rikardo Arregiren idazlanak irakurtzen zituztenek.

Ramuntxo Kanblong da eredu eta adibide. Herria aldizkariaren 1969ko uztailaren 31ko zenbakian, Rikardo Arregi-z zombeit gogoeta artikuluan ageri duen min zorrotza da erakusgarri: “Rikardo Arregi-ren heriotzak, ixtripuz, haren adixkide guztiak harri-turik (sic) utzi gaitu. Euskarak, hain gogorki, adierazten duen bezala: harri bilakaturik. Nork asmatuko zuen, alabaina, hoin fite utziko gintuela 26 urteko mutiko azkar, bizi eta langile hunek. Langile erran dut. Ez zen besterik entzuten ehorzketa egunean: ‘Euskal Herriak langile handi bat galdu du’”. Kanblongek ez zuen, alabaina, bizpahirutan baizik ikusi Rikardo Arregi. Batak bestea maiz ez ikusia Kanblongek ez zuen tupust ez behaztopa-harri. “Egia erran, ez zen neke gure adixkidearen berri jakitea: aste guziez ‘Zeruko Argia’ Donostiako kazeta mamitsuan idazten zuen. Eta zer artikuluak gainera! Idazle gazte talde baten laguntzarekin ‘Herriak eta Gizonak’ deitu hosto bat oso-osoa, mundu zabaleko herrietako eta gizonetako berriez betetzen zuen, eta nola betetzen! Nere ustez, Euskal Herrian zen idazle gaurkoena, oraikoena, munduko gertakarien harat-hunaten zilatzeko. (…) Ez dakit, gure eskualdean, izan den edo baden Rikardo Arregi-k ‘Zeruko Argia’-n ereman duen bezalako lan saila eraman duenik”.  

Zeruko Argia-ko lanekin batera, Jakin-ekoak ere aipagai ibili zituen Kanblongek arestian aipatu artikuluan, Joan Mari Torrealdai eta Karlos Santamaria ere aipura ekarriz. Zuzen-zuzenean eta bertatik bertara ezagutu baitzuen Rikardo Arregi Joan Mari Torrealdaik, Jakin aldizkariko lanean ordurako.

Torrealdaik bi merezimendu ikusiko zizkion Rikardo Arregiri, hau hil eta urte bira argitara emandako Rikardo Arregi (Jakin, 1971) liburuan. Batetik, Karlos Santamariarekin batera, Torrealdaik esango zuen Rikardo Arregi langilea, izugarri langilea zela “...ezin sinestekoa, Herriaren alde ekiteko beti prest”. Bestetik, pentsalari eta birpentsatzaile genuela. “Rikardo ez zen inertziaz bizi. Berpentsatzailea zen bai politikan, bai euskal arazoan eta bai erlijioan. Errotik euskalduna zen eta errotik gaurkoa (…) asmo honi heldu zion, alegia, euskaltzaletasuna eta gaurkotasuna ezkontzeari”.

Langilea, euskaltzalea, gaurkoa.

Kazetaria. Pentsalaria. Birpentsatzailea...

‘Zeruko Argia’-koa, Rikardo Arregi kazetaria

Zerutik jakina denez, 1919koa dugu Zeruko Argia, eta bistan dena, hargatik ari da haren ondoko ARGIA hau mendeurrena ospatzen. Zeruko Argia-k hiru aro ere baditu gure egunetarainoko bidean: lehen aroan, sortu eta 1936 arte iraun zuen; bigarrenean, 1954tik 60ra, hilabetekari zelarik; oparoena dugu hirugarrena, 1963tik egundaino irauten baitu, astekari. Eta, hain zuzen, 1963ko epailaren, martxoaren, 3koa dugu lehenbiziko zenbakia. Epailaren 24koa, berriz, Arregi’tar Rikardo’ren hastapen artikulua aldizkarian gerora erreferentziazko saila izango duenean, Erriak eta Gizonak izenekoan, alegia. Erdi sortaldeko zalapartak dukegu haren lehenbiziko idatzia. “Sortaldea, iparrari begiratu ezkero gure eskubian gelditzen da. Erdi sortaldea, berriz, urrutikoari ez ezik erdi aldekoari deitzen diogu, au da, arabetar erriei. Eguzkia ta petroleoa ugari. Ta baita zalaparta galantak. Zer gertatzen da? Galdera au egitea baño obea da zergatik gertatzen dan galdetzea (…) Bizkor bizkor begiratu bat eman dezaiogun...”.

Harrezkero, astero-astero Zeruko Argia-n idazten daukagu Rikardo Arregi, hutsik egiteke. Erriak eta Gizonak eta Nazio arteko unea ataletan idazten zuen, eta, are, atal berririk sortu ere zuen: Gazte naiz. Patxi Baztarrikak esatera, 1963tik 1969ra bitarte, Rikardo Arregik 300 artikulu baino gehiago idatzi zituen Zeruko Argia-n. Alabaina, bateko Anaitasuna-n eta besteko Jakin-en ere –pentsamenduzko lanak Jakin-en–, idatzi zuen artikulurik. Torrealdairenak dira hitzak, Herriaren lekuko (Jakin, 1972) liburukoak, non Rikardo Arregiren idatzien antologia ondu baitzuen. “Rikardo ez zen bulegoko gizon narea, noizean behin lanen bat ongi janzi eta apaindu eta lagunen kontsultatxoa egin ondoren, inprimategira entregatzen duten horietakoa, lanaren amaia afari batekin ospaturik. Rikardok ez zuen horretarako astirik, presaka bizi zen (bere bizi-haroaren laburra somatu izan balu bezala). Presaka, bai, herriaren goseak eraginik eta janariaren bilatzeak zirikaturik. Aldizkarietan idaztea ez zitzaion aski, Rikardoren ritmoa ez zen-eta hilabetero idaztea, astero baino. Eta astero egin behar egunerokoen faltan”. Eta Rikardo Arregi bera ere horretaz jabeturik zela dirudi Ezkertiar berriak artikuluan: “1963’gnez geroztik ‘Z. Argia’n, nazio-arteko politikaren albistari izan naizelako, lau urte hauetan politika gertaera ta politikalarietzaz, presaka batean, askotan bi aldiz pentsatu gabe, beti hobetoago egiteko asmoetan, zenbait gauza esan beharrean arkitu naiz”. Eta, berdin, hurrengo batean ere, Euskaltzaleen jainkoa hil behar dugu-n: “Bukatzera noa. Lerro hauek ber-irakurri ditut. Berriro idazten asteko asmo bizia etorri zait hori egiterakoan. Ez da posible, ez dut betarik”.

Pentsalari, birpentsatzaile

Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Rikardoren anaia Joseba, Anjel Lertxundi… bat baino gehiago hurreratu dira Rikardo Arregiren idatzietara, haren pentsamendu edo estiloa aztertzera, hark oraingo egunean hartuko lituzkeen balizko bideak zeintzuk genituzkeen igartzeko ahaleginak egitera. Ez da, alabaina, lantegi erraza, aski korapilo bihurria baizik, Rikardo Arregiren gogoak ibili ohi zituen bide zailak bezainbat. Rikardo Arregik pentsatu ez ezik, birpentsatu egiten baitu, birformulatu, batean idatzia, hurrengoan irauli nahiz berrituz. Euskalduna da Rikardo Arregi, baina haren euskaltasuna ez da gauza tinko lurrean betiren beti finkatua, ezarriaren gainean ari da gogoetan, tolesak bilatzen, litsak ateratzen, aldian-aldian bere baitako pentsamendua garatuz doala... Eta, halarik ere, pentsatuak idazten ari da, demokraziaz, sozialismoaz, tradizioaz, zaharraz eta berriaz… Idazten, eta idatzi orduko, unean berean zalantzan jartzen, baina arriskuak hartu eta idatzi haiek argitaratzeko prest, aurrera egiten lagunduko dutelakoan: askatasuna, abertzaletasuna, marxismoa, dogmakeria, sozialismoa…

Joxe Azurmendi dugu Rikardo Arregiren lana gehien eta sakonkien aztertu duen ikertzailea. 1972an bertan, Hitzaurre politikoa idatzi zuen Rikardoren kazetaritza-lanen antologia dugun Herriaren lekuko liburuan. Haren nortasun politikoaz, gaurkotasunaz eta eboluzioez ari zitzaigun Azurmendi orduko hartan. Handik urteetara, berriz, 1996an, bitan banatu zuen Joxe Azurmendik Rikardo Arregiren gaineko aztertzea. Haren kazetari eta saiogile izaera jorratu zuen, batetik, haren euskalgintza –Euskalgintza berdin gizagintza zioen Azurmendik izenburuan–, bestetik.

Ortodoxia hil bedi, Gora errebisionistak!, Sozialismoa modan dago, Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu, Eguzkialdeko haize horiek… Rikardo Arregik gogoan zerabiltzan gaien aldarri ditugu.

1969ko uztaila. Andoaingo parrokian egin zuten hileta elizkizuna. Argazkia: Argiako Artxiboa.
Langile, eta eragile

Zeruko Argia-n kazetari hasi bazen ere, idatzitako artikulu zorrotz gatz eta piper handikoek –hortxe eragin zituzten polemikak ere– bezainbeste aipu eta sona eman zioten Rikardo Arregiri euskaldunok alfabetatzeko egindako gogoeta, lan eta kanpainek. Sen horixe izan zuela esan liteke. Ez alferretan, hura hiltzean alfabetatzearen eragile baitezpadakotzat jo zuen Euskaltzaindiaren Alfabetatze batzordeak 1971n Rikardo Arregi liburuan. Euskaldunak euskaraz analfabeto baikinen, “Rikardok arazo izugarri hau somatu eta aztertu zuen; bainan hori bakarrik ez, berehala presentatu baitzigun problema horren soluzio-biderako erremediua: Alfabetatze Kanpaina”. 1966ko urtarrilekoa da arestian aipatu batzordeak Euskaltzaindiari egindako proposamena, Jarrai taldearen izenean. Sinatzaileak ziren Juan San Martin, Mikel Lasa, Iñaki Beobide eta Rikardo Arregi. Akademiak asmoa ontzat eman, eta Patxi Altuna ere batzordekide izendatu zuen.

Eta herriz herri zabaldu zuten kanpaina, eta metodoa zehazteari lotu zitzaizkion, eta hitzaldiak egin zituzten, eta irakasleak prestatzeko ikastaldiak –lehena, Donostian, 1967ko agorrilean–… Rikardo Arregi soldadutzan zen sasoian.

Soldadutza eginik, eta asmoak umotu eta zorituagoak zituela etorria, 1968ko urtarrilean beste txosten bat egin zion batzordeak Euskaltzaindiari. “Garai txarrak ordukoak. Rikardok, ordea, segi eta segi, eta alfabetatzearentzat antolaketa berria egitea erabakitzen du”. Eta kanpainari laguntzeko dirua inguratzea, eta alfabetatzearen bigarren maila abiaraztea, dibulgaziozko liburuak argitaratzeko argitaletxea antolatzea –zein izango baitzen Lur–, eta hamaika lan eta buruhauste, 1969ko otsailean alfabetatze mugimenduaren antolatze eredu berria erabaki arte. “Alfabetatze lana bere bidetik jarria zuen joan zitzaigunean, eta aurrera doa [1971], berak hazia ereinda utzi baitzuen (…) gauza da Rikardok burutu eta hasiera emandako ekintza garrantzitsu hau ez dela nolanahi izkutatuko, egunetik egunera indartu baizik”, zioten Alfabetatze batzordekoek eta, behingoagatik, asmatu zuten.

Eta, hor, beste monumentu bat, Joan Mari Torrealdaik Rikardo Arregiri hil aurretxoan egindako elkarrizketa –Rikardo Arregi, gizona eta garaia liburuan, Alfabetatzearen hasieran, Rikardo–, alfabetatze mugimenduaren gainean.
Hark ereindako hazitik sortuak, zenbat eta zenbat.

 

Nortasun agiria

Zeruko Argian asko idatzi zuen. Hil zenean orrialde osoa hartu zuten haren oroimenez.

Rikardo Arregi Aranburu (Andoain, 1942–Mendaro, 1969). Lehen ikasketak jaioterrian egin eta apaizgaitegian zen 1953an, Saturraranen eta Donostian, 1962 arte. Batxilergo ikasketak burutzeko baliatu zituen udak, apaiz ikasketek ez baitzuten balio ofizialik kaleko bizian. Ondoko urtean, Ekonomia Zientziak ikasten zen Bilbon, eta, aldi berean, kolaboratzaile Zeruko Argia (Erriak eta Gizonak eta Gazte naiz sailak), Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan. Irakasle jardun zuen aldi batekoz Donostiako Santo Tomas Lizeoan, eta, handik gutxira, Pax-Christi erakundeko kide zen. 1964an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Urte berean, Martuteneko kartzelan eduki zuten, EGIko kide izateaz akusaturik. 1965ean, Lauaxeta kazetaritza saria jaso zuen, artikulugile onenarena.

1966an Espainiako soldadutza egin zuen; hamazazpi hilabete egin zituen Ferrolen eta Cadizen. 1968an, soldadutzatik itzuli eta alfabetatzeari buruzko bigarren txostena aurkeztu zion Euskaltzaindiari. Lur editoriala bultzatu zuen, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia eta beste zenbaitekin batera.

1969ko uztailaren 10ean hil zen, auto-istripuz, Euskaltzaindiaren bilera batera Bilbora Ramon Saizarbitoriarekin zihoala.

Andoaingo Tours-eko San Martin elizan egin zen hileta meza, eta herriko hilerrian datza lurpean.

Ehorzketa egunetik astebetera, berriz, herri-meza egin zuten Andoainen bertan, eta ordukoa da Gabriel Arestik Rikardo Arregiri idatzitako poema sarkorraren audioa: Auhenaren sentimendua. Rikardo Arregiren heriotzeagatik negarrez.

Haren heriotzak gogor jo zituen euskaldun eta euskaltzaleen bihotzak, eta, hein batean, bederen, mobilizarazi egin zuen sasoiko intelektualitatea. Rikardo Arregi hil eta gutxira argitaratu zituzten haren lanak; ororen buru, Politikaren atarian (Lur, 1969), Rikardo Arregi (Jakin, 1971) eta Herriaren lekuko (Jakin, 1972). 1996an, berriz, Rikardo Arregi: gizona eta garaia argitaratu zuen Andoaingo Larramendi Kultur Bazkunak, hainbat egileren ekarriak bilduz.

1989an, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak eman zituen lehenengoz Andoaingo Udalak, eta euskarazko kazetaritza sariok ematen ari da harrezkero.

1998an, Rikardo Arregiren biografia ondu zuen Patxi Baztarrika hizkuntzalari eta politikariak Bidegileak bilduman.

Gorago ibili dugun Arestiren audio ikaragarri hori ez ezik, beste bat ere bada, zinez historikoa, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien webgunean (nahiz youtube-n, Rikardo Arregiren hitzaldia Usurbilen), non Rikardo Arregi bera aditzen baitugu hitzaldi suharra egiten 1966an Usurbilen, Udarregi bertsolariaren omenaldiaren karietara, bazkalondoan. Noaua herri aldizkariak zenbaki berezia kaleratu zuen Udarregiren omenezko eskulturaren 50. urteurrenean, eta bertan irakurgai da Rikardo Arregiren hitzaldi hori. Usurbilgo hitzaldia ere deitua, Rikardo Arregiren pentsamenduaren gogoaren bide meharrak zertan diren erakusten digu berbaldiak. Bestalde, hitzaldia ardatz hartu eta filma grabatzen hasi zen Maluta Films ekoiztetxea iragan agorrilean Usurbilen bertan.

Ramuntxo Kanblongek idatzi zuenez, Rikardo Arregi “oraikoa, gaurkoa”.

 

Euskal Herriaren eta euskararen salbazioa

(…) Eta gure errealitatea da gaurko gure Euskal Herri hau ez dela euskalduna, ez baitago euskaldunen mendean, ez baitago euskaldunen eskuetan. Eta alferrikakoa da gurasoei eskatzea bere semeei euskaraz erakustea. Borondate onez ez da euskara salbatuko. Euskara salbatuko da Euskal Herriko zineak, Euskal Herriko legeak, Euskal Herriko gizartea euskaldunen eskuetan egongo den orduan. Gainontzekoak gezurrezkoak dira (…) Gure errealitateari aurpegi eman behar diogu, ez gaitezen lainoetan ibili. Estatu batek bakarrik salbatu lezake Euskal Herriaren salbazioa (…)

1966an, Rikardo Arregik Udarregi bertsolariaren omenaldiaren karietara, Usurbilen eman zuen hitzaldiaren pasarte bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Eguneraketa berriak daude