Erraustegiak ez dira klimaren zoratzearen beldur

  • Irailaren 27rako dago deituta mundu osoan klimaren aldeko mobilizazio handi bat, Euskal Herrian ere zenbait mugimendu eragingo dituena. Horietan asko ala gutxi aipatuko ote dute Lurra planetako kliman errauste plantek daukaten eragina? Hondakinen kudeaketan nagusi diren konpainia pribatuek klimaren kontrako borrokaren partetzat defenditzen dute beren jarduera, Gipuzkoatik Zeelanda Berrira Bilbo eta Mallorkan barna bidaiatuz ikusiko dugunez.

Uztailaren 25ean bostehun herritar azaldu ziren Zeelanda Berriko Hokitika herriko areto nagusian agintarien ahotik entzuteko proposamen txit erakargarri hau: Westland eskualdeko erraustegi berria bertan egitea. Urtean 300.000 tona errez 28 Megawatt argindar sortuko lituzke, gehi aski ur bero inguruko izokin eta izkira haztegiak eta negutegietako baratzeak girotzeko. Eraikuntza fasean 150 lanpostu eta ohiko funtzionamenduan 60 enplegatuko lituzke. Labeetan geratzen diren zepa edo eskoriekin hormigoia egingo lukete eraikuntzarako eta zaborrak Hokitikira kamioietan ez, trenez ekarriko lituzkete, horiek bueltan eskualdeko behitegi handietako esnez kargatuta itzularaziz hutsik bidaltzeko partez.

Westlandeko hedabide nagusia den Stuff egunkarian Joanne Carroll kazetariak kontatu duenez, “erraustegi proposamenak ez ditu konbentzitu Mendebaldeko Kostako herritarrak”. Proiektuaren ardura daraman Renew Energy konpainia publikoaren burua mintzatu zen eta entzuleak lasaitzeko azpimarratu zuen oraingo proiektuan dagoen enpresa ez dela txinatarra, Europako enpresa bat dela, izenak ematea ukatuz. Hokitikiko jendeak lasaitu nahi zituen: 2005etik eskualdean jira eta buelta dabilen erraustegiarentzako kokagunea ia-ia lotuta zutenean, Buller herriko udal batzak kargutik kendu zuen alkatea, negoziaketak sekretuan eraman izanagatik.

Kevin Stratful da Renew Energy konpainia publikoaren burua eta aldi berean WestCoast eskualdeko garapen ekonomikorako agentziaren buru, oso zabalduta dago Euskal Herri autonomikoan hain ezagunak ditugun ate-erroten moda. Oraingo ahaleginean buruzagiak Hokitikiko herritarrei, lasaitu asmoz, erakutsi zien “bideo luze bat Espainiako Mallorka uhartean dagoen errauste planta bati buruz, esanaz milioika turista biltzen dituela urtero. Jende artean algarak entzun ziren esan zuenean Westland eskualdera ere erraustegiak turistak erakarriko zituela”.

Zeelanda Berriko irakurleen zorionerako, agintarien informazioak bere aldetik kontrastatzea maite duen kazetaria da Carroll eta astebete geroago plazaratu zuen “Erraustegiaren sozio europarraren jabea txinatarra da”, bilkura publikoan proiektuaren arduradunak esandakoak gezurtatuz. Gaia ikertzen hasita, Renew Energyko beste arduradun batek kazetariari aitortu behar izan zion Zeelanda Berriko erraustegia eraiki nahian ari den konpainia txinatarra Tianying (CNTY) dela, bilkura publikoan aipatu baina izendatu ez zuten sozioa Urbaser dela, egia dela Tianying dela orain Urbaserren jabea eta Hokitikiko jendeak konbentzitu nahian erakutsitako bideoko erraustegia –Mallorkakoa– Urbaserrena dela. Propagandazko bideoaren jabeenganaino iritsi zen Carroll eta hauek aitortu zioten egia: “Tirme konpainiako bozeramaile batek esan digu urtean 12.000 bisitari hartzen dituztela beren Ingurumen Heziketa eta Informaziorako Zentroan, baina gehienak umeak eta inguruko jendeak direla”.

Gipuzkoan laster beren Bertso Txapelketan parte hartu behar duten gai-jartzaile eta koblakariek balukete hari honi tiraka zeri kantatua.

Real Madrideko presidente Florentino Perezena zen eta gaur jabea Tianying txinatarra duen Urbaser multinazionala ezaguna da Euskal Herrian: Zuberoa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Gipuzkoako hiri hondakin guztien kudeaketa berari utzia daukate lurralde horietako agintariek, bereak ditu urte luzeetarako Baionako Canopia TMBa –azken errefusak erraustegira bidaltzen dituena– eta Zubietako erraustegia –agintariek Balorizazio Energetiko Planta deitua–, Gipuzkoako Ingurumen Gunean kokatua; bertan ariko da Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioa ere, eta hondakinak erretzen dituen kontsortzioa deitzen da Ekondakin Energia y Medio Ambiente S.A. Westlandeko herritarrek bideoz ezagutu zuten Mallorkako erraustegia –%80 Urbaser, %20 FCC– deitzen da Parque de Tecnologías Ambientales.

Txinan erraustegi-turismoa egiten Westlandeko (Zeelanda berria) agintariak eta Tianying korporazioko arduradunak Haian hirian hauek duten erraustegia bisitatzen. (Argazkia: Renew Energy)

Izenok nabarmentzen dutenez, erraustegien bai finantzaketa eta bai justifikazioa oinarritzen da ustez hondakinen beste kudeaketa ereduak baino –funtsean, zabortegietan lurperatzea baino– hobeak direlako argudioan. Hasteko, lortu dute beren jardueraren izena aldatzea: munduko hedabide nagusietan gutxitan aurkituko duzu incineration edo incinerator hitzik: horien lekuan Waste-to-Energy (WtE) eta Waste-to-energy plant.  Eta lehen horien dohainen artean azpimarratzen baldin baziren erretzearen garbitasuna, merketasuna, berriztagarri izatea, geroztik erregaien, energiaren eta errausketaren lobbya egin da ekonomia zirkular kontzeptuaren jabe… klimaren aldaketari aurre egiten txapeldunak beraiek direla defenditzeraino.

Oinezko herritarrentzako ingurumenaren endekatzea eta klima aldaketa kezka iturri diren moduan, korporazio handiontzat –tartean, hondakinen kudeaketa publikoa mundu osoan kontrolatzen duten konpainia pribatuontzat– ingurumena eta klima beren irudia garbitzeko tresna bilakatu dira, ikusi besterik ez da biltzar zientifikoz mozorrotutako zenbat public relations operazio antolatu eta finantzatzen duten. Euskal Herrian, zortzi hilabetetan nazioarteko bi handi: martxoan Donostian Change the Change burutu zuten eta urrirako iragarrita dago ISWA 2019 Bilbon.

Karbono kontaketan

Circular Economy: What are you doing?” (Ekonomia zirkularra: eta zu zertan ari zara?) goiburu dutela, urriaren 7tik 9ra bilduko dira hondakinen kudeaketan ari diren konpainia nagusiak ISWA patronalak egingo duen mundu biltzarrean, alor horretako ugazaba espainiarrak tartean. Horra hurbileko omen dira planeta osotik etorritako hondakinen kudeaketako profesionalak, politikariak, industriako liderrak, planifikazio arduradunak, zientzialariak eta profesional gazteak, orotara 1.200.

Espainiako eta EAEko erakunde nagusiak dira Bilboko evenement honen babesle, IHOBE eta GHK konpainia publikoekin batera, eta babesleen artean, diru gehiena jartzeagatik silver sponsor tituluz agertzen da…Urbaser. Esan nahi baita, Tianying.
Hona Bilbon bilduko diren 1.200 bertsolarioi ISWAk hasieratik jarri dien puntua: “Egitarau zientifikoak aztertuko ditu hondakinen kudeaketa jasangarria, ekonomia zirkularra, baliabideen erabilpena (…) hondakinen murrizketa, prebentzioa, berrerabiltze eta birziklatzea, klimaren aldaketa…”.

Izan ere, erraustegien patronalak aldarrikatzen du asko lagun dezakeela klimaren zoratzea gelditzeko ahaleginean, zaborrak errez. Europako erraustegien elkartearen 2018ko agiri nagusietako batek dio izenburutik: “Errausketak laguntzen dio Europar Batasunaren negutegi gasen murrizketarako epe luzeko estrategiari”.

Enpresa hauen kontabilitatean, azken urteotan gutxitu egin dira hondakinen kudeaketak eragindako negutegi gasen isuriak, gehiago birziklatu, lurpeko zabortegietara gutxiago eraman eta gehiago errausten omen delako. Horregatik proposatzen dute orain arteko bidean sakontzea, zeren eta “lor daiteke urtean 175 milioi tona CO2 gehiago murriztea –Holandak erregai fosilak kiskaliz isurtzen duen CO2 guztia adina–, baldin oraindik lurperatzen ditugun zaborrak eramaten baditugu hondakinen hierarkian gorago dauden sistemetara”, esan nahi baita, erraustegietara.

Erraustegien patronalaren biltzarra.  “Ekonomia zirkularra: eta zu zertan ari zara?” dio Bilboko biltzarraren leloak.

Dio patronalak erraustegiek gaur egun argindarretan sortzen dituzten 39 TWh (TeraWatt/orduko) eta ur berotan berreskuratzen dituzten 90 TWh kontatuz, 50 milioi tona CO2 aurrezten dizkiotela klimari, hondakinok erreko ez balituzte 50 milioi tona atzerritik erregai ekarri eta kontsumitu beharko lituzketelako. Eta teknologia egokiak erabiliz, erraustegiek balio dezaketela etxebizitzak berotzeko bezala hozteko ere. Antzera mintzo dira AEBetan ere.

Hori kontabilitate irudimentsua egitea da” egin die arrapostu Energy Justice gobernuz kanpoko erakundeak Zaborren errausketa eta klima aldaketa dossierrean. “Errausketa izugarri txarra da klimarentzako, ikatzezko zentral batek isurtzen duen CO2-a bider 2,5 isurtzen du argindar kopuru bera lortzeko. (…) Garrantzitsua da ohartzea kontabilitatean dauden trukuez. Ondo alderatuz gero erraustegietako tximiniek isurtzen dituzten CO2 kopuruak beste kutsadura iturrienekin, bistakoa da errausketa dela txarrena”. Zertan datza trukuak?

Hasteko, erraustegien isurietan ez dute kontabilizatzen CO2 biogenikoa, landare edo animalietatik eratorritako hondakinak errausteak eragindakoa: paperak, elikagaien soberakinak, egurra, larrua… Nahiz eta horiek osatzen duten hiri hondakinen ia erdia.

Komunikazio kanpainan eten gabe. Tirme konpainiaren irudietan, haurrak Mallorkako erraustegia ezagutzen: erakusketa gidatuak, jolas didaktikoak... eta ingurumen teknologien parkea airetik erakusten duen tren futurista.

Aldiz, aurreztutako CO2 kopuruetan gehitzen dituzte erre gabe lurperatzera eramanez gero hondakinok sortuko luketen metanoa, kontutan hartu gabe badirela isuriok murrizteko alternatibak, Zero Zabor ereduetan ari direnek erakutsi duten moduan.
Hirugarren manipulazioa, dio Energy Justicek, “zenbatu gabe uzten dituzte erraustegietan energia sortu ahal izateko erabiltzen dituzten erregai fosilen isuriak”. Hori Euskal Herrian garbi dokumentatuta dauka Gorka Bueno irakasleak Zabalgarbik erretako gas naturala aztertuta. Kontabilitatetik kanpo geratzen dira ere labeetatik ateratako zepa edo eskorietako metalen birziklatzearen isuriak, azken errefusak zabortegietaraino eramateko garraioenak, eta abar.

Energy Justicek AEBetan bezala, Europan Erresuma Batua Errausketarik Gabe (UKWIN) koalizioak aurten bertan argitaratu du eguneratuta hondakinak kudeatzeko teknologia honek Britainia Handian klima aldetik dauzkan eraginen azterketa. Agirian dio: “Hondakinen industria saltzen ari da errausketa soluzio bat dela klimaren aldaketarentzako, baina datuek erakusten dute errausketa berez klimaren arazoaren parte dela”.

UKWINek garrantzia berezia ematen dio plastikoen erreketari. Hasteko, ez direlako karbono isurien ordaintze sisteman sartzen, nahiz eta plastikoak erregai fosiletik eratorriak izan: “Erraustegiak ez dira sartzen erregai fosilen erabilera gutxitu eta CO2 isuriak murrizteko antolatuta dagoen konpentsazio sisteman eta, ondorioz, urte asko daramate ordaindu gabe negutegi gas arriskutsuak isuriz gizarteari eragindako kalteen ordaina”. Eta bestetik, plastikoak erretzea argindarra sortzeko modu oso ez-efizientea delako.
Irailaren 27rako dago deituta mundu osoan klimaren aldeko mobilizazio handi bat, Euskal Herrian ere zenbait mugimendu eragingo dituena. Horietan asko ala gutxi aipatuko ote dute Lurra planetako kliman errauste plantek daukaten eragina?


ASTEKARIA
2019ko irailaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude