Lurraldea orekatzeko adostasun soziopolitiko berriak eraiki behar dira

  • Azken 50 urteetan nabarmen hazi da inguru metropolizatu eta landaguneen arteko desoreka biztanleriari dagokionez, Euskal Herrian ere bai. Hainbat eskualderen indize demografiko nagusiak negatiboak dira. Landa eta mendi guneak despopulatzen ari dira: hala Zuberoa-Nafarroa Beherea nola Nafarroa Garaiko Erribera, baita Arabako hainbat eskualde ere. Zergatik gorde oreka? Zer egin? Herri erronka horren eginkizunak nola banatu? Gaindegiak (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) udalerrien indize demografikoak eguneratu ditu. Imanol Esnaolaren eskutik bilatu dugu egoeraren azalpena. Unai Fernandez de Betoñoren eta Isabel Elizalderen aburuak ere jaso ditugu.

Euskal Herriko lurralde antolamendua administratiboki atomizatuta dago eta ez dago lurralde-kohesio politika adosturik.

Gaur egungo Euskal Herriaren geografia sozioekonomikoa, II. Mundu Gerraren ostean finkatu zen ekonomiaren ondorioa da. Ekonomia eredu hartan hiriak industria eta zerbitzu-eremutzat finkatu ziren, lurraldean ongi bereiziz egitura industrialari lotutako eremuak eta lotu gabekoak. Edonola ere, ordurako industriak bazeukan hedapen zabala lurraldean, bailaraz bailara, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan.

XXI. mendera etorriz, 2008ko krisiaren aurretiko hazkunde ekonomikoa handia izan zen. Mugikortasun pautak aldatu egin ziren: ibilgailu pribatuan oinarritutako mugikortasunak indar handia hartu zuen, eta eraikuntza jarduera indartsua lagun, landa eremu zabal batek metropolietako biztanleria bereganatu zuen. Landa eremuko herri horiek lo-hiri izaera hartu zuten. Bilboko metropolitik Plentzia-Mungia aldera desplazatutako biztanleriaren kasuan antzematen da hori, esaterako.

Indarrean zegoen eredu zaharraren –ekonomia industrialaren ingurukoa, metropolizatze maila altu batekin– eten moduko bat gertatu zen. Geroztik, gune industrial gutxiago eta hiriguneetan kontzentratuago dago, harik eta bizileku aldaketa premiazko gertatzeraino askoren ibilbide profesionalean. Ordura arte, euskal lurraldeak bazuen oreka zaintzeko hainbat baliabide. 2008az geroztik, lo-hiri fenomenologiatik kanpo geratu ziren eremu periferikoen hustuketa azeleratu zen. Metropolitik kanpoko eremuek irauteko zeuzkaten zailtasunak azkartu ziren, besteak beste, jarduera ekonomikoen galerarekin edo zerbitzu publikoen murriztearekin. Horren adibide dira Zuberoa, Zangozerria, Baztanaldea, Tafallaldea, Arabako Mendialdea edota Lea-Artibai, besteren artean.

Udalerri batek iraun dezan herritarrari hiru oinarri eskaini behar dizkio: zerbitzuak, bitarteko materialak
–enplegua eta errenta–
eta sozializaziorako aukerak   

Landa eremuetako aukera ekonomiko urrien ondoan jarduera ekonomiko garatuenak edo zerbitzuetako enplegu gehienak eremu metropolizatuetan daude. Horrek guztiak bereziki eragin die nor bere herrian bizitzeko aukeraren bila jarri diren gazteei. Hots, herri txikietan bizibiderik topatu ez duenak gune urbanoagoetara jo du, eta herri txikietan geratu direnak bizitzeko baldintza materialak bermatuta dituztenak edo enplegu-guneren bat gertu dutenak izan dira. Beraz, hiriak bilgune nagusi bihurtzen ari dira Mendebaldeko herrialde guztietan, eta gurean ere bai. Bertan sortutako herritarrak zein atzerritik etorritakoak hartzen dituzte, gero eta aniztasun handiagoko eremuak bilakatuz. Eta bidenabar, landa guneak gazteak galtzen ari dira, zahartzen.
2008tik 2017ra bitartean 375.000 lagun etorri dira Hego Euskal Herrira bizitzera Espainiatik eta Frantziatik, baita haragotik ere. Gune metropolizatuetan kokatu dira asko, baina Frantzia edo Espainiaz landa sortutako immigrazioaren kontzentrazio maila nagusiak hurrengoak dira: Arga-Aragoiko Erribera, Tuteraldea, Iruñerria, Ebro-Garaiko Erribera, Bidasoaldea eta Tafallaldea. Lan baldintza kaskarrak eskaintzen dituzten sektoreak dauden eremuetan, alegia.

Udalerrien geroa

Udalerri batek iraun dezan herritarrari hiru oinarri eskaini behar dizkio: zerbitzuak, bitarteko materialak –enplegua eta errenta– eta sozializaziorako aukerak. XXI. mendean horiek dira jendeak hirietan edo herrietan bizitzea aukeratzerakoan eskatzen duena, hau da, eredu estandarren pare bizitzea. Alta, herri txikietako bizilagunek hirien pare bizitzeko gero eta baliabide gutxiago daukate, edo nahiago bada, gero eta handiagoa da aukeren arteko desoreka. Euskal Herria txikia izan arren, Nafarroa Garaiko Pirinioetan, Araban eta Erriberan distantziak handiak dira, beraz  zailtasunak ere bai. Edo, konparazionera, Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasi nahi dutenak edo Baionako Ospitalera joan behar dutenak hauengandik hurbil dauden inguruetara desplazatu behar dira.

Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa da, lurraldea orekatuagoa da demografia, zerbitzu zein jarduera ekonomikoaren ikuspegitik. Hala eta guztiz ere, udalerri txikiek segitzen dute lehiatzen hiriguneekin. Lea-Artibai eskualdea biztanleria galtzen ari da, nahiz eta identitate sendoko eremu euskalduna izan, ekintzailetza ekonomiko aipagarriarekin eta sustapen ekonomikorako azpiegitura eraginkorrak eduki arren. Halere, lurralde antolamenduaren ikuspegitik baztertutako lurraldea izaki, eta garraio-azpiegituren gabeziak tarteko, ez du biztanleria atxikitzeko eraginkortasun erabatekoa lortu Durangaldearekin edo Bilbo Handiarekin lehian.

Euskal Herriko lurralde antolamendua administratiboki atomizatuta dago eta ez dago lurralde-kohesio politika adosturik. Horregatik, halaxe dio Esnaolak: “XXI. mendean gaude, eta arazoa aintzat hartzen dugunok lurralde biziberritzearen kontzientzia izan behar dugu, eta bereziki, landa-guneena. Gure ondare material eta inmaterial handiak bertan daude, herri iraunkortasunean oinarritutako aukerak landagunea behar du, hots, naturgune zabalak, zura eta ura, elikagaiak ontzeko lurra, euskaraz bizi diren komunitateak… eta abar”.  

Ba ote Konponbiderik?

Landa giroko euskal udalerriak, ordea, ez daude sare batean antolatuta, ez zaizkie ahots bakarrez mintzatzen euskal jendarteari eta instituzioei. Esaterako, udalerri euskaldunek lurralde antolamenduan euskara aintzat hartua izan dadin ukan duten arrapostuak azaltzen du zenbaterainokoa den gutxiespena.

2000ko hamarkadan, eremu euskaldunek lo-hirien fenomenoa jasan zuten. Hiriburuetatik haietara bizitzera joan zirenek euskal komunitate hauskorrak aurkitu zituzten. Alabaina, ez da estrategia zehatzik izan bertaratu zirenak egoera linguistiko berrian egokitzen laguntzeko, eta lurralde antolamenduan hizkuntza- irizpideak kontuan hartu gabe jarraitzen du administrazioak. Horrek, bistan da, ondorio kaltegarriak izan ditu komunitate horien hizkuntzaren erabilera arauetan.

Auzia hain garrantzitsua denez gero, premiazko arazoa bihurtu da: nola landu hiri eta landaren arteko elkarbizitza Euskal Herrian?

Gaindegia-ko kideek diotenez, lurraldeen historiaren garapenetik eratorritako hainbat ezaugarri aintzat hartu behar dira:

–  Hasteko, Bizkaian eta Gipuzkoan gerra ondoko hazkunde demografikoa lurraldean sakabanatutako industriak bultzatu zuen. Gaur egun, ordea, ezinezkoa da biztanleria multzo hura ordezkatzea, ez bolumenean, ez geografikoki.
–  Beste hainbat herri erronkatan bezala, udalerri txikiek iraun dezaten ez dago herri estrategia adosturik. Prozesuak badaude, baina horiek ez dira berariaz adostu eta antolatuak, ez eta denboran iraunkorrak ere.
 – Euskaldunok udalerri euskaldunak kaltetzen hasi direnean hasi gara kezkatzen. Baina, esaterako, baserrien galerak ez ditugu aintzat hartzen. Europatik datorren nekazaritza politikak baserriak gure gizartean behar duen funtzionaltasunaren gainbehera ekarri du XX. mende amaieraz geroztik. Elikagaiak ekoizten baserritar gehiago balego, gaur egun, askoz oinarri egonkorragoak izango genituzke, ez bakarrik elikaduran, baita landa giroko udalerrien iraunkortasunean ere. Aukera hori gogotik landu beharko litzateke.
  – 2000. urteaz geroztik populazioaren mugikortasun eta desplazamendu patroiak asko aldatu dira, baina horrek ez du eraginik izan metropolietatik oso urruti dagoen landa eremuan (Erronkari-Zaraitzu, Baztanaldea, Bortziriak edota Ebro ibaiaren bueltako eskualdeak).
 – Arazoa ez da soilik udalerriak antolatzerakoan prozesu ahulak egotea, baizik eta landa eta hiriaren arteko osagarritasuna zehazteko herri hitzarmenik ez egotea. Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian oso nabaria da non eraiki diren etxebizitzak eta horrek zein mugimendu demografiko eragin duen. Pirinioetako udalerrien indizeak kezkagarriak dira, eta Erriberako hainbat herrirenak ere bai.  

Udalerri euskaldunak kaltetzen hasi direnean hasi gara kezkatzen. Baina, esaterako, baserrien galerak ez ditugu aintzat hartzen

Horiek horrela, nazio garapenari buruzko gogoeta ahul dago eta horren erakusle dira lurralde orekari buruzko eztabaida sozialik eza edo politika publiko ahulak. Auziak bi erantzun arduratsu behar ditu gizarte antolatuan eta erabakigune instituzionaletan. Gurean, UEMAk gogotik heldu dio gaiari hizkuntza arloan. Ipar Euskal Herrian, ELBren bidetik agenda osoagoa etorri da. Araban, kontzejuen aldeko mugimendua izan da gaia plazaratu duena: “Lurralde orekari ez diogu maila politikoa eman, baina maila politiko handiko auzia da. XXI. mendean ez da iraunkortasuneko herri egitasmorik izango, ez badugu lurralde orekan oinarritzen, Eusko Ikaskuntzaren kongresuak hor ere egin du azpimarra”, dio Esnaolak.

Gaia ez dago agendan

Eremu metropolizatuen eraginkortasun ekonomikoa handituz joan da. Ondorioz, lurraldearen hiru laurdenak ez daude hiriguneko espektatiba ekonomiko altuen pare. Lurralde orekari dagokionez harreman asimetriko horren kontzientzia falta dago, baita lurralde oreka lortzeko metodoen inguruan ere.

Imanol Esnaolaren iritziz “landa-gunea biziberritzea da estrategia nazionaleko oinarrietako bat. Ez dago herri izaterik bere errealitate geofisikoari egitasmo irmoa ematen ez bazaio. Herri honi gorputzaren atal guztiak aitortu behar zaizkio, nazio izango bagara”.

Zer falta da? Baliabideez ari bagara, indar sozialak eta politikoak eragingarriagoak bihurtzea. Gaur gaurkoz ez dago halakorik. Agian, urtetako lanaren eta kontzientziatzearen poderioz, hogei urte barru, landa guneen kontserbazioa eta biziberritzea izango dira gehiengo sozial eta politikoaren aldarria.

Udalerri kopuruaren erdiak biztanleria galera nozitu du azken hamarkadan

Euskal Herriko udalerrien erdiak biztanleria galera nozitu du azken hamarkadan. Haatik, herritar kopurua gorantza doa. Euskal Herriak 3.152.200 biztanle ditu. Azken urtean, berriz ere, hazkunde demografikoa positiboa izan da biztanleria etorkinari esker. Bizkaian, esaterako, etorkin berriak direla tarteko, herrialdeak biztanleria galtzeari utzi dio azken biurtekoan. Zuberoa da, aspaldiko joeraren ildoan, 2018. urtean herritarrak galdu dituen herrialde bakarra. Hala ere, Zuberoaren despopulazioa ez da arreta merezi duen fenomeno bakarra.

 DEGURBA (Hirigintza maila) sailkapenaren arabera, hiru lurralde tipologiek –hiriguneak, landa-eremuak eta bitarteko hiriguneak– biztanleria irabazi dute azken urtean eta hamarkadan. Euskal Herriak hazkunde demografikoari eusten dio, baina biztanleen %17,4 baino ez da bizi landa eremuan. Joera orokor horren atzean hainbat ñabardura daude: 200 biztanle baino gutxiago duten 150 udalerri daude, horietatik, 55k 100 biztanle baino gutxiago dute. Demografikoki geografia bereziki sentikorra dira Lizarrako merindadea, Zuberoa, Erronkari-Zaraitzu, Auñamendi edo Garazi-Baigorri bezalako eremuak.
 Espainiako Estatuko despopulazioak enplegua eta zerbitzuak barnebiltzen dituzten tamaina ertaineko hirien osasunaren garrantziaz ohartarazten digu. Euskal Herriko errealitatera ekarrita, funtzionalki eskualdeburuak dira lurralde orekari eusten diotenak.

Azken urteko joera

Bizkaiko eta Zuberoako landa eremuek biztanleria galdu dute. Zuberoako galera larria eta aspaldikoa da. Lehen mundu gerraz geroztik datorren joera pean dago, mende oso bateko biztanleria galera nozitzen ari da. Bitartean, Bizkaiko hiriguneak 2011z geroztik nozitzen zuen biztanleria galera eten egin da, baina krisi hasieran baino 13.700 biztanle gutxiago ditu.
Irunberrialdea, Auñamendi, Erronkari-Zaraitzu, Arabako Mendialdea edo Zangozerria eskualdeetan biztanleria galera esanguratsua eman da. Eskualde horien artean, gehienek biztanleria galera garrantzitsua nozitu dute azken hamarkadan. Hortaz, kasu gehienetan errotutako despopulazio joera bati erantzuten dio.
Euskal Herria osatzen duten 686 udalerrietatik 339 udalerrik biztanleria galdu dute. Horietatik 291 landa-eremuan daude. Biztanleria gehien galdu duen udalerri kopurua Nafarroa Garaian dago. Halaber, galdera izan da Lizarrako merindadearen ekialdean. Gernika-Bermeo, Araba Errioxa, Garazi-Baigorri edo Goierrin ere, modu batean ala bestean, herritarrak galdu dituzten udalerrien kopurua aintzat hartzeko modukoa da.

Azken hamarkadako joera

Zuberoako landa eremua izan da biztanleria gehien galdu duen eremua: hogeita zortzi udalerrik biztanleria galdu dute, eta soilik hamabostek irabazi edo doi-doi eutsi. Gainera, eremu horren gainzahartzea handia da: %15,8. Bitartean, Lapurdi zein Baxenabarreko landa eremuen hazkunde demografikoa garrantzitsua izan da: %17,8 eta %6,5, hurrenez hurren, batez ere Lapurdin. Hots, hirigintzaren susperraldia dela eta, “lotarako herrien” paradigma eta mugikortasuna gero eta indar handiagoa dira barnealdean. Horrek ez dio Zuberoari eragiten, haatik.

Nafarroa Garaiko landa eremuak ere biztanleria galdu du: %0,8. Hiriguneak ez bezala: %5,4. Egoera bereziki larria da Erronkari-Zaraitzun. Herritarren %14 galdu da eta gainzahartze maila oso handia da: %20. Erronkari-Zaraitzu eskualdeko hemezortzi herrietatik hamabik biztanleriaren %10etik gora galdu dute. Eskualdean ez dago biztanleria galerarik izan ez duen udalerririk.
Nafarroa Garaian, Zangozerrian, Baztanaldean, Tafallaldean, Ebro Garaiko Erriberan edota Arga-Aragoiko Erriberan ere biztanleria galera aintzat hartzekoa da. Izatez dentsitate apaleko eremuak dira eta gainzahartze maila Euskal Herriko batez bestekoaren gainetik dute. Edonola ere, ez dira biztanleria galdu duten Nafarroako eskualde bakarrak. Bitarte horretan Iruñerriko biztanleria %6,8 hazi da. Lurralde desoreka nabarmenen aspaldiko joerak dira hauek, eta itxura batean, azken urteotan desoreka hauek lausotzen hasiak dira. Alabaina, joerak oraindik oso errotuta daude herrialdearen errealitatean.

Hego Euskal Herrian bertan ere badira biztanleriari eusteko egiturazko arazoak dituzten beste zenbait eremu. Nabarmentzekoak dira Arabako Mendialdea, Trebiñu edota Lea Artibai.

Bi abiadurako Euskal Herria
Unai Fernandez de Betoño (Arkitektoa eta EHU-ko irakaslea)

Euskal Herriko despopulazioaren arazoa oraindik ez da ailegatu Europako beste herrialde batzuetako neurri larrietara (Bulgaria, Errumania, Espainia, Portugal) baina dagoeneko zantzu kezkagarriak dauzkagu mahaigainean, azken hamarkadan biztanleriaren hazkunde-tasa negatiboa duten euskal eskualdeek eremu zabal, jarraitu eta argia osatzen dutelako jada. Gutxienez Arabako Trebiñu eta Mendialdea, Nafarroa Garaiko Lizarraldea, Tafallaldea, Zangotzerria eta Erronkari-Zaraitzu, eta Zuberoa osoa daude dinamika demografiko arriskutsua pairatzen duen eremu geografikoan. Hiri handirik ez duen barneko lurraldean, alegia. Despopulazioaren fenomenoa hirien eta kostaldearen nagusigo garaikidearen ifrentzua baita. Hainbeste, non bi abiadurako Euskal Herria sortzen ari garen. Nahi gabe... edo nahita.

Barnealdeko landa-eremuaren huste demografikoaren atzean hainbat faktore dago (nekazaritzaren gainbehera, zerbitzuen eskasia, orografia...), baina arrazoi gehienak indar-harreman desorekatu baten ondorio dira: erabakigune nagusiak hirietan izaki, hirietatik eta hirietarako hartzen dira erabaki gehienak. Gure gobernantza, onerako zein txarrerako, ez delako lur kopuruan oinarritzen. Ondorioz, Euskal Herrian (ere) lurralde-antolamendu urbanozentrista baten zurrunbiloan gaude, non inbertsio distiratsuak hirietara erakartzen diren, eta azpiegitura deserosoak (zabortegiak, errauskailuak, kartzelak, poligono logistikoak, herrietan gelditzen ez diren trenak...) landa-eremura kanporatzen. Kulturalki ere baztertzen ari garen mendialdea soilik asteburuko aisialdirako hartzen dugu kontuan proportzioan gero eta gehiago garen kalekumeok.

Bi abiadurako Euskal Herrian lurralde-kohesio handiagoa sustatuko badugu, egoerari buelta eman behar diogu berandu baino lehen. Kontuan izanda putz eta zurrut ezin direla batera egin, eta, demografia orekatzeko, hiriburuen nagusigoa mugatu beharra dagoela, elektoralki erakargarria izan ez arren. Ideia horren antipodetan dago, esaterako, Araba, makrozefalia-indize ikaragarria duena, herrialde osoko biztanleen %76 Gasteizen bizi delako: hutsaren hurrengoa izango da landa-eremua suspertzeko Aldundiaren ekimena (proposatu diren onura fiskalak, adibidez), Gasteizen jada planifikatuta dauden 30.000 etxe berriei buelta ematen ez badiegu. Landa zein hiria, biak ala biak, ulertu behar ditugulako lurralde bakarraren parte gisa, arazo (eta soluzio) bakarraren osagai moduan.

Eta, jakina, landa-eremuan familiak errotzeko proiektuak jarri behar ditugu martxan. Tokiko baliabideak eta indarguneak garatuko dituzten proiektuak. Deszentralizatuak, eskualdean edo bailaran errotuak eta herri-partaidetzatik eraikiak. Baditugu ereduak: baso komunalen kudeaketa, eskola txikiak, lur-banku publikoak, energia sortzeko eta banatzeko proiektuak, euskararen arnasguneak indartzeko ekimenak, agroekologia lantzeko eta transformatzeko estrategiak, tokiko moneta, industria-klusterrak, tokiko ekoizleekin batera antolatutako salmenta-sareak, ondarea babesteko eta ezagutarazteko proiektuak, etekin sozialeko ekipamenduak...

Kanpoko inbertsoreak (enpresak zein turistak) erakartzeko saiakera puntualek etekinak eman ditzakete epe laburrean. Baina bi abiadurako Euskal Herriaren areagotzea modu iraunkorrean ekidin nahi badugu, aipatutako hiru estrategiak dira jarraitu beharrekoak: eskala ideologikoan, landa eta hiria batera ulertzea; Euskal Herri osoaren eskalan, lurralde-oreka erdiesteko neurriak hartzea; eta, eskualdeen eskalan, tokiko garapen endogenoa indartzeko proiektuak lantzea.

Udalerri txikien geroaz
Imanol Esnaola (Gaindegiako koordinatzailea)

Udalerri txikiak hilzorian daudela diogunean (gogoan izan 150 udalerri badirela hazkunde negatiboa izaten ari direnak), ez gara zorizko gertaera bati buruz ari. Udalerri txikiak ahuldu zein indartu, eraikitzen dugun inguruak eragiten du. Euskal Herriak prozesu demografiko gogorrak bizi izan ditu azken 60 urteotan eta lehengo gaztetzeari oraingo zahartzea datorkio. Baina herri txikien arazoa ez da zahartzea, biztanleria gaztea galtzea baino.

Hazkunde ekonomikoko urteetan, lurraldean sakabanatutako industriak lagundu du nola edo hala, biztanleria errotzen, baina 2008 inguruko atzeraldi ekonomikoak industria ehun horren zati handi bat galarazi du, eta hor agertu zaigu arazoa. Zer egin behar dugu orain industria gutxiago duten komunitate horiek iraunarazteko?

Euskal Herriaren metropolizazioak beretzat hartu ditu jarduera ekonomiko eraginkorrenak, baita gazte prestatuenak ere. Atzeraldi ekonomikoak landaguneetako inbertsio publikoak ahuldu ditu. Euskal Herriak ez du jakin landa-guneari dagokion izaera aitortzen, metropoliaren mendeko eremu zehazgabetzat hartu dugu. Eta beraz, ez dugu landa-guneak bizirauteko iraunkortasun paradigma eraikitzen. Lurraldea desorekatzen ari bazaigu ez da herrien txikitasunagatik, komunitateontzat iraunkortasun paradigma eraiki ez dugulako baizik.

Udalerri mailako komunitateak iraunkorrak izateko zerbitzuak, bizitza soziala eta oinarri material egokiak behar dira. Hor dago erronka. Gai izango ote gara metropolien zilborrari begiratu ordez, lurraldeari bere integraltasunean begiratzeko? Gai izango ote gara politika publikoen bitartez gure lurraldetasuna aintzat hartzeko?

Gure herriak, aukera guneak
Isabel Elizalde Arretxea (Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko jarduneko kontseilaria)

Landa-eremuko oraina eta geroa erakargarria, berritzailea, gaztea, femeninoa eta konprometitua izatea nahi badugu, landa-eremuetan bizitzea eta lan egitea aukera dela ulertu behar dugu eta ez lasta. Belaunaldiz belaunaldi, ikusi dugu gure hainbat bailarak, urtetik urtera, nahiz eta ahaleginak eta inbertsioak egin, biztanleria galtzen jarraitzen dutela, tantaz tanta, zenbaitetan itzulezineko egoerara iritsita. Gaur egun hiriek handitzen jarraitzen dute, eta herri anitzek husten.

Makina bat arrazoi dago eta, zenbait kasutan ahaleginak egin dira egoera itzultzen saiatzeko, baita biztanleria galerari aurrea hartzeko ere. Baina aspaldi antzeman dut bi afera errepikatzen direla behin eta berriro, gainditu beharko genituzkeenak: batetik, herrietako bizitzaren inguruan eraiki den kontaketa; eta bestetik, politikak aplikatzean izan den ikuspegi integral eskasa.

Duela oso gutxi, Nafarroako Pirinioetan izandako eztabaida publiko batean, nekez 30 urte izango zituen gazte batek hausnarketa egin zuen eskolan, baita etxean ere, esaten ziotenari buruz. Bere maisu izandakoari gogorarazi zion honek animatzen zuela hirira joatera etorkizun ona eduki nahi bazuen; jarrera hori konstante bat izan da gure herri askotan. Gazte horrek, halaber, bere buruari galdetzen zion ea itzuli zirenak eta herrian geratu zirenak prest ote zeuden bailaran sustrairik ez duten pertsonei harrera errazteko, baldin eta pertsona horiek lan egitera, ekintzailetza bultzatzera eta gure bailaretan bizitzera etorri nahi balute. Beti ez da erraza izan. Bertzaldetik, landa-eremura hiri-ereduaren bila datorrena oker dabil, eta ibarra bertan sortu direnena dela pentsatzen duena ere oker dabil.

Gaur egun gure bailarak eta herriak aukera guneak dira, eta are gehiago izan behar dute. Ingurune zainduetan, aberatsetan, baliabideak dituztenetan bizitzeko aukera; jasangarriagoa izanen den beste ekonomia-eredu batera igarotzeko aukera; ekonomia-jarduera berritzaileagoak, berdeagoak garatzeko aukera, ekonomia zirkularrari lotuta; munduarekin komunikatzeko aukera, tokian tokikoan eta globalean pentsatzeko; erkidegoa egiteko eta horrekin eta gure naturarekin konpromisoa hartzeko aukera; klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, hobeto eta bertze modu batera bizitzeko, landa-eremuan bizi ahal izateko aukera.

Eta aukera hori errealitate bihurtzeko, herri-administraziook (tokikoak, herrialdekoak, estatukoak eta Europakoak) herrietako eta bailaretako dinamikak eta errealitateak ulertu behar ditugu. Kostatu bazaigu ere, politikoei eta proiektuei eman behar zaien ikuspegi holistikoz hitz egiten duten ahotsak entzuten hasi gara dagoeneko. Ikuspegi hori landa-eremuaren aldarrikapen nagusietako bat izan da. Betidanik nahi izan dute politikariek eta administrazioek arazoa bere osotasunean ikustea, ez ikuspegi sektorial batetik edo interes alderdikoi batetik.

Nazioartean badira jarraitu beharreko bidea erakusten diguten gidalerroak, Garapen Jasangarrirako Helburuak 2030, kasurako. Nafarroan, gainera, hainbat aurrerapauso eman ditugu: bertzeak bertze, Toki Administrazioaren erreforma; Tokiko Inbertsio Plana; Landa Garapeneko Programa; Hondakinen Legea edo Banda Zabaleko Plana. Halaber, esku artean ditugu Lursarea (Lurraldearen eta Jasangarritasunaren agentzia) eta landa garapeneko taldeak. Alabaina, gai anitz dugu lantzeko; bertzeak bertze, lurraldearen antolamendua eta kudeaketa XXI. mendeko errealitatera egokitzea, edo hurrengo Nekazaritza Politika Erkideak (NPE) familia-ustiapen profesionalaren eredua defendatzea lortzea.

Despopulatzeari aurre egiteak ausardia, burua eta bihotza eskatzen ditu. Anitz dugu kontatzeko, konta dezagun, erran eta egin dezagun, oilarrak kantatzen segi dezan, etxeek zabalik jarrai dezaten, soroek eta basoek ekoizten jarrai dezaten, errekek gure irriak entzuten jarrai dezaten, eta gu guztiok gure herrietan kalitateko oraina eta geroa izan dezagun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hirigintza
2024-02-29 | Estitxu Eizagirre
Nola elikatu hiriak?
Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Chinatown: zokoratuak eta zukutuak

Txina, 1417 urte inguruan. Zheng He almiranteak, Ming dinastiako enperadoreen soldatapeko esploratzaileak esan zuen posible zela “mundu osoa ibiltzea Txinatik irten gabe”. Ordurako Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Asiako hego-ekialdean zabaltzen hasia zen kolonia... [+]


2024-01-04 | ARGIA
6.486 donostiarrek ezezko botoa eman diote Basque Culinary Center Gros eta Uliako parkeetan ezartzeari

Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa egin dute asteburuan. 6.948 lagunek hartu dute parte, eta 6.486 parkeak babestearen alde agertu dira.


2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude