Espetxeak bete kartzelak hustu nahi zituztenekin?

  • Irailean ikasturte politikoa hastearekin makroepaiketa berri bat abiatuko da Espainiako Erreinuko Auzitegi Nazionalean. 2007ko 18/98 epaiketaz geroztik euskal herritar gehien epaituko dituen epaiketa da. Baita ere espetxe zigor eskari handienarekin hasten dena: 8 eta 20 urte eta erdi artekoak auzipetu bakoitzarentzako, 601 urte orotara. 47 auzipeturi terrorismo delituak egozten dizkio estatuak, Etxeraten, Jaiki Hadin, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) Bitartekaritza Taldean edo Herriran egiten zuten lanagatik. Elkartasuna antolatzen hasi da pixkanaka batean eta bestean.

Auzipetuen aldeko dinamika herritarrak sortu dira herri eta auzoetan. Gasteizko Alde Zaharrean Ane Zelaia auzipetua babesteko auzokideek ekitaldia antolatu zuten. Irudian, talde argazkia. (Arg.: Zaharraz Harro!)
Auzipetuen aldeko dinamika herritarrak sortu dira herri eta auzoetan. Gasteizko Alde Zaharrean Ane Zelaia auzipetua babesteko auzokideek ekitaldia antolatu zuten. Irudian, talde argazkia. (Arg.: Zaharraz Harro!)

Irailaren 16an hasiko da epaiketa. Asko dira auzipetuak, 160 inguru defentsen lekukoak. Hiru hilabete eman beharko dituzte auzipetuek aste bitartean Madrilera jaitsi eta igo. Estatuaren fiskaltzaz gain bi biktima elkartek akusazio partikular gisa jardungo dute: Daniel Porterok gidatzen duen Dignidad y Justiziak eta AVT-k.

2019an epaituko dituzte 47 euskal herritarrak, baina 2013an egin zituzten auziari loturiko estreinako atxiloketak estatuko segurtasun indarrek. Guardia Zibilak burutu zituen polizia operazioa guztiak, beti ere Eloy Velascok zuzentzen duen Auzitegi Nazionaleko seigarren Instrukzio Epaitegi Zentralaren aginduak betez. Herriraren aurkako sarekada izan zen lehena, errenkadan etorri ziren hurrenak.

Injustiziaren kronologia

2013ko irailaren 30ean Guardia Zibilak 18 pertsona atxilotu eta inkomunikatu zituen Herriraren aurkako operazioan. Preso eta iheslari politikoen aldeko mugimenduaren lokalen itxiera eta bi urterako bere jardunaren suspentsioa agindu zituen Velasco epaileak. Urriaren 3an behin-behinean aske geratu ziren atxilotuak. Epaileak naziotasun frantziarra duen Emilie Martinen aurkako Atxilotze Agindu Europarra  ere igorri zuen, baina bi urtera auzibidetik kanpo geratu zen.

Operazio horiekin guztiekin, preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendua eta haien babes legal eta asistentziala oztopatu nahi zituen estatuak

2014ko urtarrilaren 8an EPPKren Bitartekaritza Taldeko zortzi kide izan ziren atxilotutakoak, tartean hiru abokatu. Bost eguneko inkomunikazio aldiaren ostean zortziak espetxeratu zituzten. Urtarrilaren 16an, operatibo berdinaren barnean, Naia Zuriarrainek auzipetu moduan deklaratu eta behin-behinean aske geratu zen.

Urtebetera euskal preso eta iheslari politikoen abokatuen aurkako operazioa agindu zuen Auzitegi Nazionalak. Hamabi abokatu atxilotu eta haien bulegoak miatu zituen Guardia Zibilak 2015eko urtarrilaren 12an. Herrirako hiru kide ere atxilotu zituen, terrorismoa finantzatzea leporatuta. Egun berean Bilboko LABen egoitzan sartu zen Guardia Zibila, eta urtarrileko presoen aldeko manifestazio erraldoian herritarrek preso eta iheslarien sostengu ekonomikorako emaniko dirutza (104.000 euro) eraman zuen. Abokatuak urtarrilaren 14an aske geratu ziren, epaiketaren esperoan. Herrirako kideak, aldiz, espetxeratuak izan ziren. Velasco epaileak Iñaki Goioaga abokatu eta senatariaren auzipetzea ere eskatu zion Espainiako Epaitegi Gorenari.

Kate errepresiboak ez zuen etenik. Azken operaziotik hiru hilabetera, 2015eko martxoaren 15ean, Etxerat eta Jaiki Hadi izan ziren jomuga. Elkarte bakoitzeko bina pertsona izan ziren atxilotuak eta inkomunikatuak, horietako hiru psikologoak. Guardia Zibilak psikologoen psikologo-paziente arteko dokumentazio konfidentziala eraman zuen miaketetan. Bi eguneko inkomunikazio aldiaren ostean 15.000 euroko fidantza ordainduta atera ziren kalera laurak, behin-behineko askatasunean.

Eskubide indibidual eta kolektiboen zanpaketa masiboa

Lau dira oro har estatuak 47 auzipetuei leporatzen dizkien delituak: talde terroristako kide izatea, terrorismoaren finantziazioa, terrorismoari gorazarre egitea modu jarraian, eta kautelazko neurrien urratzea. Ordea, delitu larri horien froga bezala aurkezten diren jarduerak publikoak izan ziren uneoro: auzipetuek prentsaurrekoak ematen zituzten, txostenak osatzen, mobilizazioak antolatzen, eragile sozial eta politikoekin bilerak egiten.

Eskubide indibidualei dagokienez, baldintzapean aske geratutako auzipetu guztiek hilabetero epaitegian sinatu beharra dute, pasaportea kendu zieten eta estatutik irtetea debekatua dute. Herrirako kideei presoen aldeko mobilizazioak “antolatzeko” zein horietan “parte hartzeko” debekua dute. Abokatuek eta psikologoek ezin dute presorik bisitatu, euren lana izugarri mugatzen duena. Bitartekaritza taldeko pertsonekin koxka bat harago doa errepresioa: Gehienek urte bete eman zuten espetxean, 20.000 euroko fidantzarekin irten arte. Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak bi eta hiru urte bete zituzten preso hurrenez hurren, isolamendu neurri oso gogorretan.

Eskubide kolektiboen arloan ere urraketen zerrenda mardula da oso. Askatasunerako eskubidearen eremuan, adibidez, justifikatu gabeko espetxeratze prebentiboak agindu zituzten epaileek. Elkartze eta adierazpen eskubideetan, Herriraren jarduna debekatzeaz gain 38 web orrialde, 32 twitter kontu eta facebookeko beste 125 itxi zituen estatuak. Sekretu profesionala urratu zen abokatu eta psikologoen kasuetan. Baimenik gabeko miaketak ugariak izan ziren eta zenbait atxiloturi asistentzia legala ukatu zitzaien, defentsarako eskubidea ezerezean utziz. Zulueta eta Enparantzaren integritate fisikorako eskubidea larriki urratu zen.

Egoera politikoari loturiko erabaki politikoak

Operazio horiekin guztiekin, preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendua eta haien babes legal eta asistentziala oztopatu nahi zituen estatuak. Ez zen nolanahiko unea Euskal Herrian. 2011n ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen. Posizio politikoen arteko indar harremanak aldatuz zihoazen, eta gatazkaren konponbidearen esparruan presoen auzia gakoa zen politikoki eta emozionalki: agenda politikoaren lehen lerroan zegoen urte horietan. Testuinguru horretan jaio zen Herrira, 2012ko otsailaren 5ean. Denbora laburrean indar dezentez errotu zen maila nazionalean eta hainbat herritan (250 herri-bilgunetik gora herri eta auzoetan). Gorako bide horretan “Tantaz tanta, itsasoa gara” ekimen anbiziotsua aurkeztu zuen Herrirak 2013ko irailaren 14an. Bi aste geroago atxilotu zituzten mugimenduko hamazortzi kideak eta debekatu elkartearen jarduna, preso eta iheslarien aldeko kale giharra dezente ahulduz.

Garai erabakigarriak baziren kalean, ez ziren gutxiago espetxeetan. Erabaki politikoki garrantzitsuen eta sentiberen inguruan ari zen eztabaidatzen EPPK. Bitartekaritza Taldeko kideen eta abokatuen aurkako sarekadek espetxean beti zaila den barne eztabaida are gehiago zaildu zuten. Euskal Herriko eragile politiko eta sozialekin komunikazio bideak moztu zituen, hain zuzen ere indartu nahi ziren unean.

Lau dira leporatzen dizkieten delituak: talde terroristako kide izatea, terrorismoaren finantziazioa, terrorismoari gorazarre egitea,
eta kautelazko
neurrien urratzea

Estatuaren estrategia errepresiboak bere helburuak lortu zituen neurri batean. Preso eta iheslarien aldeko mugimendu herritarra txakalaldian sartu zen. Presoak euskal jendartetik eta haien artean isolatuagoak geratu ziren. Presoen auzia tentsio gune handienetarikoa bilakatu zen egoera politikoaren analisi ezberdinak egiten zituzten ezkerreko abertzaleen artean. Urte horietan sortu zen Amnistia eta Askatasuna, ezker abertzaleko ahots disidentea.

Baina estatuak ez du lortu nahi zuen guztia. Presoen aldeko mugimendua eta ekimenak egoten jarraitzen dute. Indar mobilizatzailea mugatuagoa bada ere, oinarrizko eskaeren inguruko adostasunak zabalduz joan dira. EPPK-k bere eztabaida amaitu ahal izan zuen.

1936an, 1977an, 2013an edo 2019an, espetxeak inpunitatearen eta zigorraren espazio opakuak dira, lekukorik ametitzen ez dutenak. Bidegabekerien lekukotasuna eman eta presoei laguntza ematen zieten herritarrak kondenatu nahi ditu estatuak. Gatazka armatuaren ziklo luzea gutxieneko justizia terminoetan ixteko lanean ari zirenak zigortu nahi ditu, zer eta iraganeko “dena ETA da” estatu-arrazoiaren izenean. Espetxeak hustu eta iheslariak etxeratu nahi zituzten auzipetuek; ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri eta zortzi urtera, estatuak beraiekin bete nahi ditu espetxeak.

 


 

Iker Urbina, abokatua

"Agenda politikoan presoena gai zentrala bihurtzea
zen Espainiako Estatuaren beldur nagusia"

 

Iker Urbina (arg.: Dos Por Dos)

Iker Urbina Fernandez gasteiztarra defentsa abokatuetako bat da 11-13 makroepaiketan. Sumarioak bost atal ditu, eta Herrirari dagokionean ari da. 2000. urtean hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean euskal preso politikoen kasuak eramaten. Kongresutik ere ezagutu du Madril, 2011-2015 legegintzaldian diputatu aritu baitzen EH Bildu koalizioaren ordezkari bezala. Irailean hasiko den epaiketari begira, esperantza eta beldurra nahasten dira bere hitzetan.

 

Irailaren 16an hasiko da epaiketa. Zeintzuk dira Fiskaltzaren, akusazioen eta defentsen abiapuntuko tesiak?

Abiapuntu nagusia beste hainbat prozeduretako berbera da. Zenbait eragile kokatzen dituzte ETAren espetxe aparatuaren barruan, oraingoan presoen alorrean lan egiten dutenak. Lehen aldiz eragileez gain profesionalak ere  auzipetu dituzte. Defentsari dagokionez, oinarria da eragile eta pertsona horiek ez zirela ETAren parte, ez espetxe aparatuarena eta beste inongo aparaturena; haien lana erabat publikoa zela, presoen eskubideen ingurukoa. Defentsen oinarri komuna da hori, pieza eta eragile ezberdinak baitaude, bakoitza bere berezitasunekin eta defentsa ildo propioekin.

Epaiketa honetan berezitasun garrantzitsua dago. Leporatzen dizkieten egitateak 2012tik aurrerakoak dira. Hau da, ETA erakundeak bere jarduera behin betikoz eteteko erabakia publiko egin ostekoak. Hori berria da, aurreko makrosumarioetan ez da eman. Ikuspuntu politikotik garrantzia du. Baina ikuspegi juridikotik ere ematen digu aukera [ETAko] kidetza delituaren inguruko zenbait ezaugarri zalantzan jartzeko.

Berezitasun horrek Espainiako Auzitegi Nazionalean eragina izan dezake?

Izan dezake. Kidetza delitua leporatzeko beharrezkoa da erakunde armatu aktibo bat egotea. Jarduera desagertuta egonik, delituaren elementu oinarrizkoetako bat zalantzan jarri dezakegu.

Badago beste kontu garrantzitsu bat. Auzipetuek adierazi zuten presoen eskubideen errespetuaz gain agertoki politiko berri bat ere ari zirela bultzatzen. Eta agertoki hori gauzatzen joan da. Besteak beste, ETA desagertu egin da. Hori epaitegiak ezin du ukatu, ez da balizko egoera bat, objektiboa da. Baina Auzitegi Nazionala da eta badakigu hor bestelako indarrak eta eraginak sartzen direla jokoan.

Espainiako Estatuak eta biktimen elkarteek argudiatu dezakete jardun armatua bai, baina jardun terrorista ez zela amaitu 2012an. ETA 2018an desegin zen.

Saiatu daitezke, noski. Baina gure tesia da kidetzagatik zigortzeko talde armatu bat egoteaz gain ekiteko borondatea ere egon behar duela. Eta 2012an publikoa zen hori ez zela gertatuko.

Dena den, kontu zehatzago eta tekniko horiek zein beste batzuk eztabaidara eramango baditugu ere gure defentsa lerro nagusia aurrerago dago: pertsona, antolakunde eta profesional horiek ez ziren ETAren parte. Presoen eskubideen eta agertoki berri baten aldeko lana egiten zuten, aldarrikapen politikoak barne.

Borroka armatuaren eta legez kanporatze politiken garaian estatuak ez zuen Etxeraten edo abokatuen aurka egin. Borroka armatua amaituta, aldiz, muga horiek gainditu ditu.

Zerikusi handia du bizi zen une politikoarekin. Euskal jendartean oso hedatuta zegoen, eta hein batean badago, presoen gaia konpondu beharra zegoela gatazka politikoa konpontze bidean jartzeko. Nire inpresioa da estatuaren ekimena oso bideratua zegoela presoen inguruan sortu ahal zen aldarrikapen komun oso zabal bat desaktibatzera edo lausotzera. Auzia klabe horretan ulertu daiteke soilik. Ez zen izan une bateko operatibo bat, 2013an hasi eta bi urtetan eman ziren atxiloketak, oso modu neurtuan.

Presoena Ezker Abertzalean oso gai sentibera da. Hor kolpatzean barne tentsioak piztu nahi izan zituen estatuak?

Seguru. Estatuak ondo daki presoen gaia Ezker Abertzalearen barruan garrantzi handikoa dela. Baina nik uste dut une hartan Espainiako Estatuaren beldur nagusia zela presoen gaia agenda politiko orokorrean finkatzea, konpondu beharreko elementu bezala. Ezker Abertzalearen arazo partziala izango zela ziurtatu nahi zuen.

Denbora asko eman duzu Madrilen, bai urte luzez abokatu bezala salbuespen epaitegien bueltan, bai Espainiako Kongresuan lau urtez EH Bilduko diputatu bezala. Aldaketarik sumatu duzu han?

Ziur naiz Espainiako Gobernuaren esparru batzuetan epaiketa hau ez dela bizi duela urte batzuetako makroepaiketen antzera. Horrek esan nahi du erabat aldatu dela? Ez. Baina estatuak epaileei egiten zien presioa horrelako jarduerak zigortu zitzaten ez da orain hamar urtekoa. Kasuan kasukoa izan daiteke, baina ez orokorra. Hor alde garrantzitsua dago, aukera ematen duelako epaileek beste malgutasun batekin aztertzeko egitateak.

Hori esanda ere, Auzitegi Nazionalak ezohiko organo judiziala izaten jarraitzen du, eta bere funtzioa betetzen du. Eskaerak hor daude, oso gogorrak. Eta ziur naiz epaiketa egiten bada fiskalak zein akusazio partikularrek eskaera horiek mantenduko dituztela.

“Dena ETA da” tesitik sortutako azken makroepaiketak espetxeratzeak ekidin zituzten akordioekin itxi ziren, edo eginda ere epaia errugabetasunezkoa izan zen. Horrelakorik errepikatuko dela pentsatzeko motiborik bada?

Egun epaiketa da duguna, eta buru belarri ari gara prestatzen. Ez dago bestelako elementurik. Horrek ez du kentzen beste epaiketa batzuetan egin dugun bezala guk ere aztertu dugula akordioaren aukera, saiatzen ari garela. Besteak beste, dauden eskaerak oso handiak direlako, eta oso kontziente garelako juridikoki ditugun argudioak sendoak izanik ere Auzitegi Nazionalean gaudela, eta ondoren Gorena datorrela. Baina uneotan ez dago aukerarik, errealitate bakarra epaiketarena da, eta uste dugu arrisku handia dagoela pertsona asko kondena larriekin irteteko.

Kanpo aldagaiek epaiketa baldintzatu dezakete? Eskuin espainolisten oldarraldiak edo Kataluniako egoerak, esaterako.

Pertsonalki, ezezkoan nago. Esan bezala, honakoa egoera berezia da. Pertsona batzuei pertenentzia delitua leporatzen zaie ETAk bere jarduera bertan behera utzia zuen garaian, eta urte gutxira desegin egin zen. Epaileentzat ere bada berezia, horri heldu behar diote ildoa markatu dezake juridikoki.

Konbentzituta nago epaiketa bi gako nagusiren inguruan ardaztuko dela: bat, auzipetutako pertsonak ETAko militanteak ziren edo ez; eta bi, epaileek kidetza “frogatutzat” emango balute ere, Euskal Herriko testuinguru politikoak ze eragin izan dezakeen maila juridikoan.

38 motxiladun ume gehiago?

Hamazortzi urtez azpiko 38 haur eta neraberen gurasoak daude 47 auzipetuen artean. 38 horietatik 25ek sei urte dute gehienez ere. Hau da: 11/13 sumarioari loturiko lehen atxiloketak gertatu zirenean jaio gabe zeuden. Egun 113 dira Euskal Herriko gatazka politikoa medio, gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten adingabeak, kopurua heren batean igotzea litzateke, beraz.

Sarek Motxiladun Umeak txostena aurkeztu zuen 2017ko azaroan. Guraso bat edo biak espetxean dituzten umeek agertu ohi dituzten sintoma psikologiko ohikoenak jasotzen ditu txostenak: garapen goiztiarra, antsietatea, erruduntasuna, loaren alterazioa, galerarekiko beldurra, haserrea edo esperantzarik eza. Haurretan ez ezik, espetxeak guraso, familia eta hurbileko lagunengan ere sortzen duen sufrimendua handia eta askotarikoa da.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 11-13 sumarioa
Zulueta eta Enparantza otsailaren 11n aterako dira espetxetik, aurreikusitakoa baino lehen

Martxoaren 1ean ziren ateratzekoak, baina ia hiru aste lehenago geratuko dira aske. Arantza Zulueta Valentziako Picassent espetxean dago egun; Jon Enparantza, berriz, Estremerako kartzelan (Madril).


Zulueta eta Enparantzaren espetxeratzeak salatzeko mobilizazioak deitu dituzte asteazkenean

11/13 makroepaiketako Arantxa Zulueta eta Jon Enparantza auzipetuen espetxeratzeak salatuko dituzte asteazkenean Bilbon, Donostian eta Lekeition deitu dituen mobilizazioetan.


2019-10-01 | ARGIA
Zaballan aurkeztu dira Zulueta eta Enparantza, indarrean duten espetxe zigorra betetzeko

11/13 auzibidean epaileek jarritako zigorrari hasiera eman diote astelehenean. 47ak Herrian plataformak elkarretaratzeak deitu ditu asteazkenean.


2019-09-20 | Z. Oleaga
Ibon Meñika Orue-Etxebarria (11/13 makroepaiketako auzipetua):
"Auzitegi Nazionalak ez du inoiz euskal herritarron antolakuntzaren eta borrokaren zilegitasuna epaituko"

11/13 makroepaiketan, 47 auzipetuetako bat da Ibon Meñika bizkaitarra, eta hilabeteotan auzipetuen bozeramaileetako bat izan da. 2013an atxilotu zuten Herrira elkarteko beste zenbait kiderekin batera, eta sei urteren ostean eseri zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko... [+]


2019-09-16 | Z. Oleaga
JARRAIPENA | Akordioa egin ostean, preso eta iheslarien gaia lehen lerroan jartzeko eskatu dute 11/13ko auzipetuek

Astelehen honetako 10:00etan hasi da 47 euskal herritarren aurkako ahozko auzia, baina berehala adierazi dute aldeen arteko akordioa zegoela eta epaiketa eten da.


Eguneraketa berriak daude