Madrilerantz abiatu dira igande goizean 11/13 makroepaiketako auzipetuak

  • Irten aurretik, larunbateko manifestazio jendetsuan jasotako babesa eskertu dute auzipetuek. Epaiketara soluzioen aldeko mezuarekin doazela adierazi dute, presoen alorrean zein “konponbidearekin lotutako afera ezberdinetan”. 601 espetxe urteko zigorra eskatzen diete 47 auzipetuei, eta epaiketa hiru hilabetez luzatuko da.

     


2019ko irailaren 15an - 13:36
Talde argazkia egin dute auzipetuek Lopidana zerbitzu gunean, Madrilera abiatu orduko. Argazkia: ARGIA.

Astelehen goizean hasiko da 11/13 auziko epaiketa, eta igande goizean abiatu dira auzipetuak Madrilera. Gasteiz ondoko Lopidana zerbitzu gunean egin dute prentsa agerraldia 47 auzipetuek. Ez da ausaz aukeratutako tokia. Bertan egiten dute hitzordua astez aste euskal preso politikoen senide eta lagunek, espetxeetara bidaian irteteko. Senideak eta presoak hartu dituzte gogoan, Madrilera Mirentxin gidarien furgonetetan abiatu aurretik.

Beñat Zarrabeitia auzipetuak egin ditu adierazpenak auzipetuen izenean. Lehenik eta behin, larunbatean Bilboko kaleetan jasotako elkartasun uholdea eskertu du Zarrabeitiak: “Babes pertsonal eta kolektibo oso esanguratsua izan da, asko indartzen gaituena. Oso pozik gaude”. Astelehenean hasiko den epaiketaren aurkako mezuaz gain, manifestazioak beste mezu batzuk ere helarazi dituela nabarmendu du: “Herritarrek larunbatean konponbideari bai esan zioten, espetxe politika aldatu beharra dagoela, eta etorkizunari begira jartzeko ordua dela”.

Konponbidearen alde

Madrilen mezu berbera zabalduko dutela esan du auzipetuen bozeramaileak: “Epaiketak iragan ilun batera eramaten gaitu, eta guk geuk eta jendarteak aurrera begiratu nahi dugu. Hori da bihar eramango dugun mezua: soluziorako agenda bat behar dela, presoen auzian baina baita ere konponbidearekin lotutako afera ezberdinetan”

Akordio baten aukeraz galdetuta, aukera baztertu gabe bada ere auzipetuak epaiketaren klabean daudela adierazi du Zarrabeitiak: “Ez gara espekulazioetan sartuko. Epaiketa guztiek dituzte beren tempusak eta aukera ezberdinak, baina gaur gaurkoz dakiguna da bihar epaiketa hasiko dela. Maleta egina etorri gara”.

Hiru hilabete

Makroepaiketetarako propio prestatutako San Fernando de Henareseko epaitegietan egingo da epaiketa. Aste honetan astelehen, astearte eta asteazkenean daude zitatuak auzipetuak. Ondoren, hiru astetako etena izango du epaiketak. Orotara 18 saio aurreikusi dira, hiru hilabetez luzatuko direnak.

Lopidana zerbitzu gunetik Madrilerako norabidean irten eta lau kilometrotara, azken maitasun keinua jaso dute auzipetuek. Herritar batzuek “47ak herrian, kopon! Maite zaituztegu” zioen pankarta handi bat zabaldu dute zubi batetik behera, furgonetak azpitik pasatzear zirela. Bozina joz eskertu diete keinua auzipetuek.

 

 

 

Auzipetuen furgonetetan lehena, zubitik behera zabaldu duten pankarta azpitik pasatzen. Argazkia: @5akGasteizen.

 

 

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: 11-13 sumarioa
Zulueta eta Enparantza otsailaren 11n aterako dira espetxetik, aurreikusitakoa baino lehen

Martxoaren 1ean ziren ateratzekoak, baina ia hiru aste lehenago geratuko dira aske. Arantza Zulueta Valentziako Picassent espetxean dago egun; Jon Enparantza, berriz, Estremerako kartzelan (Madril).


Zulueta eta Enparantzaren espetxeratzeak salatzeko mobilizazioak deitu dituzte asteazkenean

11/13 makroepaiketako Arantxa Zulueta eta Jon Enparantza auzipetuen espetxeratzeak salatuko dituzte asteazkenean Bilbon, Donostian eta Lekeition deitu dituen mobilizazioetan.


2019-10-01 | ARGIA
Zaballan aurkeztu dira Zulueta eta Enparantza, indarrean duten espetxe zigorra betetzeko

11/13 auzibidean epaileek jarritako zigorrari hasiera eman diote astelehenean. 47ak Herrian plataformak elkarretaratzeak deitu ditu asteazkenean.


2019-09-20 | Z. Oleaga
Ibon Meñika Orue-Etxebarria (11/13 makroepaiketako auzipetua):
"Auzitegi Nazionalak ez du inoiz euskal herritarron antolakuntzaren eta borrokaren zilegitasuna epaituko"

11/13 makroepaiketan, 47 auzipetuetako bat da Ibon Meñika bizkaitarra, eta hilabeteotan auzipetuen bozeramaileetako bat izan da. 2013an atxilotu zuten Herrira elkarteko beste zenbait kiderekin batera, eta sei urteren ostean eseri zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko... [+]


2019-09-16 | Z. Oleaga
JARRAIPENA | Akordioa egin ostean, preso eta iheslarien gaia lehen lerroan jartzeko eskatu dute 11/13ko auzipetuek

Astelehen honetako 10:00etan hasi da 47 euskal herritarren aurkako ahozko auzia, baina berehala adierazi dute aldeen arteko akordioa zegoela eta epaiketa eten da.


Eguneraketa berriak daude