AEB, Israel, Saudi Arabia, Iran... Omango Golkoan nor ari da petrolio-ontziei erasotzen?

‘Kokuka Courageous’ petrolio-ontzi japoniarra minaz lehertarazita 
sutu zuten ekainaren 13an Omango Golkoan.
‘Kokuka Courageous’ petrolio-ontzi japoniarra minaz lehertarazita sutu zuten ekainaren 13an Omango Golkoan.

Ekialde Hurbilean bezala Amerikako Estatu Batuetan asko dira interesa daukatenak Iranekin gatazka militarra pizteko. Horien arteko gehienak gai dira ontzi zibilen kontrako eraso klandestinoak egiteko. Bistakoa zen AEBek Irani egotziko ziotela erasoa. Baina Israelgo analistek ere zalantzan jartzen dute azken erasoon erantzule Iran denik. Alemaniako Gobernuak susmoak ditu AEBek erakutsitako bideoaren sinesgarritasunaz. Beste batzuek amerikarren kontakizunean kontraesanak ikusten dituzte.

Gezurrezko banderapeko eraso [false flag attack] baten erantzule izateko hautagai probableena Israel da, noski. Netanyahu lehen ministroak azken 25 urteotan nahastu ditu bazterrak Iranen kontra. Sarritan mehatxatu du zuzenean erasotzeaz, baina nahiagoko luke AEBek egitea hori. Mossad Israelgo zerbitzu sekretua gai da horrelako operazioak egiteko, jakina baita Israelen urpeko ontziak arituak direla Arabiar Itsasoan.

Saudi Arabia estu hartzen dute Huthi indarrek hegoaldeko bere mugetan. Hauei laguntzen die Iranek. AEBek Iran erasoko balute, saudiei arindu bat emango liekete. Saudiek beren estatuaren gastuak finantzatzeko beharrezkoa dutea petrolio upela 60 dolarren gainetik egotea. Prezioak igo arazten dituen edozer ondo datorkie, petrolio-ontzien kontrako erasoak barne. Jamal Khaxoggirekin erakutsi zuenez, saudiak gai dira eraso klandestinoak burutzeko erreparorik gabe.

Yemeneko krimenean saudien sozioa Emirerri Arabiar Batuak dira, Mohammad bin Zayeden agintaritza gupidagabearekin. Bin Zayed da AEBen Iranen kontrako politiken sustatzaile nagusietakoa. Blackwater [gerrako azpi-kontratista] konpainiako Eric Prince kontratatu zuen bere armada mertzenarioa eraikitzeko. Prince AEBetako marine izana da, itsasoan operazio klandestinoak burutzeko entrenatua; itsas-ontzien azpietan bonbak  jartzen ikasten dute marineek, preseski.

AEBetako lehendakari Donald Trumpek bere administrazioan sartu ditu Iranen gorrotatzen duten hainbat. John Bolton Nazio Segurtasunerako aholkulariak urteak daramatza Teheranen errejimena aldatzea aldarrikatuz eta, ezaguna denez, armadako hierarkia katea saihesten du.

CIA ere hor dago. Duela bi urte operazio zentro berria osatu zuen Iran erasotzeko, helburuokin: “Iran Mission Centerrek bildu eta batean jarriko ditu analisiak, operatiboetarako pertsonalak eta CIAren espezialistak agentziaren ahalmen guztiak eskaintzeko, ezkutuko ekintzak barne”.

Gezurrezko banderazko erasoak aspalditik dira AEBen gutizia. [Independentzia gerra piztu zuen] Boston Tea Party kolonoek burutu zuten indiarrez mozorrotuta. Gogoan duzue [Kuban Espainiarrei gerra deklaratzeko] Maine ontziarena? Sekula gertatu ez zen Tonkineko erasoa [Vietnami gerra deklaratzeko]? Siriako Gobernua errudun egiteko AEBek ordaindutako ekintzaileek prantatu eraso kimiko faltsuak?

Estatuez gain, badira arizale gehiago Omango golkoan petrolio-ontziak erasotzen aritu ahal izan direnak.  MEK-eko mujahidinek Iranen kontrako erasoak eginak dituzte, baina ez da talde bakarra. Soilik azken bi urteotan Balutx taldeak Pakistanekiko mugan, Ahvaz mugimenduko arabiar separatistak, Estatu Islamiarra, talde kurduak…

Aipatutako guztiek dauzkate motiboak eta gaitasunak horrelako erasoak egiteko, Iran utziz errudun. Horregatik, edonork erantzun dezake “hara zer kaka zaharra!” AEBetatik Pompeok esan duenean ezin izan dela izan “Iran ez beste inor”.

Ni estu banabil, orduan denok estu

Alabaina, jartzen baldin bagara Iraneko agintarien lekuan, konturatuko gara oso posible dela beraiek izatea, Asia Times-ek justu egunetan Iranen estrategia berriaz plazaratutako analisian esan duen bezala: Irango goi kargu batek aitortu dionez, iraniarren helburua da saudiei presio egitea hauek Trumpi eskatu diezaioten Irani presioa arintzea. Tumpek bere presioa arintzea, ordea, ez da aski irandarrentzako, hauek nahi du AEBetako lehendakariak erabat ezabatu dezala ‘maximum pressure’ [presio maximoa] kanpaina osoa… eta horretarako Iranek Trumpi berari bideratuko dio bere presio osoa.

Teherango goi mailetan iturri oso onak dauzkan Elijah Magnierrek idatzi berri du bere blogean: “Irango erabakitzaile nagusien oso hurbileko iturriek errepikatu dituzte Hassan Rouhani lehendakariaren eta Sayyed Khamenei lider gorenaren nazioarterako aholkulari Ali Akbar Velayatik esandako hitzok: ‘Iranek ezin badu petroliorik saldu Persiako golkoan barrena, Ekialde Hurbileko beste inork ere ezin izango du petroliorik saldu’.

Ondo informatutako iturri honek esandako gehiago: “Golkoan gatazka arinduko da soilik Iranen kontrako zigorrak ezabatzen badira. Bestela, eraso gehiago gerta daitezke eta tentsioak gora egingo du. Iranek sufritzen badu, mundu guztiak sufrituko du berdin. […]  Trumpek apustu egin du status quo honek jarraitzearen alde, baina Irani ez zaio komeni, bere ekonomia gogor ari baita sufritzen. Trumpen esku geratzea litzateke zauri ekonomiko sakona zapiz estali eta geldirik aguantatzea Trumpek bere lehenengo aginte aldia amaitu arte. Hori ez da gertatuko. Golkoan tentsioa Trumpek sortu zuen itun nuklearra hautsiz, orain berak paga dezala prezioa. Iranek ezin badu bere petrolioa esportatu, horrek esan nahi du gerrarako prest egon behar duela”. Alegia, Iranek esaten diola Trumpi: “Presiorik handiena nahi baldin baduzu, hona gure erantzuna”.

Egoera izugarri nahasi eta kontraesankorra da orain, bai Iranek eta bai bere etsaiek interes taktiko berdinak dauzkatelako. Bi aldeek nahi dute eskualdean gauzak gehiago berotzea. Ondorioz, seguru horrelako eraso gehiago gertatuko direla.

Iranek kalkulatzen du Trumpek arriskua ikusi eta ohartuko dela horrelako gatazka batek bere lehendakaritza pikutara eramango lukeela.

Kalkulatu behar dugu katua eta xagua bezala ariko direla datozen hamabi hilabeteetan. Trumpek bi aldeetako presioak jasoko ditu. 2020ko udaberri eta uda arte dauka bi aukeren artean erabakitzeko tartea. Epe horretan, petrolio-ontzien gerra honetan istripu gehiago ikusi beharko ditugu. Protagonista gehiegi daude horrelako erasoak gertatzeko motiboak eta ahalmenak dauzkatenak, denak ere erantzukizuna gezurtatzeko prest. Horregatik da hain arriskutsua egoera.

Honaino Moon of Alabamaren analisia. Kanpoan utzi ditu Errusia, Txina, Europa... Eta denek daukate –daukagu– asko jokoan Omango Golkoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekialde Hurbila
2024-04-15 | Axier Lopez
Iranen erasoa Israelen aurka
Gerra gehiago, hipokrisia handiagoa


Iran, Hezbola, Itsaso Gorria… Gerra Gazatik Ekialde Hurbilera zabaltzeko arriskua erreala da

Azken asteetan zabalduz zihoan mehatxua geroz eta errealagoa da: Gaza erabat suntsitzen dabilen gerra Ekialde Hurbilera hedatu daiteke. Hiru lurralde dira tentsio gorenean –Hezbolaren bidez Libano, Iran eta Itsaso Gorria– eta beste batzuk ere sartu daitezke dantza... [+]


Sei Egunetako Gerra: ezpata esku batean, gezurra bestean

Gerra eta gezurra bat doaz eta oso gaitza da jakitea gerra batean nor zertan dabilen kazetariak edo bestelako iturriak tartean ez badira. Israelek historikoki erakutsi du ezpata dantzatzeko indarra eta gezurra maneatzeko abilezia. Orain Gaza bonbardatzen ari denean, ospitaleei... [+]


Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Indarkeriaren gailurra duela 6.400 urte

Nature aldizkarian argitaratu berri duten lan batean, duela 14.000 eta 2.400 urte arteko 3.500 indibiduoren hezurrak aztertu dituzte, indarkeria seinaleen bila, egitura politikoen garapenak gizakien arteko indarkerian nolako eragina izan zuen aztertzeko.


Eguneraketa berriak daude