Israelek su etena apurtu du eta 400 hildakotik gora eragin ditu Gazan

  • Israelek eraso masiboak abiarazi ditu berriro ere Gaza osoan: Khan Younis eta Rafan Gaza hegoaldean, Gaza Hirian iparraldean eta eta Deir el-Balah-n erdialdean. "Familiak seme-alaben gorpuzkiak eskuetan zituztela iristen ziren ospitalera", adierazi du lekuko batek.


2025eko martxoaren 18an - 09:23
Azken eguneraketa: 15:23
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Oraindik hainbat biktima hondakinen azpian" daudela ziurtatu du Palestinako Osasun ministroak. Beraz, zifrek gora egin dezakete. Hildakoen kopuru handi bat umeak direla ziurtatu du, Al Jazeerak jaso duenez.

Erasoa urtarrilaren 19an adostutako su etenaren ezeztapena dela adierazi du Hamasek: "Netanyahu eta bere muturreko gobernua su eten akordioa bertan behera uzteko erabakia hartzen ari dira, Gazako presoak patu ezezagun baten eraginpean jarrita". Nazio arabiar eta islamiarretako herritarrei, "munduko jende askearekin" batera, kalera ateratzera deia egin die, erasoa salatzeko. 

Gazako Gobernuko Hedabideen Bulegoak adierazi du "haurren eta emakumeen aurkako genozidioa egiten jarraitzeko aldez aurretik pentsatutako plan bat" duela Isaelek, eta "inolako muga moral edo legalik gabe okupazioaren benetako asmoak" azaltzen dituela.   

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazi du militarrei "neurri sendoak" hartzeko agindu diela. Hamasi leporatu dio su eteneko akordioa luzatu ez izana eta Israelgo gatibuak ez askatzea. "Hemendik aurrera, Israelek indar militarra areagotuko du Hamasen aurka egiteko". Al Jazeerak argitaratu duenez, Israelek Hamasi negoziaketetan egindako hainbat proposamen errefusatu izana leporatu dion arren, Netanyahuk uko egin zion otsailaren 6an su eten akordioaren bigarren faseari buruzko negoziazioak hasteari.

Lekuko izan den Gazako irakasle batek horrela kontatu ditu erasoak: "Ikaratuta geunden, haurrak ikaratuta zeuden. Senitartekoengandik dei asko jaso genituen ondo geunden egiaztatzeko. Anbulantziak etengabean zebiltzan kale batetik bestera". Irakasleak adierazi du familiak "seme-alaben gorpuzkiak" eskuetan zituztela iristen zirela ospitalera. Erasoak jendea aterpetu den auzoetan, eskola inprobisatuetan eta etxebizitza eraikinetan egin dituztela jaso du Al Jazeerak.

Israelgo indarrek 48.000 pertsona baino gehiago hil dituzte orain arte lurraldean, Palestinako osasun agintarien arabera.


2026ko maiatzaren 7
LEKUKOTASUNA | Sonia Bego, Global Sumud Flotillako euskal ekintzailea
"Kontainer batera sartzeko agindu zidaten; hori zen barkuko kartzelarako sarbidea"

2026ko apirilaren 13
Irten da Global Sumud Flotilla Bartzelonatik
"Indartsu gaude, helburua argi dugu eta lortzeko asmoz goaz"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.