Abenturak gazte euskaldunak pizten ditu

  • 16-17 urteko 121 gazte elkartuko dira EuskarAbenturan uztailean. Euskal Herria zeharkatuko du helburu nagusietakoa gazteek euskara erabili eta eragile bihurtzea duen espedizioak. 2018ko edizioko emaitzek animatu dituzte antolatzaileak errepikatzera, besteak beste, ikusi baitute gazteen hizkuntza ohiturak, haien euskararekiko jarrera, aldatzen hasi direla.

2018ko Euskarabenturako argazkia da, Euskarabentura elkarteak utzia.
2018ko Euskarabenturako argazkia da, Euskarabentura elkarteak utzia.
EuskarAbentura 2019 (Bigarren edizioa)

Uztailaren 1etik 31ra
16-17 urteko 121 gazte
Oinezko espedizioa: Euskal geografia, kultura eta historia ezagutzeko.
31 etapa eta 783 kilometro Euskal Herrian barrena
Antolatzailea: EuskarAbentura elkartea

Gazteek bazekiten nora zihoazen. Lan bat egin behar izan zuten hautaketa prozesuan parte hartzeko eta motibazio gutuna idatzi ere bai. Bazekiten euskaraz garatuko zen hilabeteko espedizioan ibiliko zirela, are gehiago, beraiek zirela protagonista eta erantzule. Euskaraz aritzeko konpromisoa sinatu zuten espediziora joan aurretik. EuskarAbenturaren antolatzaileek gazte euskaldunak gonbidatu zituzten, euskarari eutsiko ziotenak, eta era berean, inguruan euskarari eusten eragingo zutenak.

Antolatzaileek nahita aukeratu zuten adin tarte hori, kontzientzian eragiteko garai egokia delako. Hala adierazi digu Ane Pedruzo elkarteko kideak: “Adin ona da ereiteko, berandu baino lehen klika egin dezaten, euskaraz bizitzeko jauzia eman dezaten”. Pozik dira antolatzaileak; haien usteek eta datuek bat egiten dute. Alegia, gazteek kontzientzia hartu eta beraien artean komunitatea osatzeko lehen pausoak ematen hasi dira. EuskarAbentura hasi aurretik, bukatu berri, eta zazpi hilabetera hainbat galdera egin dizkiete gazteei. Euskara erabiltzeko zenbaterainoko motibazioa zuten galdetuta, batez beste 10etik 7,65 da puntuazioa espedizioa hasi baino lehen, eta 8,58 ondoren. Euskaraz nola moldatzen diren galdetuta, 10etik 7,85 da puntuazioa aurrez, eta ondoren 8,55. Zazpi hilabete ondoren egindako galdeketan, hizkuntza ohiturak batez ere zein esparrutan aldatu dituzten galdetuta %94k dio abenturako lagun berriekin ahalegindu dela, %61ak kalean lehenengo hitza egin duela euskaraz, eta %50ak dio bestelako lagunekin saiatu dela. Zazpi hilabete ondoren galdetuta ea hizkuntza ohiturak aldatu dituen egunerokoan, %67k dio euskaraz gehiago egiten duela, eta %24,7k dio ez duela aldaketarik egin. Azken ehuneko hori erantzun duten ia denak gune euskaldunetan euskaraz bizi direnenak dira.

Inkestez gain beste bide batzuen bitartez sumatu dute gazteengan eragitea lortu dutela. Esate baterako haien gurasoek eta irakasleek adierazi diete aldaketa nabaritu dutela. Hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, gazteen komunitatea sortzen hasi da. Antolatzaileek jakin badakite 2018ko EuskarAbenturaren ondoren, udan, jairik jai ibili zirela hainbat gazte elkarrekin. Urrian futboleko euskal selekzioaren partida ikustera joan ziren Gasteizera antolatzaileak lagun. Eta Durangoko Azokan 2019ko espedizioa aurkezteko aitzakian ere elkartu ziren. Aurtengo uztailean iazko espedizioko 60 bat kidek elkarrekin kanpinera joatea erabaki dute, eta haien nahia eta antolatzaileen asmoa da egun horietako batean edo gehiagotan 2019ko gazteekin bat egitea. Horixe helburua: Euskal Herriko eta diasporako txoko guztietatik espedizioetan biltzen doazen gazteek komunitatea osatzea, euskarari heltzea, eta inguruan eragitea.
 

Hamaika kideko taldetan banatuko dituzte gazteak, hainbat ezaugarriren arabera: jatorria, errealitate soziolinguistikoa, hizkuntza ohiturak, lagunekin datozen ala ez, eta generoa. Argazkian, iazko edizioko abenturazaleak. Argazkia: Euskarabentura elkartea.
Begiraleen tresnak euskarari eusteko

EuskarAbentura elkarteak bi liberatu ditu gaur egun eta matrikulazio garaian beste bi lagun aritu ziren eskoletan sustapen lana egiten, hiru hilabetez. Elkartekide guztiak boluntarioak dira. Soziolinguista bat dute taldean eta antolatzaileek beraiek aitortu digute iaz ahal zuten moduan prestatu zutela lehen edizioa. Iazko esperientzia baliatuta gehiago findu nahi dute bigarren edizioa. Hala, iaz baliagarriak izan ziren dinamikak berriz erabiliko dituzte eta beste batzuk berriak izango dira.

Hamaika kideko taldetan banatuko dituzte, hainbat ezaugarriren arabera: jatorria, errealitate soziolinguistikoa, hizkuntza ohiturak, lagunekin datozen ala ez, eta generoa.

Iaz bezala, aurten ere, Euskal Herriko lurralde bakoitzean hango euskararen egoeraren inguruko hitzaldiak izango dituzte. Aurtengo berrikuntza Hizkuntzaren zientzia eta munduko hizkuntza aniztasuna hitzaldia izango da. Euskararenaz gain, munduko hizkuntza gutxiagotuen kontzientzia lantzea da helburua.

2018ko ekitaldian, sortu ziren egoeren arabera hainbat esku-hartze momentuan bertan prestatu eta probatu zituzten. Aurtengorako zakuan gordeta dituzte, erabili behar badituzte ere. Esate baterako euskararen influencer talde bat osatu zuten. Lider tankeran jokatzen zuten hainbatek gaztelaniara jotzen zutela antzemanda, kafe-bilera batera deitu zituzten. Lider rola hartzea proposatu zieten, beraiek euskarari gehiago heltzeko eta ingurukoekin gauza bera lortzeko. Gazteek serio hartu zuten egitekoa. Abian jarri zuten beste esku-hartzea Eusle metodoa izan zen. Talde bakoitzak eusle batzuk aukeratu behar zituen, hau da, euskarari eutsiko zioten lagunak. Talde batzuetan funtzionatu zuen eta beste batzuetan ez hainbeste.

Gune euskaldunetan eta erdaldunetan bizi direnen arteko aldeaz propio egin zuten gogoeta, sumatu zutelako gune euskaldunetako batzuk azpimarratzen zutela gune erdaldunetakoen euskara maila apalagoa, eta era berean, gune erdaldunetako gazteak haien euskalki gabeziaz lotsatzen zirela. Enpatia bultzatzeko lana egin zuten denen artean. Beste okasio batean, bikoteka jarri zituzten lanean, gaztelaniarako joera zuenak bikotekidea aukeratu behar zuen harekin euskaraz egiteko.

Iaz gazte batzuek erabili zuten lepokoa. Argazkia: Euskarabentura.

Lau esku-hartzeak hein handi batean inprobisatuak izan baziren ere, beren-beregi espediziorako prestatutako euskararen protokoloa izan zuten marko orokorra. Protokoloa erdiesteko Pello Jauregi eta Asier Lafuenteren aholkuak izan zituzten bidaide, besteak beste. Espedizioa baino lehen lan-talde osoak hizkuntzaren erabilera asertiboa bermatzeko formazioa jaso zuen GEU elkartearen eskutik.

EuskarAbentura elkarteko kideetako batzuek gazte garaian ezagutu zituzten helduek gazteak euskarara lerratzeko erabiltzen zituzten metodo desegoki batzuk. Ane Pedruzok adierazi digunez, ez dute nahi haiekin balio ez zuten metodoak errepikatzea, hala nola, zigorrak, mehatxuak edo gazteak tontotzat hartzea, “gaztelaniaz egiten badidazu ez dizut ulertzen” eta horrelakoak esanda. “Errespetuz, pertsonatik pertsonara, eta asertibitatez aritu ginen. Jaso zuten mezua eta ulertu zuten konpromisoa hartu zutela euskara erabiltzeko eta euskaran eragiteko. Modu kolektiboan eta positiboan kezka hori izatea lortu zen”.


ASTEKARIA
2019ko maiatzaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Mingainak astindu ditu Iruñeak

Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.


Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Eguneraketa berriak daude