1.117 erronkalari, hernaniarrak xaxatzen

  • Euskaraldiak Euskal Herriko txoko ugari jarri zituen dantzan 2018ko hondarrean, hamaika egunez. Hernaniarrei berriz, metxak hamaika hilabete iraun die. Mila hernaniarrek hizkuntza ohiturak aldatzeko erronkak bere egitea zen apustua, eta lortu dute. Orain, datuak irakurri eta horietatik ikasteko unea da.

Aztiker Ikerguneak egindako azterlanaren emaitza batzuk dira honakoak.
Aztiker Ikerguneak egindako azterlanaren emaitza batzuk dira honakoak.

Euskara Ari Du elkarteak jo zuen erronka. Elkartea ez zen ezerezetik hasia, bazuen hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakeretan esperientzia. 2018koa hordagoa izan zen. Erronkari Baietz Hernanik! izena jarri eta hilero ehun hernaniarrek euskarari eusteko edo ondokoari euskaraz aritzeko aukera emateko erronka bat betetzera animatu nahi zituzten. Otsailean hasi eta abenduan bukatu, ea denera mila lagun arituko ote ziren. Ez derrigor denak batera. Ausartenek otsailerako izena eman zuten eta urte osoan segi zuten erronka bati edo besteari helduta, nahiz eta luze iraun zuten partaide gehienek erronka mota ez zuten aldatu. Beste batzuk xumeago hasi ziren, eta hilabetez edo hainbat hilabetez izan ziren erronkalari, urte osoko lanak hartu gabe.

Izen-ematea, jarraipena eta emaitzak biltzea Aztiker enpresak kudeatu du. Urte osoko ibilbidea kontuan hartuz gero, 1.117 herritarrek hartu zuten parte. %63,9 emakumeak izan dira, %35,4 gizonak, eta %0,6k ez du aukeratu ez bat ez bestea. Hizkuntza ohiturak aldatzeko egin diren beste hainbat egitasmotan bezala, Euskaraldia kasu, emakumeak nagusitu dira.

Adinari dagokionez, partaideen erdia inguru 30-44 urte artekoa izan da. Zenbat eta adin tarte zaharragoa orduan eta partaidetza txikiagoa.

1.117 erronkalarietatik 986 lagunek euskaraz hitz egiten bazekiten eta 131ri kosta egiten zitzaien hitz egitea baina ulertzen zuten. Euskaraldiko bi rolak erabiliz esango bagenu, esan dezakegu %88,3 ahobiziak zirela eta %11,7 belarriprestak. Euskara ulertzeko gai ez zirenek ezin zuten parte hartu.

Partaide bakoitzak erronka bat aukeratu behar zuen hilabeterako eta aukeraketa erraztu aldera antolatzaileek aukera sorta eskaini zieten. Hiru multzotan bil daitezke partaideek gehien egindako aukerak. %30ek erabaki zuen bizitzako eremu guztietan, egokituko zitzaizkion harreman guztietan, euskaraz egingo zuela edo euskaraz egiteko eskatuko ziola parekoari. %18,3k esan zuen erronka lankideekin egingo zuela. Hernanin Orona enpresa dago eta lantoki honek partaidetza sendoa izan zuen Baietz Hernanik! egitasmoan eta horrek eragin zuen lan mundua sailkapenean bigarren tokian kokatzea. Hirugarren, laugarren eta bosgarren sailkatuak kontuan hartuta, denak gertuko harreman sareei lotuak dira, hau da, hernaniarrek erronka bikotekidearekin (%7,5), lagunekin (%7,2) eta senideekin (%6,9) egitea erabaki zuten.

Hizkuntza ohituretan aldaketarik izan den jakiteko 420 partaideren erantzunak baliatu ahal izan dituzte. Urte osoan 1.117 pertsonak eman zuten izena parte hartzeko, baina ohikoa den legez, denek ez zituzten balorazio inkestak bete. Bestalde, erronka bera egin dutenak eta era berean balorazio inkesta bat bete dutenak hartu dira kontuan. Labur esanda, eta infografia begiratzen baduzue, ikusiko duzue nola erronka baino lehen %38,5ek zioen beti edo gehienetan egin zuela euskaraz erronkarako aukeratu zuen pertsonarekin edo taldearekin, eta erronka garaia bukatu eta gero %67,6ra igotzen da zifra. Aldiz, “erdia euskaraz eta erdia erdaraz” eta “euskaraz gutxitan edo inoiz ez” portzentajeek behera egiten dute. Hurrengo infografiak alderantzizko informazioa ematen digu, alegia, erronkalaria ari zaigu esaten erronkarako aukeratu dituen pertsonek edo taldeek berari zenbat egin dioten euskaraz. Hor ere, “beti edo gehienetan euskaraz” eta “erdi eta erdi euskaraz eta erdaraz egin” ataletan gorakada sumatzen da. Bigarren infografiak erakusten du erronkalariek jomugengan eragina dutela hizkuntza ohiturak aldatzeko orduan. Bi infografietan, euskaraz dakiten eta ulertzeko gai diren erronkalariak batera daude.

Aipatu berri ditugun emaitzak erronkalariek betetako inkesten arabera lortu dira. Partaideei galdera zuzena ere luzatu zaie ordea, alegia, haien ustea jakin nahi izan dute antolatzaileek. Ondoko galdera egin zieten: Zein neurritan iruditzen zaizu bete duzula jarritako erronka? Hortxe duzue erantzuna: %30,3k uste du guztiz bete duela erronka, %66,3k uste du urrats bat eman duela eta %3,3k uste du ez duela erronka betetzea lortu.  

Erronkak betetzeko zein zailtasun izan dituzten galdetu zaie partaideei eta erantzunetan bi nagusitu dira: “hizkuntza ohiturak aldatzea zaila da” eta “erronka jo nahi nion pertsonarekin edo taldearekin egoteko aukera handirik ez dut izan”. Bi zailtasun nagusi horiek bi multzoetan nagusitu dira, bai euskara dakitenen artean baita euskara ulertu baina hitz egiten ez dutenen artean ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude