"Nirea urte askoan tabernan erakustea izan da"

  • Hormak bete irudi ziren orain dela gutxi Azkaingo Xoko Ona ostatuan. Ez zen artistaren ohiko erakusketa, artelan bat hemen, bestea han doi paratuak. Hormak luze-zabal, goi eta behe ageri ziren Jon Zabaletaren marrazkiz beteak, bizi osoan osatu duen unibertsoa bistara. Harpe margotuetara itzulera zen. Nekez errepikatuko den irudia.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Jon Zabaleta Larburu (Hernani, 1950)

Txikitatik da marrazkilari. 1971tik 74ra, berriz, Oteizak eragindako Debako Arte Eskolan ikasi zuen. Hamaika aldizkaritan ageri dira Jon Zabaletaren lanak: Zeruko Argia, Anaitasuna, Hitz, Berriak, Garaia, Habe… Baita Egin eta Euskaldunon Egunkaria kazetetan eta Euskadi Sioux eta Ipurbeltz agerkari grafikoetan ere. Makina bat haur liburu ilustratu ditu. Komikigintza, zinema esperimentala eta mimo-ikuskizuna ere ez zaizkio arrotz. Disko azalak hamaika ditu ilustratuak. Manuel–memoria publikatu zuen 2005ean, bere obra jasotzen duen katalogoa. 2014an, Dabilen Elea saria jaso zuen.

Zer diozu, ziklo bat itxi duzula Azkaingo ostatuan egin duzun erakusketarekin?

1975eko bukaeran hasitako bidea itxi dudala, horixe! Urte haren bukaeran Parisen nintzen. Franco hilzorian, eta jendea hara eta hona zebilen. Ni, Ingalaterrara nindoan, beste lagun batekin batera. Baina Parisen ere banuen lagunik, eta haraxe egin nuen. Han, berriz, jende gehiago ezagutu nuen, errefuxiatuak batzuk, lanean beste batzuk; Luzien Etxezaharreta, esaterako, han zen. Marrazkiz beteta nindoan, eta, baten batek Liberation egunkarikoekin harremanetan jarri ninduen. Haiek nire marrazkiak ikusi eta segituan: “Zu euskalduna zara, ezta?”. Lehenengo gauza esan zidatena. “Kontatzen dituzunak euskal gaiak dira. Guk noizean behin argitaratzen dugu Euskal Herriari buruz. Nahi baduzu, hantxe sartuko ditugu zure marrazkiak. Aldian, bat”. Erregioari eskainitako orrialdeak ziren. Régionale. Aldiro marrazki bat argitaratzea gutxi iruditzen zitzaidan, ordea, eta Le Canard Enchaîné-ra joan nintzen. Aldizkari satirikoa omen zen. Abertzalea nintzela ikusi zutenean, ezer ez. Nire lana, hala ere, guk bizi genuena kontatzea zen. Eta, gainera, hitzik gabeko irudia zen nirea, frantses kulturari zegokiona.

Nondik zetorkizun irudiaren frantses kultura hori?

Baserrira etortzen zitzaizkigun aldizkarietatik. Etxekoak baserritik plazara jaisten zirenean, azokara, batzuetan baten batek aldizkariak erregalatzen zizkieten, frantsesak batzuk, eta han hitzik gabeko irudiak agertzen ziren. Arte hutsa iruditzen zitzaidan hura. Egia esan, hitzik gabe kontatze hori, artea iruditu zait beti. Frantzian tradizio handikoa da. Eta, oraindik orain, udazkenean, Azkainen egin nuen erakusketa ere asko gustatu zitzaion jendeari. Ez ninduten ezagutzen, baina argazki erakusketak eginak zituzten, eta aldatu egin nahi zuten formatua. Donibane Lohizuneko Lascaray argazkilariak nire berri eman zien, joan nintzaien, erakutsi nizkien marrazkiak, eta liluratuta geratu ziren: “Hau, gustatzen zait. Hau ere bai. Hau ere bai...”. Orduan, Vincennes etorri zitzaidan gogora.

Vincennes?

Bai, Pariseko garai hura, Vincennesko unibertsitatea, 1976a. Artista bat horman irudiak marrazten, eta ikusleak irudi haiek irakurtzen. Marrazkiak, ordea, han eta hemen, panelak bete irudi. Mozkortzekoa zen hura. Oso gauza ederra. Eta horixe esan nien Azkaingoei: “Panelak jarriko ditugu, eta irudiak eta irudiak jarriko ditugu bertan”. Eta halaxe egin nuen. Hitz aldizkarian argitaratu nituenak ere jarri nituen, lehenetakoak. Akullu sinatzen nuen garai hartan. Rotrina erabiltzen nuen, hau da, "akuilugrafikoa"! Akuilua idiari sartzen zaionez, nik, paperari!

Akullu-renak, zure lehen lanak.

Bai. Handik laster Donostiara etorri nintzen. Ordurako, Berriak aldizkaria ateratzen hasi ziren. Gero, beste aldizkari bat etorri zen, Garaia. Eugenio Ibarzabal zen han. Arte galeriak ere furi-furian zeuden, eta haietako batean, Donostian, Galeria B-n erakusketa egin nuen. Orain ere zaila zait gauzak hitzez adieraztea, baina are eta zailago orduan. Nire konstrukzioa barrutik zihoan. Marrazten hasi eta barra-barra ateratzen zitzaizkidan irudiak. Aldiz, esan esaldi bat osatzeko, eta ezin. Harritzekoa ere ez da ni garai hartan anarkista hutsa izatea. Ez nintzen alderdi politiko batekoa ere, eta Berriak-en, adibidez, batzarrak egiten zituztenean, eta niri nondik jo behar nuen galdetzen zidatenean, nik zera erantzuten nien: “Nik… marrazkiak ekarriko dizkizuet!”. Marrazkiz betetzen nizkien kaxak. “Zuek hartu, komeni zaizuen eran. Nik, bitartean, gehiago egiten jardungo dut”.

Aldizkarietan aldiro argitaratzen zenuen. Geroago, Egin-en, egunero.

“Zer? Mahaia jarriko dizugu?”, galdetu zidaten, eta nik: “Ez, ez, konponduko naiz”. Alegia, neure gisa ibiltzen nintzen, freelance. Lanera joaten nintzen, oso giro ona zegoen han hasieran, jendearekin hitz egiten nuen… “Zer marrazki egin behar duzu gaur?”, galdetzen zidaten, ideiak partekatzen genituen, haiek esandakoak buruan ibiltzen nituen, laneko tokia eskaintzen zidaten… Gustura. Eta, beti, nire marrazkia egiten nuen.

"Hasiera hartan, inprimategiak klandestinoak ziren, zulo batean gordeak zeuden. Marrazkiak zuri-beltzean ateratzea beste erremediorik ez zegoen. Hala ere, beti ibili naiz kolorean margotzen".

Ordukoak dira zure barraskilo eta elefanteak.

Debako Arte Eskolatik datorren kontua da. Han denetarik zegoen. Batzuek harria landu nahi zuten, beste batzuek grabatua… Nik, haietatik ere dastatu nuen, baina nirea marraztea zen. Bazter batean jarri, papera hartu, eta marrazki bidez istorioak kontatzea. Marraztu eta marraztu egin nuen Deban, luma erabiltzen nuen, artean ez baitzegoen rotrinik. Sutan zegoen nire burua. Deba hasiera izan zen. Gero etorri ziren Paris eta Iparraldea eta Donostia eta Egin.

Nola hasi zinen Egin-en?

Kasualitate hutsa. Mendian nenbilen batean, “Jon! Jon!” hoska baten bat. Mariano Ferrer, Donato Unanue eta beste batzuk ziren. Fagollagan, Hernanin. “Badakizu egunkaria egitera goazela?”. “Zer edo zer aditu dut, bai”. “Egingo al diguzu marrazki bat, egunkaria iragartzeko?”. Egutegia egin nuen, famatu egin zen. 2017an berriz argitaratu zuten. Etxe bat egin nuen. Jendea, denak lanean, esne saltzailea astoarekin egunkariak banatzen, upelak erabiliz inprimatze lanerako… Harrezkero jakin dut Gutenbergek ere upelak erabili zituela inprimatzean. Egun batean egin nuen marrazki hura, egutegiarena. Joan nintzaien, gustatu zitzaien, eta Mariano Ferrerrek: “Egingo al zenuke marrazki bat egunero?”. Nik, baietz. Eta karakolak eta elefanteak etorri zitzaizkidan gogora. Eta martxan jarri nituen.

Haiek ere ondo famatu egin ziren!

Eta nire asmoa zen haien munduan ibiltzea, karakol eta elefante artean, baina ezin izan nuen. Mundu diferenteak sortzeko beharra nuen, eta batean galaxia batean ibiltzen nintzen, bestean beste batean, gero karakol eta elefanteetara itzultzen nintzen... Nahaste-borraste ikaragarria. Kontentu bizi ginen, oso garai alaia zen. Mundua ireki zitzaigun, aukeraz betea zegoen, ateak irekitzen ari ziren, aldizkarien legalizazioa etorri zen… Ni, esaterako, mundu ilegal batean ibili nintzen hilabete batzuetan, aldizkari klandestinoetan, Iparraldean. Bidean, hainbat eta hainbat lan galdu ziren, baina ideia gorpuzten lagundu zuten galdutako lan haiek ere. Unibertsoa eginda zegoen. Erraza zen era bateko edo besteko marrazkiak egitea. Hari horretatik etorri ziren Ipurbeltz, Irrimarra eta gainerakoak. Lehendik datozen konstrukzioak dira. Eta seguru nago gauza asko txikitan ikusitako aldizkari, komiki eta filmetatik datozela. Baita inguruan ikusitakotik ere. Akullu sinatu nituen hasierako lan haiek, ni akuiluarekin ibilia bainintzen.

Baserrian?

Bai, bada! Osabak baten bat behar izaten zuen itulan egiteko, bai goldea, bai karramarroa, bai alferra ibiltzeko. Eta hantxe ni, idia mantso, eta ni haren aurrean. Beti gustatu zitzaidan lan hori. Akuilua, bestalde, ez zen gauza erasokorra. Gurea ez zen idi proba.

Hortxe bukatzen da zure lehen garaia.

Bai. Marrazkilariok geure burua komunikatzailetzat genuen garaia, beharbada. Artea zen hura, marrazkiak komunikatu egiten zuen. Batzuetan, egunkarietako zuzendariak zapuztu egiten ziren. Tira, jarri hor etendura puntuak, parentesi eta gainerakoak! Kar, kar… “Editoriala egiten ari zara!”, esaten ziguten. Ni, neure bururako: “A! Editoriala egiten”. Konturatu gabe, alegia. Zuzendariari protagonismoa kentzea esan nahi zuen horrek. Laster, zu baztertzea etorriko zen, eta, gero, egunkaritik kanporatzea. Gainbehera bat bezala izan zen.

"Batzuetan, egunkarietako zuzendariak zapuztu egiten ziren. Tira, jarri hor etendura puntuak, parentesi eta gainerakoak! Kar, kar... 'Editoriala egiten ari zara', esaten ziguten"

Egin-en eta Euskaldunon Egunkaria-n egunero publikatu zenuen.

Eta Euskaldunon Egunkaria-n egin nituen prentsako nire azken marrazkiak. Harrezkero, ez dut prentsan berriz lan egin. Ipurbeltz-en segitu nuen, baina hor bukatu zen prentsako aldia. Gero, internet etorri zen, gure sukarra sarean jendearekin partekatzeko aukera, gauza zaharrak zein berriak erakusteko leihoa. Komunikatzeko tresna berriak ere saiatu nituen garai batean: zinema, musika… Hainbeste irudi ikusi eta hainbeste doinu aditu eta gero, etxetik bertatik saiatu nintzen lan esperimentalak egiten. Eta, horrek ere denbora betetzen dizu... Azken finean, horretarako gaude munduan, ezta?, denbora betetzeko, eta nork bere modura egiten du hori: batzuek errezatzen, beste batzuek diskurtsoak egiten, beste batzuek egurra ematen… denbora betetzeko lanean denok.

Zuk, marrazkiak egiten.

Sortzen. Nik sortzeko lanean betetzen dut mundu honetako denbora. Hala ere, lasaiago ari naiz orain. Burua ere sua eta kea botatzen hasten da halako batean, eta baretzea komeni izaten da… Sortzen, bizitzen ikasten, bizitzeko modurik onena bilatzen ari naiz. Jakina, azkeneko ordura arte ez dugu jakiten zertara etorri garen, zer egin behar genuen, mundu hau zer den, eta nolakoa.

Marrazkiak egitea duzu bizitzeko modua. Sortu, eta egindako lanak erakustea.

Baina ez arte galerian, adibidez. Hori Amerikak egitea litzateke niretzat. Nirea, urte askoan, tabernan erakustea izan zen. Baina garai hori ere atzean utzi nuen. Xoko Onan erakutsi nuenean, berriz, gauza ederra iruditzen zitzaidan jendeak bazkaldu edo kafea hartu bitartean nire marrazkiak ikustea eta komentatzea. “Arraioa! Zer da marrazki hori? Hi, ikusi al duk? Zer esan nahi ote din horrek?”. Baliteke hemendik urte askotara, planeta honek irauten baldin badu, baten batek esatea: “Harrigarria! Gauza ederrak egiten zituen morroi hark!”. Ordurako, ordea, marrazkiak ez dira paperaren gainean agertuko, birtualak izango dira, bideo-jolas modukoak, aldatu egingo dira momentutik momentura. Eta betaurreko bereziak jantziz gero, “Jon Zabaletaren unibertsoa” ikusiko du ikusleak, adibidez, baten batek nire pertsonaiak hartu eta mugimenduan jarri dituelako. 3D-n. Eta hantxe azalduko dira baserritarrak, upelak airean, soinua… Hori izango da geroa. Geroa, baina oso gertu dagoena.

Argazkia: Zaldi Ero.

Antton Olariagak behin eta berriz eta askotan esan duenez, kolorearen maisua da Jon Zabaleta. Hasieran, haatik, zuri-beltzean argitaratu ziren zure marrazkiak.

Ekonomia kontua zen, ez zegoen besterik. Plantxa bidezkoa zen inprimatzea. Eta plantxa bat ibili, edo lau ibili, asko garestitzen zen produktua. Bestalde, hasiera hartan, inprimategiak klandestinoak ziren, zulo batean gordeak zeuden. Marrazkiak zuri-beltzean ateratzea beste erremediorik ez zegoen. Hala ere, beti ibili naiz kolorean margotzen. Kutxak eta kutxak dauzkat marrazkiz beteak, denak koloretan.

Ekonomia aipatu duzunez, "ekonominaz" ere asko dakiena zaitugu.

Horretaz jardun zuen Bernardo Atxagak, egin zidaten omenaldi batean [Dabilen Elea saria]. Pobrezia da ‘ekonomina’. Nire kasuan, ekonomia ekonomina izan da beti. Desoreka. Urte batzuetan, plastika eskolak eman dizkiet ikastolako haurrei. Eta nire artean: “Gaixoa! Artista izan nahi du haur horrek!”. Artistaren mundua beharrezkoa da, aldi berean da ametsezkoa eta terapeutikoa. Artea terapia da, sasi guztien gainetik. Artista, berriz, egoera prekarioan bizi da beti. Esaten dute zenbait gizartek gehiago laguntzen dituela sortzaileak beste batzuek baino. Frantzian, diotenez, artista izena halako bulego batean eman orduko duzu bestelako lanen bat –dela eraikin bateko atezain, dela inoren laguntzaile non edo non–, sortzen segitzen lagunduko dizuna. Horrelakorik ez da Hegoaldean.

Makina bat marrazki dituzu argitaratuak aldizkari, liburu eta herri afixetan.

Arte funtzionala, esaten diote. Eskatzen didatenean, egin egiten dut. Ohore hutsa da. Bestalde, hortxe utzi dut nire denbora. Lana egin dut, zegokidan ordaina jasoko ote nuen jakin gabe, askotan. Hasieran, esate baterako, argitaletxeek beraientzat hartzen zituzten gure lan originalak. Besterik gabe! Halako batean, jakin genuen Kataluniako marrazkilariek egile eskubideak eskatzen zituztela. Eta, haien gerizan, horretan hasi ginen gu ere, eskubideak eskatzen, kontratuak sinatzen, originalak itzulian jasotzen… Hasieran, militantzia lana zen gurea. Baina batzuk besterik ez ginen militante. Beste batzuek inoiz ez zuten militatzen. Haiek beti goian, agintzen. “Bizi nahi dugu” esaten hasi ginenean, komeriak! Baina aurrera egin genuen. 

Barraskilo, elefante

“Gurasoak Venezuelan izan ziren zenbait urtetan, eta bi anaia barnetegian izan ginen urtebetez. Han, film bat ikusten genuen astean behin. Eta filma ikusi eta ohera joaten ginenean, filma ibiltzen genuen buruan. Irudiak pilatzen zitzaizkigun, eta, bestalde, gure irudimenak are irudi gehiago sortzen zituen. Akordatzen naiz, adibidez, Laurel eta Hardy, Gizena eta Argala saila. Hardy, gizena, handia, plazagizona, hitzontzia. Ondoan, Laurel, iharra, txikia, xaloa… Bata duzu elefantea, bestea barraskiloa. Bata da plaza, etxe barrua bestea. Uste dut hortik ere badutela nire marrazki haiek”.

Azken hitza: Hiztun handiak, marrazkia mutu

“Oraintxe hasi naiz ni hizketan libre. Lehen ez nintzen kontalaria. Hala ere, solaskideak ere balio du zerbait ere, eta solaskide trebe askorik ez dago. Mundua duen pertsona bada, gustu ematen du. Gatza badu, zoragarri. Zenbait jenderekin hizketan aritzea, berriz, alferrik da. Ez dute ulertzen!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eguneraketa berriak daude