Pirinioen magalean gatibu

  • “Armada Gorria gatibu eta desarmatua, azken helburu militarrak lorturik, Gerra amaitu da”. Ezaguna da 1939ko apirilaren 1ean Francisco Francok zabalduriko mezua. Aitzitik, askoz ezezagunagoa zaigu gudaroste errepublikarraren galerak mugaz bestaldean ekarri zuen errealitatea. Hain justu, diktadoreak mezu zitala eman eta hiru egun geroagoi ireki zuten Gurseko kontzentrazio-esparrua, Baionatik 90 kilometrora.

1939an, “Erretirada” deitzen zaion erbeste masiboarekin batera, frankisten atzaparretatik ihes egin nahian miliziano eta gudari ohi ugarik ere igaro zuten Pirinioetako muga, baina bestaldera iritsi bezain laster frantziar agintariek desarmatu egin zituzten. Logika militarrak esaten omen zuen Frantziako Estatuan halako jende multzoak ezin zuela armaturik sartu. Aldiz, zer logika solidario zegoen 170.000 lagun gatibu hartzearen atzean, hasieran Roussilloneko hondartzetan, eta geroxeago hainbat departamendutako eremu itxietan?  

Tamalez, Espainiako Estatuan gerra galdu ostean, ihes egindakoek horrelako harrera bitxia espero zezaketen Frantzian, agintean zen Fronte Popularraren aldetik. Ederki zekiten hori, 1936an gerra hasi zenetik ezkertiarren koalizio horrek jokabide xelebre bezain txepela izan baitzuen Espainiako Errepublikarekiko. Leon Blum lehendakaria, nahiz eta sozialista izan, “parte ez hartzearen politikaren” aurrean makurtu zen 1936ko abuztuan, espainiar errepublika kaltetuz. Eta 1939ko Erretirada garaian, Frantziako Gobernua gidatzen zuen Edouard Daladierrek askoz okerrago jokatu zuen errefuxiatuen aurka. Alde batetik, indarrean jarri zituen hainbat lege, Indesirables edo “gizatxarren” atalean sartzen ziren susmagarri guztiak zigortzeko: beraien lurraldetara itzularazi edo atxilotze lekuetan edukitzen zituzten. Bestetik, Daladier, Leon Berarden bitartez, aspaldidanik harremanetan zegoen Francorekin bere gobernua aintzatesteko, errepublikarrei bizkarra emanez.

1939ko otsailaren 28an Philippe Petain Frantziako enbaxadore bidali zuten Burgosera –Manuel Azañak erbestean Espainiako Bigarren Errepublikaren lehendakaritza utzi zuen egun berean–. Hala, bi aldeek errefuxiatuen kontrako hesi politiko-militarra itxi zuten, eta Albert Sarraut frantziar Barne ministroak kanpotar horien aurka legislatu zuen, militarren laguntzarekin. Frantziako Armadak gatibu zelaiak sortu zituen hutsetik, Ariegen, Auden, Heraulten, Tarn et Garonnen eta Behe Pirinioetako departamentuetan. Francoren mezuan zetorren gatibutasuna, Frantzian ere, ezustean ezarri zitzaion iheslarien gehiengoari.

Jendarmeek eta militarrek bideratuta, Argelesera eta Saint Cyprienera joan ziren milaka lagunek lehen zaputzaldia jaso zuten hondar, zeru, itsaso eta txarrantxen artean.

Frantziako gobernuak ez zuen egoera hori egun batetik bestera diseinatu;1938az geroztik bertako agintariak aurreikusten ari ziren Espainiako Errepublikaren porrota, eta horren ondorioz, erbesteratuen uholdeak. Artxiboetan kontsulta daitezkeen plano eta txostenen arabera, Saint Cyprienen eta beste hainbat tokitan  kontzentrazio zelaiak izateko hala moduzko oinarrizko eremuak  antzemanda zituzten  armadako ingeniariek. Baina 1939ko Erretiradak sorrarazitako erbesteratuen gizatalde ikaragarriak gainditu egin zituen aurreikuspen guztiak. Aitzakia hori erabili zuten urte askoan, Frantziaren jarrera doilorra zuritzeko.

“Eskubide motzak, janari gutxi, zaindari gehiegi”

Dena den, askoz zailagoa izan dute 1939ko udaberrian eraikitako Sept Fonds, Bram, Noe, Agde, Gurs eta antzeko zelai berrien jite errepresiboa justifikatzea. Eufemismoak (Harrera Zelaia, Barneratze eremua, Errefuxiatu espainiarren zelaiak, Zaindutako Egonaldien Barrutia…) ez ziren nahikoa hor egondakoek jasandako sufrikarioa estaltzeko.

Euskaraz idatziriko hainbat kroniketan antzematen da euskaldunek bizi izan zuten egoera. 1939ko otsailean eta martxoan Argelesen eta apirilean Gursen izan zen Ander Garate Gesalibar arrasatearrak, oso ongi islatu zituen errefuxiatuek txarrantxen artean jasandakoak. Barneratua egon zen hilabete eskasak aski izan zituen jabetzeko zer nolako politika berezia zegoen errefuxiatuekiko. Hiru kontzentrazio gunetan –Beziers, Argeles eta Gurs– egon zenez, bazuen eskarmenturik horiek deskribatu eta aztertzeko. Lehen kroniketan, ikuspegi baikorra erakutsi zuen, batez ere euskaldunek autoeraketaren bitartez egoerari aurre egiten ziotelako, baina azkenekoetan, Gursen, alde zabarragoa azaldu zituen. Arras ongi laburbildu zuen Gurseko Zelaitik deituriko kronikan: “Eskubide motzak, janari gutxi, zaindari gehiegi”.   

Bigarren Mundu Gerran izandako atxiloketa, sarekada, barneratze masibo, deportazio eta hilketa jendetsuek aurrekari zuzen bat izan zuten beraz: 1939ko Erretiradaren ondorioz eratutako 'France des Camps' delakoa

Mingotsagoak izan ziren Gursetik bertatik edo Brametik eta Le Vernetetik ateratako beste testigantza batzuk. Eskutitz, egunkari edo txostenetan, baita geroago, lan literarioen bidez, Leonardo Salazarrek, Celestino Uriartek, Agustin Centellesek, Max Aubek edo Arthur Koestlerrek idatzirikoak ditugu adibide. Denen hitzetan nabari zen “harrera lekuak” izateko sorturiko eremuak egiaz kontzentrazio zelaiak bilakatu zirela. Hori aski ez balitz, sorterrira itzuli arteko behin behineko azpiegitura izan behar zuenak, Bigarren Mundu Gerrarekin iraun ez ezik, baldintzak erabat okertu ziren.

1936ko Gerraren ondorioz Pirinioen hegoaldetik joandako errefuxiatuen kopurua gutxitzen joan zen: horietako asko berriz ere Espainiara itzuli zituztelako, Frantzian lana bilatu eta laketu zirelako, baita Amerikako bigarren erbesteratzeari ekin ziotelako ere. Baina zelaien sarea desegin beharrean sendotu egin zen, Daladierren eta Reynauden gobernuekin lehenik eta Vichyko agintariekin ondoren. Bigarren Mundu Gerrako atxilotze politika gogortu egin zen eta 1940az geroztik. Indesirables sail zabalean sartzen ziren judutarrak, komunistak, Austria, Alemania, Italia zein Espainiako errefuxiatuak, gizonezkoak eta emakumezkoak, zaharrak eta gazteak… Horiek guztiek birpopulatu zituzten erdi hutsik zeuden zelaiak.

Argeles, Rivesaltes, Rieucros eta Gurs, naziek kontrolaturiko Europan indarrean jarritako Triskantza politika-ren beste kate-maila bat bihurtu ziren, bereziki 1942tik aurrera. Horietatik atera ziren, “helmugarik gabeko konboietan” Auschwitzera edo Mauthausenera hiltzera zihoazen milaka lagun, Urte hartan martxan jarritako “Behin Betiko Erabakia”-rekin konplituz.

Bigarren Mundu Gerran izandako atxiloketa, sarekada, barneratze masibo, deportazio eta hilketa jendetsuek aurrekari zuzen bat izan zuten beraz: 1939ko Erretiradaren ondorioz eratutako France des Camps delakoa. “Harrera” eta antzeko hitz leungarrien azpian, giza eskubideen ukazioa ezkutatzen zen, errefuxiatuen kalterako. 80 urte geroago, eskala aldatuta, antzeko egoerak ditugu Europako mugetan eta barne atxilotze lekuetan. Eufemismoak eufemismo, jarrera tamalgarria dute Europako estatuek oraingo errefuxiatu eta migratzaileekiko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erbestea
Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Joxe Mari Muñoa. Katebegi bat katean
"Inoiz ez duzu ehuneko ehun lortuko zuk nahiko zenukeen hori"

Eusko Ikaskuntzako buru izan zen, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako ordezkari, ingeniari, gerrako haurra ez izanagatik ere erbestean hazi eta bizia, Paris-Madril-Donostia bidea egina. Hizketan hasi eta Donostian lehen ikastola hura sortu zuen Migel... [+]


Andoni Iturrioz. Gure kulturaren mezenas
"Egiak eta euskal kulturak gidatu dute nire laguntza"

Artean iazko hazilean, Xilaba txapelketaren finala, Amets Arzalluz txapeldun. Hari txapela jartzen, berriz, Andoni Iturrioz, bertsozale eta laguntzaile fierra. Andoniren bidea, ordea, aitarenak markatua dator, Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak (Alberdania, 2011)... [+]


2021-03-02 | ARGIA
1936-1939an erbestera jo behar izan zuten 1.200 nafarren errolda argitaratu dute

1936-1939ko gerra bitartean erbesteratutako nafarren errolda publiko egin du Memoriaren Nafarroako Institutuak. 1.200 pertsona baino gehiagoko zerrenda da, Josu Chueca historialariak jasotakoa. Erbestea Proiektuaren baitan, txosten bat osatu dute 1936az geroztik mugetan ezarri... [+]


2019-11-03 | Mauro Saravia
1939ko erbestea
Winnipeg: itsasontziaren eta haurtxoaren historia

Duela 80 urte Winnipeg itsasontzia Valparaison lehorreratu zen gerratik ihesi zihoazen 2.100 errefuxiaturekin. Tartean zen Agnes America Winnipeg, Barakaldo eta Abanto atzean utzi eta Andeen itzalpean beste bizitza bati ekin behar izan zion senar-emazte euskaldun baten haurtxo... [+]


Eguneraketa berriak daude